76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OIBAR

Ordenantza fiskala, ezkontza zibilak egiteko tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Oibarko Udalak, 2023ko abenduaren 22an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Ezkontza zibilak egiteko tasa arautzen duen ordenantza fiskalean. Erabaki hori argitaratu zen 2024ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 5ean.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Oibarren, 2024ko martxoaren 22an.–Alkatea, Francisco Javier Martínez Aldunate.

ORDENANTZA, EZKONTZA ZIBILAK EGITEKO TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da honako hauen babesean: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), eta martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea (horren bidez aldatu ziren 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea zerbitzu hau ematea da: ezkontza zibilen espedientea egitea eta ezkontza zibilak prestatzea eta/edo egitea, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legearen babesean.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sortzapena

3. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua ematen hasten denean, hau da, komunikazioa egin eta eskabidea aurkezten den unean, ezkontza zibilaren espedientea hasteko. Ezkontza egiteko eguna eta ordua geroago zehaztuko da.

Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan ezarritako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ez da itzuliko ordaindutako dirua.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira ezkontza zibileko ezkontideak, eta biak solidarioki daude behartuta Udalari tasa ordaintzera.

Salbuespenak

5. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honetan.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Tasa honen kobrantza kudeatzeko, autolikidazioaren araubidea ezartzen da. Zerbitzua emateko eskabidearekin batera eginen da dagokion diru-sarrera. Ez da izapidetuko tasa aurretik ordaindu izana frogatzen ez duen eskabiderik.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagokien guztian, indarreko legediari jarraikiko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko dira Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza fiskala indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsi (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara emandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

–Ezkontza-espediente bakoitza: 80 euro.

Iragarkiaren kodea: L2405214