79. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 27an hartua, Nafarroan Airearen Kalitatea (ozonoari dagokionez) Hobetzeko Plana onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, ozonoari dagokionez, arku mediterraneoko gainerako eskualdeetan ageri den arazoaren antzekoa du, eta, zehazki, beste eskualde mugakide batzuetan –Aragoin, Errioxan edo Euskal Autonomia Erkidegoaren hegoaldean– dagoenaren oso antzekoa. Nafarroan, historikoki ozono-balio handienak izan dituen eremua Erribera da. Gure erregioko eta erregioz gaindiko dinamika atmosferikoak eta Nafarroako orografia berezia direla kausa, kutsatzaile horren kontzentrazioa Ebro ibaiaren ardatzean pilatu da, bereziki hego-ekialdeko partean, Tutera inguruan eta inguru horietako beste eremu batzuetan.

Airearen Kalitatea Zaintzeko Sareko estazio bakar batean ere ez da gainditu, 2016tik, indarrean dagoen araudian ezarritako osasuna babesteko balio objektiboa. Era berean, 2019az geroztik ere ez da gainditu landaredia babesteko legez ezarritako balio objektiboa; beraz, 2023az geroztik, ozonoari dagokionez legez ezarritako balioak goitik behera betetzen dira Nafarroan.

Airearen kalitatea hobetzeko plana gure araudian airearen kalitateari buruz ezarritako helburuak betetzera bideratuta dago, bai eta kutsadura atmosferikoaren inpaktu negatiboak murriztera edo saihestera ere.

Planean identifikatuak daude ozono troposferikoa sortzen duten aitzindarien emisioak pixkanaka murrizteko neurriak ezarri dituzten lege- eta plangintza-tresna indardun guztiak, atmosferara igorritako emisioen azken urteotako inbentarioetan egiaztatzen ari den bezala.

Prozedura izapidetu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 22ko 1015E/2023 Ebazpenaren bidez, planaren ingurumen adierazpen estrategikoa egin zen, aldekoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroan Airearen Kalitatea (ozonoari dagokionez) Hobetzeko Plana onestea, erabaki honen eranskin gisa txertatu dena.

2. Erabaki hau eta bere eranskina Nafarroako Gobernuko departamentuei eta Iruñerriko Mankomunitateari igortzea.

3. Erabaki hau, eranskinik gabe, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Nafarroan Airearen Kalitatea (ozonoari dagokionez) Hobetzeko Plana Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2405252