76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86/2024 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko ebaluazioa (USE) egiteko jarraibideak 2023-2024 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatutako testuaren arabera) 36 bis artikuluan xedatzen du banakako ebaluazio bat egitea Batxilergoko etapa bukatutakoan.

Xedapen hori garatzeko, uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua eman zen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren amaierako ebaluazioak arautzen dituena. Dekretu horrek garai hartako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari agindu zion ebaluazio horretarako proben ezaugarriak, diseinua eta edukia zehazteko ikasturte bakoitzerako, ministro agindu baten bidez, bai eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ere.

Geroago, abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez premiazko neurriak ezarri baitziren Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzearren, 1. artikuluan, lege organiko horren azken xedapenetako bosgarrena aldatu zuen, eta 3. apartatuaren idazketa berrian xedatu zuen ezen, Hezkuntzarako Estatu Itun Sozial eta Politikoaren ondoriozko araudia indarrean sartu arte, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36 bis artikuluan araututako Batxilergoaren ebaluazioa ez zela beharrezkoa izanen batxiler-titulua lortzeko, eta, horrenbestez, graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egin nahi dituzten ikasleei bakarrik eginen zaiela proba hori.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak 38. artikulua aldatu zuen, eta ezarri zuen ezen, unibertsitate ikasketak egiteko, proba bat gainditu beharko dela. Proba horrek, Batxilergoan lortutako kalifikazioekin batera, honako hauek baloratuko ditu: heldutasun akademikoa, Batxilergoan eskuratutako ezagutzak eta unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko gaitasuna. Era berean, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenaren 7. apartatuak proba hori ezartzeko egutegia finkatzen du, eta adierazten du 38. artikuluan egindako aldaketak 2023/2024 ikasturtean hasiko direla aplikatzen.

Hala ere, Diputatuen Kongresua eta Senatua desegiteari buruzko eta hauteskundeak deitzeko maiatzaren 29ko 400/2023 Errege Dekretua argitaratu zen, eta uztailaren 24ko 695/2023 Errege Dekretuak, Gobernuko kideen kargu-uztea deklaratzen zuena, indarra hartu zuen. Horren ondorioz, Gobernua jardunean hasi zen, eta haren kudeaketa Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 21. artikuluan aipatzen diren gai publikoen kudeaketa arruntera mugatu zen. Egoera horretan, jurisprudentzia doktrinaren arabera, ezinezkoa zen maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluan ezarritako sarrera-proba berria arautzea.

Gobernu berria eratu ondoren (2023/2024 ikasturtea aurreratua zegoen), ezinezkoa denez araudi berriaren tramitazioa behar besteko aurrerapenez osatzea proba behar bezala prestatu eta antolatzeko, gizarteari eta hezkuntza komunitateari jakinarazi behar zaizkie probaren ezaugarriak eta edukia, ikasle guztien aukera berdintasuna ahalik eta gehien bermatzeko, eta, modu horretan, aukera izateko unibertsitate ikasketetara sartzeko eta onartua izateko prozedurei arrakastaz aurre egiteko.

Erregulazio berria argitaratzen ez den bitartean, beharrezkoa da, alde batetik, unibertsitatean sartzeko ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia ezartzea, bai eta ebaluazio hori egiteko eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ebazteko gehieneko epea ere. Bestetik, beharrezkoa da abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari eustea, gutxieneko egokitzapenak eginda, apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuaren ondoriozko antolamendura eta curriculumetara egokitzeko (2023-2024 ikasturtean ezarri da errege dekretu hori).

Horiek horrela, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioak, urtarrilaren 24ko PJC/39/2024 Aginduaren bidez, unibertsitatean sartzeko ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia zehaztu ditu, bai eta lortutako kalifikazioak berrikusteko eta ebazteko gehieneko epea ere, 2023-2024 ikasturtean.

Bestalde, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren 7.1 artikuluan adierazten da unibertsitate publikoek honako hauek ezarriko dituztela: balorazio irizpideak, ikaspostuak esleitzeko lehentasun ordena ezartzeari begira aplikatuko dituzten arauak eta, hala behar denean, baita onartzeko prozedurak ere.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da zehaztea, Nafarroako Foru Komunitaterako, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko Batxilergoaren ebaluazio probak 2023-2024 ikasturtean izanen dituen ezaugarriak, horrela aipatutako araudian ezarritakoa osatzeko eta betetzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko ebaluazioa (USE) egiteko jarraibideak onestea, 2023-2024 ikasturteari dagozkionak. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean zehazten dira.

