76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63/2024 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez espedientea irekitzen baita "Muesko presa erromatarra" izeneko eremu arkeologikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak proposatu du espediente bat ireki dadila "Muesko presa erromatarra" izeneko eremu arkeologikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko. Espedientean honako hauek bildu dira: deskripzio-memoria, multzoaren planoak (ondasunaren mugaketa eta guzti), aztarnategiaren irudiak, eta ukitutakoen zerrenda baldintzatua. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalean dago, Kultura eta Kirol Departamentuan (Navarrería kalea 39, Iruña).

Eremu arkeologikoaren mugaketa erantsi den planoan ikus daiteke, eta UTM koordenatu hauek definitzen dute (ETRS89 UTM 30N).

562743,3

4717834

562738,2

4717847,8

562740,6

4717857,7

562746,7

4717873,1

562791

4717872,7

562790,6

4717867,5

562809,2

4717858,5

562788,6

4717835,6

562782,6

4717835,5

562777,8

4717835,1

562770

4717827,9

562763,3

4717821,9

562756,8

4717824,3

562750,1

4717828,2

Aztarnategian hainbat esku-hartze egin dira etenik gabe 2018tik 2021era arte. Esku-hartze horietan, mota bateko eta besteko lanak egin dira –oinezko prospekzioak, prospekzio geofisikoak, zundaketa geoarkeologikoak eta arkeologikoak eta eremu irekiko indusketak–, ondasuna berreskuratu, karakterizatu eta mugatzeko asmoz. Espedientean, gainera, babes ingurune bat mugatu da, kontrolatu beharra dagoelako urtegiaren ontzian, presatik hurbilen dagoen akueduktu-zatian eta presak ekialdeko kontrahorman duen ainguraketan egiten diren jarduketak. Ingurune hori honako koordenatu hauen bidez definitzen da:

562846,7

4717771,2

562800,2

4717776,7

562777

4717793,8

562769,2

4717810,6

562788,3

4717828,3

562812,2

4717855,4

562848,3

4717890,3

562890

4717922,6

562881,9

4717936,5

562818,9

4717922,6

562798,9

4717904,9

562783,1

4717906,8

562744,4

4717876,4

562735

4717846,7

562734,7

4717833,5

562737,6

4717815,1

562747,6

4717798

562798

4717770,5

Deklarazioari hasiera emateko espedientean dokumentatu denaren arabera:

"Presaren jatorrizko trazadura berreraikitzen ahal da, zeina 44 metro luze baitzen, nonbait. Presaren ekialdeko kontrahormari dagozkion 20 metroak dokumentatu ahal izan dira. Opus quadratum gisako harlanduaz egina da, eta kalitate handiko eraikuntza da, bai lanketari dagokionez, bai kolokazioari dagokionez (luze-zeharka, kako-loturarekin). Osorik 6 metroko altuera zuela kalkulatzen da, eta horietatik, 4 metroko altxaera eta 10 ilara dokumentatu dira. Hala ere, ontziaren zati gehiena eta pantaila bera lurperatuak daude, eta, hori lagungarria izan da irauteko eta kontserbazio egoera onean mantentzeko. Barruko pantaila hori, ibaian behera, 2 metroko zabalera duen hormigoizko nukleo batekin (opus caementicium) eta hareharrizko harlangaitzezko kokote batekin osatzen da, 35º-ko inklinazioa duen ezponda bat osatuz. Horrek 11,50 metroko zabalera ematen dio azpiegiturari oinarrian.

Beraz, tipologiaren ikuspegitik, grabitate-presa bat izanen litzateke, fabrikako horma sinplea eta ibaian behera kokotea dituena.

Eraikitze bikaina eta ongi planifikatua izateaz gain, presak hargune-dorre bat du (castellum ad caput), horrelako obretan ohi den bezala, baina Muesko presa honen kasuan ezaugarri bereziak ditu. Dorre prismatiko horrek 3,20 x 1,85 metroko neurriak ditu barrenetik, eta pantailari atxikita eraikita dago, aparailu berberarekin. Mortero hidraulikozko oinarrian ainguratuta, bere zurezko makineriaren zati bat aldaketarik gabe ezagutu ahal izan da, eta horrek aukera eman du elikatze-sistemaren funtzionamendua eta emarien kontrola ulertzeko.

Egitura hori oso berezia da; izan ere, berunezko xafla batez zigilatutako hustubide bat du, erdian irekidura bat duena, zurezko bi habez inguratua, eta bertan 1,5 metroko luzera duen zutoin bat ahokatzen zen, zurezkoa hura ere. Zutoin hori torloju-sistema baten bidez abiarazten zen, eta hustubidea irekitzeko eta ixteko balbula gisa erabiltzen zen, presako uraren hustuketa elikatzeko. Ura dorrearen hormaren oinarrian zegoen bao batetik sartzen zen, in situ kontserbatu den egurrezko sareta baten bidez iragazita.

Uraren dorreko berunezko xaflak garai hartako inskripzio bikoitz bat dauka, ulertzeko zailak diren obra-ohar batzuk dituena, non eraikuntzaren zenbait alderdiren gaineko erreferentziak ematen baitira (egutegiaren eta edilen araberako datazioa, materialen kantitateak, eta abar). Erromatar Inperio osoan ez dago horrelako besterik.

Uraren irteerari dagokionez, ebakuazio-kanalaren tarte txiki bat dokumentatu ahal izan da, dorrearen erdigunearekin lerrokatuta dagoena. Sekzio angeluzuzena duen harlanduzko eroanbide bat da, 70 cm-ko zabalera eta gutxienez metro bateko sakonera duena. Oraindik ezin izan da eroanbidearen edo akueduktuaren trazadura aurkitu, orografiaren zailtasunengatik eta Acedo-Lodosa NA-129 errepidea bertatik igarotzen delako.

