78. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal igerilekuen kudeaketa eta funtzionamendua arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2023ko abenduaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal igerilekuen kudeaketa eta funtzionamendua arautzen dituen udal ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hura behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan ; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Burlatan, 2024ko martxoaren 26an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

BURLATAKO UDAL IGERILEKUEN KUDEAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA.–ABONATUAK ETA ERABILTZAILEAK

1. artikulua.

Burlatako udal igerilekuak (Zalduko kalea z.g.) osatzen dituzte honako hauek: kanpoko igerilekuak (olinpikoa, jostaketakoa eta plisti-plasta ibiltzekoa), igerileku estalia, hidroterapia igerilekua, sauna lehorrak eta hezeak, aldagelak, muskulazio gela, beisbol zelaia, atletismo pistak, erretegiak, terrazak, taberna eta zabuak, bai eta egin daitezkeen handitzeak eta/edo aldaketak ere.

Espazio horiek abonatuek eta erabiltzaileek erabiltzen ahalko dituzte, eta lehentasuna izanen dute abonatuek, Burlatako Udalak urtero finkatzen dituen kuotak ordaindu ondoren. Kuota horiek prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan arautzen dira.

2.artikulua.

Abonatuak dira mantentze-kuoten ordainketa arrunten araubide bati atxikita daudenak, Udalaren kirol instalazioak erabili ala ez.

Nahitaez eduki behar da karnet bat; 5. artikuluan dago araututa.

3. artikulua.

1989ko urtarrilaren 1a baino lehen abonatuak Burlatan erroldatutzat hartuko dira ondorio guztietarako.

4. artikulua.

Abonatuen seme-alabei alta eman beharko zaie 2 urte betetzen dituzten hiruhilekoan, eta dagokion kuota aplikatuko zaie 4 urte betetzen dituzten hiruhilekotik aurrera. Hori egiten ez badute, abonatu gisa alta ematen zaien unean zer kategoriatan dauden, kategoria horri dagokion sarrera-kuota ordaindu beharko dute.

Nolanahi ere, 10 urtetik beherakoak 16 urtetik gorako norbaitekin sartu behar dira instalazioetan, eta haren tutoretzapean egon behar dute une oro.

5. artikulua.

Burlatako Udalak emandako karneta izanen da abonatuaren kredentziala udal igerilekuetan dagoen bitartean. Sartzeko, karnet digitala erabiltzen ahalko da, dagokion aplikazio informatikoa baliatuta.

6. artikulua.

Abonatu karnetak ez du kredentzial gisa balioko baldin eta argazkirik ez badu, zuzenketak edo urratuak baditu edo apurtuta edo osatu gabe badago. Horrelakorik izanez gero, abonuaren titularrak karnetaren kopia bat eskatu beharko du, eta aurrekoa aurkeztu, ezeztatzeko. Karneta galduz gero, titularrak lehenbailehen eman beharko dio horren berri Burlatako Udalari, kopia bat egin diezaioten.

7. artikulua.

Abonatu karneta pertsonala eta besterenezina da. Hortaz, beste batek erabiltzen badu, eta titularrak ez badu eman haren galeraren edo lapurretaren berri, horrek falta ekarriko du. Instalazioko langileek nortasun-agiri nazionala edo antzeko beste agiriren bat erakusteko eskatzen ahalko dute, dagokion egiaztapena egiteko.

8. artikulua.

Udal igerilekuko erabiltzaileak dira instalazioak erabiltzen dituztenak dagokion diru-kopurua ordaindu eta gero, indarrean dauden tarifekin bat. Burlatako Udalak ezarriko ditu tarifa horiek. Langileek nortasun-agiri nazionala edo antzeko beste agiriren bat erakusteko eskatzen ahalko dute, erabiltzailearen adina egiaztatzeko.

9. artikulua.

Atezaintzan edo online erositako sarrera da erabiltzailearen kredentziala igerilekuen esparruan dagoen bitartean. Erabiltzaileak zer adin duen, adin horri dagokion sarrera erosi beharko du. Sarrera ezin izanen da zuzendu, urratu edo hondatu.

II. KAPITULUA.–ABONATUAK ETA ERABILTZAILEAK ONARTZEA

10. artikulua.

Abonatuen kopurua mugagabea da. Inguruabarrek hala gomendatzen dutenean, Burlatako Udalak abonatuen onarpena eten edo mugatzen ahalko du.

11. artikulua.

Erabiltzaileen onarpen kopurua mugagabea da. Hala ere, instalazioetako langileek erabakitzen ahalko dute erabiltzaile gehiago ez onartzea aldi batez, Kirol Zinegotzigoaren, Gerentziaren, instalazioen arduradunaren, kirol koordinatzailearen edo instalazioaren txandako arduradunaren bitartez –aurreko karguak falta badira– , honako arrazoi hauek direla medio:

–Jende gehiegi egotea instalazioetan.

–Sartu nahi duenak molestatzea beste abonatu edo erabiltzaileak edo instalazioetako langileak.

–Sartu nahi duena mozkortuta egotea edo ez egotea higiene-baldintza fisiko edo mental egokietan.

–Arestian aipatutako karguetan ari direnek aski justifikatutzat jotzen dituzten bestelako arrazoiak egotea.

–Matxurak, istripuak edo erabilera-baldintza desegokiak egotea, edo Burlatako Udalak egoki jotako beste arrazoiren bat.

12. artikulua.

Burlatako Udaleko Alkatetzak instalazioen esparrura sartzera ukatzeko eskubidea izanen du une oro, egokitzat jotzen dituen arrazoiak aztertu ondoren. Eskumen hori Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahalko dio.

13. artikulua.

Abonatu berriak onartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Nortasun-agiri nazionala aurkeztea.

–Familia-liburua aurkeztea, baldin eta 14 urtetik beherakoak inskribatu nahi badira.

–Banku-kontuaren zenbakia ematea.

–Sartzeko kuota ordaintzea, urte bakoitzean indarrean dauden kuoten arabera.

14. artikulua.

Haurrentzako abonuen kasuan, ezinbestekoa izanen da gurasoetako bat edo legezko tutorea abonatu gisa alta emanda egotea. Haurrentzako abonuetan, ordainagirien ondorioetarako, 4 urtetik aurrera hasiko da kuotak ordaintzen. Alta emanez gero 4 urte bete eta biharamunean, beren kategoriari dagokien sarrera-kuota ordaindu beharko dute.

