78. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

249E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateek 2024. urtean talde ahulenen gizarte-sustapenaren eta gizarte-inklusioaren arloko proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 750454.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarte-inklusioaren arloan bermatu gabeko prestazioen artean agertzen dira arlo horretan jarduten duten gizarte-ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak.

Bestalde, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduerak eta jardueren hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.

Halaber, deialdia PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako partida baten bidez finantzatuta dagoenez hein handi batean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak, 2024ko otsailaren 1eko bilkuran, egokitzat jo du funts hori goiburuan aipatutako deialdian erabiltzea, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa printzipio gidari batzuk ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzaren eremu eta etapa guztietan. Halaber, aipatu legeak eskatzen du dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak jaso daitezela.

Arau horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean bildutako aurreikuspenekin bateragarri izan behar dute. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea, irabazi-asmorik gabeko entitateek gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarte-inklusiorako jarduketak egin ditzaten.

Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, zeinek adierazten baitute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, 2024. urtean talde ahulenen gizarte-sustapenaren eta gizarte-inklusioaren arloko proiektuak egin ditzaten. Oinarri arautzaileak foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

2. 1.170.716,98 euroko kreditua baimentzea, 2024ko aurrekontuko partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

901003-91600-4819-231504: PFEZaren %0,7ko funtsa. Dirulaguntzak gizarte-bazterketaren arloan eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloan ari diren entitateentzat

2024

1.060.716,98 euro

901003-91600-4819-231509: (E) Dirulaguntzak gizarte-bazterketaren arloan eta gutxiengoak sustatzearen arloan ari diren entitateentzat

2024

110.000,00 euro

3. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 21ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2024. URTEAN TALDE AHULENEN GIZARTE-SUSTAPENAREN ETA GIZARTE-INKLUSIOAREN ARLOKO PROIEKTUAK EGIN DITZATEN. OINARRIAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak dirulaguntzen deialdi bat egin du 2024rako, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek gizarte-inklusioaren arloan egiten dituzten proiektuak finantzatzeko. Proiektu horiek helburu izanen dute Nafarroan gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen bizi baldintzak hobetzea, eta txirotasunaren aurkako borrokan lagunduko dute, baita pertsona horien sustapena, ahalduntzea eta autonomia bultzatzen ere. Halaber, gizarte desberdintasunak sortzen dituzten kausak desagerrarazten lagunduko dute, eta aldaketa sistemiko eta egiturazkoak sortzen, gizarte inklusiboago bat, ekitatiboago bat eta kohesionatuago bat lortzeko.

2. Diruz laguntzen diren proiektuak pertsonen gizarte-inklusioa bultzatzeko eta talde ahulenak (besteak beste, ijitoak) gizartean sustatzeko izanen dira.

Proiektu guztiek genero ikuspegia jaso beharko dute, hala prestatzean nola gauzatzean.

3. Dirulaguntzen deialdi honetatik kanpo daude beste deialdi publiko batzuen bidez berariaz finantzatzen diren proiektu eta jarduketak edo beste administrazio publiko batzuen eskumenekoak direnak. Berariaz baztertzen dira, halaber, kultur ekintzak eta aisialdiko eta astialdiko ekintzak egitea eduki bakarra duten proiektuak.

4. Deialdi honetatik kanpo utzi dira, berariaz, Gizarte Zerbitzuen Zorroan oinarrizko laguntzako prestazio bermatu gisa jasotako jarduketak.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

Helburu horietarako bideratu den diru zenbatekoa 1.170.716,98 euro dira, 2024. urteko aurrekontuko "PFEZaren %0,7ko funtsa. Dirulaguntzak gizarte-bazterketaren arloan eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloan ari diren entitateentzat" izeneko 901003 91600 4819 231504 partidaren kargura eta "Dirulaguntzak gizarte-inklusioaren arloan eta gutxiengoak sustatzearen arloan ari diren entitateentzat" izeneko 901003 91600 4819 231509 (E) partidaren kargura.

