79. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

255E/2024 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustaturiko Girgillaoko lurzatiak biltzeko proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten baita.

Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko asmoz (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikulua betetzeko), Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, ingurumen organoa den aldetik, Girgillaoko lurzatiak biltzeko oinarrizko proiektuarekin eta ingurumen eraginaren azterketarekin batera.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatuarekin bat, kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eta, aldi berean, jendaurrean jarri zituen 30 egunez proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa, eta iragarkia argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldi horretan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren iradokizunak eta Girgillaoko Udalaren, Girgillaoko Kontzejuaren, Etxarrengo Kontzejuaren eta lau partikularren alegazioak jaso dira. Alegazioak, batik bat, bideak aldatzeko aukerari, balio ekologiko berriak aintzat hartzeari eta inbentarioan sartutako landaredia esparru batzuen balorazioa birpentsatzeari buruzkoak dira. Alegazio horietako batzuk ontzat eman dira, eta ingurumen eraginaren adierazpenean zehaztu dira.

–Proiektuaren laburpena:

Oinarrizko proiektua II. eranskinean zehazten da. Girgillaoko eta Etxarren-Girgillaoko kontzeju-mugarteetan dago, 843 hektareatan. Bide sareak 21,5 kilometro aurreikusten ditu (errodadura 4 m zabal da), eta, gehien bat, orain dagoen bide sarearen gainean garatuko da. Aurreikusten denez, bi ibilgu tartetan jardunen da (Zumediko erreka eta Girgillao sakana); guztira, 728 metro dira. Bideak finkatzeko ekarpen materialak behar dira, aurretiko ingurumen baimena duten erauzketa ustiategietatik datozenak, eta %27 agregakin birziklatuak izanen dira.

–Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena:

III. eranskinean dago zehaztuta. Ingurumen azterketak kartografiatutako 305 landaredi esparruen kartografia jasotzen du. Gehienak "nahitaez kontserbatu beharreko natura balio" gisa proposatzen dira. Kalkuluen arabera, 21,26 hektareako landaredi naturalari eraginen dio. Hemezortzi aztarnategi arkeologiko inbentariatu dira, eta horien artean Erdi Aroko galtzada bat nabarmentzen da (Iguste bidea).

–Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa:

Ingurumen kalitate handiko lurraldea da, laboreen eta landaredi naturalaren mosaikoz osatua. Azalera gehiena (%69,54) baso lurrek hartzen dute, eta lehorreko labore belarkarek, berriz, %24,60. Baso masek (erkameztiek eta basoberritze pinudiek) eta sastrakadiek eta larreek (ipurudiak, abariztiak, elorri-triskadiak, otaberadiak eta albitz larreak) elkarri lotutako sare ekologikoa osatzen dute.

Hala ere, 2022ko udan gertatutako sute handiak eragin larria izan du udalerriaren ekialdean, bereziki baso-masetan. Bestalde, ibilguen zati batzuek degradazio ekologikoa dute, eta zabalerak eta lotutako landaredia oso txikiak dira edo ez dira existitzen.

Berrantolamenduaren eremuan, Ophrys aveyronensis orkidea dago, "Babes bereziko araubideko basaflora espezieen Nafarroako zerrendan" sartuta dagoena (10/2023 Foru Dekretua, otsailaren 15ekoa).

Bide sarea, gehienbat, lehendik dauden bideetan garatuko denez eta 4 metroko errodadura izanen duenez, ez da aurreikusten balio ekologiko eta arkeologikoetan edo paisaian eragin nabarmenik izanen duenik (ebazpen honen 2. puntuan adierazten diren salbuespenak izan ezik). Bestalde, sare hidrografikoaren gaineko jarduketa zati degradatuenetara mugatzen da, eta lurzatiak biltzeko proiektuan lehengoratu eginen dira (ibilgua zehaztu eta landaketak eginen dira).

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondotik –proiektuaren ingurumen ondorioak ebaluatu ditu–, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua) ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela; beraz, aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu du, eta ebazpen honetan jasotako baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpen hau egin da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako Girgillaoko lurzatiak biltzeko proiekturako.