2. Ebazpen honek eta haren eranskinak ez dute administrazio bidea amaitzen eta beren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.

Iruñean, 2024ko martxoaren 15ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN UNIBERTSITATEAN SARTZEKO EBALUAZIOA (USE) EGITEKO JARRAIBIDEAK, 2023-2024 IKASTURTERAKO

I.–Xedapen orokorrak.

1. Ebazpen honen xedea da jarraibideak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko ebaluazioa (USE) egiteko, 2023-2024 ikasturteari dagokionez, urtarrilaren 24ko PJC/39/2024 Aginduan xedatutako alderdiak zehaztapen gisa.

2. Jarraibide hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen den probarako aplikatuko dira.

3. Ebaluazioaren xedea da ikasleen heldutasun akademikoa eta graduko unibertsitate ikasketak ongi segitzeko duten gaitasuna baloratzea eta ikasketa horietan onartuak izateko eskaerak ordenatzea, eskainitako ikaspostuak esleitzeko.

4. USEa egiteko honako hauek bermatuko dira: aukera berdintasuna, diskriminaziorik ez dela izanen, eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako irisgarritasun unibertsala. Ikasle horien ebaluazioak erreferentziatzat hartuko ditu etapa horretan haientzat egindako curriculumaren egokitzapenak.

II.–USEaren egitura.

5. Batxilergoko bigarren mailako irakasgaien curriculumera egokitu behar da USEa. Hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan arautu da curriculum hori.

6. USEak bi fase izanen ditu: bata nahitaezkoa eta bestea borondatezkoa.

II.1. Nahitaezko fasea:

7. Nahitaezko fasean, ikasleek irakasgai hauetako azterketak izanen dituzte: Gaztelania eta Literatura II, Atzerriko Hizkuntza II eta USErako aukeratutako modalitateko nahitaezko irakasgai espezifikoa. Gainera, Espainiako Historia edo Filosofiaren Historia aztertu beharko da, ikasleak aukeratuta.

Ondorio horietarako, ikasleak egiten duen modalitateko nahitaezko irakasgai espezifikoa, honako hau izanen da:

a) Arteen modalitaterako:

–Arte Plastikoak, Irudia eta Diseinua bidea: Marrazketa Artistikoa II.

–Musika eta Arte Eszenikoak bidea: Musika Analisia II edo Arte Eszenikoak II.

b) Zientzia eta Teknologiaren modalitaterako: Matematika II edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II.

c) Modalitate orokorrerako: Zientzia Orokorrak.

d) Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea: Latina II edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II.

Nahitaezko fasean, ikasleek Atzerriko Hizkuntza II (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana) azterketa eginen dute. Ondorio horietarako, baliozkotzat joko da, halaber, ikasleak Batxilergoko 2. mailako atzerriko bigarren hizkuntzaren ordutegian ikasitako hizkuntza aukeratzea.

8. Nahitaezko fasearen barruan, Euskara eta Literatura II irakasgaiaren curriculumarekin lotutako bosgarren ariketa bat sartuko da, Batxilergoko 2. maila D hizkuntza-ereduan egin duten ikasleentzat. Era berean, A hizkuntza-ereduko ikasleek ariketa hori izanen dute, baldin eta irakasgai hori egitetik salbuetsita ez badaude.

9. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) ezarritako sistematik datozen ikasleak, baldin eta Arteen modalitatea hautatzen badute probarako, eranskin honetako 7.a) apartatuan aipatzen den modalitateko nahitaezko irakasgai espezifikoaren ordez, Artearen Oinarriak II irakasgaia (Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan arautua) edo Oinarri Artistikoak irakasgaia (ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan arautua) aztertu ahal izanen dute.

10. Ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera Batxilergoko titulua lortu duten ikasleek, titulua lortzeko erabili duten modalitateko nahitaezko irakasgai espezifikoaren ordez, Espainiako Historia eta Filosofiaren Historia aukeratu ez duten irakasgaia erabil dezakete.

II.2. Borondatezko fasea:

11. Probaren borondatezko fasera aurkeztu ahal izanen dira unibertsitatean onartua izateko nota hobetu nahi duten ikasleak.

