78. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MAÑERU

Udal ordenantza, euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Mañeruko Udalak, 2023ko abenduaren 28an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen, legez eskatutako gehiengoarekin, Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Iragarkia 2024ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 18an.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Mañerun, 2024ko otsailaren 26an.–Alkatea, Itziar Martínez Arbeloa.

EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Mañeruko Udalari ahalmena ematea laguntza-politika bat eratzeko, udalerriko herritarrak euskaldundu daitezen.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Mañeruko herritarrei aplikatzen ahal zaie, baldin eta ordenantza honen 4. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

3. artikulua. Laguntza ekonomikoaren nondik norakoa.

Ordenantza honek arautzen dituen dirulaguntzak gehienez ere iritsiko dira euskarako matrikularen eta irakaskuntzaren kostuaren %40ra, eta 250 euro izanen da gehienekoa. Ikastaroa egiteko guztira jasotzen diren laguntzak ezin izanen dira izan matrikularen zenbateko osoa baino handiagoak.

Kostu horretan ez dira sartzen beste kontzeptu batzuk, hala nola egonaldiak, ostatua, bidaiak eta abar, euskarako matrikulaz eta irakaskuntzaz gain.

Horretarako, dagokion ekitaldirako, Mañeruko Udalak aurrekontu-aplikazio bat gaituko du, gehieneko muga eta kopurua markatuko dituena.

Laguntzen zenbateko osoak, beraz, dagokion ekitaldiko aurrekontuaren kreditua izanen du muga.

Eskatutako dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, handiago bada aurrekontuan gaitutako gehieneko kopurua baino, proportzionalki gutxituko da onuradunei ordaindu beharreko dirulaguntza, harik eta gaitutako gehieneko kopuru hori agortu arte.

4. artikulua. Laguntzen onuradun izateko baldintzak.

Ordenantza honen xedeko laguntzen onuradun izanen dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

1. 14 urte baino gehiago izatea.

2. Mañeruko udalerrian erroldatuta egotea laguntza eskatzen den urtearen urtarrilaren 1ean, eta erroldatuta segitzea laguntza-eskaeraren xedeko ikastaroa egiten den bitartean.

3. Laguntzarako eskabidea betetzea.

4. Matrikulatuta egotea 10 eguneko baino gehiagoko ikastaro estentsibo batean, trinko batean edo barnetegiko trinko batean.

5. Ordaindua izatea, arauz ezarritako epean, laguntzaren xedeko matrikularen edo ikastaroaren prezioa.

6. Eskatu eta jaso izana euskara ikasteko Nafarroako Gobernuak urtero eskaintzen duen dirulaguntza.

7. Egunean izatea tributu-ordainketak eta/edo betebeharrak Mañeruko Udalarekin.

8. Zentroan ikasle gisa baja ez ematea, laguntza ekonomikoaren xedeko mailaren edo mailen egutegiaren barnean.

5. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskabidea, Mañeruko Udalari zuzendua.

b) NANaren fotokopia.

c) Mañeruko udalerriko erroldatze-ziurtagiria.

d) Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.

e) Nafarroako Gobernuak dirulaguntza eman izanaren egiaztagiria (4.6 artikuluan aipatutako dirulaguntza).

f) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen zenbakiarena.

6. artikulua. Prozedura eta kudeaketa arauak.

Eskabideak urtero aurkeztuko dira, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, urte berean azken data hori baino lehen matrikula egin den ikastaroetarako.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskabideak udal bulegoetan aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezartzen diren bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Dagokion ekitaldi ekonomikoko abenduan ordainduko dira laguntzak, eskabideak aztertu ondoren.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza lortzeak ez du esan nahi automatikoki berrituko denik hurrengo ikastaroetarako. Eskabidea eta dokumentazioa ikasturte bakoitzean aurkeztu behar dira eta horrexetan bakarrik balioko dute.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak egiten direnean datuak ezkutatzeagatik edo iruzurra egiteagatik ordenantza honetan aurreikusitako laguntzetarako eskubidea ematen duten baldintzetan, laguntzak errebokatu, eta itzuli egin beharko dira bidegabe emandako zenbatekoak, horrek deusetan galarazi gabe bidezko diren legezko akzioak gauzatzea.

8. artikulua. Datuen babesa.

Eskatzaileen datuak tratatuko dira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa).

9. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan arautzen ez den orotarako, aplikatuko dira Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta behin iraganda Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak duten epea, toki-erakundeek ematen dituzten egintza edo erabakien gainean duten indargabetze-ahalmena erabiltzeko.

Iragarkiaren kodea: L2404870