2. Adieraztea jarduera horiek aurrera eramateko bete beharreko baldintzak goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen direla, eta, horiez gain, honako baldintza hauek:

1.–Nahitaez kontserbatu beharreko landaredia eta balio naturalak:

Ingurumen eraginaren azterketaren 4. planoan kartografiatutako nahitaez kontserbatu beharreko balio natural (NKBN) guztiak errespetatuko dira. Lurzatiak egokitzeko jarduketa txikiak baino ez dira baimentzen ahalko, aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari eskatuta, eta behar bezala justifikatuta; eskaerarekin batera konpentsazio proposamen bat aurkeztuko da (antzeko azalera bat lortzeko landaredia naturalarekin).

Girgillaoko Udalak adierazi du landatutako eremu batzuk sustatzaileak aurkeztutako NKBNen kartografiaren barruan sartu daudela gaur egun, zehazki 122, 131, 170 eta 295 zenbakiko esparruetan. Ildo horretan, eta Udalak adierazitakoa egiaztatu ondotik, ez dago ingurumen organoaren eragozpenik sustatzaileak esparru horietako NKBNen kartografia zuzentzeko.

Girgillao Udalak tradizioz familia baratzeetarako erabili izan diren lurzati batzuk ere aipatzen ditu (131 eta 170 zenbakiko NKBNak). Etxarrentxuloko sakanean ingurumena lehengoratzeko proiektu bat egitea falta da eremu horretan (ikus 3. puntua). Amildegiaren eremua ezarri ondotik, lurzatien bilketa berriak lurrak jarriko ditu baratze mugakideetarako.

Ingurumen eraginaren azterketan sartutakoez gain, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 17. artikuluko b) letran adierazitakoaren ondorioetarako, nahitaez kontserbatu beharreko balio naturaltzat hartuko dira honako azalera hauek:

–142 zenbakiko landaredi esparrua (baserriaren ondoko ezponda).

–San Gregorio (2. poligonoko 826. lurzatian) eta Arandia (izen horretako errekaren hasiera) urmaelak. Biak aipatzen dira Girgillaoko Udalaren alegazioetan.

–Barruti hauen malda handieneko zatia (higadura prebenitzeko): 59, 144, 146, 149, 187, 205, 208, 221 eta 320 zenbakikoak.

Lurzati baten jabeak ingurumen eraginaren azterketan kartografiatutako landaredi naturalaren esparruren bat ezabatu nahi badu, NKBN gisa sailkatuta ez badago ere, erabilera aldatzeko dagokion eskaera izapidetu beharko du Basoak Kudeatzeko Atalean.

2.–Bideen eraginak:

Ingurumen eraginaren azterlanean landaredia babesteko aurreikusitako neurri espezifikoak beteko dira (10.1.4 atala, eta 9. planoan identifikatuta). Oro har, ez da lur erauzketarik eginen bidea beste ertzerantz zabaltzen ahal bada. Gainera, alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

–B-1 bidea: azken tartean (11 zenbakiko ezpondaren ondoan) trazadura berria ez diseinatzea eta lehendik dagoen bidera egokitzea aztertuko da. Horren ildotik jaso da Girgillaoko Udalaren alegazioa.

–B-2 bidea: Etxarrentxulo sakanaren paraleloan eta mugan dagoen egungo trazadura sendotzea saihestuko da. Horretarako, bidea gutxienez 4 metro bereiziko da ibilguaren ezpondaren gailurretik, eta egungo trazadura destrinkotuko da (ikusi ebazpen honen 3. puntua ere).

–F-1 bidea: aurreikusitako trazadurak distantzia egokia du amildegiarekiko, eta 236 zenbakiko ezponda errespetatzen du –luzera handia du eta paraleloan doa–. Hala ere, F eta F-1.2 arteko F-1 bidearen zatia kentzea aztertuko da; izan ere, errepidetik sarbide nahikoa du, Girgillaoko Udalaren alegazioan jasotzen den bezala.

–M eta N bideak: lanak egitean, flora katalogatuari, "Gesalazko iraganbidea" abelbideko larreei eta Erdi Aroko galtzada zahar bati (GG11 aztarnategia) eragiten ahal zaio. Hori dela eta:

  • Prebentzio neurriak hartuko dira (balizatuta batez ere), Ophrys aveyronensis orkidearen populazioei kalterik ez eragiteko (ikusi, gainera, 5. puntua).
  • Ingurumen eraginaren azterketak ("ondare arkeologikoa" 6. eranskina) jada adierazten du kontserbatu egin behar direla aztarnategi arkeologikoak diren (1. eta 2. mailakoak) Erdi Aroko galtzadaren 7., 9. eta 11. tarteak. Horregatik, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena beharko da (ikus 4. puntua) M eta N bideen trazadura osorako.

