79. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

248E/2024 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoiengo 11. Poligonoko 20,92 ha-tan uholde bidezko ureztapenetik aspertsiozko ureztapenera aldatzeko proiektuaren ingurumen eraginaren txostena.

Lehen aipatutako proiektuari buruzko ingurumeneko txosten teknikoaren eskaera jaso da Biodibertsitatearen Zerbitzuan.

Proiektua ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1 c) taldean jasota dago, bere ezaugarriak direla eta (errege dekretu horrek Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen eranskinak aldatzen ditu). Horregatik, ebazpen horretan xedatutakoaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egin behar da.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak dokumentazio osagarria eskatu zion sustatzaileari, eta hainbat alderdiri buruzko argibideak eskatu zizkion. Alderdi hauek, besteak beste:

–Lurzati batzuetako jarduketak, ingurumen ukipenen azterketaren memorian jasota daudenak, baina ez kartografian.

– Azpiegituren trazaduraren alternatibak. Horretarako, kontuan hartu behar da 2022an bide berri bat egin dela (horri esker, aurreikusitako 2. eta 3. ureztatze unitateetara sartzen ahal da), eta proiektatutako bideak Molinar ibaiarekiko –balio ekologiko nagusia da– paralelo eta oso hurbil dagoen trazadura bat saihesteko edo murrizteko aukera dagoela.

–Konpentsatzeko neurriak eta ingurumena zaintzeko neurriak, kenduko diren ezpondak eta erretenak konpentsatzeko (1. eta 3. ureztapen unitateetan).

Sustatzaileak, aurreko eskakizunari erantzuteko, "Ingurumen eraginen azterlanaren gehigarria" aurkeztu du. Hori horrela, eraiki beharreko bidea murriztu da, proiektuan akats baten ondorioz sartutako lurzati batzuk kendu dira, eta zuzenketa neurri gisa landaketa zerrenden diseinua sartu da.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Sei kontsulta egin dira.

Sustatzaileak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena aurkeztu du (hala ere, obrek irauten duten bitartean agertzen ahal den edozein aurkikuntzaren berri emateko legezko betebeharra adierazten du).

1.–Proiektuaren laburpena.

Proiektuaren helburua da 20,92 ha-tan uholde bidezko ureztapenetik aspertsiozko ureztapenera aldatzea, Azkoiengo 11. poligonoko 18-28, 36, 37, 39-44, 50, 58-60, 68-69, 74-75, 78-97 eta 142 zenbakiko lurzatietan. Nafarroako Ubidearen 1. fasearen handitzearen XXII-Arga 5 sektorearen mugakidea da jarduketa.

Ureztapena modernizatzeak lurzatiak berrantolatzea dakar; hain zuzen ere, egungo lurzatiak hiru ureztatze unitatetan banatuko dira, eta azpiegitura berriak diseinatuko dira. Hauek dira aurreikusitako jarduketak: a) 625 m luze eta 5 m zabal den bide bat eraikitzea; b) gutxi gorabehera 290 m luze den bulkatze hodi bat, laborantza lurretatik joanen dena; eta c) ponpaketa ekipoak, 45. lurzatian instalatuko direnak. Energia elektrikoa 46. lurzatian dagoen transformazio zentrotik hartuko da, 125 m luze den lurpeko linea elektriko baten bidez.

Planteatutako jarduketa konpentsatzeko neurri gisa, proiektuak 3 landaketa zerrenda diseinatzen ditu (gehigarriaren 11. planoan identifikatzen dira), bide berriaren edo "Contraquintana" erretenaren ondoan: 1. zerrenda industrialde baten mugakidea da, eta gehienbat altzifre piramidalez diseinatuta dago, eta erretenaren aldameneko 2. eta 3. zerrendek zuhaixka autoktonoak izanen dituzte.

2.–Ingurumen ebaluazioa:

2.1. Konektagarritasun ekologikoa (erretenak landarediarekin eta ezpondekin): ureztapena modernizatzeko proiektuan "Molinar ibaia" edo "Contraquintana" erretena dago, Arlas ibaiarekin eta Bayunga drainaketa kanalarekin lotuta (280 metro ingurura). Bietan bisoi europarra dago (espezie katalogatua da). Tarte horretan Molinar ibaia 90eko hamarkadan zuzendu eta hormigoitu bazen ere, kontserbatu eta, batez ere, hobetu beharreko balio ekologiko bat da oraindik ere.

