76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

594/2024 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidezko hautaketa-prozesurako deia egiten da ikertzaileen eta teknologiako langileen lan kontratazioa egiteko, jarduera hau gauzatu dezaten: "PID2020-118829RB-I00-CalmBCI".

2024ko martxoaren 6an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak hautatzeko hautaketa-prozesu baterako deia egiteko eskatu zuen, "PID2020-118829RB-I00-CalmBCI" jarduera garatzeko proiektuko lankide gisa. Ikertzaile arduraduna Ricardo San Martín Murugarren da, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 17ko ebazpen baten bidez, deialdi hau onetsi zen: "Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo programa".

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren 2023ko ekainaren 15eko ebazpen baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoari dirulaguntza bat eman zitzaion "Ikertzaileak kontratatzeko laguntzak. MRR Investigo programa" deialdiaren barnean.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidezko hautaketa-prozesurako deialdia, baita haren oinarriak ere, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko, jarduera hau gauzatu dezaten: "PID2020-118829RB-I00-CalmBCI".

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2024ko martxoaren 8an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO JARDUERA HAU GARATZEKO: "PID2020-118829RB-I00-CALMBCI"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko jarduera hau garatzeko: "PID2020-118829RB-I00-CalmBCI".

–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: esperimentuak diseinatu eta gauzatzea murgiltze-ingurune birtualak erabiliz; estimuluak aurkeztea garunaren jardunaren ebaluazio kontrolatua egiteko (EEG); gertaerekin lotutako potentzialak aztertzea eta audio iturriak bereiztea deep learning-aren bidez.

–Kontratu mota: abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, aldi jakin baterako kontratu bat eginen da, bi mota hauetako bat, hain zuzen: Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planeko jarduerak egitekoa edo Europar Batasuneko funtsen bidez finantzatutako aldi baterako programak egitekoa (kasu batean zein bestean, proiektua egiteko behar den denboraz).

–Aurreikusitako iraupena eta lanaldi mota: 12 hilabetekoa, lanaldi osoan. Iraupen hori gutxi gorabeherakoa da, 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian zehaztutako finantzaketaren mende egonen baita, baina ezin izanen da inola ere proiektua gauzatzeko behar den denbora baino luzeagoa izan.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikertzaileak Kontratatzeko Erregelamenduak bere eranskinean ezarritakoak, 2022. urtera egokituak; erregelamendu hori 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsi zen, eta 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: "Next-Generation - Errekuperazioko eta Erresilientziako Mekanismoak" funtsak.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.

b) 16 urte edo gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

c) Kontratua hasi aurreko egunean langabe gisa izena emanda egotea Enplegu Zerbitzu Publikoan.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, eta zerbitzu horrek aurrez hautatua izatea.

d) Gazte Bermearen Espainiako Erregistroan izena emanda egotea.

e) Gutxienez ere 300 ECTS dituen Graduko titulazio akademiko ofiziala, Masterra, Lizentzia, Arkitektura edo Ingeniaritza edukitzea, edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagokion titulazioren bat.

Atzerrian erdietsitako tituluak badira, izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin kontratu harremanik ez eduki izana kontratazioaren aurreko sei hilabeteetan.

g) Deialdiaren xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

h) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak bere webgunean argitaratuko du lan eskaintza, eta aurrehautaketa eginen du eskaintza horretan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonen artean.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren eta espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota eta guzti.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

–Gazte Bermearen Espainiako Erregistroan izena emanda egotea egiaztatzen duen dokumentazioa.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, baztertua izateko arrazoia esanez, baztertuen kasuan. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira, eta ez dute probarik eginen.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota 6.2 oinarriak aipatzen duen hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa okerra edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: Amalia Ortiz Nicolás doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Ricardo San Martín Murugarren doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Asier Marzo Pérez doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: Laura Portero Egea doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Idazkaria: Vicente Sánchez-Alarcos Gómez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: Andrés Arrarás Ventura doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "Giza baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka, zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: titulazioak eta espediente akademikoa

Puntuak

30

Ikasketa espedientea espedientearen batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan baloratuko da, gehienez ere 10 punturekin. Lortutako emaitza ponderazio faktore hauekin biderkatuko da:

–3 faktorearekin, titulazioa Ingeniaritza Informatikoko Gradua, Telekomunikazioetakoa, Biomedikoa, Elektronikoa edo Datuen Zientziakoa bada.

–1 faktorearekin, beste ingeniaritzako gradu batekoa edo beste ingeniaritza batekoa bada.

–0,5 faktorearekin, beste titulazioren bat bada.

2. APARTATUA: hizkuntzak

Puntuak

20

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera baloratuko dira. Ingelesa: 20 puntu (C2 maila), 15 puntu (C1 maila), 10 puntu (B2 maila). Frantsesa: 10 puntu (C1 maila edo hortik gorakoa), 5 puntu (B2 maila).

Euskara: 10 puntu (C1 maila edo hortik gorakoa), 5 puntu (B2 maila).

3. APARTATUA: esperientzia profesionala eta ikerketako esperientzia

Puntuak

25

–Esperientzia edukitzeagatik aplikazio interaktiboen garapenean, errealitate birtualeko inguruneetan, EEG seinaleen edo antzekoen analisian: 1 puntu, lan horiekin zerikusia duen beka/praktikaldi/kontratu/proiektu bateko hilabete bakoitzeko.

–Egin beharreko lanekin zerikusia duten argitalpenengatik: 10 puntu aldizkariren batean egindako argitalpen bakoitzeko.

–Egin beharreko lanekin zerikusia duten kongresuetan parte hartzeagatik, 5 puntu nazioartekoak badira eta 3 puntu Espainiakoak badira.

4. APARTATUA: elkarrizketa pertsonala

Puntuak

25

Aurreko apartatuen baturan puntuazio handiena lortu duten 3 izangaiei elkarrizketa eginen zaie.

Elkarrizketan hauek aztertuko dira: kontratuaren xede den lana egiteko gaitasunak, izangaiak lan horretarako duen interesa, eta elkarrizketan zehar adierazitako trebeziak.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 30 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 4. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 1. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2405293