76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102/2024 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Lanbide Heziketaren, Digitalizazioaren eta Hezkuntza Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan funts publikoez sostengatzen diren unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako irakasleen irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatu, ziurtatu eta onartzeko prozedura onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak esaten du etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra dela, eta hezkuntza administrazioen eta ikastetxeen ardura. Hirugarren apartatuan xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera eta digitalizazioaren arloko prestakuntza sustatuko dituzte, berariazko prestakuntza programak ezarriz.

Era berean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 111 bis.5 artikuluak ezartzen duenez, ikastetxeetako hezkuntza administrazioek eta zuzendaritza taldeek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatuko dute ikasgelan, irakaskuntza eta ikaskuntza lanak egiteko baliabide didaktiko egoki eta baliotsu gisa. Halaber, seigarren apartatuan ezartzen du Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren, irakaskuntzako konpetentzia digitalaren erreferentzia esparruak prestatu eta berrikusiko dituela.

Testuinguru horretan, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 83.2 artikuluak xedatzen du irakasleek konpetentzia digitalak jasoko dituztela, eta orobat, balioak eta eskubideak irakasteko eta transmititzeko beharrezko prestakuntza ere jasoko dutela. Ildo horretatik, haurrak eta nerabeak indarkeriatik erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, 33. artikuluan, ezartzen du administrazio publikoek bermatuko dutela ikasleak gizarte digitalean erabat integratzea eta prestakuntza ematea bitarteko digitalen erabilera segurua eta errespetuzkoa izan dadin giza duintasuna, balio konstituzionalak, oinarrizko eskubideak eta, bereziki, datu pertsonalekiko eta familiarrekiko errespetua eta bermea aintzat hartuta.

Beraz, hortik ondorioztatzen da beharrezkoa dela hezkuntza sistemak gizarte errealitate horri erantzutea eta konpetentzia digitalaren ikuspegi modernoagoa eta zabalagoa hartzea, etengabeko ikaskuntzarako funtsezkoak diren konpetentziei buruzko Europako gomendioei jarraituz. Egoera berri horretan, hezkuntza sistemaren helburuetako bat hezkuntza maila guztietan konpetentzia digitala garatzea da, bai eduki espezifikoen bidez, bai zeharkako ikuspegi baten bidez, eta arreta berezia jarri behar zaio genero arrakala digitala ixteari.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko Ebaluaziorako eta Lurralde Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 4ko ebazpenak Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Akordioa argitaratu zuen. Haren bidez, Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparrua (IKDEE) eguneratu eta irakaskuntzarako konpetentzia digitalaren egiaztatze mailak ezarri ziren.

Jarduketa eremu horretan, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak abiarazi zuen, besteak beste, #CompDigEdu Lurralde Lankidetzako Programa, Irakaskuntzarako Konpetentzia Digitala eskuratzeko eta hobetzeko, Next Generation EU finantzazio tresnaren bidez (Europako Kontseiluak onartua 2020an), eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 19. osagaiaren barruan, "Konpetentzia digitalen Plan Nazionala".

Bere eskumenen esparruan, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak txostena aurkeztu du, eta bertan proposatu du ebazpen baten bidez arautzea Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoen bidez finantzatzen diren unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako irakasleen irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatu, ziurtatu eta aitortzeko prozedura.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren kreditazioa lortzeko prozedura onestea eta deialdia egitea, dagozkion eranskinekin batera, garapen honen arabera:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da irakaskuntzarako konpetentzia digitala egiaztatzeko prozesuko jarraibide erregulatzaileak ezartzea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan. Prozedura hori bat dator Ebaluaziorako eta Lurralde Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiak 2022ko uztailaren 1ean emandako ebazpenaren bidez adostutako oinarrizko printzipioekin; haren bidez argitaratu zen Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean irakaskuntzako konpetentzia digitala ziurtatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko lortutako akordioa.

Bigarrena.–Aplikazio esparrua.

Ebazpen honetan ezarritako prozedurek eta bertan jasotzen diren irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatu eta onartzearen ondorioek Nafarroako Foru Komunitatean eta lurralde nazional osoan dute eragina eta balioa.

