79. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

30/2024 FORU DEKRETUA, martxoaren 27koa, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 16an onetsi zuen Arrazakeriaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana. Plan horretan hauteman zen gure erkidegoan bizi diren jatorri migratzaileko biztanleek testuinguru arrazistak eta xenofoboak identifikatzen dituztela Nafarroako gizartean, eta haiekin bizi behar dutela egunero.

Bestalde, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurka Borrokatzeari buruzko apirilaren 5eko 13/2023 Foru Legearen asmoetako bat da etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren prebentzioa, babesa eta erreparazioa sustatzeko politika publikoak garatzea, Europako araudiaren babesean, Nafarroara eramanez giza eskubideen arloko babes-estandarrik zorrotzenak, garatzeko ezinbesteko baliabide gisa kohesioa bilatzen duen gizarte aurreratu bati dagokion bezala.

Foru lege horren ikuspegiak berekin dakar gizarte ehunaren prozesu eta estrategia kolektiboak arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko funtsezko tresna gisa aitortzea, eta, horregatik, I. tituluan, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua sortzea jasotzen du, etnia- edo arraza-jatorriagatiko diskriminazioaren arloan Nafarroako Foru Komunitatean aholku emateko eta parte hartzeko organo goren gisa, arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena esleituta duen departamentuari atxikita, eta 13.2 artikuluan honako eginkizun hauek esleitzen dizkio:

a) Kontsulta eta aholkularitza eginkizunak betetzea etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminazio eza helburu duten politikak diseinatzeko.

b) Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan lan egiten duten elkarteen parte-hartze kolaboratiboa artikulatzea, batez ere pertsona arrazializatuen edo gutxiengo etnikoetakoen parte-hartze adierazgarria eta nabarmena dutenena, etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminaziorik ez izatea helburu duten politika publikoak planifikatzen, gauzatzen eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiten parte har dezaten.

c) Nafarroan etnia- edo arraza-jatorriak eragindako diskriminazioaren inguruko egoera orokorra aztertu eta ebaluatzea.

d) Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Planari buruzko txostenak egitea, Nafarroako Gobernuak onetsi aurretik.

e) Indarra duten arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

13.4 artikuluak ezartzen du Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko direla, foru dekretu bidez, eta kontseilu horretako kide izanen direla, kasu guztietan, honako hauen ordezkariak: a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa; b) Nafarroako toki entitateak; c) Nafarroako Arartekoa; d) Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lan egiten duten elkarteak; e) Nafarroan arrazismo egoeran dauden edo gutxiengo etnikoetako kide diren pertsonen partaidetza esanguratsua eta nabarmena duten elkarteak.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen egitura ezarri da, eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak esleituak dituen eskumen batzuk esleitzen zaizkio, besteak beste Nafarroako Gobernuak arlo hauetan zehazten duen politika garatu eta koordinatzekoak; immigrazioa, herritar migratzaileak Nafarroan integratzea; eta etnia- eta kultura-aniztasuna kudeatu eta sustatzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 27.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, foru dekretuak, kontseiluaren osaera zehaztean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzen du ekintzen bidez, emakumeak ahaldunduz eta emakumeek gizartean parte hartzeko duten eskubidea gauzatuz.

Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko martxoaren hogeita zazpian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat.

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDEA

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

II. KAPITULUA.–OSAERA

2. artikulua. Osaera.

Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua lehendakari batek, bi lehendakariordek eta kontseilukide izaera duten pertsonek osatzen dute. Kontseiluaren osaeran gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatuaren printzipioa bermatu beharko da.

3. artikulua. Kontseiluko lehendakaria.

1. Arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena duen departamentuko titularra izanen da lehendakaria.

2. Kontseiluko lehendakariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

3. Kargua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago edo justifikatutako beste arrazoiren bat gertatzen bada, lehenengo lehendakariordeak eta bigarrenak ordezkatuko dute, hurrenkera horretan.

4. artikulua. Lehendakariordeak.

1. Lehenengo lehendakariordea arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra izanen da.

Kargua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago edo justifikatutako beste arrazoiren bat gertatzen bada, arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena duen zuzendaritza nagusiko zerbitzuetako titularren artean izendatzen duen pertsonak ordeztuko du.