Zenbateko osoa jarduketa-modalitate hauen arabera banatuko da:

a) Gizartetik baztertuak dauden pertsonek gizarteratzeko zentro okupazionaletan parte hartzea; horretarako, 108.800,00 euro egonen dira. Proiektu bakoitzarentzat 46.800,00 euro eska daitezke gehienez.

b) Gizartetik baztertuak daudenentzako plazak egoitzetan; horretarako, 248.800,00 euro egonen dira. Proiektu bakoitzarentzat 52.300,00 euro eska daitezke gehienez.

c) Pertsonen elikadura beharren estaldura hobetzea; horretarako, 223.800,00 euro egonen dira. Modalitate honen barrenean, helburu hauek dituzten proiektuak sartzen dira: (1) Jantoki sozialak, (2) Elikagaien banaketa.

Proiektu bakoitzarentzat 80.600,00 euro eska daitezke gehienez.

d) Zerbitzu publikoek babesten ez duten akonpainamendu sozial espezializatua prostituzioan dabiltzanentzat; horretarako, 182.800,00 euro egonen dira. Proiektu bakoitzarentzat 85.300,00 euro eska daitezke gehienez.

e) Ijitoen gizarte-sustapenerako jarduerak; horretarako, 259.800,00 euro egonen dira. Horrelakotzat joko dira honako jardueretako bat edo gehiago biltzen dituztenak: (1) Eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza eta errefortzua adingabeei, baita familiak sentsibilizatzea ere seme-alaben eskolatzeak duen garrantziari buruz eta eskola sisteman sartu eta jarraitzeak dituen onurei buruz, (2) Emakume eta gazte ijitoen sustapena eta (3) Sentsibilizazioa, bitartekaritza eta sare-lana baliabide publikoekin. Proiektu bakoitzarentzat 85.300,00 euro eska daitezke gehienez.

f) Osasun mentalaren nahasmenduren bat dela-eta tratamendua jasotzen duten pertsonen gizarte-inklusiorako proiektuak, aldi berean gizartean baztertuak egoteko bestelako faktore batzuk ere badaude. Horretarako, 146.716,98 euro egonen dira. Proiektu bakoitzarentzat 52.300,00 euro eska daitezke gehienez.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoak izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, erregelamenduz dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Bere estatutuetan jasota izatea, berariazko helburuen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea, proiektua zer modalitaterako eskatzen den, modalitate horrekin lotura duen esparruan.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko gaitasunaz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

Laugarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuetarako eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluko printzipioetarako egokiak izatea.

b) Jarduera horiek 2024an egitea. Dirulaguntza esleitzeko ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera eguntzat, salbu eta entitate onuradunak berariaz lehenagoko bat adierazten badu, betiere deialdiaren urte naturalaren barnean.

c) Bigarren oinarriak ezartzen dituen eskaeraren gehieneko mugak ez gainditzea.

d) 6. oinarrian aipatzen diren zeharkako kostuak, dirulaguntzaren kargura aplikatu eta aurrekontuan sartzen direnak, ezin izanen dira haren %12,5etik gorakoak izan.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo instituzio pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdiaren epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Gastu horiek 2024ko abenduaren 31ra arte egindako ondasun-emateenak edo zerbitzu-prestazioenak izanen dira, eta 2025eko otsailaren 10erako ordainduak egon beharko dira.

3. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

A) Proiektuko jarduerak egiteko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak:

a.1) Higiezinen alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, entitatearen jarduera guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Aipatutako gastu arruntak zuzeneko gastu gisa diruz lagundu ahal izateko, jarduera horretarako bakar-bakarrik erabiltzen den lokal batean egin beharko da.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa.

Proiektuko langileen lanaldiak entitateak lortzen dituen programa finantzatuetan egozteko, dokumentu bidezko babesa beharko da, langileen ordutegia kontrolatzeko parteen bitartez egiaztatu ahal izateko benetakoa dela proiektuan aritzen diren langileen dedikazioaren gastua.

Langileen gastuentzako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat ezarritako bera izanen da, gehienez; koordinazio lanetarako langileen kasuan, haien profila ez da izanen gizarte-langileei dagokiena baino handiagoa.

a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa). Bankuko transferentziaren bidez justifikatuko dira bidaietarako eta dietetarako gastuak.

