76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

229E/2024 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Tuterako lohien planta zentralizatuaren proiektuari, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) sustatzen duenari, buruzko ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena (II. fasea, HUAn lohiak tratatzea).

2023ko urriaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 8. taldearen d) epigrafean sartuta dago.

Proposamena zen 10.000 eta 150.000 biztanle baliokide bitarterako gaitasuna duen hondakin uren tratamendurako planta bati funtsezko aldaketa bat egitea (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 8. taldearen d) epigrafean sartuta dago). Horrenbestez, aldaketa horri ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zitzaion, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluari jarraikiz.

2019-2030 aldirako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailearen 7. ekintza ildoak barne hartzen du Tuteran lohien planta zentralizatu baten eraikuntza, Nafarroako hegoaldeko araztegietako lohiak tratatze aldera. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2019ko maiatzaren 8an, ingurumen ondorioen adierazpena formulatu ondoren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 240E/2019 Ebazpenaren bitartez.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 271E/2023 Ebazpenaren, abuztuaren 16koaren, bidez baimendu zuten planta zentralizatuaren lehen fasea, Tuterako hondakin uren araztegiaren (HUA) lurren ondoan kokatzekoa dena, ekialdera, eta bideratuko dena lohiak metatzera, loditzera eta zentrifugatzera.

Tuterako lohien planta zentralizatuaren bigarren fasea lehen fasearen ondoan kokatuko da, eta bere zeregina izanen da lehen faseko lohien digestio anaerobiko termofiloa egitea. Modu horretan, lohien balioztatzea erraztu eta jatorri berriztagarriko gas naturala ekoitziko da. Plantaren fase horretan, horrenbestez, digestio anaerobikorako instalazioak eta lerroak proiektatu dituzte, ekoitzitako gasa garbitzeko eta hobetzeko elementuekin batera.

I. eranskinean proiektuaren oinarrizko datuak laburbildu dira, sustatzaileak proposatutako ingurumen neurri nagusiak barne.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, 45. artikuluan zehazten denarekin.

21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Hala, kontsulta egin zaie Tuterako Udalari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atalari, Hondakinen Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari. Bestalde, kontsulta egin zaio Ekologistak Martxan Erribera-Landazuria elkarteari. Hondakinen Atalak erantzun du, bere eskumenekoak diren gaietan, baldintzak instalazioaren jarduera proiektuaren barne egonen direla, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeari jarraikiz. Tuterako Udalaren aldeko txostena ere jaso da, eta Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txosten baldintzaduna.

–Proiektuaren ingurumen analisia, 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektuaren xedeak ingurumen hobekuntza eragineno du Nafarroako hegoaldeko urak araztean sortutako lohien kudeaketan; izan ere, sortutako lohien tratamendua optimizatuko du, araztegien kontsumo energetikoa txikituko du, eta prozesuan energia berriztagarria sortuko du.

Ingurumen kalitatearekin lotutako inpaktuak, berotegi efektuko gasak, tratamendu zentralizatuaren ondoriozko garraioaren inpaktua eta abar kontrolatzeko, jarduera aldaketaren ingurumen baimen bateratuaren determinazioak beteko dira.

Planta berriak Tuterako ureztaketa tradizionaleko lurzorua hartuko du, hain zuzen, La Mosquera erretenaren (hegoaldean) eta beste erreten baten (iparraldean) bitartekoak. Ebro ibaiaren eskuin ibarrean kokatu da, ur ertzetik 35-50 metrora, "Ebro ibaia" kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) parte den leku batean, baina ibaitik bereizita uholdeez babesteko lubakitik pasatzen den bidearen bidez. Bereziki garrantzitsuak izanen dira jarduerak lurzorura, inguruko erretenetara eta ibaira isuriak egitea galarazteko zehaztuko diren neurriak, ibaiko eta ibaiertzeko ekosistemaren gaineko balizko ondorioak direla eta.

15/2017 Foru Dekretuaren, martxoaren 8koaren, bidez "Ebro ibaia" KBE izendatu eta Natura 2000 Sarearen inguru horren eta barne hartzen dituen naturaguneak kudeatzeko plana onartu zen. Kudeaketa plan horrek aintzat hartuko ditu ibaiak berezkoa duen habitata, ibilguan eta ibaiertzean dauden intereseko habitatak eta katalogatutako askotariko fauna espezieak. Katalogatutako fauna espezieei dagokienez, ibilguan bertan eta Tausteko kanalean daudenez gain, kudeaketa planak ibaiertzeko beste espezie batzuk ere hartzen ditu kontuan, hala nola apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus), bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba arrunta (Lutra lutra).

