78. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LODOSA

Deialdia, administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Ikusirik 2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 26an, argitara eman zela Lodosako Udalerako lan publikoaren eskaintzaren onespena, honako lanpostu hau barne: administrari laguntzailea. D maila. Lanaldiaren %50. Sarbidea: oposizio-lehiaketa.

Kontuan hartuz apirilaren 2ko 7/85 Legearen 21.1.g) artikuluan ezarritako eskumena (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea),

EBATZI DUT:

Lehena.–Deialdi bat onestea hautaproben bidez kontratatzeko, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratudun finkoen araubidean, administrari laguntzailearen lanpostu bat, Lodosako Udalaren zerbitzura jarduteko.

Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

Hirugarrena.–Agintzea ebazpen honen edukia argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Lodosako Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

Laugarrena.–Aditzera ematea ebazpen honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara.

a) Berraztertze-errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Bosgarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Lodosako Udalaren zerbitzuko administrari laguntzailearen lanpostu bat, %50eko lanaldia duena, oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia lan-kontratudun finkoa bilakatuko da, Gizarte Segurantzan afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio.

1.3. Urteko lansari gordina izanen da D mailari edo taldeari dagokiona, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren arabera, eta plantilla organikoan ezarritako osagarriak gehituko zaizkio.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Lodosako Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Izendatuaren lanak eta eginkizunak izanen dira deialdiko mailari nahiz kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkionak. Lan eta eginkizun horien artean izanen dira jendeari arreta ematea, ordenagailuak, pantailak eta terminalak erabiltzea eta, oro har, esleitzen zaizkion administrazioko eta antzeko zeregin guztiak, haren lanpostuko eginkizunen barnekoak.

Bereziki, haren eginkizuna izanen da, orobat, herritarrei arreta ematea tresna elektronikoen bidez, agiriak digitalizatzea eta horiek artxibo informatikoan sartzea edo espedienteei atxikitzea, eta espediente elektronikoak izapidetzea, betiere haren kategoriari dagozkion zeregin eta eginkizunak badira.

1.6. Oposizio-lehiaketaren emaitzekin zerrenda bat eratuko da, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituenean erabiltzeko. Halakoetan, kontratazioa egiteko, kontuan hartuko da hautaprobak gainditu dituzten izangaien puntuazio ordena. Nolanahi ere, aldi baterako kontrataziorako deitzean, lehentasuna emanen zaie dei-egunaren aurreko bi urteetan administrazio kontratatzaileko lanpostu berean zerbitzuak eman dituztenei; betiere, hautaprobak gainditu dituztenen artean hautaturik.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta Espainiako edo Europar Batasuneko beste edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

b) Gutxienez, Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokideren bat edukitzea.

c) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

d) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

Arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta oposizio prozedura osoan, izendapen eguna arte bete ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lodosako Udalaren erregistroan aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Izangaiek, eskabidearekin batera, nortasun agiri nazionalaren kopia erantsi beharko dute, bai eta lehiaketaren baremorako alegatzen diren merezimendu guztien jatorrizko agiriak ere. Lan egindako urteak baloratzea nahi izanez gero, lan-bizitzaren frogagiria aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzak emana.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lodosako Udaleko alkate udalburuak ebazpen baten bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara emateko gardentasun atarian horretarako egonen den fitxan, bai eta iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsak zuzendu, halakorik egin badute.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik, eta horiek ebatzi ondotik, Lodosako Udaleko alkate udalburuak ebazpen baten bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara emateko gardentasun atarian horretarako egonen den fitxan, bai eta iragarki-taulan ere. Iragarki berean, aditzera emanen da, orobat, probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren. Egiten diren jarduketa guztiak modu berean argitaratuko dira.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda ematen den unean.

5.2. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekar ditzake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero. Oposizioaldia gainditu dutenen merezimenduak soilik baloratuko dira. Oposizioaldia 2024ko abuztutik aurrera hasiko da.

7.–Oposizioaldia.

7.1. Plika itxien bidez eginen da oposizioaldia, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: ariketa teorikoa, test motakoa eta II. eranskineko gaiei buruzkoa.

–Bigarren ariketa: ariketa praktikoa; agiri bat prestatu beharko da, udaleko administrari laguntzailearen lanpostuan egin behar izaten direnetakoa, ordubetean gehienez.

7.2. Oposizioko ariketen balorazioa:

–Lehen ariketa: ariketa honetan gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira.