15. artikulua.

Burlatako Udalak urtero ezarriko ditu kuotak, eta arautuko ditu prezio publikoak arautzeko ordenantzan.

Ordenantza horretan adinaren arabera bereizitako kuotak ezarriko dira. Honako hauek:

–Helduak: 18 urtekoak edo hortik gorakoak.

–Gazteak: 14 eta 17 urte artekoak, biak barne.

–Haurrak: 4 eta 13 urte artekoak, biak barne.

16. artikulua.

Erabiltzaileak instalazioetan sartzen ahalko dira aldi baterako abonua eskuratuta. Horretarako, kategoria bakoitzerako indarrean dagoen udal kuota ordaindu beharko dute, eta karneta aktibatu.

Abonu horrek ez die eskubidea ematen beste instalazio edo zerbitzu batzuk erabiltzeko, horiek kuota independenteak dauzkate eta.

Abonuak eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Nortasun-agiri nazionala edo antzeko beste agiri bat aurkeztea.

–Urte bakoitzean indarrean dauden kuotak ordaintzea.

Abonu horien titular ez direnek honako bide hauek dauzkate kirol instalazioak erabiltzeko:

–Eguneko sarrera ordaintzea.

–Instalazio horietan egiten diren jarduera edo ikastaroren batean izena ematea.

–Ikusle gisa joatea kirol ekitaldietara.

–Aldez aurretik baimena edukitzea, instalazioetan erreserbaren bat egin dutelako.

–Alkatetzaren berariazko baimena edukitzea, behar bezala justifikatua.

17. artikulua.

Abonatuek baja eman badute –dela ez ordaintzeagatik dela norberak hala erabakita– berriz onar ditzaten eskatzen ahalko dute. Horretarako, sartzeko kuota ordaindu beharko dute, eta zorrik izanez gero, horiek ordaindu.

18. artikulua.

Burlatako Udaleko Alkatetzak eskubidea izanen du kanporatua izateagatik bajan daudenak berriz onartzeko. Eskumen hori Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahalko dio.

III. KAPITULUA.–KUOTAK

19. artikulua.

Abonatuen eta erabiltzaileen kuotek prezio publikoen izaera dute, eta zerbitzua baliatzeagatiko prestazioak ordaintzen dituzte, zerbitzua erabili ala ez.

20. artikulua.

Kuoten zenbatekoa ezarriko da Burlatako Udalaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan.

21. artikulua.

Kuotak banakakoak dira, eta ordenantza arautzailearen arabera, honako kasu hauetan soilik jasotzen ahalko dira hobariak:

–Eszedentziarako eskubidea dutela frogatzen duten abonatuak.

–Ahalmen ekonomiari buruz ezarritako irizpideak betetzen dituztela frogatzen duten abonatuak.

–Ordenantza arautzaileak jaso ditzakeen beste kasu batzuk.

22. artikulua.

Abonatuek eszedentzia bat eskatzen ahalko dute, baldin eta agiri ofizialen bidez frogatzen badute Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo ari direla egiten ikasketak, lanak eta antzeko eginkizunak, eta horien ondorioz bizilekua aldatu behar izan dutela. Hain zuzen, eszedentzia emanen da absentziak iraunen duen denborarako eta eskaera aurkezten den egunetik aurrera. Eszedentzia-aldia amaituko da arau hauen arabera:

–Eszedentzia lanagatik eskatu bada, ulertuko da kontratuaren izaeraren arabera emanen dela. Horrek esan nahi du kontratua mugagabea bada, eszedentzia ere mugagabea izanen dela, eta, aldiz, aldi baterako kontratua bada, eszedentziak iraunen duela kontratuak iraun bitartean.

–Eszedentzia ikasketengatik bada, urte akademikoka emanen da.

Eszedentzia ez da inola ere emanen atzeraeragineko izaerarekin. Hortaz, abonatuei ez zaizkie itzuliko eszedentzia eman aurretik ordaindutako kuotak.

Aurkeztu beharreko agiriak: lan-kontratua edo ikasketen matrikula.

23. artikulua.

Udalak ez dizkie kuotak itzuliko abonatuei eta erabiltzaileei behin fakturatuta edo ordainduta Udalak ezarritakoaren arabera, arrazoiak edozein direla ere, salbu eta Administrazioak akatsik egin badu.

24. artikulua.

Igerilekuetarako abonatuen eta erabiltzaileen kuotak ordaintzeak ez du eskubiderik ematen Burlatako Udalak kudeatzen dituen beste kirol instalazio batzuetara sartzeko.

25. artikulua.

Abonatuen kuotak kobratzeko, ezinbestean erabiliko da banku-helbideratzea.

Aldi baterako abonuak udal bulegoetan edo egoitza elektronikoan eskuratuko dira, dagokion kuota ordaindu ondoren.

Eguneko sarrerak instalazioetako atezaintzan eskuratuko dira, edo, bestela, webgunearen edo aplikazio informatikoaren bidez izapidetzen ahalko dira.

26. artikulua.

Abonatuen kuotak, ordaintzen ez badira, borondatezko epetik kanpo ordaindu beharko dira, eta, horrekin batera, ez ordaintzeagatiko errekarguak eta Burlatako Udalak udal kuotetan ezarritako itzulketa-gastuak.

Une horretatik aurrera, ordaindu gabeko kuotak berankorrak izanen dira, betearazpen-bidetik kudeatuko dira, eta bide horrek sortzen duen errekarguarekin ordaindu beharko dira.

Abonatuak ezin izanen ditu instalazioak erabili Udalaren Kirol Arloarekin zorrik duen bitartean.

27. artikulua.

Urtebetetik gorako antzinatasuna duen zorra duenari, baja emanen zaio abonatu gisa.

28. artikulua.

Baldin eta norbaiten igerilekuko ordainagiriak helbideratzen ari badira kontu batean, eta pertsona hori ez bada kontuaren titularra, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira helbideratze horren baimena kentzeko:

–Baimena kentzen zaion kontuari lotuta:

  • Zer banku-kontutako helbideratzea utzi nahi den bertan behera, kontu horren titulartasunaren gaineko ziurtagiria.
  • Baimena kentzeko agiria, sinatua.

–Baimentzen den kontuari lotuta:

  • Kontuaren titularra dela ziurtatzen duen agiria.
  • Abonatuaren ordainagiriak helbideratzeko baimena emateko agiria, sinatua.

29. artikulua.