–E (edo San Adriango), I eta L bideak: putzuen ondoan daude (293, 298 eta 202 zenbakidun NKBNak, hurrenez hurren); beraz, prebentzio neurriak hartuko dira, batez ere balizatzea, landaredi orla barne hartuta. Ahal bada, bideko arekaren ura bideratuko da putzua kargatzeko.

–Kontsulta prozesuan aurkeztutako alegazio batzuetan, bideen trazaduran aldaketak egitea iradoki da. Sustatzaileak aintzat hartuko dituenak Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren oniritzia izan beharko dute, baldin eta NKBNen afekzio berririk badago edo aldaketarik badago ibilguetatik hurbil.

3.–Prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak:

Ingurumen eraginaren azterketan (10. kapitulua, 9. planoa) ezarritako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak beteko dira, hidrologia eta ibilguak, landaredia, fauna, paisaia, ondare arkeologikoa eta abelbideak babesteko eta materialak eta zabortegiak lortzeko.

Bereziki hegazti harraparien jarraipena eginen da. Alderdi horrek garrantzi handiagoa hartzen du, suteak habitata galtzea eragin baitu. Beharrezkoa bada, eraginaren azterketak ezartzen duen bezala (10.1.5 kapitulua), murrizketak ezarriko dira habiak egiteko garaian (martxoa eta uztaila bitartean) inguruan egiten diren obren egutegian.

Ibilguetan aurreikusitako landaketak mistoak izanen dira, ahal dela zuhaixka erakoak, eta espezie hauen artean aukeratuko dira (tamariza, Tamarix sp. ordeztuko da), eraginari buruzko azterlanean adierazitakoak, banaketa eremua Nafarroako hegoaldeko erdia izanik: a) zuhaitzak: Lizar hostotxikia, astigar arrunta, makal beltza eta erkametza; eta b) zuhaixkak: Zuhandorra, Iparraldeko elorri zuria, arbustua eta Elorri beltza.

Etxarrentxuloko sakana ere zaharberrituko da (B-2 bidearen hasierako zatia, 575 m luze):

–Sakanaren katastro azalera handituko eta, horren ondotik, ingurumena lehengoratuko da (gainera, trazadura B-2 bidetik urrunduko da, lehen aipatu bezala). Irizpide gisa, ibilguak eta ibai landarediak gutxienez 15 metroko zabalera izan beharko dute, bi amildegien elkargunetik ibaian gora, eta gutxienez 25 metrokoa, ibaian behera. Garrantzitsua da sakanean kartografiatutako NKBNak kontserbatzea (131 zenbakia eta 165 zenbakiko ibilgutik hurbilen dagoen zatia barne). Azalera handitzeak "Ingurumen integrazioko masa komun" gisa esleituko dira. Lurzatiak biltzeko akordioa onartu aurretik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalari aurkeztuko zaio sakanerako proposatutako lehengoratzearen planoa (planta) eta sekzio eredua.

4.–Balio arkeologikoak:

Obrak egin baino lehen, aztarnategi arkeologikoei eta Erdi Aroko galtzadari buruzko txostena egin beharko du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak.

5.–Beharrezkoak diren obrako materialak:

Ahal den neurrian, obran birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz.

6.–Ingurumena zaintzeko programa:

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egin behar duen ingurumena zaintzeko programa ingurumen eraginaren azterketan xedatutakoaren arabera eginen da (11. kapitulua, 8. eranskina).

Ophrys aveyronensis orkidearen jarraipena eginen da. Ertzetan inbentariatutako NKBNak balizatzeaz gain, M eta N bideen ibilbide osoan (12 metro inguruko zerrendak bi ertzetan) ale horiek non kokatuta dauden adieraziko da (koordenatuak). Loratze garai egokian eginen da, eta abiapuntu hartuko dira Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren (Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala) datu berrienak.