Hirugarrena.–Hartzaileak.

1. Xedapen hau aplikagarria izanen da Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetan lan egiten duten irakasleen kidegoko kideentzat, eta orobat, atzerrian ari diren irakasleentzat eta Nafarroako Gobernuko Administrazioan lan egiten dutenentzat ere.

2. Prozedura honetan parte hartzen ahalko dute 2016-2017 ikasturtetik egoera hauetakoren batean dauden irakasleek:

a) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako irakaskuntzetako irakasle funtzionarioa izatea, eta zerbitzu aktiboan egotea edo Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86.-89. artikuluetan deskribatutako administrazio egoeretako batean egotea.

b) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako irakaskuntzak ematen aritzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean.

c) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa egiaztatzea eta Nafarroako Foru Komunitatean izatea bizilekua.

3. Era berean, aipagarria da ebazpen hau irakaskuntzako konpetentzia digitaleko A1 eta A2 mailen egiaztapenean aplikatzen ahalko dela, irakaskuntzan aktiboki ez egonda ere irakaskuntzan sartzeko eskatzen den titulazioa dutela frogatzen duten eta bizilekua Foru Komunitatean duten pertsonentzat.

Laugarrena.–Printzipio orokorrak.

1. Irakaskuntzako konpetentzia digitalaren egiaztapena eginen da Ebaluaziorako eta Lurralde Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko uztailaren 1eko ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren modalitateak erabiliz. Modalitate horietan sartzen dira:

a) Prestakuntzaren ziurtagiria.

b) Berariazko proba bat gainditzea.

c) Irakaskuntzan aritzeko gaitasuna ematen duten titulu ofizialak izatea.

d) Lanaren gaineko behaketaren bidezko ebaluazioa.

e) Ebidentzien analisia eta baliozkotzea.

2. Horretarako, erreferentzia gisa hartuko dira indarrean dagoen irakaskuntzako konpetentzia digitalaren erreferentzia esparruan azaltzen diren arloak, konpetentziak, etapak, progresio mailak eta lorpenaren adierazleak.

3. Egiaztatzeko prozedura gauzatuko da berdintasun, publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera, eta egin beharreko proban jasoko dira egokitzapena bermatzeko behar diren neurriak. Gainera, prozesu horren oinarri izanen dira printzipio hauek: aukera berdintasuna, diskriminaziorik eza, irisgarritasun unibertsala eta desabantailen konpentsazioa, indarrean dagoen araudiaren arabera.

4. Irakaskuntzako konpetentzia digitalaren maila guztiak egiaztatzen dituen egiaztagiria bi modalitateren bidez lortzen ahalko da:

a) Ofizioz, irakaskuntzarako konpetentzia digitalaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak emana, irakasle hauentzat:

i.–Nafarroako Foru Komunitateko baliabide publikoekin finantzatutako ikastetxeetan ari direnak, unibertsitateko irakaskuntzaz besteko hezkuntza mailetan, eta Hezkuntza Departamentuak eskaintzen duen Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren profilak egiaztatzeko berariazko prestakuntza egin dutenak.

ii.–Ikastetxe publikoetan lanpostu osagarri bat bete dutenak, I. eta II. eranskinetan zehazten denaren arabera, bi ikasturte osoz jarraian, 2016-2017 ikasturtetik aurrera.

b) Interesdunak aurkeztutako eskabide baten bidez, horretarako aldez aurretik eskatuta.

5. Interesa duten irakasleek aurkeztu beharko dute, aitorpen eskaerarekin batera, dokumentazio hau: deialdia egin duen hezkuntza administrazioak edo unibertsitate batek emandako ziurtagiri, titulu edo diplomaren kopia bat, non egiaztatzen den irakaskuntzako konpetentzia digitalaren maila osoa aldez aurretik aitortua duela, indarrean dagoen Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparruan (IKDEE) ezarritakoaren arabera.