Kuoten likidazioak hiru hilean behin bidaliko dira, aurreratuta, banketxera, hiruhileko bakoitzaren lehen egunetik aurrera.

Kuoten likidazioei eragiten dieten aldaketa guztiak Udalari jakinarazi beharko zaizkio hiruhilekoa amaitu baino lehen. Aldaketa horiek hurrengo hiruhilekoaren likidazioan aplikatuko dira.

IV. KAPITULUA.–ABONATUAREN IZAERA GALTZEA

30. artikulua.

Abonatu izaera galduko da honako inguruabar hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Abonatuak berak eskatuta, horretarako eskaera idatziz aurkeztuta. Hurrengo hiruhilekoaren likidaziotik aurrera izanen ditu ondorioak. Horretarako, Udalaren bulegoetan edo web-orrian eskuratzen ahal den inprimakia bete beharko da.

b) Abonatua hiltzea.

c) Urtebetetik gorako antzinatasuna duen zorra izatea.

d) Falta oso astunaren ondoriozko zehapenak eragindako kanporatzea. Jakinarazten den unetik aurrera izanen ditu ondorioak.

V. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK

31. artikulua.

Hona hemen abonatu eta erabiltzaile guztien eskubideak:

a) Gozatzea igerilekuen esparruaren barnean dauden instalazioez, altzariez, tresnez eta materialez.

b) Zer tokitarako abonua duten, toki horietara libreki sartzea, karneta erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

c) Iradokizunak eta arrazoitutako kexak idatziz aurkeztea Burlatako Udalean.

d) Kirol ikastaroetan izena ematea, Udalak haietarako onesten duen araudiarekin bat.

e) Burlatako Udalari galdegitea bete dezala ordenantza honetan ezarritakoa, abonatuei eta erabiltzaileei buruz.

f) Entzunak izatea eta errekurtsoak aurkeztea, baldin eta zehapen-espedienteak abiarazten badira beren kontra edo senideen edo igerilekuko lagunen kontra.

32. artikulua.

Abonatuak zigortzen badituzte, eta zigor horren ondorioz ezin badituzte instalazioak erabili aldi batez, beren eskubideak galduko dituzte zigorrak irauten duen bitartean.

33. artikulua.

30. artikuluan azaldutako arrazoiren batengatik igerilekuetako abonatu gisa baja ematen duten abonatuek beren eskubideak galduko dituzte automatikoki.

VI. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK

34. artikulua.

Hona hemen abonatu eta erabiltzaile guztien betebeharrak:

a) Ordenantza honetan abonatuei eta erabiltzaileei buruz ezarritako nahitaezko arauak betetzea.

b) Errespetuz tratatzea gainerako abonatu eta erabiltzaileak, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.

c) Men egitea Burlatako Udaleko edozein langilek eta kanpoko langile kontratatuek egiten dizkieten ohartarazpen, kargu-hartze aholku edo antzekoei.

d) Burlatako Udalak ematen dituen xedapen guztiak betetzea, bai eta erregelamendua guztiz betetzea ere.

e) Igerilekuetako abonatuen eta erabiltzaileen kolektiboa osatzen duten pertsonen duintasuna errespetatzea, baita Burlatako Udaleko langileena eta kanpoko langile kontratatuena ere.

f) Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.

g) Jakinaraztea aldi baterako bajak, behin betiko bajak, helbide-aldaketak edo igerilekuen erabiltzaile eta abonatuen prozesu osoan eragin zuzena duten bestelako gorabeherak.

h) Udal langileek eskatzen dieten orotan erakustea karneta edo nortasun-agiri nazionala.

i) Instalaziora sartzeko edo handik irteteko, nahitaezkoa izanen da sarrera-kontroleko sarrera-irakurgailutik pasatzea karneta edo QR kodea, eta/edo atezaintzan erakustea edo, hala behar izanez gero, segurtasun-zaintzaz arduratzen diren langileei erakustea. Karnetik gabe behin baino ezin izanen da sartu, denboraldi bakoitzeko (uda eta negua).

j) Erabiltzaileak/abonatuak instalaziotik irten nahi badu eta egun berean berriro sartu, sarrera-kontroleko irteera-irakurgailutik pasatu beharko du nahitaez karneta edo QR kodea.

VII. KAPITULUA.–ETENALDIAK ZERBITZUAN

35. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, instalazioak erabiltzeko edo horietaz gozatzeko mugak edo aldi baterako debekuak ezartzen ahalko zaizkie erabiltzaileei edo abonatuei, modu partikularrean edo indibidualizatuan. Horretaz gain, Burlatako Udalak erabakitzen ahalko du instalazioak aldi batez ixtea, baldin eta honako hauen moduko inguruabarrak gertatzen badira: izurritea, osasun-babes eskasa, kalte material larriak instalazioetan, modu larrian eragitea bizikidetzari esparruaren barnean, istripu hilgarria edo antzeko beste arrazoi batzuk.

36. artikulua.

Burlatako Udaleko Alkatetzak ezarriko ditu instalazioak irekitzeko ordutegia eta egutegia, Kirol Arloari edo hura ordezten duen ordezkaritza-organoari entzun eta gero. Dena den, eskumen hori Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahalko dio. Ordutegia eta egutegia ikusgai egonen dira Burlatako Udalaren bulegoetan eta web-orrian, interesdunek kontsulta ditzaten.

37. artikulua.

Burlatako Udaleko Alkatetzak, Kirol Arloari edo hura ordezten duen ordezkaritza-organoari entzun eta gero, instalazioak erabiltzeko ordutegia aldatzen ahalko du, eta udako denboraldirako instalazioen irekiera- edo itxiera-datak atzeratzen edo aurreratzen ahalko ditu. Eskumen hori Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen ahalko dio.

38. artikulua.

Burlatako Udalak ez du erantzukizunik instalazioen irekiera edo itxiera eteteko erabakiak abonua dutenei eragindako kalteen gainean.

VIII. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN ARAUDIA

39. artikulua.

–Instalazioen araudi orokorra.

1. Funtsezkoa da erabiltzaileen eta Burlatako Udaleko langileen artean "elkarrekiko errespetuaren" kontzeptuari eustea. Hain zuzen, men egin beharko zaie langileek –sorosleak eta kirol monitoreak barne– emandako jarraibide guztiei.

2. Ez da onartuko 10 urtetik beherakoak sartzea, 16 urtetik gorako batekin ez bada, hura izango baita haiek egiten duten guztiaren erantzule esparruaren barnean dauden bitartean. Modu aktiboan zaindu beharko dituzte, etengabe.

