78. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDAS

Deialdia, lehiaketa bidez taxi lizentzia bat emateko

Aztertu dira deialdi baten oinarriak, xede duena lehiaketa bidez ematea taxi lizentzia bat, hiri-zerbitzua emateko Arguedas udalerrian.

Alkatetza honek, baliatuz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak, bai eta arau horrekin bat heldu diren gainerako xedapenek ematen dizkidaten eskudantziak ere (7/1985 Legea, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak),

EBATZI DU:

Lehenengoa.–Deialdia eta haren oinarriak onestea.

Bigarrena.–Deialdi hau eta dagozkion oinarriak eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta egoitza elektronikoan.

Arguedasen, 2024ko apirilaren 3an.–Alkate udalburua, José Luis Sanz Zubieta.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hutsik dagoen taxi lizentzia bat lehiaketa bidez ematea Arguedas udalerrian hiri-zerbitzua emateko, epe mugagabean. Baina, baliozkoa izateko, egin beharko da oinarri hauetan ezarritako aldizkako egiaztapena. Zerbitzua Arguedasko udal-mugartean eginen da oso-osorik. Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 18. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak egiteko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Araubide juridikoa.

Honako araudi honetan jasotzen da deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua.

–Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua.

–Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea eta hura aldatzen duen uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legea.

Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

3.–Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

1. Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, eta 18tik urtetik gorakoa, baina ez gainditzea Zirkulazio Kodean edo arlo honetan indarrean dagoen legedian jarduera-mota honetarako ezarritako adina.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo, bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) Ibilgailua edukitzea frogatzea, jabetzan, errentan hartua edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bidez. Ibilgailuak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ibilgailuek turismo-ibilgailu gisa sailkatuta egon behar dute ezaugarri teknikoen fitxan, eta bildu behar dituzte indarrean dagoen araudian eskatutako ezaugarriak; bestetik, bete behar dituzte aulki gurpildunak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuetarako baldintzak eta zehaztapenak.

–Oro har, bederatzi plazako gehieneko edukiera duten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak, gidariarena barne, mugikortasun urriko pertsonentzat gaituta egon beharko dute, eta zerbitzua eman behar den eremuaren ezaugarriak izan beharko dituzte, bereziki ezaugarri geografiko bereziak, biztanle-ezaugarriak edo trafiko txikia duten eremuak direnean.

–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

Ibilgailuek ate bat izaten ahalko dute atzeko eta/edo alboko aldean, erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz, beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, behar den edukiera izan dezaten aulki gurpildunean dagoen bezero bat hartzeko taxian.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

d) Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloko betebeharrak betetzea, eta Arguedasko Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea. Deialdira aurkezte hutsarekin Udalari baimena ematen zaio egin beharreko egiaztapen oro egin dezan.

e) Erantzukizun zibila estalita izatea zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

f) Ez edukitzea beste taxi lizentzia bat.

g) Aurrekari penalik ez izatea.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskabideak aurrez aurre aurkeztuko dira Arguedasko Udalaren Erregistro Orokorrean (Foruen plaza 1), 15 egun naturaleko epean, oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak bat etorriko dira eranskineko ereduarekin.

Eskabideak postaz ere bidaltzen ahalko dira, eta, halakoetan, interesdunak gordekin bat helarazi beharko du posta elektronikoz (secretaria@arguedas.es) aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu aurretik, frogatzeko bidalketa zer egunetan egin den posta bulegoan. Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, proposamenak aurkezteko epea akitu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

5.–Agiriak.

Eskaerak hiru gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Arguedasen taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa" eta izen-deiturak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, bai eta gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

–1. gutun-azala: dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: dokumentazio teknikoa.

–3. gutun-azala: proposamen ekonomikoa.

1. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barnean:

1.1. Eskaera aurkezten duenaren indarreko nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

1.2. Indarrean dagoen gidabaimenaren fotokopia.

1.3. Parte hartzeko eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinaren arabera.

2.–2. gutun-azala: "dokumentazio teknikoa".

II. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak oinarri hauen 6. klausulari begira aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, klausula horretan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.

3.–"Proposamen ekonomikoa" izeneko 3. gutun-azalean, 3. eranskineko ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko da.