6. Prozedura tramitatzean datu pertsonalen edonolako tratamendua egin behar bada, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Prozeduraren tramitazioa telematikoa izanen da, eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean modu iraunkorrean argitaratuta egonen den fitxaren bidez eginen da: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

2. Eskatzaileek eskatzen diren baldintza guztiak beteta izan beharko dituzte, deialdi bakoitzean eskaerak aurkezteko epearen azkeneko egunean. Nabarmentzekoa da aintzat hartuko dela soilik aurkeztutako eskaeran behar bezala aipatzen den dokumentazioa.

Seigarrena.–Egiaztagiriak.

1. Eskaerekin batera, merezimendu akademikoak, prestakuntzakoak eta profesionalak aurkeztu beharko dira, deialdian ezarritakoaren arabera.

2. Atzerrian emandako titulazioen kasuan, behar bezala legeztatuta aurkeztu behar dira. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Zazpigarrena.–Eskaerak onartzea.

1. Deialdi bakoitzeko eskaerak aurkezteko epea bukatuta, instrukzio organoak egiaztatuko du eskatzaileek parte hartzeko eskatzen zaizkien baldintzak betetzen dituztela. Halaber, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, eta azken kasu horretan, baztertzeko arrazoien deskribapen zehatza eskainiko du.

2. Batzordeak epe hauetan aztertu eta ebatziko ditu eskaerak:

a) Ekainaren 1etik abenduaren 31ra bitartean aurkeztutako eskaerak hurrengo urtarrilaren lehen hamabostaldian ebatziko ditu Batzordeak.

b) Urtarrilaren 1etik apirilaren 31ra bitartean aurkeztutako eskaerak maiatzaren lehen hamabostaldian ebatziko dira.

c) Antolaketa arrazoiengatik, deialdi gehiago egiten ahalko dira.

3. Eskatzaileek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak argitaratzen direnetik hasita, behar diren zuzenketak egiteko, baztertuta geratu diren eskaeretan.

4. Aurkezten diren zuzenketak ebaluatu eginen dira, eta haien onespena edo ezespena onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean adieraziko da.

Zortzigarrena.–Erregistroa.

1. Ebazpen honen xedea betetzeko, "Akreditazioak" izeneko menu berri bat ezarri da Nafarroako Komunitateko prestakuntza jardueretan izena emateko plataforman:

http://formacionprofesorado.educacion.navarra.es/web/eu/

2. Irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatzen duten ziurtagiriak modu automatizatuan erregistratuko dira "Akreditazioak" atalean, horrek aukera emanen baitu uneoro jakiteko Nafarroako irakasleen kidegoko konpetentzia digitalaren maila orokorra, arlo eta konpetentzia bakoitzean zehazki, eta prestakuntza digitalean metatutako orduak ere bai.

3. Aplikazioak Irakaskuntzako Konpetentzia Digitala kategoriaren barnean sailkatutako prestakuntza jardueretan egindako ordu guztiei buruzko datuak emanen ditu.

4. Irakasleen prestakuntza planaren kudeaketarako plataformak iragazkiak ezarriko ditu, eta horien bidez hautatzen ahalko dira konpetentzia digitalaren ziurtagiria lortzeko prestakuntza jarduerak, arlo zehatz bakoitza garatzen lagunduko dutenak.

5. Modulu hau Nafarroan profil espezifikoen egiaztapenaz arduratzen diren gainerako aplikazioekin koordinatuko da.

6. Aplikazioak aukera emanen du ebazpen honen onuradunek, aplikazio horretatik zuzenean, beraiek lortutako maila osoari dagokion egiaztapen-ziurtagiria deskargatzeko.

Bederatzigarrena.–Irakaskuntzako konpetentzia digitala onartzeko batzordeak.

1. Agindu honetan aipatzen diren modalitateetako egiaztapen prozedura egiaztatze batzordeek eramanen dute.

2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 20. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, aipatutako batzordeak kide anitzeko organoak izanen dira.

3. Modalitate bakoitzeko eskatzaile kopuruaren arabera erabakiko da zenbat egiaztatze batzorde eratu behar diren.

4. Batzordeetako kideak karrerako funtzionarioak izanen dira, lanean ari diren irakasle funtzionarioen kidegoetakoak, Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruaren barnean.

5. Egiaztatze batzordeetan batzordeburu bat eta gutxienez bi kide izanen dira, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiko titularrak izendatuak.