Proposamena KBEtik kanpo dagoenez, ez die zuzenean eragiten planak kontuan hartzen dituen balio naturalei (habitatak eta fauna). Hala ere, baliteke KBEtik kanpo zeharka espezie horiei eragitea. Hiru hektarea lurzati txiki hartuko dira Tuterako Arquetas inguruan, ureztaketa tradizionalekoak eta Ebroko ibaiertzeko habitataren parte direnak. Proiektuak deuseztatuko ditu landarediaz estalitako eta KBEan dagoen intereseko eta katalogatutako fauna elikatzeko, umatzeko, larreatzeko eta hedatzeko garrantzitsuak izaten ahal diren elementuak (erretenak –ertzetan zerrenda naturalak dituzten lurretan edo hormigoian–, mugak, utzitako lurzatiak, erretenen ertzak, zuhaixka formako heskaiak edo seskadiak, sakabanatutako zuhaitzak, utzitako eraikinak, etab.). Gainera, baliteke kenduko diren zuhaitzetan edo eraitsiko diren eraikinetan kiropteroak egotea.

Jarduketen eragina jasanen duten lurrei eta ingurumen intereseko elementuei ingurumen ebaluazioa eginez, estimatu zen horien galerak ez zuela "Ebro ibaia" KBEari lotutako espazioaren ingurumen balioa nabarmen txikitzen. Halaber, aurkeztu zen ingurumen azterketan bildu ziren zenbait neurri zuzentzaile eta ingurumena zaintzekoak hartutako lurzoruen ingurumen balioei eragindako kalteak saihesteko, minimizatzeko edota konpentsatzeko. Bereziki, aurretiko berrikuspen bat ezarri zen proiektuaren inguruan katalogatutako faunaren balizko presentziari loturik, baita iparraldeko erretenaren zatia desmuntatzeko lanetarako egutegia ere, bisoi europarraren umatzeari eragitea saihestu behar duena.

Hormigoizko erretenak tranpak izaten ahal dira askotariko fauna espezieetarako, batez ere, bisoi europarrerako. Horrenbestez, neurriak zehaztu behar dira kanalizatuta birjarriko den erreten zatiaren balizko inpaktua minimizatzeko (aurreko zatiak hormigoiz estaliko ebakidura dauka), baita plantaren hegoaldetik igarotzen den La Mosquera erretenarena ere.

Aurkeztutako dokumentazioan adierazi zen 638/2016 Errege Dekretuan xedatutako irizpide teknikoak beteko zituztela plantaren elementuek eta instalazioek, aintzat harturik jada dauden instalazioei erantsirik kokatuko direla. Gainera, hondakin uren araztegia zabaltzeko ingurumen baimen bateratuaren espedienteak aintzat hartu zuen Klima Aldaketaren Bulegoaren Zerbitzuaren aldeko txostena, 2024ko urtarrilaren 16koa, uholde arriskuaren gaineko inpaktuei buruzkoa.

HUAren eta plantaren inpaktu bisuala arintzeko baliatuko dira instalazioen egungo lorategia, ezarritako landareztatze neurriak eta inguruko landarediak egiten duen pantaila efektua.

Nekazaritza eta zerbitzu erabilerak betetzen dituen lubakiaren bidea bat dator Ebroren Bide Naturalaren Ibilbide Luzearen ibilbidearekin (GR-99). Aurretik adierazi den bezala, instalazio berrien zati bat ezkutuan geldituko da bidearen erabiltzaileentzat proposatutako landareztatze neurriei eta bidearen ondoan dauden kanabera lerroei esker. Bestalde, proiektatutako desodorizatze neurriek lagunduko dute arlo horretako eragozpenak arintzen. Dena den, baliteke bide horretan nekazaritza trafikoa handitzea. Izan ere, planta handitzearen ondorioz desmuntatutako bide zatia baliatzen zuten ibilgailuek lubakiaren bidea jarraituko dute.