6.–Adjudikazio irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailuaren edukierari 5 puntu emanen zaizkio gehienez, baremo honen arabera:

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 4 puntu.

–7 lagunendako tokia, gidaria barne: 3 puntu.

2. Zerbitzu eskaintza:

Alderdi honetan 7 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan egiteko konpromisoa, irteera eta helmuga Arguedasera dituena gaueko ordutegian, jaiegunetan eta asteburuetan.

Zerbitzuaren irteera edo helmuga Arguedas udalerria dela ulertuko da beti.

–Zerbitzua gauez egitea: puntu bat.

–Zerbitzua jaiegunetan egitea: puntu bat.

–Zerbitzua asteburuetan egitea: puntu bat.

–Arguedasen egunean 8 ordu emateagatik: 4 puntu.

3. Urteko eskaintza ekonomikoa gehienez ere 5 punturekin baloratuko da. 500 euroko gutxieneko eskaintzari puntu bat emanen zaio; 300 euro gehiagoko tarte bakoitzari beste puntu bat emanen zaio.

4. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera:

Gehienez ere 4 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada hori dakarten ibilgailuez baliatzeko. Hurrengo baremoari jarraikiko zaio.

–Zero isurtzeen bereizgarria: 4 puntu.

–ECO bereizgarria: 3 puntu.

–C bereizgarri berdea: 2 puntu.

–B bereizgarria: 1 puntu.

–Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa:

https://www.pegatinas-dgt.com/.

Puntuazio osoa eginda berdinketarik bada, uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betetzeko, emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde eginen da, alegia, eskatzaile emakumezkoaren alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

Espainiako Gobernuko Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuaren (IDAE) datu basean oinarrituriko sailkapena:

http://coches.idae.es

5. Arguedasen erroldatuta egoteagatik 5 puntu emanen dira gehienez.

6. Ibilgailuak helbidea Arguedasen badu, gehienez ere 4 puntu emanen dira.

7.–Balorazio batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Luis Sanz Zubieta, Arguedasko Udaleko alkatea.

1. epaimahaikidea: Satur Rapún Urzainqui, Arguedasko Udaleko zinegotzia.

2. epaimahaikidea: Javier Martón Pérez, Arguedasko Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikide idazkaria: José Luis Sagaseta Pérez, Arguedasko Udaleko idazkaria.

8.–Gutun-azalak irekitzea eta baloratzea.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du, kanpoko jenderik aurrean ez dela.

Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan zehazten den egunean Udalaren iragarki-taulan argitara emanen da Arguedasko udalerrian hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia eskuratzeko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatu eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da gutun-azal ekonomikoak irekitzeko eguna, ordua eta tokia, baita 2. gutun-azalaren puntuazioa noiz irakurriko den ere.

Lizentzia eskuratzeko izangaiak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikatzeko bildutako irizpideei jarraituz.

Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, adjudikatzeko irizpideekin bat.

Ondoren, batzordeko idazkariak 3. gutun-azala ireki eta irakurriko du.

Biharamunean, puntuazioen zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan, lehentasun-ordenan jarrita.

9.–Lizentziaren adjudikazioa.

1. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, gehienez, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta Taxiari buruzko Foru Legean ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.

–Indarrean den ekitaldian ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea; horretarako, azken ordainagiria aurkeztu beharko du.

–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak egunean dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.

–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman izana, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu izana eta indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana.

–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non haren erantzukizunpean baieztatuko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.

2. Behin-behineko adjudikaziodunak ez badu aurkezten adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa, eta bereziki ibilgailuarena, aseguruen kontratazioarena eta, hala denean, soldatapeko gidariarena, lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Haren tokia hartuko du, lehentasun ordenaren arabera, lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko izangaiak.

Adjudikaziodunak justifikatzen badu ezin duela ibilgailua adierazitako epean erabili, luzapena ematen ahalko da ibilgailua erabilgarri dagoela frogatzeko.

3. Dokumentazio hori aurkeztu eta Balorazio Batzordeak onetsita, adjudikazio proposamena eginen da eta, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, behin betiko eta epe mugagaberako adjudikatuko da taxi lizentzia; halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor izan den Arguedasen hiriko taxi zerbitzua egiteko behin betiko adjudikazioduna.