2. Kontseiluan ordezkaritza duten Nafarroako migratzaileen elkarteen eta gutxiengo etnikoetako elkarteen artean adostasunez hautatzen den pertsona batek beteko du bigarren lehendakariordetza. Adostasunik lortzen ez bada, bozketa bidez hautatuko da, eta hautagaiak hiru bostenen gehiengoa lortu beharko du.

Kargua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago edo justifikatutako beste arrazoiren bat gertatzen bada, ordezkoa izateko aukeratzen den pertsonak ordeztuko du.

3. Lehendakariordeek lehendakariak agintzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, edo kontseiluaren barne-funtzionamendurako arauetan zehazten direnak.

5. artikulua. Idazkaria.

1. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena duen departamentuari atxikitako pertsona bat izanen da idazkaria. Pertsona hori departamentuko titularrak izendatuko du, baita haren ordezkoa ere.

2. Idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

6. artikulua. Kontseiluko kideak.

1. Honako hauek izanen dira Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko kideak:

a) Honako jarduketa-eremu hauetan eskumena duten zuzendaritza nagusietako edo erakunde autonomoetako titularrak, edo horiek izendatutako pertsonak:

a.–Hezkuntza.

b.–Osasuna.

c.–Etxebizitza.

d.–Enplegua.

e.–Lana.

f.–Eskubide sozialak.

g.–Barne gaiak.

h.–Komunikazioa.

i.–Kirola.

j.–Kultura.

k.–Berdintasuna.

l.–Gazteria.

b) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposatua.

c) Kulturen arteko bizikidetzarako plan bat eta hura aurrera eramateko teknikariak dituzten Nafarroako toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuak kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazakeriaren aurkako borrokaren arloko eskumena duen zerbitzuaren oniritziarekin.

d) Arrazismoari eta xenofobiari aurre egiteko arreta zerbitzua koordinatzen duen pertsona.

e) Nafarroako Arartekoaren ordezkari bat, Arartekoak berak proposatua.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat, unibertsitate horrek proposatua.

g) Nafarroako Foru Komunitatean arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko proiektuak egiten dituzten gizarte entitateen hiru ordezkari, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera izendatuak.

h) Nafarroako migratzaileen elkarteen eta gutxiengo etnikoetako pertsonen elkarteen sei ordezkari, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera izendatuak.

i) Nafarroako Migratzaileen Foroaren ordezkari bat, foroak berak izendatua.

2. Zenbat kontseilukide titular diren, beste hainbeste ordezko izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan. Ordezkoak izendatzeko orduan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren irizpideari jarraituko zaio.

3. Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

7. artikulua. Kontseilukideak hautatzea eta izendatzea.

1. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko kideen izendapena arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez eginen da.

2. Organoaren osaeran gizonen eta emakumeen arteko oreka bermatzeko, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua osatzen duten instituzio, erakunde edo entitateek bi pertsona proposatu beharko dituzte kontseilukide postu bakoitzeko, gizon bat eta emakume bat. Arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, kontseilukideak izendatzean, gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko du.

3. Aurreko artikuluko g) eta h) letretan adierazitako pertsonak izendatzearen ondorioetarako, honela eginen da hautaketa:

a) Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko proiektuak egiten dituzten gizarte entitateen hiru ordezkariak adostasunez hautatuko dira Nafarroan arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko proiektuen arloan esperientzia duten eta hautagaitza aurkezten duten Nafarroako gizarte entitate erregistratuen artean. Adostasunik lortzen ez bada, bozketa eginen da, eta hautagaiak gehiengo soila beharko du.

b) Migratzaileen elkarteen eta Nafarroako gutxiengo etnikoetako pertsonen elkarteen sei ordezkariak adostasunez hautatuko dira Nafarroan erregistraturik dauden eta gutxienez urtebeteko funtzionamendua duten elkarteen artean, hautagaitzak aurkezteko epea bukatzen den egunean kontatuta, eta, betiere, elkarte horien helburuak eta xedeak bat baldin badatoz Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko apirilaren 5eko 13/2023 Foru Legean ezarritako jarduketekin. Gutxiengo etniko guztien ordezkaritza egokia lortzeko ahalegina eginen da. Adostasunik lortzen ez bada, bozketa eginen da, eta hautagaiak gehiengo soila beharko du.