–Bigarren ariketa: ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituztenak.

7.3. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek nortasun agiri nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.4. Eskabidean eskatuz gero, ahal diren egokitzapenak eginen dira denbora eta baliabide aldetik minusbaliotasuna dutenentzat, probak egiteko.

7.5. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak Lodosako Udalaren iragarki-taulan jarriko du izangaien zerrenda, haien kalifikazioak adierazita, bai eta hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

8.–Lehiaketaldia.

8.1. Merezimendu guztiak alegatu beharko dira, eta agiri bidez frogatu, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean. Jatorrizko agiriak ekarri beharko dira, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.

8.2. Ondotik heldu den baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak:

Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

a) Administrari laguntzailearen lanpostuan aritu izana:

–Toki-erakunde batean edo halakotzat jotzen den erakunde batean: 5 puntu urteko.

–Beste administrazio publiko batzuetan: 2 puntu urteko.

–Enpresa edo entitate pribatuetan: 1 puntu urteko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Gehienez ere 15 puntu emanen dira apartatu honetan.

Aurreko bi ataletan aurreikusi merezimenduak betiere frogatuko dira lehiakideak lan egin duen enpresaren edo administrazio publikoaren ziurtagirien bidez, eta haiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubidean –finkoan zein aldi baterakoan–, bai administrazio araubidean –bitarteko gisa zein jabetzapeko lanpostuan– egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretarako.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urte osorik hartzen, proportzioan dagokiona aterako da; hura hilabete osoetan kalkulatuko da, eta hilabete osoa gutxienez frogatzen duten kasuak baizik ez dira kontuan hartuko.

Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da orobat. Lanaldia osoa izan ez bada, zerbitzuen iraupenarekin batera lanaldi mota ere zehaztu beharko da.

b) Prestakuntza ikastaroak, honako hauekin zerikusia badute: bete beharreko lanpostuarekin, oposizio-lehiaketarako oinarri hauetan sartzen den araudiarekin, edo toki-erakundeak kudeatzearekin. 0,1 puntu emanen dira prestakuntza ordu bakoitzeko. Gehienez ere 10 puntu emanen dira atal honetan.

c) Titulazioa, betiere lanpostuan sartzeko eskatzen den titulaziotik gorakoa bada (batxilergoa, diploma, lizentzia edo gradua): 5 puntu. Gehienez ere 5 puntu emanen dira atal honetan.

8.3. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Lodosako Udalaren iragarki-taulan jarriko du izangaien zerrenda, haien puntuazioa adierazita.

9.–Gainditu dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, Lodosako Udalaren iragarki-taulan, eta puntuazio handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena igorriko dio Lodosako Udaleko alkate udalburuari. Proposamena, orobat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Proposaturiko izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu, kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epean:

a) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

9.3. Ezarritako epearen barnean, eta behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuak salbu, proposatutako izangaiek agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen da lan kontratua sinatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzea hasierako eskabideko faltsukeriagatik, kasua bada.

9.4. Aurreko apartatuan xedatutakoa gertatuz gero, 9.1 apartatuan aipatu zerrendan hurrengoa den izangaia kontratatzeko proposatuko du Lodosako Udalak.

10.–Kontratazioa eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposatutako izangaiak. Ezarritako epearen barnean, eta behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, Lodosako Udaleko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu eta aurreko oinarrian esandakoari jarraikiko zaio.

10.2. Lanpostuaren jabe eginik, Lodosako Udaleko alkate udalburuak kontratatu eginen du proposatutako izangaia, Lodosako Udaleko lan-kontratudun finko izan dadin.

10.3. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, beronen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko administrazio egintza guztien aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

–Administrazioekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Aldez aurretik eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Gainera, kalifikazio-epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lodosako Udaleko alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2024ko apirilaren 3an.–Alkatea, Laura Remírez Noguera.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_e.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

2. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa Nafarroako toki erakundeen aurrekontu orokorrak. Egitura. Nafarroako toki ogasunen baliabideen zerrenda eta haien sailkapena. Udal zergak. Tasak eta prezio publikoak.

3. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

5. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua.

6. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herri-ondasunak.

7. gaia.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, administrazio-ebazpenak, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak.

8. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua. Udalerria: II. kapitulua. Antolamendua; III. kapitulua. Eskumenak. V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua. Funtzionamendu-araubidea; IV. kapitulua. Herritarren informazioa eta parte-hartzea.

Oharra: gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2405691