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko. Bankuko transferentziaren bidez justifikatuko dira.

a.6) Finantza gastuak. Sail honetan sartuko dira entitateak izanen lituzkeen gastuak, baldin eta bere jarduera ez eteteagatik hirugarrenei kalte egin eta bankuari mailegu bat edo kreditu lerro bat eskatzea beharrezkoa balitz. Kontzeptu horren barnean egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, dirulaguntzaren aurrerakina pagatu arte sortzen diren interesak eta, orobat, mailegua ireki eta ixteko gastuak. Banku kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak).

Kreditu lerroa edo mailegua deialdi honetan aurkezten den proiekturako eskatu beharko da, zalantzarik gabe; horretarako, 2.000 euroko dirulaguntza emanen da gehienez. Entitateak dirulaguntzaren aurrerakinik eskatzen ez badu, finantza gastuak ez dira aintzat hartuko.

Dirulaguntzari dagozkion finantza gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da banku erakundeari eskatutako mailegua edo kreditua ez izatea proiektuaren guztirako kostuaren %70etik gorakoa. Bestela, portzentaje horretarainoko hainbanaketa eginen da.

a.7) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa ez da sartuko jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

B) Zeharkako gastuak.

Dirulaguntzaren %12,5eko edo hortik beherako zenbatekoa egotz dakieke zeharkako kostuei. Zeharkako kostu horiek entitate onuradunaren funtzionamendu gastu orokorrak izanen dira, alegia: bestelako langile gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Entitate onuradunak zeharkako kostuetatik arrazoizko zati bat egotziko dio dirulaguntzaren xedeko jarduerari, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

4. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat hartuko ekipamendu eta ondasun inbentariagarriak, ez eta eraikuntzako materialak, protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.) eta amortizazioak ere. Dena dela, Nafarroako Gobernuak edo NASUVINSA sozietate publikoak harrerak egiteko lagatzen edo errentan ematen dituen etxebizitzetarako etxetresna elektrikoak eta oinarrizko altzariak erosteko gastuak eta etxebizitza horien mantentze eta konpontze lanen ondoriozkoak bai onartuko dira zuzeneko gastu gisa, baldin eta 1.000,00 eurotik gorakoak ez badira.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate eskatzaile bakoitzak bigarren oinarrian ezarrita dauden jarduketa modalitateetatik bitarako dirulaguntza eskatzen ahalko du bakarrik.

2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan, zeina Nafarroako Gobernuaren webgunearen Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahal baita (https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuko eskabide-orri orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (eskaera telematika bidez eginen da):

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a.1) Entitatearen estatutuak.

a.2) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat. Entitateak egoitza soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean ordezkaritza bat ireki duela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.3) Identifikazio fiskaleko txartela.

a.4) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, erakusten duena entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela inolako debekurik urratzen dirulaguntzen onuradun izateko (debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude) eta, orobat, ez direla zehatuak izan ez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, ezta zerga arloan ere.

a.5) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak egunean dituela.

a.6) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela.

a.7) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

a.8) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada, edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

a.9) Hala behar izanez gero, eta 14. oinarrian xedatutakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko diru funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena, baita seigarren oinarriko "finantza gastuak" izeneko a.6 puntuan xedatutakoaren ondorioetarako ere.

a.10) Entitate eskatzaileek, nahi izanez gero, dirulaguntza eskaerarekin batera aurkezten ahal dute deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek hamar eguneko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

b.1) Proiektuaren memoria inprimaki ofizialean, euskarri informatikoan aurkeztuta. Eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus / Laguntzak eta bekak) eta helbide elektroniko honetan: sincluss@navarra.es.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen eskatutako dokumentuak aurkeztea horiek dagoeneko administrazioaren esku badaude edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak badira, baldin eta interesdunak adierazi badu haiek kontsultatu edo eskuratzeko adostasuna.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari begira, dokumentazioaren bost urteko antzinatasuna errespetatuko da, kasuan kasuko espedientea bukatzen denetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariak adierazpen bat aurkezten ahal du, inguruabar hori azaltzeko; entitateek pertsonifikatzeko formula juridikoa baizik aldatu ez badute, alderdi horrek entitatearen estatutuetan frogatuta egon beharko du.