3. 10 urtetik beherako haurrek 16 urtetik gorakoen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihesteko eta gainerako erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko.

Antolatutako haur-taldeen kasuan (ikastetxeak, kanpamentuak eta abar), honako hauek, gutxienez, eskatuko dira:

  • 10 urtetik beherako haurrak: adin nagusiko pertsona bat 8 haurreko.
  • 10 eta 14 urteko arteko haurrak: adin nagusiko pertsona bat 15 haurreko.

Bi kasuetan, arduradunek modu aktiboan zaindu beharko dute taldea.

4. Burlatako Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetan desagertzen diren gauzen gainean. Instalazioaren eguneroko garbiketan aurkitutako objektuak, edo atezaintzan edo beste langile batzuei entregatutakoak, bi astez gordeko dira, eta, denbora hori igarota, Udaltzaingoari eramanen zaizkio, legez ezarritako izapidea bete dadin.

5. Kirol-esparruan dauden pertsonen irudiak hartzea, baldin eta pertsonok nor diren erakusten badute edo irudiok pertsona horiek identifikatzeko bide ematen badute, datu pertsonalen tratamendu gisa joko da, eta, hortaz, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko du.

–Igerilekuen araudi orokorra.

1. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da.

2. Ur bazterrean oinutsik ibili beharko da, edo txankletak jantzita.

Ur bazterrera ezin da oinetakoak jantzirik sartu, salbu eta Burlatako Udaleko langileak, garbitze, mantentze edo zaintza lanetan ari badira.

3. Debeku da ur bazterretan eta igeri-ontzietan erretzea, jatea edo hondakinak sortzen dituen beste zernahi egitea.

4. Igerilekuen esparruan ezin da sartu beirazko elementurik edo bereziki hauskorra den objekturik.

5. Debeku da igerilekuen esparruan sartzea beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer (koltxoi puzgarriak, pilotak, ur pistolak, jostailuak, baloiak eta abar), salbu eta Burlatako Udalak horretarako espresuki izendatzen dituen egun, ordu eta guneetan.

Debeku horretatik kanpo geratzen dira igeriketako betaurrekoak eta haurrentzako mahukak edo burbuilak. Plisti-plastako guneetara jostailuak eramaten ahalko dira, betiere gainerako erabiltzaileei enbarazurik eragiten ez badiete.

Igeriketako entrenamenduaren berezko elementuak erabiltzeko, hala nola hegatsak, palak eta antzeko beste batzuk, sorosleen berariazko baimena beharko da, egunero. Baimen hori emateko, segurtasun- eta erosotasun-irizpideak hartuko dituzte kontuan, gainerako erabiltzaileei kalterik ez eragiteko.

6. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Ezin da lasterka ibili, baloiekin jolastu, joko bortitzetan aritu edo uretan modu zakarrean murgildu. Hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei molestia eragin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.

7. Legez ezarrita dago (urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuaren 26. artikulua) bainulari kopuru mugatua egon daitekeela igeri-ontzi bakoitzean. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

8. Sorosleek, igerilekuen esparruan, eskumena dute edozeini arreta deitzeko eta arauak betetzen ez dituztenen kontrako zehapenak proposatzeko. Gorabehera horien berri eman beharko diete beti Burlatako Udaleko langileei. Arau-haustea zer egunetan gertatu den, egun horretara mugatuko da zehapena. Arau-haustea ordenantza honetako IX. kapituluan tipifikatutakoen artean badago (diziplina-araubidea arautzen da kapitulu horretan), 54. artikulutik 68. artikulura bitartean ezarritakoa aplikatuko da.

9. Udala da igerilekuetako erabilerak antolatzearen arduraduna, eta aldez aurretik eman beharko die horien berri abonatuei eta erabiltzaileei, abisu egokien bidez.

Sorosleek ahalmena dute kaleetan igeriketa librea antolatzeko, une bakoitzeko igeriketa-mailen arabera, eta, aparteko egoeretan, ahalmena dute, orobat, igerilekuen esparruko erabilerak eta sarbideak antolatzeko.

10. Jantziak: gorputz osoa estaltzen duten jantziak baimenduta daude, baldin eta bainatzeko soilik badira, eta egokiak.

–Berdegunearen araudi orokorra.

1. Debekatuta dago jatea horretarako berariaz mugatutako tokietatik kanpo (taberna, terrazak eta erretegiak).

2. Berdeguneetara ezin da sartu botilarik, beirazko ontzirik edo antzeko hauskortasuna duen beste edozein objektu.

3. Ezin da itzalkinik erabili. Hamakak, aldiz, erabiltzen ahal dira (49. artikulua).

4. Ez da ekintzarik onartzen jendearen lasaitasuna eragozten ahal badu edo gainerako erabiltzaileei arriskua ekartzen ahal badie. Hortaz, ezin izanen da kirolik egin (horretarako prestatutako guneetatik kanpo), ez eta jolas bortitzik edo lasterketarik ere, eta ezin izanen da musika-aparaturik erabili, ez eta gainerako erabiltzaileei enbarazu egin diezaiekeen edo zerbitzuaren kalitatean eragina izan dezakeen ezer ere.

40. artikulua.

–Jostaketako igeri-ontzia aire zabalean.

1. Debeku da arroka artifizialetara igotzea eta handik uretara salto egitea.

2. 130 cm baino gutxiago neurtzen duten haurrek ezin dituzte erabili espirotutua, arrapala irristakorra eta txirrista erraldoia. Multipista erabiltzeko, berriz, 120 cm gutxienez neurtu behar dute. Plista-plasta ibiltzeko guneko txirristan, haurrek 16 urtetik gorako batek lagunduta egon beharko dute; haien zain egonen da txirrista amaitzen den tokian.

3. Debeku da atrakzioetan zutik, belauniko edo buruz botatzea uretara. Arrapalan behera nahieran joan daiteke, baina ez zutik.

41. artikulua.

–Igerileku estalia - 25 metro.

1. Ur bazterrean oinutsik ibili beharko da, edo txankletak jantzita.

2. Igerilekura sartzeko, nahitaez erabili behar da txanoa, eta bainua hartu aurretik dutxatu. Erabiltzaileei ez zaie materialik utziko (txanoa, betaurrekoak, txankletak, bainujantzia eta abar).

