76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

104E/2024 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 1537/2011 Ebazpenaren bidez eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez aldatu zena, eta geroago, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2024ko otsailaren 15ean, titularrak bere instalazioaren ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek:

–97. fokua kentzea, N2A nabeko erregailua desmuntatzeagatik.

–103. eta 104. fokuak berriz katalogatzea, aurretik oker erregistratu zirelako, horietan ez baita errekuntzarik egiten.

–Hondakin berri bat sartzea, 160114* EHZ kodea duena (Substantzia arriskutsuak dituzten izotz-kontrakoak), klimatizazio-sistemaren aldizkako garbiketetatik datorrena. EHZ kode horren bidez, EHZ 161001* kodea ordeztu nahi da, R2 kudeaketa-eragiketa sartu ahal izateko, zeina 160114* EHZ kodeari lotuta baitago.

–Ultrairagazketarako instalazioaren kokapena zuzentzea, ez baitagokio industriako hondakin-uren araztegiari, ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean adierazten den bezala, baizik eta TTS-KTL lerroari.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu egin du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du EHZ kode berria ez datorrela bat bete-betean tratatu beharreko hondakinaren jatorriarekin. Horregatik, erabaki da R2 eragiketa baimentzea lehendik dagoen 161001* EHZ kodearen barruan, 160114* EHZ hondakin berria baimendu beharrean. Gainerako aldaketei dagokienez, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak ondorioztatu du onargarriak direla, bat datozelako instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Partez onartzea Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2404889