7.–Ingurumenaren arloko balioei buruzko informazioa ematea titularrei:

Lurzatiak biltzeari buruzko erabakiak nahitaez kontserbatu beharreko balio naturalak (NKBN) identifikatuko ditu. Informazio hori 1:6000 eskalan edo zehatzagoan jasoko da, eta udaletxean izanen da finken jabeen eskura. Etxarrentxuloko sakanean eta ibilguetan aurreikusitako landaketak leheneratu ondotik, nahitaez kontserbatu beharreko balio naturaltzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Aztarnategi arkeologikoak ingurumen eraginaren azterketaren planoetan lekualdatuta daudenez, kartografia honetan (eta/edo Gobernu Irekian gaitu zen kartografian) zuzendu beharko da hori.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalalari, Girgillaoko Udalari eta Kontzejuari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarra iparraldeko demarkazioa), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2024ko apirilaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN ETA KONTSULTEN EMAITZA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoa), 6 erakunderi egin zaie kontsulta, eta bi erantzun jaso dira:

Lurralde eta Paisaia Zerbitzua

X

Biodibertsitatearen Zerbitzua

X

Ondare Historikoaren Zerbitzua

Basoen eta Ehizaren Zerbitzua

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Ur Komisaria

Lurralde eta Paisaia Zerbitzua (Lurraldearen Antolamenduaren Atala):

2021eko martxoaren 23ko txostenean, adierazten da jarduketak ukitutako lurzoruak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta daudela indarrean dagoen hirigintza plangintzaren arabera, eta baimendutako jarduketak adierazten ditu –ez dute lurzoru urbanizaezinerako baimenik beharko–.

Biodibertsitatearen Zerbitzua:

Aurretik egindako bi txosten daude. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 2019ko uztailaren 4ko txostenean dio aintzat har daitezela balio natural handiko nekazaritza sistemak, horiek kontserbatzeko, eta barne har dadila obran agregakin birziklatuak erabiltzea. Gainera, gogorarazten du oraindik ere balio dutela Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako gogoetak –2012ko urtarrilaren 24an egin zituen–. Hauek, hain zuzen:

–Landaretzaren eta dibertsifikazio elementuen (heskaiak, ezpondak, zuhaitz isolatuak, putzuak, hormak, bordak, etab.) kartografiaren eta balorazioaren beharra.

–Ur ibilguei eta haien landaredi orlari dagokienez, honako hau proposatzen du: a) ur ibilguen jabari publiko hidraulikoa berreskuratzea (Moregako, Etxerrentxuloko eta Girgillaoko sakanak); b) ibai habitata zati degradatuetan lehengoratzeko proposamenak; eta c) hustubide eta drainatze sarea egokitzeak eragiten ahal dituen inpaktuen deskribapena.

–Adierazten du Ophris aveyronensis orkidearen populazio txiki bat dagoela, oso banaketa arraroa duena Nafarroan, eta bide mugakidearen obrak direla eta kaltetzen ahal dena.

–Agregakinak mailegatzeko eremuak zehaztea adierazten du.

Era berean, jendaurreko informazioaren izapidean (21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa), zeina kontsultekin batera egin baita, honako alegazio hauek jaso dira:

Girgillaoko Udalak aurkeztutako alegazioak:

1.–Bideetan aldaketak egitea eskatzen du (zehazki, hauetan: A, A1, B, B1, B3, B4, D1, K, F1 eta F2.1).

2.–Nahitaez kontserbatu beharreko balioei buruzko 4. planoa osorik berraztertzea, Sailkapen Batzordeari kontsulta egin ondotik, uste baita lurzati jakin batzuk kanpo utzi behar direla.

3.–6. planoan jaso gabeko bi putzu sartzea: San Gregorio eta Arandia.

4.–Bideen eta hustubideen ertzetan zuhaitzak landatzeko proposamena berrikustea.

Etxarrengo Kontzejuak aurkeztutako alegazioak:

Etxarrengo Kontzejuaren alegazioak bat datoz Girgillaoko Udalak aurkeztutakoekin.

Girgillaoko Kontzejuak aurkeztutako alegazioak:

2021eko martxoaren 29ko idazkiaren bidez, proiektatutako L eta I bideen arteko bidea hobetzeko interesa azaldu zen. Hainbat kokaleku adierazi ziren lehentasunezko kontserbazio esparru gisa sartzeko: Girgillaoko sakaneko intxaurdia, herriko iturria eta garbitokia, herri putzua 3. poligonoko 550. lurzatian. San Kristobal eta San Bartolome Girgillaoko Kontzejuarenak izatea eskatuko dela azaldu da.

Katastroa zuzendu beharra dagoela adierazten da; izan ere, gaur egungoak ez du zehatz-mehatz islatzen Girgillaoko Kontzejuaren herri-lurren jabetza.

Jasota daude, halaber, kontzeju honek 2021eko apirilaren 14an aurkeztutako iradokizunak, ondare arkeologiko-kulturala eta orkideak babesteari buruzkoak, eta herri-lurren lurzatiei buruzko zenbait gai berrikusi eta aztertzeari buruzkoak.