3. Ez da onartuko 10 urtetik beherakoak sartzea, 16 urtetik gorako pertsona batek lagunduta ez bada, hura izanen baita haurrek egiten duten guztiaren erantzule.

4. Igerilekura sartzeko nahitaez eskailerak erabili beharko dira, debeku baita igerilekuan jauziz murgiltzea, gainerako erabiltzaileei ez eragozteko.

5. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte erabili ikastaroetarako edo beste jarduera batzuetarako erreserbatutako eremuak jarduerok irauten duten bitartean. Abonatuei 3 kale utziko zaizkie bainu librerako, salbu eta inguruabar edo zerbitzuko premia berezirik badago.

6. Debeku da noranzko horizontalean igeri egitea eta "kortxeretara" igotzea.

7. Instalazioak behar bezala funtziona dezan, sorosleek, igeriketa mailaren arabera, esleitutako kalea erabili beharko da.

8. Udako denboraldian, igerileku hau igeri egiteko soilik erabiliko da, eta, hortaz, ezin izanen da bertan jostaketako jarduerarik egin.

9. Udalak bere jabetzako materialaren zati bat uzten ahalko die erabiltzaileei. Material hori bereizita egonen da, eta sorosleari eskatu beharko zaio aldez aurretik.

42. artikulua.

–Hidromasaje-ontzia.

1. 16 urtetik gorakoek erabiltzen ahalko dute.

2. Gehieneko jende kopurua: 60 lagun.

3. Ontzira sartzeko, nahitaez erabili behar dira eskailerak. 4.–Atrakzio bakoitzean, gehienez, 5 minutuz egoten ahalko da.

43. artikulua.

–Hidromasaje-ontzia, zurrustarik gabea.

1. Udalak berariazko ordutegia ezarriko du zurrustarik gabeko hidromasaje-ontzia modu librean erabiltzeko edo Udalak antolatutako jarduerak aurrera eramateko.

2. 10 urtetik beherako haurrek 16 urtetik gorako norbaitek lagunduta sartu beharko dute.

44. artikulua.

–Lurrunezko sauna eta sauna lehorra.

1. 16 urtetik gorakoek erabiltzen ahalko dute.

2. Gehieneko jende kopurua lurrunezko saunan: 8 lagun.

3. Gehieneko jende kopurua sauna lehorrean: 12 lagun.

4. Esparru honetan ezin da egon kanpoko oinetakoak jantzita.

5. Sauna lehorrean, nahitaezkoa da eskuoihal bat erabiltzea, haren gainean eseri edo etzateko, eta kabinara oinutsik sartzea.

6. Nahitaez dutxatu behar da sauna lehorrera edo lurrunezko saunara sartu aurretik.

7. Saunan eta saunaren sarbidean debeku da bizarra egitea, jatea, hondakinak uztea eta liburuak, aldizkariak eta bestelako agiriak sartzea.

8. Men egin behar zaie sauna erabiltzeko gomendioei; koadro batean ageri dira.

45. artikulua.

–Dutxa eskoziarra.

1. 16 urtetik gorakoek erabiltzen ahalko dute.

2. Gehieneko jende kopurua: lagun 1.

3. Dutxa honetan ezin da xaboia erabili.

46. artikulua.

–Muskulazio gela.

1. 16 urtetik gorakoek erabiltzen ahalko dute. Salbuespen gisa, muskulazio gela erabiltzen ahalko dute 16 urtetik beherakoek, baldin eta medikuak aginduta badoaz. Dena den, horretarako, Kirol Arloaren berariazko baimena beharko dute. Guraso batek edo legezko tutoreak lagunduta sartu eta erabiliko dute gela.

Nahitaezkoa izanen da prestakuntza-saio bat egitea gelako monitorearekin.

2. Sartzeko, nahitaez erabili behar da karneta edo QR kodea.

3. Gehieneko jende kopurua: 90 lagun (30 lagun lehenengo solairuan eta 60 bigarrenean).

4. Nahitaez egin behar da inskripzioa udal bulegoetan, posta elektroniko bidez edo alta-inprimakia betez. 18 urtetik beherakoen kasuan, adingabearen aitak, amak edo legezko tutoreak eman beharko du alta.

5. Baja egiten ahalko da telefonoz, posta elektronikoz edo bulegora joanez.

6. Kirol arropa eta oinetakoak jantzita sartu behar da nahitaez. Oinetakoek gomazko zola eduki beharko dute.

Debekatuta dago txankletak edo beste oinetako mota batzuk erabiltzea, baldin eta seguruak ez badira norberaren eta gainerako erabiltzaileen kirol jardunerako.

7. Nahitaez eraman behar da norberak erabiltzeko eskuoihal bat; tapizatuak ukitzen dituzten eremuak estaltzeko nahikoa handia izan behar du.

8. Makina, erabili ondoren, garbi utzi behar da, eta materiala bere tokira itzuli.

9. Debeku da materiala solairu batetik bestera eramatea, salbu eta monitoreak berariazko baimena ematen badu.

10. Ezin da poltsarik, berokirik edo janaririk sartu.

11. Makinak eta ekipamendua ezin dira erreserbatu. Makinak eta ekipamendua modu aktiboan erabili behar dira.

12. Debeku da soinu-ekipo indibidualak erabiltzea, salbu eta horiek entzungailuekin erabiltzen badira.

13. Kardio makinak gehienez ere 30 minutuz erabiltzen ahalko dira.

14. Erabiltzaileak bere eta gainerakoen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu jarduerak egiten dituen bitartean (adibidez, topeak jartzea pisu libreetan).

15. Monitoreak, gelaren barnean, aginpidea du erabilerak antolatzeko eta arauak betetzen ez dituen edozein erabiltzaileri arreta deitzeko eta hura zigortzeko. Gorabehera horien berri eman beharko die Udaleko langileei. Arau-haustea ordenantza honetako IX. kapituluan tipifikatutakoen artean badago (diziplina-araubidea arautzen da kapitulu horretan), 54. artikulutik 68. artikulura bitartean ezarritakoa aplikatuko da.

47. artikulua.

–Erretegiak.

1. Urtean zehar sutegiak eta mahaiak erreserbatzeko, Burlatako Udalak ezarritako bideak erabili beharko dira (app-a, web-orria, modu presentziala eta telefonoa).

2. Burlatako Udalak, salbuespenez, mahaiak eta sutegiak erreserbatzen ahalko ditu interesgarritzat jotzen dituen ekitaldiak antolatzeko.