4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuetan, Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko kide izateko hautagaitzak aurkeztuko dira arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularrak onetsitako jarraibideen arabera, hilabeteko epean, gobernu irekiaren atarian argitaratuko den partaidetza-prozesua irekitzen denetik kontatzen hasita.

8. artikulua. Kargualdia.

1. Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua lau urtean behin berrituko da.

2. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluak jardunean jarraituko du hura osatzeko kide berriak izendatu arte.

9. artikulua. Kontseiluko postua uztea.

1. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluan beren kargua dela-eta parte hartzen duten pertsonek kargu hori uzten dutenean utziko dute kontseiluko postua.

2. Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko kide izateko izendatzen diren gainerako pertsonek honako arrazoi hauengatik utziko dituzte beren eginkizunak:

–Izendapen aldia bukatzea.

–Hautatu zituzten erakunde edo elkarteek proposatzea.

–Norberak eskatuta.

–Desgaikuntza judiziala edo heriotza.

–Ordezkatzen duen elkarteari edo fundazioari baja ematea dagokion erregistroan.

–Epai irmoz kondenatua izatea gorroto- eta diskriminazio-delituengatik edo Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 3. artikuluan jasotako adierazpenetako batengatik.

3. Behar baino lehen gertatzen diren hutsuneak 7. artikuluan ezarri bezala beteko dira. Kontseiluko kide berrien izendapen aldia bukatuko da Kontseilua berritzen denean, non eta ez den gertatzen aurreko atalean ezarritako egoeretako bat.

III. KAPITULUA –ANTOLAKETARAKO ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUBIDEA

1. ATALA.–OSOKO BILKURA ETA LANTALDEAK

10. artikulua. Osoko Bilkura.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluak osoko bilkura gisa jardunen du, zeina kontseiluko kide guztiek osatuko baitute.

11. artikulua. Lantaldeak.

1. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluari dagozkion eginkizunak betetzeko, lantaldeak eratzen ahalko dira hala eskatzen duten intereseko gaiak aztertzeko.

2. Lantaldeetan kontseilukoak ez diren pertsonak aritzen ahalko dira, haien esperientzia profesionala edo ezagutza teknikoa dela-eta lantaldearen eginkizunak betetzeko interesgarritzat jotzen bada, aldez aurretik lantaldearen koordinatzaileak kontseiluko lehendakariari eskatuta eta hark onartuta. Zehazki, genero-arrakala nabarmen adierazgarria den gaietan, ahaleginak eginen dira genero-berdintasunaren arloan eskarmentua duten pertsonen laguntza izateko. Era berean, berdintasunari buruzko prestakuntza programatzen ahalko da, kontseiluan eta lantaldeetan parte hartzen duten pertsonek genero-ikuspegia txerta dezaten beren zereginetan.

3. Lantaldeak sortzeko erabakian honako alderdi hauek zehaztuko dira:

a) Osaera, kontuan hartuz gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua izatea.

b) Koordinatzailea, beharren arabera lantaldeko buru eta idazkari lanak beteko dituena.

c) Lantaldearen xedea eta, hala badagokio, haren edukiari buruzko jarraibideak.

d) Bere lanaren emaitzak Kontseiluko lehendakariaren bidez osoko bilkurari helarazteko izanen duen epea.

e) Lantaldeek behar bezala funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen diren beste kontu batzuk.

12. artikulua. Adituen parte hartzea.

Lehendakariak aurretik baimenduz gero, zilegi da adituak joatea osoko bilkuretara eta lantaldeetara, hitzarekin baina botorik gabe, egokitzat jotzen bada kasuan kasuko bilkuran landuko diren gaiei buruz duten ezagutza espezifikoagatik, eta, betiere, haien jarduna aztertu beharreko gai zehatzera mugatuko da.

13. artikulua. Bileretarako sarbide librea.

Hala eskatzen dutenak joaten ahalko dira, entzule gisa, hitzik gabe eta botorik gabe, osoko bilkuretara, lehendakariaren aldez aurreko baimenarekin.

14. artikulua. Barne funtzionamendua.