Halako obra publiko bat udal administrazioak sustatu zuen goi inperioaren garaian, K.o. II. mendean seguruenik, nahiz eta orain arte ez den ezagutzen presaren ardura zuten edilek zein hiritan izan zuten magistratura.

Presaren funtzionamendu-aldia laburra izan zen, IV. mendean obra lokatzez betea baitzegoen erabat. Aurritze azkar horren ondorioz, eraikuntzak ez du beste garai batzuetan egindako erreformarik edo gehigarririk; beraz, presa erromatar baten adibide kanonikotzat har daiteke, espoliatu eta aldatu gabea. Bestalde, garaiko ingurumen baldintzak ezagutzeko balio berezia duten objektu organiko batzuk (zura, haziak, fauna, etab.) kontserbatzeko aukera eman du."

Horrenbestez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren indarrez, eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Espedientea irekitzea "Muesko presa erromatarra" izeneko eremu arkeologikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko. Haren deskribapena eta ezaugarriak espedientean daude jasota.

2. Muesko Udalari jakinaraztea prozedura hasteak segituan eta zuzenean ekarriko duela ukitutako ondasunari behin-behinekoz aplikatzea Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak interes kulturaleko ondasun deklaratutako eremu arkeologikoetarako ezarritako babes araubidea.

3. Interesdunei jakinaraztea irekitako espedientearen xede den eremu arkeologikoan honako babes neurri hauek aplikatuko direla, Espainiako Ondare Historikoaren eta Nafarroako Kultur Ondarearen gaineko araudiari jarraikiz.

A) Neurri orokorrak, Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 16., 19., 20. eta 22. artikuluetan eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoak.

Espedientea irekitzeak ondasuna kokaturik dagoen udalari ekartzen dio ukitutako eremua babesteko plan berezi bat prestatu beharra, edo hirigintzari buruzko araudian planeamendurako aurreikusitako beste tresna bat, legeak ezarritako betebeharrak betetzen dituena.

Aipatu plana behin betiko onetsi arte, lizentziak emateko edo espedientea ireki baino lehen emandakoak gauzatzeko, beharrezkoa izanen da ondasuna babesteko eskumena duen administrazioak aldeko ebazpena ematea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoarekin bat. Inongo kasutan ez da baimenduko lerrokadura berririk, eraikigarritasunaren aldaketarik, partzelaziorik edo gehikuntzarik.

Espedientea irekitzeak berekin ekarriko du partzelazio, eraikitze edo eraispen lizentziak etetea.

Ondasunean obrak egiteko edo hango lurra erauzteko, ondasuna babesteko eskumena duen administrazioaren baimena lortu beharko da. Administrazio horrek, baimena eman baino lehen, zilegi izanen du agintzea egin daitezela prospekzioak eta, hala badagokio, indusketa arkeologikoak.

Debeku da merkataritzako edozein publizitate mota paratzea, baita agerian gelditzen diren kableak, antenak eta kondukzioak ere.

B) Neurri berariazkoak, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 19.1 f) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz aplikatuko direnak.

Nekazaritza eta abeltzaintzako egungo erabilera eta aprobetxamendu berberei eutsiko zaie, indarrean dauden arauekin bat.

Debekatuta dago eremu arkeologikoko lursail guztietan luberritzea, hondealanak egitea edo zorupea aldatzea dakarren edozein nekazaritza-lan egitea.

Debekatuta dago agerian gelditzen diren publizitatea, kableak, antenak eta kondukzioak jartzea, salbu eta eremu arkeologikoarekin lotura badute eta harekin harmonian badaude.

Bideak hobetzeko eta egokitzeko lanak baimentzen ahalko dira, baldin eta kultur eta ingurumen helburuekin egiten badira, eta, betiere, gauzatzen direnean kontrol arkeologikoa izanik.

Eremu arkeologikoaren kultur, jolas eta ingurumen helburuetarako erabilera sustatuko da.

Hori dela eta, detektatzeko baliabideak datu zientifikoak lortzeko baizik ez da erabiliko. Hortaz, debekatuta dago metalen detektagailua erabiltzea beste edozein helbururekin (aisialdikoa, irabazi-asmokoa, etab.). Kontuan hartuta baliabide horrek espoliazioak egiteko dakarren arriskua eta praktika hori noraino dagoen hedatuta, debeku hori seinaleztatu beharko da, bai aztarnategian, bai sarbideetan.

Metalen detektagailua helburu ez-zientifikoetarako erabiltzea arau-hauste astun edo oso astun gisa hartuko da, kalteak norainokoak diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 101. eta 102. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Aztarnategirako eta haren ingurunerako mugatutako eremuan egin litekeen edozein esku-hartzek gainditzen baditu adierazitako baldintzak, kultura arloko departamentu eskudunaren aldez aurreko baimena beharko da, aipatutako foru legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat; horien artean sartzen dira, zehazki, dauden hodiak eta hornidurak berritzeko eta eguneratzeko jarduketak.

4. Ebazpen hau igortzea Ondare Historikoaren Zerbitzura, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera eta Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrera, zeina atxikita baitago Kultura Ministerioko Ondare Historikoaren Erregistroaren eta Dokumentazioaren Zuzendariordetza Nagusiari, prebentziozko idatzoharra egin dadin, eta Muesko Udalari eta ukitutakoei jakinaraztea, espedientean jasota dagoen bezala.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunaren biharamunetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2024ko martxoaren 19an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

ERANSKINA.–MUESKO PRESA ERROMATARRA. INTERES KULTURALEKO ONDASUNAREN ETA INGUNEAREN MUGAKETA

Iragarkiaren kodea: F2404844