3. Inork ezin ditu mahaiak hustu, instalazioko langileek baizik.

4. Mahaiak eta erretegiak erabili eta gero, nahitaezkoa da dena jasotzea eta tokia garbi uztea.

5. Ezin dira sartu erretegiaren erabilera egokiarekin bat ez datozen objektuak (adibidez: paletak, butanoa, gasolina, oholak eta abar).

6. 21:00etatik aurrera, ezin da sartu kanpoko egurra.

7. Debeku da erabiltzea musika erreproduzitzeko aparatuak edo gainerako erabiltzaileei traba eragiten dien bestelako gailurik. Horiek erabili ahal izateko, Burlatako Udalaren berariazko baimena beharko da.

48. artikulua.

–Terraza.

1. Mahaiak eta aulkiak ezin dira erreserbatu. Horiek benetan noiz erabiltzen diren, orduantxe bakarrik okupatzen ahalko dira.

2. Inork ezin ditu mahaiak hustu, instalazioko langileek baizik.

3. Mahaiak erabili eta gero, nahitaezkoa da dena jasotzea eta garbi uztea.

4. 12:00etatik 16:00etara, debeku da mahaiak eta aulkiak erabiltzea jolasteko edo solasaldiak egiteko.

5. Udako denboraldian, taberna zerbitzuaren errentaria den pertsonak edo erakundeak arautuko du zerbitzu horri erreserbatutako gunea; hori guztia, Udalaren aldez aurreko oniritziarekin.

6. Debeku da musika erreproduzitzeko aparatuak erabiltzea edo gainerako erabiltzaileei traba eragiten dien bestelako gailurik erabiltzea. Horiek erabili ahal izateko, Burlatako Udalaren berariazko baimena beharko da.

49. artikulua.

–Hamakak.

1. Udako denboraldian, Burlatako Udalak zenbait gune prestatuko ditu abonatuek hamakak utz ditzaten.

2. Burlatako Udalak zehaztuko ditu datak.

3. Ezarritako epean hamakak jasotzen ez badira, Udalak horiek erretiratzeko aukera izanen du, beharrezko baliabideak erabiliz, eta ez ditu nahitaez biltegiratu eta zaindu beharko.

50. artikulua.

–Urtebetetzeak eta bestelako ekitaldiak egitea.

1. Araudi hau soilik aplikatuko da udal igerilekuetako neguko denboraldian. Udako denboraldian, Burlatako Udalak ezarriko du zer ordutegitan sartzen ahalko diren libreki abonatuta ez dauden pertsonak (aurrez eskatuta edo sarrera sinboliko bat ordainduta). Edonola ere, igerilekuak ixten diren ordutik aurrera sartzen ahalko dira.

2. Urtebetetzeak eta bestelako ekitaldi sozialak egiteko, ezinbestekoa izanen da Burlatako Udalak baimena ematea. Horretarako, dagokion eskaera aurkeztu beharko da. Eskatzaileak abonatua izan beharko du, eta adinez nagusia.

3. Berariazko eskabide ofiziala Udalaren bulegoetan eta web-orrian eskuratzen ahalko da. Eskaerak, gehienez, hirurogei egun natural lehenago egin beharko dira. Dena den, komeni da ospakizuna baino 10 egun lehenago, gutxienez, egitea eskaera. Udalak ez du zertan eskaerari erantzun, baldin eta 7 egun natural baino gutxiagoko aurrerapenarekin egiten bada.

4. Eskaerak zer ordenatan aurkezten diren, ordena horri zorrozki jarraituz erantzunen die Udalak eskaerei. Ospakizuna baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez, bidaliko dio erantzuna eskatzaileari.

5. Baimen horrek aukera emanen die abonatuta ez daudenei soil-soilik erabiltzeko ospakizunetarako eremua, komunak eta berdegunea, ez besterik.

6. Ospakizuna egiteko baimena duen eskatzaileak erabilera-egoera ezin hobean utzi behar du ospakizun-eremua, eta, horretarako, Udalak behar diren bitartekoak jarriko ditu.

7. Baimena eskuratu duen eskatzaileak arduratu behar du araudia betetzen dela zaintzeaz eta adingabeak instalazioan une oro kontrolatzeaz.

8. Abonatuta ez daudenek baimena eskuratu duen eskatzailearekin batera sartu beharko dute instalazioan. Horrela, langileek sarrera behar bezala kontrolatzen ahalko dute.

9. Igerilekuetako tabernako aretoa.

9.1. Udalak toki bat erreserbatu eta mugatuko du baimendutako ospakizunerako. Hortaz, une oro bermatuko du lau mahai eta hamasei aulki egonen direla gainerako erabiltzaileek libreki erabiltzeko, eta mahai eta aulki horiek ezin izanen dira erabili ospakizunerako.

9.2. Igerilekuetako tabernako aretoa erabiltzeko baimenean agertuko da zehaztuta zenbat mahai eta aulki erabiltzen ahalko diren ospakizunean. Honako kalkulu hau aplikatuko da: aulki bat lagun bakoitzeko eta mahai bat bost laguneko.

9.3. Aldi berean ospakizun bat baino gehiago egiteko baimena ematen ahalko da, baldin eta ez badute gainditzen aretorako ezarrita dagoen gehienezko lagun kopurua.

9.4. Ospakizunetan ezin izanen da erabili erreserbatutako tokitik kanpoko eremurik. Aretoko gainerako tokiak pasatzeko soilik erabiltzen ahalko dira.

9.5. Abonatuek erabakiko dute telebista nola erabili, aretoa modu librean erabiltzen ahal dute eta. Dena den, une oro errespetatu beharko dute ospakizunera joan direnekiko bizikidetza.

9.6. Baimena eskuratu duen eskatzaileak zainduko du gainerako erabiltzaileekiko bizikidetza, eta saiatuko da zarata handiegirik sor ez dadin.

10. Erretegiak eta igerilekuetako tabernako terraza.

10.1. Udalak toki bat erreserbatu eta mugatuko du baimendutako ospakizunerako. Hortaz, uneoro bermatuko du nahikoa mahai eta aulki daudela gainerako erabiltzaileek libreki erabiltzeko. Mahai eta aulki horiek ezin izanen dira erabili ospakizunerako.

10.2. Erretegiak eta igerilekuetako tabernako terraza erabiltzeko baimenean agertuko da zehaztuta zenbat mahai eta aulki erabiltzen ahalko diren ospakizunean. Honako kalkulu hau aplikatuko da: mahai bat sei laguneko.