Kontsulten emaitzak ikusita eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren zehaztapenak; nolanahi ere, horrek ez du kentzen indarreko legeen arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra; batez ere, ingurumen baimen bateratua eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoan lortu behar diren baimenak lortzekoa.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. Tuterako lohien planta zentralizatuaren proiektuak (II. fasea, HUAn lohiak tratatzea), NILSAk sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ondare historikoari buruz indarrean den legedia betez, obrak egin bitartean hondar arkeologikorik agertuko balitz, Nafarroako Gobernuaren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri emanen zaio (emaila: arqueologia@navarra.es).

–Uholde zona, polizia eremua eta jabari publiko hidraulikoa handitzeari buruzko xedapenari dagokionez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak behar duen baimenaren edo txostenaren mende geldituko da jarduketa. Gainera, Klima Aldaketaren Bulegoaren Zerbitzuak 2024ko urtarrilaren 16ko txostenean adierazi zuen bezala, drainatze, defentsa eta babes neurriak hartuko dira Ebro ibaiaren KBEaren ingurumen balioak kaltetzen ahal duten balizko aldizkako uholdearen arriskuak minimizatzeko.

–Plantaren I. fasea Tuterako HUAren funtsezko aldaketa gisa baimendu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren zuzendariaren abuztuaren 16ko 271E/2023 Ebazpenaren VI. eranskinean, Ingurumen ukipenen txostenean, jasotzen diren ingurumen zaintzako, ingurune naturala babesteko, zuzentzeko eta landareztatzeko neurriak ez ezik, ingurumen inpaktuaren txosten honen xede den II. faseari dagozkionak ere bete beharko dira, aurkeztu den ingurumen dokumentazioan bildu direnak.

–Obrak hasi aurretik, faunan aditua den pertsona batek desmuntatuko diren iparraldeko erretena eta eraikin txikiak gainbegiratuko ditu bermatzeko ez dagoela intereseko edo katalogatutako faunaren arrastorik eta, izanez gero, fauna talde horiei kalteak galarazteko neurriak zehaztuko ditu.

Erretena kentzeko lanak bisoi europarraren umatze alditik kanpo eginen dira, hau da, apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko alditik kanpo, nahiz eta beste neurri batzuk hartzen ahalko diren, aurreko apartatuan azaldutako gainbegiratzearen ondorioz.

–Neurri horiek beste hauekin osatu eta zabaldu beharko dira:

  • Birjarriko den erretenaren zatia basa faunarentzako tranpa bihurtzea galarazteko, batez ere, bisoi europarrarentzako, ahal bada ez da hormigoiz estaliko eta ertzak egoera naturalean utziko dira. Hormigoiz estalikoa proiektatuz gero, ahal bada ebakidura trapezoidala izanen du eta bi ertzak egoera naturalean utziko dira. Azkenean, U formako ebakidurakoa proiektatzen bada, erretenaren zati berriak fauna mota horrentzako hiru irteera eta ihes egitura izanen ditu, elkarren artean distantziakideak izanen direnak. Hori diseinatzeko kontsultatzen ahalko da "Jarraibide eta gomendio teknikoak bisoi europarra eta haren habitatak zaintzeko" dokumentua (Nafarroako Gobernua. Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, SA. 2019), esteka honetan eskuragarri dagoena: https://www.gan-nik.es/es/publicaciones (5. kapitulua, 3. irudia).
  • Plantaren hego-mendebaldeko La Mosquera erretenean estaltzea proposatu den 56 metro inguruko zatiaren ertzetan ere begiratuko da bisoi europarraren presentziarik dagoen eta, izanez gero, obren egutegia mugatuko da espezie hori babesteko.
  • Plantaren II. fasearen hego-ekialdetik igarotzen den La Mosquera erretenaren gainerakoan, bisoi europarrarentzako bi ihesbide instalatuko dira, bata estaliko den zatiaren amaieran eta bestea plantaren ekialdeko muturrean.
  • Urbanizazioaren iparraldeko laboreen ertzetan dauden zuhaitzak (intxaurrondoak, pikondoak, makal beltzak, etab.) proposatutako lorategietan integratzeko ahalegina eginen da.
  • Behar bezala leheneratuko dira eta landareztatze egokirako belar espezie autoktonoz ereinen dira plantaren elementuen arteko espazio urbanizatu gabeak, batez ere, La Mosquera erretenaren iparraldeko zerrenda, lubakiko bidetik nekazaritza biderako sarbide berriaren ingurua (Tuterako 29. poligonoko 88., 91. eta 93. lurzatiak) eta proiektatutako landaketetarako lurzatiak.
  • Behar bezala leheneratu eta landareztatuko da Tuterako 29. poligonoaren 349. lurzatiaren iparraldea, egun narriatuta dagoena eta hormigoi hondar handiak dituena.
  • Hondeaketatik sobratzen den lurra baimendutako kudeatzaile batek eramanen du, eta horren helmuga lehenetsiak izanen dira inguruko espazio degradatuak leheneratzea, ondoren balioztatzeko "lurren poltsa" edo, halakorik ez bada, baimendutako zabortegia.