12. Borondatezko fasean, ikasleak gehienez ere hiru irakasgaiko azterketa egin ahal izanen du, honako hauetako bat aukeratuta:

a) Irakasgai komuna, Espainiako Historiaren edo Filosofiaren Historiaren artean aukeratzekoa, deialdi bereko nahitaezko fasean aztertutakoaz bestelakoa.

b) Edozein modalitatetako nahitaezko irakasgai espezifikoak, deialdi bereko nahitaezko fasean aztertutakoaz bestelakoak, eginak izan zein egin gabeak.

c) Batxilergoko 2. mailako edozein modalitatetako irakasgai espezifikoak, eginak izan zein egin gabeak.

d) Atzerriko hizkuntza bat (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana), egina izan zein egin gabea, deialdi bereko nahitaezko fasean aukeratutakoaz bestelakoa.

III.–Azterketak egitea.

13. Ebaluatu beharreko irakasgai bakoitzetik azterketa bat eginen da. Azterketa bakoitzean ikasleek proposamen bakarra izanen dute, zenbait galderarekin.

14. Antolaketa batzordeak igorritako jarraibideekin bat, epaimahaiak ezarriko du zenbat galdera erantzun behar diren, eta ikasleak berak aukeratuko ditu galderak. Galdera horien kopurua ezarrita egonen da halako moduan non ikasleak aukera izanen baitu azterketaren puntuazio altuena lortzeko, zein izan den ere irakaskuntza jasotzeko eta ikasteko ikasleak izan duen egoera, irakaskuntza presentziala bertan behera gelditu bada. Ezarritako galderen gehieneko kopurua egiteko, galdera guztien artean aukeratu ahal izanen da.

15. Azterketa prestatzean, kontuan hartuko da ikasleak erantzun beharreko galdera kopurua bat datorrela azterketa egiteko dagoen gehieneko denborarekin, azterketa irakurtzeko denbora barne.

16. Azterketa bakoitzak 90 minutuko iraupena izanen du. Azterketa batetik bestera gutxienez 30 minutuko atsedenaldia ezarriko da. Ez da atsedenalditzat hartuko hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei azterketa egiteko ematen zaien denbora gehigarria, neurri hori agindua dutenen kasuan.

17. Oro har, ikasleak bere hizkuntza ereduari dagokion hizkuntzan eginen du proba. Dena den, aldatu ahal izanen du, eta aldaketa izena emandako irakasgai guztietan egiten ahalko da, honako hauetan izan ezik: Gaztelania eta Literatura II, Euskal Hizkuntza eta Literatura II eta Atzerriko Hizkuntza II.

IV.–Azterketen edukia eta galderen tipologia.

18. Ahal dela, azterketak ikasleen bizimodutik hurbil dauden inguruneetan kokatuko dira: egoera pertsonalak, familiakoak, eskolakoak eta sozialak, bai eta ingurune zientifiko eta humanistikoak ere.

19. Azterketa bakoitzak galdera irekiak eta erdi-irekiak izanen ditu, eta horietarako ikasleek pentsamendu kritikorako, hausnarketarako eta heldutasunerako gaitasuna izan beharko dute. Galdera mota horiez gain, aukera anitzeko galderak ere erabili ahal izanen dira, betiere azterketa bakoitzean galdera ireki eta erdi-irekien guztizkoari esleitutako puntuazioa gutxienez ehuneko 50ekoa bada.

Aipatutako galdera motak honela zehazten dira:

a) Aukera anitzekoak: zalantzarik gabeko erantzun zuzen bakarra duten galderak, ikasleek landu beharrik ez dituztenak, proposatutako aukeren artean bat baino ez baitute aukeratuko.

b) Erdi-irekiak: zalantzarik gabeko erantzun zuzena duten galderak, ikasleek landu beharrekoak. Lanketa hori laburra izanen da, adibidez, problema matematiko bati erantzuten dion zenbaki bat, edo esaldi bat osatzen duen edo galdera bati erantzuten dion hitz bat, baldin eta erantzun posibleen zerrenda bat ematen ez bada.

c) Irekiak: ikasleek landu beharreko galderak dira, eta ez dute zalantzarik gabeko erantzun zuzen bakarra. Mota honetan sartzen dira idatzizko ekoizpenak eta lan plastikoak.

V.–USEan izen-ematea.

20. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek Nafarroako Unibertsitate Publikoari igorriko dizkiote, hark zehaztutako egunetan, Batxilergoko 2. mailan matrikulatutako ikasleen datuak.