10.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

Taxi lizentzia baten adjudikazio-hartzaileak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi lizentziaren titular izateko.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.

Lizentzia Arguedasko alkatearen aldez aurreko baimenarekin eskualdatzen ahalko da, betiere eskuratzaileak oinarri hauetan eskatutako baldintza guztiak betetzen baditu.

Ez da baimentzen ahalko lizentzia bat eskualdatzea, ez badira 5 urte baino gehiago igaro eskualdatzen duena horren titular bihurtu zenetik.

Taxi lizentziaren eskualdatzea doakoa edo kostu bidezkoa izan daiteke. Azken kasu horretan, erosleak transakzio ekonomikoaren zenbatekoa jakinarazi beharko dio Udalari.

Udalak tasa bat ezartzen ahal du kostu bidezko eskualdatzeetarako, titular-eskualdatzaileak dohainik eskuratu bazuen.

11.–Dedikazioa jardueran.

Arguedasen zerbitzua emanen dela bermatzeko, adjudikaziodunak konpromisoa hartzen du egunean 8 orduz gutxienez Arguedasko udalerrian zerbitzua emateko. Zerbitzua emateak Arguedas udalerritik irtetea eta hara iristea dakar.

Ulertuko da gaueko zerbitzua dela 0:00etatik goizeko 8:00etara bitartean ematen dena.

12.–Eteteko arrazoiak.

–Oinarri hauetako baldintzak ez betetzea.

–Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatutakoak.

13.–Ibilgailuen antzinatasuna eta haiek berritzea.

Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko du lizentziari atxikitako ibilgailua, eta nahitaez ibilgailua 8 urtetara iritsi baino lehen.

14.–Hiriarteko zerbitzuak.

Auto-taxien zerbitzuaren barruan, berariaz hirikoa izan arren, hiriarteko zerbitzuak ematen ahalko dira; horretarako, ibilgailuek dagozkien baimenak eskuratu beharko dituzte, TFLren 16., 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

15.–Ikuskapen organoak.

Hiriko taxi zerbitzuak zaintzea eta ikuskatzea udalari dagokio.

Beren eginkizunetan ari diren ikuskatzaileak agintari publikotzat hartuko dira.

Ikuskapen zerbitzuen akta eta txostenetan edo garraioa zaintzeko legezko gaitasuna duten agenteen salaketetan egiazkotzat jasotzen diren gertaerek froga-balioa izanen dute, administratuek beren burua defendatzeko aurkez ditzaketen frogak alde batera utzi gabe.

Lizentzien titularrek nahitaez izan behar dituzte eskura dokumentu batzuk, eta, beren eginkizunetan dihardutela, behartuta daude horiek ikuskatzaileei erakustera, dokumentuok aztertuak izan daitezen.

16.–Erabiltzaileen erreklamazioak.

Ibilgailu bakoitzak erreklamazio-liburu bakarra izanen du.

17.–Informazio eta adostasun klausulak.

Datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia bete beharrez, jakinarazten da ezen ematen zaizkigun datuak "Lizitazioak" deritzon fitxategian sartuko ditugula. Helburua da dagozkion adjudikazio publikoak eta zerbitzuak kudeatzea eta datuok behar bezala tratatzea. Halaber, jakinarazten dugu hirugarren batzuei lagatzen ahalko zaizkiela, lizitazioen oinarrietan ezarritakoa legearekin bat etorriz betetze aldera. Datuok dokumentazio publikoaren izaera izanen dute horiek kontsultatzeko legitimitatea dutenendako. Datuok eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, eta eramateko, aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko dira Arguedasko Udalaren Erregistro Orokorrean.

18.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak erabakiko du lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat aurkaratzen ahalko dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Izen-deiturak: ................................................................................................ NAN/IFZ: ..........................; jakinarazpenetarako helbidea: ..........................................................................., PK:.....................; herria:..........................................; telefonoa: ....................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena).................................................................................., IFK: ...........................; helbide elektronikoa, jakinarazpenak egiteko bitarteko elektronikoen bidez: ........................................................................................................