10.3. Baimena ematen ahalko da ospakizun bat baino gehiago egiteko aldi berean.

10.4. Baimena eskuratu duen eskatzaileak zainduko du gainerako erabiltzaileekiko bizikidetza, eta saiatuko da zarata handiegirik sor ez dadin.

11. Tarifak udal ordenantzan zehaztuko dira. Tarifa harreragunean ordainduko du, ospakizunaren egunean bertan, baimena eskatu eta eskuratu duenak.

51. artikulua.

–Beisbol zelaia udan erabiltzea.

1. Udalak urtero onetsiko ditu beisbol zelaia udan erabiltzeko baldintzak eta ordutegia. Ezin dira erabili aulkiak edo bateatze-tunelak eta ezin dira prestatu lur zanpatuzko zoruak.

52. artikulua.

–Aldageletan eta beste toki batzuetan bete beharreko arauak.

1. Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.

2. Aldageletan armairuak erabiltzea dago.

3. Debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta dagokion tarifa ordaindu beharko du. Orobat, armairuan gorde duen materiala handik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna harreragunean ordaintzen den arte.

4. Giltza galduz gero, instalazioko arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barnean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen badu. Jabetza frogatzerik ez badu, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu osoa ordaindu beharko du (indarrean dagoen tarifaren arabera).

5. Burlatako Udala ez da aldageletan edo armairuetan utzitako objektuen erantzule.

6. Aldageletan eta komunetan ezin da bizarra egin, jan edo hondakinik utzi.

53. artikulua.

–Istripuak.

Burlatako Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioetako erabiltzaileek izan ditzaketen istripuen gainean, eragilea instalazioko akatsa izan ezean. Kasu horretan, Udalaren erantzukizuna izanen da harpidetuta duen erantzukizun zibileko aseguru-polizan aurreikusitakoaren araberakoa.

IX. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

54. artikulua.

Zehapenak nahitaez lotu beharko zaizkio prozedurari, eta horiek jartzerakoan kapitulu honetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio.

55. artikulua.

Edozein kategoriatako abonatuek edo erabiltzaileek egin ditzaketen arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

Hurrengo artikuluetan azalduta daude talde bakoitzari dagozkion arau-hausteak. Dena den, adibideak baino ez dira, eta horrek ez du esan nahi beste batzuk egon ezin direnik, zeinak kalifikatuko baitira adibide horiekin duten analogiaren arabera.

56. artikulua.

Arau-hauste arinak dira Burlatako udal igerilekuetako arauak eta erregelamenduak urratzen dituzten gertakari txikiak, modu arinean eragiten dietenak gizarte-bizikidetzari eta/edo gizarte-usadioei eta eragiten dutenak tratu desegokia ematea Burlatako Udaleko langileei.

Zehazki, honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez bezala erabiltzea.

b) Eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

c) Kirol-instalazioak erabiltzea adostutako egun eta/edo orduetatik kanpo.

d) Erretzeko guneetatik kanpo erretzea.

e) Kalte txikiak eragitea instalazioetan, edo hirugarren pertsonen material edo ondasunetan, ardurarik edo zuhurtziarik gabe jokatzeagatik.

f) Aldaketak egitea, baimenik gabe, altzarietan, iragarki-tauletan edo karteletan.

g) Gaizki tratatzea gainerako erabiltzaileak edo Burlatako Udaleko edo kanpoko enpresetako langileak.

h) Ez biltzea eta ez garbitzea erretegiko mahaiak, terrazak eta ospakizunetarako aretoa, ez eta sutegiak ere, horiek erabili eta gero.

i) Antzeko beste edozein arau-hauste.

57. artikulua.

Arau-hauste astunak dira gizarte-bizikidetzan eta gizarte-usadioetan eragin handia dutenak, indarrean dauden xedapenak larriki hausten dituztenak, Burlatako Udaleko instalazioetako langileekiko errespetu-falta dakartenak, edo bertako instalazioei edo kalte larria eragiten dietenak materialei eta haien interes orokorrei.

Era berean, astuntzat hartuko dira abonatuek edo erabiltzaileek egindako arau-hauste arinak, baldin eta aurretik ere zehapena jasoa badute.

Zehazki, honako hauek dira arau-hauste astunak:

a) Arau-hauste arintzat jotakoak, baldin eta Burlatako Udalaren interesei nabarmen egiten badiete kalte edo bizikidetza baketsua kolokan jartzen badute. Orobat, arau-hauste arinak behin eta berriro eginez gero, astuntzat joko dira, igarotako denbora edozein dela ere.

b) Iraintzea eta errespeturik gabe tratatzea Burlatako Udalean ari diren langileak, bertakoak zein kanpoko enpresetakoak.

c) Ordena publikoko eskandaluak edo liskarrak sustatzea edo horietan parte hartzea adiskidetzari lagundu gabe.

d) Udal instalazioetara sartzea beste norbaiten karneta baliatuta. Txartelaren titularrari jarriko zaio zehapena.

e) Burlatako Udalaren instalazioetan beste pertsona batzuei arrisku fisikoa edo matxurak eragin diezazkiekeen zuhurtziagabekeria oro.

f) Uko egitea Burlatako Udaleko langileei emateari beharrezko datuak eta edozein arau-hauste argitzeko beharrezkoa den dokumentazio pertsonala.

g) Men ez egitea Burlatako Udalean ari diren langileek, bertakoek zein kanpoko enpresetakoek, egindako ohartarazpenei.

h) Jarrera gogaikarria izatea.

i) Legez baimenduta ez dauden toxikomaniak eragiten dituzten substantziak erabiltzea.

j) Edozein motatako pintadak egitea.

k) Irain, laido edo mehatxu larriak egitea abonatuei, langileei (udalekoei zein kanpoko enpresetakoei) edo erabiltzaileei.

l) Eskandalu publikoa sor dezaketen ekintzak.

m) Antzeko beste edozein arau-hauste.

58. artikulua.

Arau-hauste oso astunak dira aurreko artikuluan adierazitako gertakariak, baldin eta Udalaren interesei oso nabarmen kalte egiten badiete, edo oso kalte larriak eragiten badituzte gizarte-bizikidetzan edo instalazioetako langileei zor zaien errespetuan.

Era berean, arau-hauste bat oso astuntzat joko da, baldin arau-hausleak aurretik beste arau-hauste astun edo oso astun bat egin badu, eta preskribatu ez badu.