39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da ematen ez diren datuak eta agiriak kontsultatzea edo eskuratzea baimendua dela, non eta prozeduran ez den espresuki interesdunaren aurkakotasuna jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen berariazko adostasuna ematea.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak eskuratzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak edo hutsak daudenean.

c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak banan-banan eta bakoitza bere aldetik baloratuko dira, modalitate bakoitzaren arabera (2. oinarrian adieraziak), 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietatik 50, gutxienez, II. eranskineko B atalean.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da.

4. Modalitateren batean positiboki baloratzen diren eskaeretako guztirako zenbatekoak aurrekontuetan modalitate horretarako ezarritako dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuarentzat eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, dirulaguntza ematea proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta horretarako 11. oinarriko 2. atalean aurreikusitako tramiteari jarraituko zaio.

5. Jarduketa-modalitate berean proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badu eta aurrekontuan denontzako kreditu aski ez badago, II. eranskineko "B" atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna. Berdinketak irauten badu, proiektuak baloratzeko irizpideen B1 atalean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

6. Modalitateren batean aurrekontuetan kontsignaturiko kreditua agortzen ez bada, soberakina gainerako modalitateen artean banatuko da, kreditua agortu arte, lehentasun ordena honi jarraituta: B, D, F, C, E eta A.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Baldin eta dirulaguntza proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa bukatuta, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, hau da, ordainketa aurreratu bakar batean, ebazpenarekin batera, irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, baldin eta hori behar bezala frogatzen badute.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztean, entitateak funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena; ordezkariaren ziurtagiri bat, agertzen dituena entitatearen izenean dauden banku kontuak; bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

2. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa ez den kasuetan, jarduera egin dela 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza. Ordainketa partzialak egiten badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, behin gastuak eta kofinantzaketa –horrelakorik bada– justifikatu ondoren.

Hamabosgarrena.–Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek, eskabidearekin batera, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Nafarroako Gobernuaren webgunearen Zerbitzuen katalogoan eskura daiteke (www.nafarroa.eus), baita helbide elektroniko honetan ere: sincluss@navarra.es.

Diruz lagundutako proiektu guztietan aurkeztu beharko da proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten bat, bai eta parte-hartzaileen zerrenda bat ere euskarri informatikoan, ekainaren 30ean, edo proiektua gauzatzeko ezarritako denboraren erdia iragan denean, urtarrilean hasi ez diren proiektuen kasuan.

Orobat, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak edozein unetan eskatzen ahal du informazio osagarria proiektuaren bilakaerari buruz.

2. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Aurreratu ez diren dirulaguntzen tarteko ordainketak eta/edo azken ordainketa egiteko txosten partzialak:

a.1) Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, ezarritako ereduaren araberakoa, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen (orduak, parte-hartzaile kopurua, etab.) eta gastatutako diru kopuruaren arabera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan.

a.2) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak modu digitalean aurkeztu beharko dira, lehen aipatutako gastuen zerrendan deskribatutako ordenari jarraikiz. Entitatearen ordezkariaren zinpeko aitorpena gehituko da, non jasoko baita egotzitako datuak dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkezten.

Gastuen frogagiri gisa, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez onetsi baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua.

Ordainketen frogagiri gisa, diruz lagundutako jarduketak ordaindu izana justifikatzen duten banku agiriak bakarrik onartuko dira (eskudiruzko ordainketak ez dira onartuko).

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidali beharko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, haiei dagozkien aldaketak barne, baldin badaude, eta sinadura digitalaren bitartez sinatu beharko du onartu den dokumentazioa Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean aurkeztu dela egiaztatuz, jasotako dirulaguntza justifikatzeko.

a.3) Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.

a.4) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak egunean dituela.

a.5) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela.

a.6) Dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileen lan-kontratuak eta dagokien ikasketa tituluak, aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak ez baditu.

a.7) Entitateak egindako ziurtagiria, proiektuan benetan aritu diren langileen gastua egiaztatzeko.

a.8) Proiektuari atxikita dauden entitateko langileen hileko nominen laburpenak.

a.9) Entitateak egindako ziurtagiria, justifikazio kontuan egotzitako zeharkako gastuen portzentajea egiaztatzeko.

a.10) Proiektuari egotzitako langileen ordutegi-parteak, seigarren oinarriko (Gastu diruz lagungarriak) a.3) puntuan adierazitakoarekin bat.

b) Azken txostena, eredu ofizialaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:

b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Lortutako emaitzak.

–Egindako jarduerak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

b.2) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.

b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, oinarri honen 2.a) atalean hurrengo ordainketak egiteko ezarritako baldintza beretan.

b.4) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

b.5) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita, batetik, justifikazio kontuan zer portzentaje egotzi zaien zeharkako gastuei, eta bestetik, jarduera gauzatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

b.6) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita finantzatutako programetan proiektuko langileek egin dituzten lanaldien egozpena, eta langileria gastua benetan erabili dela proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko.

b.7) Proiektuari atxikita dauden entitateko langileen hileko nominen laburpenak.

b.8) Proiektuari egotzitako langileen ordutegi-parteak, seigarren oinarriko (Gastu diruz lagungarriak) a.3) puntuan adierazitakoarekin bat.

b.9) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak egunean dituela.

b.10) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela.

b.11) Urteko 190 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta urteko 180 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).

b.12) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.

Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera hori.

b.13) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Aurreko puntuetan aipatutako agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira.

4. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan –edo justifikazio partzialetan, hala badagokio– dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Bestela, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.

5. Dirulaguntzaren ordainketa aurreratua aukeratu duten entitateen kasuan izan ezik, 2024ko abenduaren 31 azken eguna izanen da justifikazio partzialak aurkeztea aukeratu duten entitateek azken justifikazioa eta azken txosten partziala aurkez ditzaten. Era berean, justifikazio partzialik egin ez duten entitateek adierazitako data hori baino lehen aurkeztu beharko dute.

6. Kasu guztietan, azken memoria, beranduenez, 2025eko otsailaren 10ean aurkeztu beharko da, egun hori barne.

7. Taula hauetan ageri dira, laburbilduta, egoerak, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

JUSTIFIKAZIO PARTZIALAK EDO OSOAK AURRERAKINIK JASO EZ BADA

JUSTIFIKAZIOA / AZKEN MEMORIA

EGOERA/EPEAK

DOKUMENTAZIOA

AURKEZTEKO EPEA

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

AZKEN EGUNA

AURKEZTU BEHARREKO

DOKUMENTAZIOA

Dirulaguntza aurrerakinarekin

2025-02-10

–Azken memoria teknikoa

–Azken justifikazio ekonomikoa

Aurreratu gabeko dirulaguntza eta justifikazio partzialen aukera

Entitateek erabakiko dute noiz; 2024ko abenduko azken astean aurkeztu beharko dute ordainketarako eskubidea duen azken justifikazioa

–Txosten tekniko partziala

–Justifikazio ekonomikoa

2025-02-10

–Azken memoria teknikoa

–Azken justifikazio ekonomikoa

Aurreratu gabeko dirulaguntza eta azken justifikazio partzial bakarraren aukera

2024ko abenduko azken astea

–Txosten tekniko partziala

–Justifikazio ekonomikoa

2025-02-10

–Azken memoria teknikoa

–Azken justifikazio ekonomikoa

AURKEZTEKO EPEA

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Diruz lagundutako proiektu guztiak

–2024ko ekainaren 30a, edo proiektua gauzatzeko ezarritako denboraren erdia iragan denean, urtarrilean hasi ez direnen kasuan

–Proiektuaren gauzatze mailari buruzko txostena

–Parte-hartzaileen zerrenda

Hamaseigarrena.–Hornitzaileak hautatzea eta azpikontratatzea.

1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratatzen ahalko du dirulaguntzaren xede den jardueraren exekuzio partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

2. Azpikontratazioa egitean, entitate onuradunek lehentasuna emanen diete gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran dauden langileek osatutako enpresei edo entitateei, bat etorriz Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin, betiere gauzatu beharreko prestazio eta jarduerak –nolakoak diren ikusita– halako entitateek egin baditzakete. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

3. Hala xedatzen baitu bere 28.3 artikuluan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000,00 euro baino handiagoak badira, organo emaileari frogatu beharko diote enpresa edo entitate hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

4. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori egiten duten enpresak.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera eta aurkeztutako eta diruz lagundutako proiektuan hartutako konpromisoak betez, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatutako tarteko eta azkeneko egiaztagiriak aurkeztea, bai eta proiektua gauzatzeari buruzko txostena ere, diruz lagundutako programan parte hartu dutenen zerrenda erantsita, ezarritako ereduaren arabera.

Nolanahi ere, pertsonei buruzko datuak (programen azken onuradunenak eta esku hartzen duten profesionalenak etab.) sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

c) Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

d) Diruz lagundutako proiektuen zabalkundea eta publizitatea egitean, diruz lagundutako entitateek dirulaguntza nork eman dien adierazi beharko dute, bat etorriz Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin. Gainera, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1.b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte. Horrenbestez, proiektuaren komunikazio elementu orotan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta hark "finantzatutako proiektua" testua agertuko dira, edo hark "osorik finantzatutako programa", finantzazioa proiektuaren kostu osora iristen bada.

e) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

l) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektuaren exekuzioa nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partidako multzo bakoitzaren %10eko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldatzeko eskaeretan behar adina arrazoi eman beharko dira aldaketa edo zailtasun horren gainean, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala azaldu, eta inola ere ez aurtengo azaroaren 30a baino geroago. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazio txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

m) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza bat izatea diruz lagundutako programa gauzatzeko.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude arau honetan ezartzen diren gardentasun betebeharrak betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Foru lege horren 12.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute 10 eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Kargudunen zerrenda eta haien dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu.

d) Entitate onuradunaren urteko kontuak.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Ezertan galarazi gabe entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak, entitateak azkenean ez badu betebehar hau betetzen, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ez-betetzetzat hartuko da proiektuan aurkeztutako konpromisoak ez betetzea parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, haien profilari dagokionez, proiektuko jardueren iraupenari dagokionez, deribazio iturriei eta abarri dagokienez, eta bereziki dirulaguntza lortzeko puntuazio erabakigarria ematen duten konpromisoei dagokienez.

3. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin eta azken justifikazioan ez-betetze guztiak formazkoak baino ez badira, kontuan hartuko da zenbat egun joan diren epea bukatu zenetik behar diren dokumentuak aurkeztu arte, eskala honen arabera:

–Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5eko murriztapena arte.

–Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.

–Sei egun baliodunetik gorako atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

5. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA.–GIZARTE-INKLUSIORAKO PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

A) Entitatearen bidezkotasuna (%18) (18,00 puntu).

a.1) Oinarri soziala eta ezarpena Nafarroan (3,00 puntu gehienez).

a.1.1) Jarduera-urteak, erregistroko inskripzioaren arabera (0,10 urteko) (1,00 puntu gehienez).

a.1.2) Bazkide kopurua, eskala honen arabera (1,00 puntu gehienez).

  • >300 bazkide: 1,00 puntu.
  • 50-300 bazkide: 0,50 puntu.
  • <50 bazkide: 0,00 puntu.
  • Fundazioen kasuan: 0,50 puntu.

a.1.3) Entitateko zuzendaritza edo ardura karguetan dagoen emakume kopurua, honako eskala honen arabera (puntu bat gehienez).

  • %50 eta hortik gora: 1,00 puntu.
  • %20 eta %50etik behera: 0,50 puntu.
  • <%20: 0,00 puntu.

a.2) Gaitasun finantzarioa (7,00 puntu gehienez).

a.2.1) Aurreko urteko emaitza ekonomikoen analisia (entitatearen diru-sarreren eta gastuen arteko aldea) (3,00 puntu gehienez).

  • Superabita (Diru-sarr.> Gast.): 3,00 puntu.
  • Oreka (Diru-sarr. = Gast.): 2,00 puntu.
  • Defizita %10etik beherakoa [(Diru-sarr.- Gast.)/Gast. < -%10]: 1,00 puntu.
  • Defizita %10etik gorakoa: 0,00 puntu.

a.2.2) Entitateak aurreko urtean izan dituen finantzabideen analisia (4,00 puntu gehienez).

–Finantzabide pribatuak izateagatik, honako eskala honen arabera (2,00 puntu gehienez).

  • Diru-sarrera guztien %30 baino gehiago: 2,00 puntu.
  • Diru-sarrera guztien %15 baino gehiago: 1,00 puntu.
  • Gainerakoak: 0,00 puntu.

–Finantzaketa iturriak dibertsifikatzeagatik, honako eskala honen arabera (2,00 puntu gehienez).

  • 4 finantzabide baino gehiago, Nafarroako Gobernuaz bestelakoak: 2,00 puntu.
  • 2 finantzabide baino gehiago, Nafarroako Gobernuaz bestelakoak: 1,00 puntu.
  • Gainerakoak: 0,00 puntu.

a.3) Gaitasun operatiboa eta esperientzia gizarte-inklusioaren arloan (8 puntu gehienez):

a.3.1) Azkeneko 4 urteotan gizarte-inklusioaren arloan egindako jarduera-proiektuen kopurua (0,50 puntu proiektu bakoitzeko; 0,00 puntu, proiekturik ez bada) (2,00 puntu gehienez).

a.3.2) Entitateak zenbat pertsona kontratatzen dituen (0,50 puntu lanaldi osoko kontratu bakoitzeko; lanaldia laburragoa bada, proportzioan dagokiona) (2,00 puntu gehienez).

a.3.3) Prestakuntza praktiketan dauden pertsonak (2,00 puntu gehienez).

a.3.4) "Auditoretza soziala" egiten dute, edo kalitate sistema homologatu bat dute (1,00 puntu gehienez).

a.3.5) Genero berdintasunerako plan bat ezarria dute (1,00 puntu gehienez).

B) Proiektuaren kalitate teknikoa (%82) (82,00 puntu).

b.1) Proiektuaren koherentziari buruzko analisia (33,00 puntu gehienez).

b.1.1) Oinarriak eta jarduketa eremua (5,00 puntu gehienez).

  • Guztiz koherentea da: 5,00 puntu.
  • Bi alderdietako batean bakarrik dago koherentzia: 3,00 puntu.
  • Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago: 0,00 puntu.

b.1.2) Helburuak (5,00 puntu gehienez).

  • Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude: 5,00 puntu.
  • Inkoherenteak dira, edo oso gutxi zehaztuta daude: 3,00 puntu.
  • Ez dago beteta: 0,00 puntu.

b.1.3) Jardueren deskribapena (5,00 puntu gehienez).

  • Zehatz deskribatuak: 5,00 puntu.
  • Hala-holakoa. Ez daude zehatz deskribatuta: 3,00 puntu.
  • Ez daude zehaztuak (aipatuak besterik ez): 0,00 puntu.

b.1.4) Espero diren emaitzak (5,00 puntu gehienez).

  • Zehatz deskribatuta: 5,00 puntu.
  • Hala-holakoa. Ez daude zehatz deskribatuta: 3,00 puntu
  • Ez dira bete: 0,00 puntu.

b.1.5) Jardueren egutegia (5,00 puntu gehienez).

  • Zehatz deskribatua: 5,00 puntu.
  • Hala-holakoa. Ez dago zehatz deskribatuta: 3,00 puntu.
  • Ez da bete: 0,00 puntu.

b.1.6) Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentziaren analisia (8 puntu gehienez).

Hau da, helburuen, jardueren eta emaitzen artean koherentziarik ba ote dagoen aztertuko da: jarduera horiek eginez emaitzak lortuko direnetz eta emaitza horiek lortuz helburuak beteko direnetz, kontuan hartuz, batetik, ingurunea, eta bestetik, helburuak eta jarduerak diseinatzeko oinarriak: 0 puntutik 8ra arteko eskala kualitatibo batean neurtuko da, sailkapen honen arabera:

  • Erabateko koherentzia dago helburuen, emaitzen eta jardueren artean: 8,00 puntu.
  • Jardueren eta emaitzen artean bakarrik dago koherentzia: 6,00 puntu.
  • Jardueren eta helburuen artean bakarrik dago koherentzia: 4,00 puntu.
  • Helburuen eta emaitzen artean dago koherentzia: 2,00 puntu.
  • Inkoherentea da: 0,00 puntu.

b.2) Ebaluazioaren analisia (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua) (6,00 puntu gehienez).

b.2.1) Adierazleak (2,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 2,00 puntu.
  • Egokia: 1,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.2.2) Egiaztapen iturriak (2,00 puntu arte).