AZALTZEN DUT:

Parte hartu nahi dudala Arguedasko udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Arguedasko Udalak, Alkatetzaren 2024ko apirilaren 3ko ebazpen baten bidez, onetsitako baldintza-agiriarekin (................ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain. Hortaz:

NIRE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DUT:

–Betetzen ditudala indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak.

–Egunean ditudala segurtasun arloko, laneko osasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko betebehar guztiak, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.

–Ez dudala eritasun infektokutsakorrik, ez eta lanbidean normal aritzea eragozten edo zailtzen duen eragozpen fisikorik ere.

–Ez dudala aurrekari penalik.

–Ez dudala jaso zehapenik, ez prozedura penalez, ez administratiboz, gidabaimena kentzeko.

–Konpromisoa hartzen dudala neure gain Arguedasko Udalak onetsitako baldintza-agiriaren 3. oinarrian ezarritako ezaugarriak dituen ibilgailu bat edukitzeko.

–Onartzen dudala Arguedasko Udalak onetsitako baldintza-agirian xedatutako guztia.

–Konpromisoa hartzen dudala egiaztatzeko adierazpen honetan aipatzen diren agiri guztiak baditudala eta horiek baliozkoak direla, hala eskatzen zaidan edozein unetan.

ETA ESKATZEN DUT:

Onartua izatea udal-mugarte honetan hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian, bat etorriz Arguedasko alkateak, 2024ko apirilaren 3ko ebazpen baten bidez, onetsitako baldintza-agiriarekin (............................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.

Horretarako, eskabide honekin batera aurkezten ditut NANaren fotokopia eta indarreko gidabaimenaren fotokopia.

.............................................(e)n, 2024......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.

(SINADURA)

ARGUEDASKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA.–DOKUMENTAZIO TEKNIKOA.

Izen-deiturak: ................................................................................................ NAN/IFZ: ..........................; jakinarazpenetarako helbidea: ..........................................................................., PK: .........................., herria: ..............................................; telefonoa: ........................................, nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) ..............................................................................................., IFK: ...................................................................................

Onartua izan naiz Arguedasko udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Arguedasko Udalak, Alkatetzaren 2024ko apirilaren 3ko ebazpen baten bidez, onetsitako baldintza-agiriarekin (................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.

AURKEZTEN DUT honako dokumentazio hau, deialdiko oinarrien 6. klausulan ezarritako adjudikazio-irizpideak baloratu eta puntuatzeko, Arguedasen hiri-taxi zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian:

1. Ibilgailuaren edukiera, jarraian ageri den baremoaren arabera (x jarri dagokion aukeran):

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 4 puntu.

–7 lagunendako tokia, gidaria barne: 3 puntu.

2. Zerbitzua egiteko konpromisoa (x jarri dagokion aukeran):

–Zerbitzua gauez egitea: puntu bat.

–Zerbitzua jaiegunetan egitea: puntu bat.

–Zerbitzua asteburuetan egitea: puntu bat.

–Arguedasen egunean 8 ordu emateagatik: 4 puntu.

3. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera (x jarri dagokion aukeran):

–Zero isurtzeen bereizgarria: 4 puntu.

–ECO bereizgarria: 3 puntu.

–C bereizgarri berdea: 2 puntu.

–B bereizgarria: 1 puntu.

Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa: https://www.pegatinas-dgt.com/.

4. Arguedasen erroldatuta dago (x jarri dagokion aukeran):

–Bai.

–Ez.

5. Ibilgailua Arguedasen erroldatuta dago (x jarri dagokion aukeran):

–Bai.

–Ez.

Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau egin eta sinatzen dut.

.............................................(e)n, 2024......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.

(SINADURA)

III. ERANSKINA.–PROPOSAMEN EKONOMIKOA

Izen-deiturak: ................................................................................................ NAN/IFZ: ..........................; jakinarazpenetarako helbidea: ..........................................................................., PK: .........................., herria: ..............................................; telefonoa: ........................................, nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) ..............................................................................................., IFK: ...................................................................................

Onartua izan naiz Arguedasko udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Arguedasko Udalak, 2024ko apirilaren 3ko osoko bilkuran, onetsitako baldintza-agiriarekin (................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.

Honako eskaintza ekonomiko hau egiten dut Arguedasko udalerrian hiri-taxiaren zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko:

Iragarkiaren kodea: L2405360