Zehazki, honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Ara-hauste astun gisa jotakoak, baldin eta oso nabarmen egiten badiete kaltea Udalaren interesei, bizikidetza baketsua modu oso larrian jartzen badute kolokan edo behin eta berriz egiten badira.

b) Ohartarazi ondoren, falta astun bat egiten jarraitzea.

c) Edozein pertsonari eraso fisikoa egitea. Horrek esparrutik zuzenean kanporatzea ekarriko du.

d) Enplegatu bati mehatxu egitea, enplegatua Udalekoa izan edo kanpoko enpresa batekoa izan.

e) Istilu larriak sortzea gizarte edo kirol ekintza batean, edozein bitartekoren bidez.

f) Modu bidegabean jabetzea igerilekuen esparruko edo gainerako erabiltzaileen edozein objektuz. Horrek esparrutik zuzenean kanporatzea ekarriko du.

g) Igerilekuetako erabiltzaileentzat eta instalazioetarako ondorio larriak izan ditzakeen ekintza edo zuhurtziagabekeria oro.

h) Jarrera bortitza edo eskandaluzkoa edukitzea.

i) Legez baimenduta ez dauden toxikomaniak eragiten dituzten substantziak banatzen ibiltzea. Horrek esparrutik zuzenean kanporatzea ekarriko du.

j) Kalte larriak eragitea, nahita, Udalaren edo hirugarren pertsona baten ondasunetan.

k) Kaltea larriak eragitea, nahita, igerilekuen esparruko objektuetan eta instalazioetan.

l) Instalazioetako langileek hala eskatuta, instalaziotik irteteari uko egitea.

m) Banaka edo taldean men ez egitea enplegatuei, Udalekoei zein kanpoko enpresetakoei.

n) Antzeko beste edozein arau-hauste.

59. artikulua.

Arau-hausteek beren kalifikazioaren araberako zehapena izanen dute.

a) Falta arinek instalazioa denbora batean (egun batetik 14 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen.

b) Falta astunek instalazioa denbora batean (15 egunetik bi hilabetera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen.

c) Falta oso astunak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaizkio, kasu bakoitza azter dezan eta behar den zehapena ezar dezan: instalazioa erabili ezina ekarriko du (bi hilabetetik betiko erabili ezinera bitarte). Dena den, horretaz gain, Udalak legezko egintzak abiarazten ahalko ditu arau-hauslearen aurka. Zehapen horren ondoriozko kanporatzeak komunikazioa egiten den unetik izanen ditu ondorioak.

60. artikulua.

Arau-hausteek honako preskripzio-epe hauek izanen dituzte:

–Arinak: hiru hilabete.

–Astunak: sei hilabete.

–Oso astunak: urtebete.

61. artikulua.

Zehapenak mailakatzeko, arau-hauslearen inguruabarrak hartuko dira kontuan, hala nola adina edo intentzionalitatea, egindako arau-haustearen garrantzia eta ondorioa, edo antzeko beste edozein inguruabar.

62. artikulua.

Ezarritako zehapena gorabehera, arau-hausleak kalteren bat eragiten badu instalazioetan edo beste ondasun material batzuetan, ordaindu beharko du konpontzeak, ordezteak, garbitzea beste bat erosteak dakarren kostua.

Armairuko giltza galduz gero edo eguna amaitzean armairua itxita utziz gero, isuna jarriko zaio arau-hausleari. Isun hori udal tarifetan ezarritakoa izanen da. Era berean, materiala armairutik hartuko da, eta Udalaren esku geratuko da isuna ordaindu arte.

63. artikulua.

Gerentziaren, kirol-koordinatzailearen, instalazioen arduradunaren eta langileen betebeharra eta obligazioa da, zehaztutako lehentasun-ordenari jarraituz, gertatutako edozein egitate zehagarri ikertzea, zer gertatu den argitzeko eta dagokion instrukzioa egiteko.

64. artikulua.

Burlatako Udalak udaleko langile bati edo batzuei ahalmena emanen die arau-haustea lehen instantzian zehazteko eta zehapena kautelazko neurri gisa tipifikatzeko.

Ustezko arau-haustea egin denetik dagokion zehapena ezarri arte igarotako denbora kontuan hartuko da zehapenaren ondorioetarako, baldin eta zehapena aldi horretan bete bada.

Kautelazko neurri gisa, eta gehienez 72 orduz, Udaleko edo Udaltzaingoko langileek instalaziotik kanporatzen ahalko dute erabiltzailea edo abonatua, baldin eta hark jaramonik egiten ez badie esandakoei edo ahozko ohartarazpenei, eta abonatu karneta baliorik gabe uzten ahalko dute, arduradunari gertatutakoaren berri eman arte.

65. artikulua.

Inkulpatuak egitateei buruzko deskargu-plegua aurkezten ahalko du, bere burua defendatzeko:

a) Enplegatuak hasiera batez falta arin gisa tipifikatu badu, 24 orduko epean, enplegatuari arau-haustea behin-behinean tipifikatu dela jakinarazten zaion unetik zenbatzen hasita.

b) Falta astunen eta oso astunen kasuan, gehienez ere 72 orduko epean, instrukzio-organoaren zehapen-proposamena jakinarazten den unetik aurrera.

66. artikulua.

Zehapen-espedientea ebazteko eskumena duen administrazio organoa honako hau da:

–Arau-hauste arin eta astunen kasuan: Burlatako Udaleko alkatea edo, hala badagokio, zinegotzi ordezkaria. Aldez aurretik, Kirol Arloko Gerentziak edo haren ordezkoak dagokion zehapen-espedientea instruituko du.

–Arau-hauste oso astunen kasuan: Burlatako Udaleko Gobernu Batzarra. Aldez aurretik, Kirol Arloko Gerentziak edo haren ordezkoak dagokion zehapen-espedientea instruituko du.

67. artikulua.

Zehapen-espedientearen ondorioz egiten diren komunikazioak eta jakinarazpenak abonatuen fitxetan agertzen diren helbideetara bidaliko dira, edo, erabiltzaileen kasuan, NANean agertzen den helbidera.

Abonatuak haurrak badira, haren ordezko gisa agertzen denari igorriko zaio jakinarazpena.

68. artikulua.

Orobat, honako errekurtso hauek jar daitezke zehapenaren aurka:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik hasita.

c) Bi horien aurretik, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, jakinarazten den egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2405049