Proiektuaren eremuan, Molinar ibaitik ateratzen ziren erreten sare zabala murriztu egin da 2023az geroztik; izan ere, tarteak kendu dira 1. ureztatze unitatean (18-22., 24., 25. eta 26. lurzatietan) eta 2. ureztatze unitatean (40., 41., 43. eta 59. lurzatietan). Zati batean, horien ordez, Azkoiendik Martzillara doan NA-128 errepidearen paraleloan doan homigoizko erreten bat jarri zen –"La Ribera" du izena–. Balio gutxi du faunarentzat, eta, gainera, arriskutsua da harentzat (arriskua dago sifoietan itotzeko eta errepidean autoek harrapatzeko).

Horri gehitu behar zaio egungo proiektuak ezabatu beharreko elementu naturalen kopurua areagotzen duela: ingurumen azterketaren arabera, ezpondek eta erretenek okupatutako 2.122 m2-ko azalera eraitsi behar da. Ez ditu kuantifikatzen jada kendu diren erretenak.

Beraz, natura balio urria duen testuinguru honetan, egindako jarduketen eta proiektatutakoen ondorioz, sinplifikazio ekologiko handiagoa gertatzen ari da, eta elementu linealek iragazki berde gisa eta bisoi europarrarentzako eta urari lotutako beste fauna batentzako korridore ekologiko gisa duten funtzionaltasuna galtzen ari da. Azken batean, beharrezkoa da konpentsatzeko neurriak eta ingurumena zaintzeko neurriak barne hartzea proiektuak.

Molinar ibaia zuzendu zen arren, lehengo katastroari eusten zaio, eta, horretan, erreten horrek ubide bihurgunetsu bat du, zabalera desberdinekoa (4 metrotik 12 metrora). Horregatik, ez dago argi proiektuan aurreikusitako zuhaixka zerrendak –"Contraquintana" erretenetik 5 metroko zabalera dute– proiektuaren eremuko lurzatien gainean eginen diren –hori izanen litzateke arrazoizkoa– edo proiektuaren eremutik kanpokoak diren eta beste titulartasun batekoak diren beste katastro lurzati batzuen gainean.

Molinar ibaiak lauzak edo pasabideak beharko lituzke fauna ito ez dadin, baita "Soto Bardal" erretenak ere –97. lurzatian sortzen da–, hormigoizko estaldura duen 180 metroko zatian (68. lurzatiaren erdira arte; hortik aurrera lurrean mantentzen da).

2.2. Ur eta energia kontsumoa: presioko ureztatze sistemara aldatzeari esker, ura efizientzia handiagoz erabiliko da (baina horrek ez du esan nahi aurreztu eginen denik baliabide horretan). Aitzitik, proiektuan kuantifikatzen ez den energia kontsumoa eta berotegi efektuko gasen isurpena handitzea ekarriko du proiektuak.

2.3. Nitratoek kutsatzea: jarduketa nekazaritza jatorriko nitratoz kutsatzeko arriskua duen eremu baten barruan dago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduak xedatutakoari jarraikiz. Hala ere, kutsadura maila handia da, eta inguru zaurgarrien eguneraketetan xedatutakoa beteko da.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Horregatik, Azkoiengo 11. poligonoko 20,92 ha-tan uholde bidezko ureztapenetik aspertsiozko ureztapenera aldatzeko proiektuaren aldeko txostena ematea proposatzen du, eta adierazten du ez dagokiola ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak–, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Félix Barcos Alonsok sustatu duen "Azkoiengo 11. poligonoko 20,92 ha-tan uholde bidezko ureztapenetik aspertsiozko ureztapenera aldatzeko proiektuak" ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritakoan, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.

2. Nolanahi ere, baimentzeak berekin dakar proiektuak ingurumena zaintzeko baldintza hauek bete behar izatea:

1.–Beteko dira "Ingurumen ukipenen azterlanaren gehigarrian" jasotako konpentsatzeko neurriak eta ingurumena zaintzeko neurriak.