Alberto Pérez de Ciriza jaunak aurkeztutako alegazioak:

1.–Girgillaoko 3. poligonoko 559. lurzatian dagoen iturburuko bilketa putzua sartzea eskatzen du.

2.–F-1 bidea beheko mailako lurzatietan zegoen antzeko trazadura duen bide historikoaren trazaduratik igarotzea eskatzen du.

3.–Lau lurzati berri «balio natural handiko elementu» gisa sartzeko eta 3. poligonoko 329. lurzatia baztertzeko eskatzen du; izan ere, azken hori lurzoru urbanizagarri gisa kalifikatuta dago hirigintzako udal plangintzan.

4.–Girgillaoko 3. poligonoko 331. lurzatiko B azpilurzatitik 336. lurzatirako sarbidea eskatzen du.

Iñaki Salvador Lázcozek aurkeztutako alegazioak:

B-3 bidearen eta C bidearen arteko lotura tartea berrikustea proposatzen du, laborantza zelai baten bidez, lurzoru produktiboa ez galtzeko.

Javier López de San Román jaunak aurkeztutako alegazioak:

Girgillaoko Udalaren 2. alegaziotik 4.era bitartekoei dagozkien alegazioen antzekoak aurkeztu dira.

Rubén Senosiainek aurkeztutako alegazioak:

Nahitaez kontserbatu beharreko balioei buruzko 4. planoa berriz aztertu eta birplanteatzeko eskatzen da, Sailkapen Batzordeari kontsulta egin ondotik, uste baita laborantzarako erabiltzen diren lurzatiak kanpo utzi behar direla.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektua Girgillao udalerriko 2. eta 3. poligonoetan dago, Girgillaoko eta Etxarren-Girgillaoko kontzejuetan, 843 hektareatan. Lurzati berrantolamendua eta berrantolamendu eremuari zerbitzua emanen dion bide eta hustubide sarea eraikitzea aurreikusten du. Lurzati berrantolamenduaren xede diren 819 hektareak 72 titularren artean banatzen dira, hiriguneak alde batera utzita eta lehendik dagoen bide eta hustubide sarea kenduta. Abiapuntuko egoera 1.317 lurzatikoa da, eta lurzati bakoitzak 0,62 hektareako azalera du batez beste. Proposatzen da 250 lurzatiko azken egoera, eta 3,28 hektareako batez besteko azalera.

Proposatzen da lehendik dauden bide sarea lantzea, nahiz eta obra berritzat jotzen diren, gaur egun duten kontserbazio egoeragatik. Abelbide asfaltatu gabeen zatiak egokitzea ere sartzen da. Bideak 4 metro zabal izanen dira, eta okupazio zerrenda aldatu eginen da lurraren orografiaren eta beharren arabera. Azterketaren ondorioetarako, 16 metroko okupazio zerrenda bat aintzat hartzen da. Bide sareak 21.574 metro ditu guztira: 16.639 metro laborantza eremuetatik, 20 cm-ko lodierako zabor legarrezko zabalerarekin, eta 4.935 metro baso eremuetatik, bide zoruaren lodiera txikiagoarekin. Zeharkako malda %2koa izanen da, euri urak errazago husteko. Bideak eraikitzeko lanetan honako hauek sartzen dira: sastrakak kentzea; zola mozketa; zelaitze-lanak; plataforma berdintzea, profilatzea eta trinkotzea; eta bide zorua zabor-legar naturalekin betetzea eta eraikitzea.

Hustubideei dagokienez, bi zatitan jardutea aurreikusten da: batetik, Zumediko errekan eta, bestetik, Girgillao sakanean; 728 metrotan, guztira. Lurrean eginen dira, sekzio trapezialarekin, 0,50 metroko zolarria izanen dute, eta 1,50 m-ko ezpondak horizontalean eta 1,00 m-koak bertikalean.

Bideak finkatzeko behar diren ekarpen materialen zenbatespen bat aurkeztu da: 14.310 m³ harrobiko zabor-legar eta 5.398 m³ agregakin birziklatuko zabor-legar. Aurreikuspen da iturrietako legar naturalak nahitaezko ingurumen baimenarekin mailegatzea, eta agregakin birziklatuen %27 erabiltzea.

Eraispeneko hondarrak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen balorizazio instalazioetara bidaliko dira, edo obran bertan erabiliko dira, behar bezala tratatuta.