6. Batzordeek kide kopuru bakoitia izanen dute, hirukoa gutxienez. Batzordeen osaera Hezkuntza Departamentuaren Atarian argitaratuko da.

7. Idazkaria, hitza eta botoa duena, kidegoan antzinatasunik txikiena duen kidea izanen da, batzordeak bestelakorik erabaki ezean.

8. Egiaztapen batzordeak, deialdia egin duen organoaren berariazko baimenarekin, hezkuntza teknologietan adituak diren aholkularien laguntza baliatzen ahalko du, haien esku-hartzea batzordeak agintzen dizkien eginkizunetara mugatuta.

9. Irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatzeko batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eskatzaileek frogatutako agiriak edo merezimenduak baloratzea deialdian ezarritako irizpideen arabera.

b) Behar izanez gero, eskaeretan alegatutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak eskatzea.

c) Irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatzeko irizpideak ezartzea, hala ezarrita dagoen egiaztatze prozeduretan.

d) Irakaskuntzako konpetentzia digitala egiaztatzeko aurkezten diren eskaerak ebaztea.

e) Batzordearen beraren egintzen aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

f) Irakaskuntzako konpetentzia digitalaz arduratzen den Zuzendaritza Nagusiari bidaltzea egiaztatutako eskatzaileen zerrenda.

g) Ebazpen honetan jasotzen diren beste hainbat eginkizun, eta berez dagozkion funtzioak betetzeko beharrezkoak izaten ahal direnak.

Hamargarrena.–Egiaztagiriaren eredua.

Egiaztagiriak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak ebazpen honen III. eranskinean ezarritako eredu ofiziala erabili beharko du, atal hauek barne:

a) Egiaztagiriaren izena "Irakaskuntzako konpetentzia digitalaren mailaren egiaztagiria" izanen da.

b) Ebazpen honen aipamena.

c) Egiaztatzeko erabilitako prozeduraren modalitatea.

d) Irakaskuntzako konpetentzia digitalaren maila egiaztatua: A1, A2, B1, B2, C1, C2.

e) «Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa», egiaztapen hori emateko arduraduna baita.

f) Egiaztagiria erakusten duen pertsonaren datuak (izen-deiturak, NAN).

g) Egiaztagiriaren data.

h) Baliozkotze kodea (Baliozkotze Kode Segurua).

i) Irakaskuntzarako konpetentzia digitalaren C2 maila egiaztatuz gero, egiaztatutako arloari buruzko aipamena bakarrik sartuko da.

2. Ebazpen honek eta bere eranskinek ez dute administrazio bidea amaitzen eta berauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, eta Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura.

Iruñean, 2024ko martxoaren 21ean.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

I. ERANSKINA.–EGIAZTATZEKO PROZEDURAK, IRAKASKUNTZAKO KONPETENTZIA DIGITALAREN MAILEN ARABERA

A1

–Irakaskuntzan aritzeko gaitasuna ematen duten unibertsitate titulazio ofizialak; hezkuntza teknologiei buruzko aipamenak, maisu-maistra graduan; edo unibertsitateko master ofiziala, irakaskuntzako konpetentzia digitalaren arloan, ikasgelan teknologiak erabiltzeko; betiere, indarrean dagoen Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparruaren konpetentzien garapenean A1 mailako arlo guztiak betetzen badituzte, eta hala jasota badago ikasketa planetan.

–Prestakuntzaren egiaztagiria: gutxienez 40 orduko iraupena izan duten prestakuntza jarduerak frogatzea, maila honetako arlo guztiak hartuta eta Hezkuntza Administrazioak horretarako onartutakoak.

–Prestakuntzaren egiaztagiria: "Laborategiak 1 eta 2", "HLOALO legea ezagutzeko lehen urratsak, aldaketarako aukera bat" eta "Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren egiaztagiria A1"; ikasNOVAK ematen du, prestakuntza plataformatik.

–A1 maila egiaztatzeko berariazko proba.