Kontseiluak bere barne funtzionamendurako beharrezkoak diren arauak edo akordioak onesten ahalko ditu.

2. ATALA.–BILKUREN ARAUBIDEA

15. artikulua. Bilkura arruntak eta bilkura bereziak.

Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua gutxienez urtean bitan elkartuko da bilkura arrunta egiteko. Halaber, bilkura bereziak egiten ahalko ditu, lehendakariak hala erabakitzen badu edo gutxienez 10 kidek idatziz eskatzen badute. Kasu horretan, eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkurarako aurreikusitako data baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez.

16. artikulua. Bilkuren deialdia.

1. Osoko bilkurak egiteko deialdi arruntak 15 egun natural lehenago eginen dira, gutxienez. Salbuespenez, epe hori laburtzen ahalko da, lehendakariak erabakitako presako arrazoiak tarteko direnean.

2. Deialdiak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira, eta gai-zerrenda eta, ahal denean, eztabaidatzeko behar den dokumentazioa atxikiko zaizkio; orobat, bilkura zein baldintzatan eginen den adieraziko da, bai eta konexio sistema ere, hala badagokio.

3. Bilkuretako gai-zerrendan sartuko diren aztergaiak lehendakariak proposatuko ditu, edo lehendakariordeetako batek sei kontseilukideren babesarekin, edo gutxienez kontseilukideen herenak. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.

4. Bilkura arrunten deialdietako gai-zerrendan, aurreko bilkuraren edo bilkuren aktaren onarpena sartuko da, bai eta galde-erreguetarako atal bat ere.

5. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartuta ez dagoen deus, salbu eta kontseiluko kide guztiak bertan baldin badaude eta gaia presazkoa deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanez.

17. artikulua. Eraketa.

1. Osoko bilkura lehen deialdian eta balio osoz eratua izateko, beharrezkoa izanen da bertan egotea lehendakaria eta idazkaria, edo haien ordezkoak, bidezkoa denean, eta, orobat, kontseilua osatzen duten kideen erdiak gutxienez.

2. Bigarren deialdian balio osoz eratua izateko, beharrezkoa izanen da bertan egotea, gutxienez, lehendakaria eta idazkaria, edo haien ordezkoak, bidezkoa denean, eta, orobat, kontseilua osatzen duten kide guztien herena gutxienez. Lehenengo deialdiaren eta bigarren deialdiaren artean gutxienez ordu erdi bat igaro beharko da.

18. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko bilkurak.

Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluak urrutiko bilkurak egiten ahalko ditu, hau da, bertako kide guztiak edo batzuk toki desberdinetan egonda, betiere honako hauek ziurtatzen badira baliabide elektronikoen bidez (telefonoak eta ikus-entzunezko bitartekoak ere baliabide elektronikotzat hartuko dira): kideen nortasuna, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek zein unetan egiten diren, kideen arteko elkarreragina edo interkomunikazioa denbora errealean egitea eta, azkenik, bitartekoak eskuragarri egotea bilkurak irauten duen bitartean. Besteak beste, baliozkotzat hartzen diren bitarteko elektronikoen artean honako hauek daude: posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

3. ATALA.–ERABAKIAK

19. artikulua. Erabakiak hartzea.

Erabakiak hartzeko, kasuan kasuko osoko bilkuran parte hartzen duten Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseiluko partaideen gehiengo soila beharko da. Boto-berdinketarik izanez gero, Kontseiluko lehendakariak hautsiko du berdinketa.

20. artikulua. Aktak.

1. Idazkariak bilkura bakoitzaren akta eginen du, eta bertan honako hauek jasoko dira: bertaratu diren pertsonak, bilkuraren gai-zerrenda, noiz eta non egin den, deliberazioetako punturik garrantzitsuenak, bozketa modua eta emaitza, eta hartutako erabakien edukia.

2. Kontseiluko lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte aktak, zeinak onetsiko baitira bilkura horretan bertan edo hurrengoan.

Xedapen gehigarri bakarra.–Kontseiluaren eraketa.

Foru dekretu hau indarrean jartzen denetik 3 hilabete igaro baino lehen eratuko da Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Nafarroako Kontseilua, kide izateko bidezko diren proposamenak egin eta haiek izendatu ondoren.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan eskumena duen departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2405260