–Sustatzaileak Basozainei inguruabarren bat (obra hasiera, etab.) ohartarazi behar badio, harremanetan jarriko da Tuterako barrutiarekin mezu elektronikoz (gmatudela@navarra.es) edo telefonoz (948847033 / 609904957).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Tuterako Udalari, Basozainei (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA INGURUMEN NEURRIAREN LABURPENA

Tuterako hondakin uren araztegiak (HUA), 2001az geroztik funtzionatzen duenak, bere lohiei eta Nafarroako hegoaldeko beste araztegi batzuetatik datozenei digestio aerobiko termofilo autosostengatua egiten die. Horren ondotik, zentrifugatu eta biltegiratu egiten ditu, ondoren baimendutako kudeatzaileak gestionatzeko eta garraiatzeko.

2019-2030 aldirako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailea betez, lohi horien tratamendua hobetzea proposatu da, HUAn planta zentralizatu bat instalatuz, non biogasa sortuko baita, lohien digestio anaerobiko termofilo eta postdigestio bidez. Gas hori garbitu eta hobetu ondoren, biometano moduan txertatuko da inguruko gas naturalaren sarean. Urtean 170.000 Tmh kudeatzea eta 240,3 Nm³/h biometano sortzea aurreikusi da.

Planta berriak ia lauak diren lurren 31.000 m² inguru hartuko ditu, HUAren ondoan, ekialdera, zeuden baratze tradizionaletan. Hala, HUAn integratuta geratuko da. Bi fasetan proiektatu da, eta bigarrena da txosten honetan aztertu dena. Lehenengo faseak (lohiak metatzeko, loditzeko eta zentrifugatzeko elementuak eta lerroak) 15.000 m² inguru hartuko ditu (Tuterako 29. poligonoko 86., 87. eta 349. lurzatiak). Bigarren faseak (lehen fasetik eratorritako lohien digestio anaerobikorako eta sortutako gasa garbitzeko eta hobetzeko instalazioak) 16.000 m² inguru hartuko ditu (Tuterako 29. poligonoko 88., 104., 105., 106. eta 328. lurzatiak).

Urbanizazio lanak egitean, proiektuko inguruan zabaldegi bat utziko da, itsas mailaren gainetik 252,85 metrora, hau da, jatorrizko lurraren kotatik gora. Aurretik, ingurua sastrakaz garbituko dute, dauden etxola txikiak eta hesiak eraitsi, zuhaitzak ebaki eta motzondoak aterako dituzte. Gero, barruko bideak eta plantako elementuak kokatzeko espazioak zehaztuko dituzte.

Lurra gordeko da, obrek eragindako ingurua leheneratzeko eta landareztatzeko. Hondeaketetatik sobratzen diren lurrak eta eraikuntzatik eta eraispenetik sortzen diren bestelako hondakinak indarrean den araudia betez kudeatuko dira.

Plantak izanen ditu kanpoko lohiak hartzeko eta horiei aurretratamendua egiteko eraikin bat, kanpoko lohiak hartzeko andel bat, bahetutako kanpo lohien andel bat, lohi likidoak nahasteko tanga bat, hiru digestore anaerobiko (laugarren digestore baterako espazioa aurreikusi da), bi trukagailuak eta ponpatzaileak hartuko dituen eraikina, postdigestio tanga bat eta desodorizazio unitate bat. Plantaren ekialdean, biogasa garbitzeko eta hobetzeko (upgrading) instalazioak, injekzio modulua, zuzia eta biomasaren galdararako eta biogasaren galdararako eraikina proiektatu dira. Plantaren elementuak elkarren artean komunikatzeko, zerbitzu galeria ireki bat eraikiko da hormigoiz lehen fasean diseinatutako galeriari lotuta.

Instalazioak bihurdura bakuneko sarezko itxitura izanen du. Halaber, handitzearen perimetroaren iparraldean eta ekialdearen lorategiak jarriko dituzte makal beltzen zerrendekin, eta zerrenda horien eta instalazioaren artean olibondo lerro batzuk landatuko/birlandatuko dituzte.

Instalazio berriak uholde arriskuko inguru batean daudenez, dokumentazioan adierazi da instalazioek 638/2016 Errege Dekretuan ezarritako irizpide teknikoak beteko dituztela. Baina egun dauden instalazioei erantsiko zaizkiela kontuan hartuta, ez da inguru hurbileko uholde arriskua handituko, eta ez da funtsezko aldaketarik izanen ur-lasterraren zirkulazioan. Hala ere, adierazi da gomendagarria dela drainatze neurriak edo bestelakoak hartzea, aldizkako balizko uholdeen arriskuak minimizatzeko.

Eraikinak hormigoizkoak izanen dira eta teilatuak xaflazkoak eta bi isurkikoak. Tangen, andelen eta digestoreen gorputza zilindrikoa izanen da, hormigoizkoak horiek ere, eta 7 eta 10 metro bitarteko garaiera izanen dute. Digestoreek eta postdigestio tangak mintz bikoitzeko gasometroa izanen dute. Horren kupularen gehieneko altuera 7,88 metrokoa izanen da hormen koroatzearen gainetik.

Motaren arabera sailkatutako lohiak harrera eraikineko toberetan edo plantaren bestelako tangetan nahastu eta epelduko dira, digestoreetara ponpatu aurretik. Digestioaren ondotik, postdigestio tangan bilduko dira ezarritako espezifikazio tekniko guztiak bete arte. Tuteran eguzkitan lehortzeko planta bat eraikitzen den artean, postdigestioaren ondoren, lohi guztiak baimendutako kudeatzaile batek eramanen ditu. Gasometroetan ekoitzitako eta biltegiratutako biogasa, chiller-ean hoztu ondoren, desulfuratu eginen da eta gero horren kalitatea hobetuko da sarean biometano gisa injektatu ahal izateko. Upgradinga etenez gero sortuko den biogasa erreko da zuzian. Desodorizatze sistema bat proiektatuko da, desodorizatu beharreko elementu bakoitzean erauzketa motor bat jarriz (nahasketa tanga, harrera eraikina eta lohien aurretiko tratamendua).

Plantaren hegoaldean La Mosquera erretenaren 56 metro inguruko zati bat estaliko da. Araztegiaren eta handitze-inguruaren iparraldeko mugan, mendebaldetik ekialderako bide bat dago, baita erreten bat ere bide horrekiko paraleloan. Urbanizazioaren ekialdeko zatiak bi azpiegiturak hartuko ditu.

Horregatik, proposatu da hartuko den erretenaren iparraldeko zatia ordeztea, horrekiko paraleloan eta iparraldera, kanalizatutako 120 metroko beste zati bat eraikiz. Inguruaren irisgarritasunari eusteko, 90 metroko sarbide berri bat gauzatuko da, plantaren ekialdean dagoen hartuko ez den bidearen zatitik, lubakiaren bideraino. Estali gabeko erretena kenduko da bisoi europarraren umetze-alditik kanpo (apirilaren 1etik abuztuaren 31ra).

Neurri zuzentzaileen artean, proposatutako landareztatzeaz eta bisoi europarra babesteko obren egutegia mugatzeaz gainera, gutxienez 48 orduko tartea utziko da zuhaixkak garbitzen direnetik makinak sartu arte. Proiektuaren ingurumen zaintzari dagokionez, ingurumen baimen bateratuan ezarriko diren ingurumen kalitatearekin loturiko neurriez gain (kutsadura, isuriak, hondakinak, usainak, etab.), ingurune naturala babesteko beste zaintza neurri batzuk planteatuko dira. Besteak beste, proposatu da obrak hasi aurretik Basozainei ohartaraziko zaiela aurretiko ikuskapena egin dezaten eta egiazta dezaten intereseko fauna ez kaltetzeko behar diren neurriak hartu direla eta, behar izanez gero, beste batzuk eman ditzaten.

Iragarkiaren kodea: F2405225