A2

–Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzan aritzeko gaitzen dutenak; hezkuntza teknologiei buruzko aipamenak, maisu-maistra graduan; edo unibertsitateko master ofiziala irakaskuntzako konpetentzia digitalaren arloan, ikasgelan teknologiak erabiltzeko; betiere, A2 mailako arlo guztiak betetzen badituzte indarrean dagoen Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparruaren konpetentzien garapenean, eta hala jasota badago ikasketa planetan.

–Prestakuntzaren egiaztagiria: gutxienez 50 orduko iraupena izan duten prestakuntza jarduerak frogatzea, maila honetako arlo guztiak hartuta eta Hezkuntza Administrazioak horretarako onartutakoak.

–Prestakuntzaren egiaztagiria: Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren A2 mailako egiaztagiria lortzeko tutoretzapeko ikastaroa; ikasNOVAK ematen du, prestakuntza plataformatik.

–Prestakuntzaren egiaztagiria eta emandako eginkizunak gainditzea: Mintegia ikastetxean, A2 mailako IKD egiaztatzeko.

–A2 maila egiaztatzeko berariazko proba.

B1

–Prestakuntzaren egiaztagiria: gutxienez 60 orduko iraupena izan duten prestakuntza jarduerak frogatzea, maila honetako arlo guztiak hartuta eta Hezkuntza Administrazioak horretarako onartutakoak.

–Prestakunzaren egiaztagiria: B1 mailako IKD egiaztatzeko tutoretzapeko ikastaroa; ikasNOVAk ematen du, prestakuntza plataformatik.

–Prestakuntzaren egiaztagiria eta emandako eginkizunak gainditzea: B1 mailako IKD egiaztatzeko mintegia ikastetxean.

–B1 maila egiaztatzeko berariazko proba eta indarrean dagoen IKDEEren B1 mailaren ebaluazioa gainditzea, lanaren behaketaren bidez, luze gabe argitaratuko den ebaluazio publikoko gida bati jarraituz.

–eTwinning proiektuetan parte hartu izatea, kalitate zigiluarekin, 2020tik aurrera, eta gutxienez 18 puntu lortu izatea, IKDEE eta eTwinning kalitate zigiluaren arteko loturari buruz INTEFek emandako txostenean jasotzen denaren arabera.

–Ofizioz emanen zaie egiaztagiria 2016-2017 ikasturtetik aurrera bi ikasturte osoz, jarraian, II. eranskineko 1. apartatuan deskribatutako lanpostu osagarrietako batean ikastetxe publiko batean irakaskuntzan aritu diren irakasleei.

B2

–Prestakuntzaren egiaztagiria: gutxienez 70 orduko iraupena izan duten prestakuntza jarduerak frogatzea, maila honetako arlo guztiak hartuta eta Hezkuntza Administrazioak horretarako onartutakoak.

–Prestakunzaren egiaztagiria: IKDren B2 mailako egiaztagiria lortzeko tutoretzapeko ikastaroa; ikasNOVAK ematen du, prestakuntza plataformatik.

–B2 maila egiaztatzeko berariazko proba eta indarrean dagoen IKDEEren B2 mailaren ebaluazioa gainditzea, lanaren behaketaren bidez, luze gabe argitaratuko den ebaluazio publikoko gida bati jarraituz.

–Ofizioz emanen zaie egiaztagiria 2016-2017 ikasturtetik aurrera bi ikasturte osoz, jarraian, II. eranskineko 2. apartatuan deskribatutako lanpostu osagarrietako batean ikastetxe publiko batean irakaskuntzan aritu diren irakasleei.

C1

–Indarrean dagoen IKDEEren C1 mailaren ebaluazioa gainditzea, lanaren behaketaren bidez, luze gabe argitaratuko den ebaluazio gidari jarraiki. Gida horretan, beste ebidentzia batzuez gain, hauek ere baloratuko dira:

• Irakaskuntzako konpetentzia digitalarekin lotutako prestakuntzan 100 orduko tutoretza eginaizatea.

• Eta/edo gutxienez 20 orduz aritu izatea txostengile gisa, IKDEEko arlo bakoitzeko konpetentzia bat gutxienez landuz.