2.–Landaketetarako ingurumen zerrendak:

2. ingurumen zerrenda: zerbitzu bide berriaren eta "Contraquintana" erretenaren artean, proiektuak ezartzen duen bezala, 5 metro zabal den zerrenda bat utziko da eta, bertan, zuhaixkak landatuko dira (elorri beltza eta Iparraldeko elorri zuria, elkarren artean 5 metroko tartea utzita). Zerrenda hori ubidearen katastro lurzatiaren mugatik aurrera neurtuko da, ez erretenaren altxaeretatik aurrera; beraz, zuhaixka zerrenda proiektuko lurzati pribatuen barruan geratu behar da.

3. ingurumen zerrendak –640 metro inguru luze da "Contraquintana" erretenaren eskuinaldean (T-4 abelbidetik bide berriraino)– 2. zerrendaren ezaugarri berak izanen ditu: aipatutako zuhaixka espezieak eta 5 metroko zabalera ubidearen katastro lurzatitik abiatuta. Gainera, alboko aspertsore linea landaredi naturala duen 3. zerrenda horren kanpoko mugatik gutxienez 4 metrora egonen da (hartara, azken horretan nekazaritzako makinak igarotzea eta herbizidak aplikatzea saihestuko da).

Beraz, ingurumen zerrendek landaredi belarkararen eta zuhaixka erakoaren estalki iraunkorra izan behar dute. Horietan, edozein ur hodi edo instalazio elektriko instalatzea saihestuko da.

Bidea eta ingurumen zerrendak trazatu aurretik, katastroa eguneratu beharko da "Contraquintana" erretenaren mugan. Horien zuinketa egiteko, katastroa eguneratu ondotik, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinarazi beharko zaio (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) gmatafalla@navarra.es helbidean edo 948-703671 telefono-zenbakian.

3.–Faunarentzako konektibitatearen mantentzea:

Errepide azpiko erretenaren igarotzean (11. poligonoko 18. lurzatia, koordenatu puntuak: x=600.119 eta y=4.687.697) neurriak hartuko dira fauna erretenean eta sifoian itotzea saihesteko. Argitalpen hau hartzen ahal da erreferentziatzat: "Jarraibideak eta gomendio teknikoak bisoi europarra eta haren habitatak zaintzeko" (Nafarroako Gobernua. Nafarroako Ingurumen Kudeaketa SA. 2019), Interneten eskuragarri helbide honetan: https://www.gan-nik.es/es/publicaciones). Bereziki aplikatuko dira 5. kapituluko ("Berariazko jarraibideak tradiziozko ureztalurrak modernizatzeko") jarraibide hauek: sifoi egokituak (30°-ko malda eta gainazal zimurtsuko oinarria) erabiltzea, eta, hormigoizko ubideak diseinatzean, irteera-arrapalak txertatzea.

"Contraquintana" erretenean eta "Soto Bardal" erretenean (hormigoitutako zatian), faunarentzako gaineko pasabideak edo lauzak jarriko dira 90 metroko tartetik behin. Lauzei jarraitutasuna emanen zaie lurrezko arrapaletan, aldameneko lurrarekin bat etorri arte (koskarik egon ez dadin).

Proiektuan aurreikusita dago 3. ureztatze unitatean dagoen erretena eta haren belar zerrenda kentzea, baina 88. eta 89. lurzatiak ureztatze unitate horren parte direnean soilik eraitsiko dira.

4.–Beharrezkoak diren obrako materialak eta soberakinak:

Bideak finkatzeko, agregakin birziklatuen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz. Proiektu honetan gutxienez %25ekoa izanen da portzentaje hori. Proiektuko neurketetan eta aurrekontuan islatu beharko da hori. Obran, agregakin birziklatuaren kalitatea bermatu behar da.

Fabrika obren eraispenaren hondarrak (eraitsi beharreko bidea eta 66,15 m³ erreten hormigoi, afekzioen azterketaren arabera) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioetara bidali beharko dira, edo tokian bertan balorizatuko dira; azken kasu horretan, bide berrirako behar den zabor legar naturala murriztu beharko da.

5.–Obraren amaieran, ingurumen eraginaren txosten honen lau baldintzak betetzen direla justifikatzen duen argazki memoria aurkeztuko da.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezi da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Tafallako Udalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

F2405296

Iragarkiaren kodea: