76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

624/2024 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "SURFEAR. Gainazaleko ureztapenaren automatizazioa".

2024ko martxoaren 11n, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, ikertzaileak kontratatzeko proiektuko lankide gisa "SURFEAR. Gainazaleko ureztapenaren automatizazioa" ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Javier Casalí Sarasibar da, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Hautaketa-prozesurako deialdia onestea, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko "SURFEAR. Gainazaleko ureztapenaren automatizazioa" ikerketa-proiektuarekin lotutako jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, baita deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2024ko martxoaren 12an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "SURFEAR. GAINAZALEKO UREZTAPENAREN AUTOMATIZAZIOA"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "SURFEAR. Gainazaleko ureztapenaren automatizazioa".

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: ureztatze-ekipoak landan instalatzea, gainbegiratzea eta mantentzea; ureztatze-kanpainako segimendu txostenak eta lortutako emaitzak garatzea; landan bildutako datu agronomikoak aztertzea, eta proiektuan egindako ekintzak zabaltzea.

–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

–Iraupena: mugagabea, "SURFEAR. Gainazaleko ureztapenaren automatizazioa" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; arautegi hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua eta FEADER funtsak.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez ere 300 ECTS dituen Graduko titulazio akademiko ofiziala, Masterra, Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edukitzea, edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagokion titulazioren bat.

d) B motako gidabaimena.

e) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

f) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatzen duen hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: María González de Audicana Amenabar doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Javier Casalí Sarasibar doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Batzordekidea: Miguel Ángel Campo Bescos doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: Jesús Álvarez Mozos doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Idazkaria: Luis Miguel Arregui Oderiz doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Mikel Goñi Garatea doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: espediente akademikoa eta tituluaren egokitasuna kontratuaren esparruan

Puntuak

5

Izangaiaren espediente akademikoa espedientearen puntuazioari dagokion proportzioan baloratuko da, 5 punturekin gehienez ere.

Izangaia lizentziaduna edo ingeniaria bada edo 300 ECTSko gradua badu, titulazioa 5 punturekin baloratuko da gehienez ere.

Aurkeztutako titulazioa 300 ECTS kreditura ailegatzen ez bada (gradua, ingeniaritza teknikoa...) baina izangaiak unibertsitate master bat ere baldin badu, 5 puntura bitarte lortzen ahalko ditu, proportzioan, titulazioaren eta unibertsitate masterraren ECTS kredituen kopuruaren portzentaje erlatiboa aintzat hartuz.

Bi kasuetan, lortutako puntuazioa 1 faktorearekin biderkatuko da baldin eta izangaiaren titulazioa edo titulazioak agronomiaren esparrukoak edo antzeko esparru batekoak badira, eta 0,5 faktorearekin, berriz, beste titulazio bat bada.

2. APARTATUA: esperientzia profesionala eta prestakuntza kontratuaren xedearen esparruan

Puntuak

9

–Kontuan hartuko da ureztapenaren kudeaketarekin eta hezetasuna eta mantenugaiak kontrolatzeko sentsoreekin loturiko jarduerak garatzen izandako lan esperientzia, gehienez ere 5 punturekin, eta lan egindako urte bakoitzeko 3 puntu emanen dira gehienez, kontratu honen xede diren jarduerekin duten loturaren arabera.

Urtebetetik beherako denbora-tarteengatik puntuazio proportzionala emanen da.

–Ureztapenaren kudeaketarekin eta hezetasuna eta mantenugaiak kontrolatzeko sentsoreekin loturiko ikasketa amaierako lana egina izateagatik: 2 puntu gehienez ere lanaren inpaktuaren eta garatu beharreko jarduerekin duen loturaren arabera.

3. APARTATUA: argitalpenak eta biltzarretako komunikazioak

Puntuak

2

–Nazioarteko biltzarretan egindako txostenengatik: 1 puntu gehienez ere, 1 puntu gehienez lan bakoitzeko.

–Argitalpenak: 2 puntu gehienez ere, 1 puntu gehienez lan bakoitzeko.

4. APARTATUA: elektronikaren eta programazioaren oinarrizko erabilera

Puntuak

1

–1 puntu emanen da Arduino bidezko programazioko eta elektronikako ikastaro bat gutxienez egina izateagatik.

5. APARTATUA: elkarrizketa pertsonala

Puntuak

3

Aurreko apartatuetako puntuazioen baturan nota altuena lortu duten 2 izangaiei elkarrizketa eginen zaie, betiere 5. apartatuan puntuazio maximoa lortuz gero eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzeko aukera badute. Elkarrizketan, izangaiaren interesa eta kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituen ezagutzak eta esperientziak baloratuko dira.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 10 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 5. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2405303