–Irakaskuntzako konpetentzia digitalekin lotura duten ebidentzia dokumentatuen azterketa, arlo hauetan:

a) Hezkuntza administrazioek emandako sari izendunak.

b) Argitalpen Ofizialen Identifikazio Zenbakia (NIPO) eta/edo ISBN, ISSN, DOI edo URL duten argitalpenak.

c) Irakaskuntzako konpetentzia digitalari lotutako ikerketa eta berrikuntza proiektu kolektiboetan parte hartzea.

d) C1 maila frogatzen duen beste edozein ebidentzia.

–2021-2022 ikasturtetik aurrera eTwinning proiektuen enbaxadorea izatea eta ebaluazio gidan ezarritako baldintzak betetzea.

–IKDko C1 maila ofizioz egiaztatuko zaie 2016-2017 ikasturtetik aurrera bi ikasturte osoz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan Hezkuntza arloko Teknologien aholkulari aritu izan direnei.

C2

C2 maila arloka egiaztatzen ahalko da, hauen bidez:

–Indarrean dagoen IKDEEren C2 mailaren ebaluazioa gainditzea, lana behatuz, laster argitaratuko den ebaluazio gidaren arabera.

–2026-2017 ikasturtetik aurrera lortutako irakaskuntzako konpetentzia digitalekin lotura zehatza duten ebidentzia dokumentatuen analisia, gai hauekin lotutakoak badira:

a) Hezkuntza administrazioek emandako sari izendunak.

b) Argitalpen Ofizialen Identifikazio Zenbakia (NIPO) eta/edo ISBN, ISSN, DOI edo URL duten argitalpenak.

c) Estatuko nahiz nazioarte mailako ospe handiko kongresuetan txostengile gisa parte hartzea.

d) Irakaskuntzako konpetentzia digitalarekin lotutako hezkuntza ikerketa eta berrikuntza proiektuen koordinatzaile eta egile izatea.

e) Hezkuntza administrazioek emandako egiaztagiriak izatea, hezkuntza arlora hobekuntza adierazgarriak ekarri izanagatik.

f) Lanbidean egindako ibilbidea ebaluatzeko curriculuma.

g) C2 maila frogatzen duen beste edozein ebidentzia.

II. ERANSKINA

1. apartatua.–B1 maila egiaztatzen duten lanpostu osagarriak.

–Ikastetxeko Plan Digitalaren arduraduna.

–IkasNOVAko ikasgelako koordinatzailea.

2. apartatua.–B2 maila egiaztatzen duten lanpostu osagarriak.

–Hezkuntzako Teknologietako koordinatzaileak.

–IkasNOVA-Hezkuntzako Eraldaketa Digitalaren arduradunak.

III. ERANSKINA.–IRAKASKUNTZAKO KONPETENTZIA DIGITALAREN MAILAKO EGIAZTAGIRI EREDUA

.......................................

(Arduradun sinatzailea)

ADITZERA EMATEN DUT:

[Irakaslearen izena]-(a)ri, [Agiri-mota] identifikazio agiria duenari, [Agiri-zenbakia] zenbakiarekin, egiaztatu zaiola IRAKASKUNTZAKO KONPETENTZIA DIGITALAREN MAILA HAU (A1, A2, B1, B2, C1) edo C2 mailako ARLO HAU [arloa zehaztu], modalitate honetan [egiaztatze modalitatea] erabilitako egiaztapen prozedura gisa, indarreko irakaskuntzako konpetentzia digitalaren erreferentziako esparruarekin (1) bat eginez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak [urtea]-ko [hilabetea]-ren [eguna]-(e)an emandako ebazpenean xedatzen denaren arabera.

.......................(e)(a)n, .........(e)ko ...................-(a)ren .........(e)(a)n.

...................................... (arduradun sinatzailea)

Egiaztagiri hori Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak eman du eta Irakasleen Etengabeko Prestakuntzaren Erregistroan inskribatu da, zenbaki honekin: ....................

(1) Ebaluaziorako eta Lurralde Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2022ko maiatzaren 4koa, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren akordioa argitaratzen duena, irakaskuntzako konpetentzia digitalaren erreferentzia esparrua eguneratzeari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F2405172