  • Oso egokia: 2,00 puntu.
  • Egokia: 1,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.2.3) Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea (2,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 2,00 puntu.
  • Egokia: 1,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.3) Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen analisia (10,00 puntu gehienez).

b.3.1) Giza baliabideen egokitasuna (profil teknikoen definizioa eta esleitutako eginkizunak baloratuko dira) (3,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 3,00 puntu.
  • Egokia: 2,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 1,00 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.3.2) Boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen analisia (2,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 2,00 puntu.
  • Egokia: 1,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.3.3) Baliabide teknikoen egokitasuna (materialak, egoitzak...) (2 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 2,00 puntu.
  • Egokia: 1,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.3.4) Aurrekontua behar bezala xehakatua egotea (1,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 1,00 puntu.
  • Egokia: 0,75 puntu.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.3.5) Finantzabide gehiago izatea, eskala honen arabera (2,00 puntu arte).

  • NGtik kanpoko ekarpena ≥ %20: 2,00 puntu.
  • NGtik kanpoko ekarpena ≥ %5 eta < %20: 1,00 puntu.
  • Ez dago NGtik kanpoko ekarpenik edo %5etik beherakoa da: 0,00 puntu.

b.4) Aurkeztutako proiektuak beste entitate eta baliabide sozial batzuekin duen osagarritasunaren eta koordinazioaren analisia (9,00 puntu gehienez).

b.4.1) Egitura bat planteatzen du Oinarrizko Osasun Laguntzako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta/edo auzo unitateekin edo beste baliabide publiko batzuekin koordinatzeko aldian behin (5,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 5,00 puntu.
  • Egokia: 3,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 2,00 puntu.
  • Desegokia edo ez dago halakorik: 0,00 puntu.

b.4.2) Egitura bat planteatzen du entitate eskatzailearen antzeko ezaugarriak dituzten entitateekin koordinatzeko aldian behin (4,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 4,00 puntu.
  • Egokia: 3,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 2,00 puntu.
  • Desegokia edo ez dago halakorik: 0,00 puntu.

b.5) Pertsona onuradunen parte-hartzearen analisia (20,00 puntu gehienez).

b.5.1) Profilaren analisia eta zenbatespen kuantitatiboa (4,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 4,00 puntu.
  • Egokia: 3,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 2,00 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.5.2) Pertsonen sarbiderako erabilitako prozedura (4,00 puntu gehienez).

  • Hauen bidez soilik: oinarrizko osasun laguntzako oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen zentroak edo beste baliabide publiko batzuk: 4,00 puntu.
  • Gehienbat hauen bidez: oinarrizko osasun laguntzako oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen zentroak edo beste baliabide publiko batzuk: 3,00 puntu.
  • Batez ere gizarte ekimeneko entitateen bidez: 2,00 puntu.
  • Ez dago halakorik: 0,00 puntu.

b.5.3) Onuradun diren pertsonek proiektuan parte hartzeko bideak izatea (akordio idatziak, gogobetetasun inkestak, etab.) (3,00 puntu gehienez).

  • Oso egokia: 3,00 puntu.
  • Egokia: 2,00 puntu.
  • Hala-holakoa: 1,00 puntu.
  • Desegokia: 0,00 puntu.

b.5.4) Jardueretan parte hartzen duten emakumeen ehunekoa (5,00 puntu gehienez).

  • %75 eta gehiago: 5,00 puntu.
  • %50 eta %75 bitarte: 2,00 puntu.
  • <%50: 0,00 puntu.

b.5.5) Zenbateko portzentajea den administrazio egoera irregularrean familia laguntzarik gabe eta/edo etxerik gabe egonda programan parte hartzen duten 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileena (4,00 puntu gehienez).

  • %50 eta hortik gora: 4,00 puntu.
  • %25 eta %50 artean: 2,00 puntu.
  • <%25: 0,00 puntu.

b.6) Proiektua gauzatzeko lurralde eremua (4,00 puntu gehienez). (Esku-hartzearen dibertsifikazioa Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan, proiektua gauzatzen den kokagunearen arabera).

  • Iruña eta Iruñerria ez den Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bakarrik: 4,00 puntu.
  • Iruñean edo Iruñerrian eta Nafarroako Foru Komunitateko gainerako lurraldean: 3,00 puntu.
  • Bakar-bakarrik Iruñean eta/edo Iruñerrian: 2,00 puntu.
  • Bakar-bakarrik Iruñean: 1,00 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2404805