III. ERANSKINA.–INGURUMEN ERAGINAREN AZTERKETA

Jarduketa eremua mosaiko paisaia bati dagokio, hainbat motatako labore eremuak eta landaredi naturala dituena, bai eta beste balio batzuk ere –arkeologikoak nabarmentzen dira–.

Ingurumen azterlanak kartografiatutako 305 landaredi esparruen kartografia eta horien deskribapena jasotzen ditu 4. eranskinean. Inguruko ingurumen ezaugarriei esker, hainbat landare komunitate bizi dira elkarrekin. Ongi garatuta daude, naturaltasun maila handiarekin, hedadura zabalekin eta multzoen arteko lotura onarekin, eta, ondorioz, landarediaren balorazioa altua da. Baso masak erkameztiei eta basoberritze pinudiei dagozkie (Alepo pinua eta larizio pinua), oihanpearen garapen egokiarekin. Sastrakadi formazioen artean, Brachypodium generoa nagusi den ipurudiak, abariztiak, elorri-triskadiak, otaberadiak eta albitz larreak daude, eta Ruto-Brachypodietum retusi lehentasunezko habitataren presentzia nabarmentzen da. Paisaia aniztasunari laguntzen diote arantzadi eta lahardi orlek, ibilguei eta putzuei lotutako formazioek, labore zurkarek eta belar landarediak eta beste elementu batzuek, hala nola landa eraikuntza tradizionalek. Proiektuak 21,26 hektareako landaredi naturala ukituko du zuzenean, eta obra faseko inpaktua moderatu-larritzat hartuko da. Eta neurrizkotzat hartuko da prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondotik; besteak beste, bideak eta hustubideak zuinkatzea eta lan korridoreak balizatzea.

Faunari dagokionez, obra fasean aplikatu beharreko prebentzio neurriak proposatzen dira hegazti harrapariek habia egiteko prozesua eta apoarmatu istilzalearen presentzia posiblea babesteko. Jarraipenak, obra egutegiak eta habitaten babesa planteatzen dira.

Hemezortzi aztarnategi arkeologiko eta zazpi aurkikuntza isolatu inbentariatu dira, eta kategoria handienekoak San Kristobal nukleoa eta Erdi Aroko galtzada dira. Ez da baztertzen obrak egin bitartean aurkikuntza berriak agertzea. Eraginak identifikatu dira horien gainean; hots, zuzenekoa zazpiren gainean eta, hurbiltasunagatik, biren gainean; beraz, prebentzio neurriak proposatu dira. Jarraipen intentsiboa eginen da obran, eta balio horien kontserbazioa bermatzeko neurri egokiak zehaztuko dira. Gainera, oinarrizko jarraipen arkeologikoa eginen da zorupean 60 cm-tik beherako sakonera duten lur mugimenduak eragiten dituzten ekintza guztietan.

Inguru horretatik "Gesalazko iraganbidea" abelbidea igarotzen da, eta egokitu eginen da asfaltatuta ez dagoen tokietan.

Proiektua ez dago ezein gune babesturen barruan edo handik gertu.

Ur sarea iparraldetik ekialdera doazen hainbat ibilguk (Aranbeko, Aparreko, Ganbaragañetako eta Zumediko errekak, Etxarrentxuloko eta Girgillaoko sakanak), putzuek eta Arga ibaiaren zati txiki batek osatzen dute. Proiektuak Zumediko errekaren eta Girgillaoko sakanaren zati bana berreskuratzea aurreikusten du –aurretik luberritu ziren–. Proiektuak sare horretan izanen dituen inpaktuak Ganbaragañetako errekaren eta Etxarrentxuloko eta Girgillaoko sakanen aire zabaleko bidegurutzeek eragindako lur mugimenduen ondorio izanen dira, eta uren kalitatearengan izanen dute eragina.

Alderdi guztien jarraipena eginen da obran, fauna eta arkeologia barne. Proposatzen da hidroereintzak egitea ezpondetan eta landaketa linealak egitea bide zatietan, amildegietan, erreketan eta hustubideetan, paisaia lehengoratzeko eta integratzeko.

Ingurumena zaintzeko planak (11. kapitulua eta 8. eranskina), aipatutako gaiez gain, obraren kudeaketari buruzko alderdiak ere jasoko ditu (materialak eta hondakinak).

IV. ERANSKINA.–LURZATI BERRANTOLAMENDUAREN EREMUAREN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2405573