21. Ondoren, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epean, ikastetxeek ikasle horien zerrenda ziurtatua aurkeztuko dute, Batxilergoko batez besteko nota normalizatua adieraziz, hau da, espedienteen lehiarako erabilitako batez besteko nota.

22. Ikasleek USEan aurkeztu ahal izateko, izena emanen dute horretarako bide eman duten ikasketak amaitu dituzten ikastetxearen bidez. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako bitarteko elektronikoen bidez eginen da izen-ematea. Batxilergoko edo goi mailako heziketa ziklo bateko ikasketak Nafarroako ikastetxe batean bukatu ez dituzten ikasleek zuzenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan emanen dute izena.

23. Nahitaezko faserako, ikasleek izena emateko eskabidean Batxilergoko 2. mailan egin dituzten irakasgaiak adieraziko ditu, eta egin dituen hizkuntzen artean (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana) zein izanen den Atzerriko Hizkuntza II irakasgaiarena.

24. Borondatezko fasean azterketa egiteko, ikasleek gehienez hiru irakasgai adierazi ahal izanen dituzte izena emateko eskabidean, eranskin honen 12. oinarrian ezarritakoaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ordutegiak prestatuko ditu ikasleak fase horretan gutxienez bi irakasgairen azterketa egin ahal izatea bermatzeko.

VI.–USEa egiteko egunak.

25. USEa egiteko egunak 2024ko ekainaren 4, 5 eta 6a izanen dira deialdi arruntean, eta 2024ko ekainaren 26, 27 eta 28a deialdi berezian.

VII.–USEaren kalifikazioa.

26. Nahitaezko faseko azterketa bakoitza 0tik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin. Fase horretako nota honela aterako da: ariketa guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa, hiru dezimalekin, milarenean biribildua.

27. USEaren kalifikazioa izanen da, batetik, Batxilergoko batez besteko nota normalizatuaren (hau da, espedienteen lehiarako erabilitako batez besteko notaren) %60ko batezbesteko haztatua, eta, bestetik, nahitaezko faseko kalifikazioaren %40, 0tik 10era hiru dezimalekin adierazita eta milarenera biribilduta. USEa gaindituko da haztatze horren emaitza 5 puntukoa edo altuagoa denean, baldin eta nahitaezko fasean 4ko gutxieneko nota lortu bada.

28. Behin USEa gaindituta, haren kalifikazioak eta nahitaezko fasearen kalifikazioak balio mugagabea izanen dute.

VIII.–Unibertsitateetan sartzeko nota eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko nota.

29. Unibertsitateetan sartzeko nota eranskin honen 27. oinarrian aipatzen den kalifikazioa izanen da. Sartzeko nota hori 4 punturaino handitu ahal izanen da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko nota lortzeko. Horretarako, kontuan hartu ahalko dira borondatezko fasean gainditutako irakasgaiak eta nahitaezko fasean egindako modalitatearen nahitaezko irakasgai espezifikoa, gainditua, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako haztapen parametroak kontuan hartuta. Parametro horiek esteka hauen bidez eskura daitezke:

(Gaztelania)

https://www2.unavarra.es/gesadj/Estudios/acceso_matricula/Anexoponderacion_2024_2025_cas.pdf

(Euskara)

https://www2.unavarra.es/gesadj/Estudios/acceso_matricula/Anexoponderacion_2024_2025_eus.pdf

30. Haztatu beharreko irakasgai bakoitza 0tik 10era bitarte kalifikatuko da, bi dezimalekin. Haztapenaren ondorioetarako, irakasgai bat gainditutzat joko da 5eko kalifikazioa edo handiagoa lortzen bada.

31. Haztatu beharreko irakasgai bakoitzaren kalifikazioak hura gainditu eta ondorengo bi ikasturteetan balioko du unibertsitateetan onartua izateko.

IX.–Azterketetan lortutako kalifikazioak berrikustea.

32. Ikasleek eta, adingabeak badira, horien gurasoek edo legezko tutoreek ere, USEko edozein azterketatan lortutako kalifikazioa berrikustea eskatzen ahalko diote probaren antolaketa batzordeari.

Lortutako kalifikazioak berrikusteko eskaera aurkezteko epea hiru egun baliodunekoa izanen da, behin-behineko emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratzen diren egunaren hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita. Hiru egun balioduneko epe horretan kalifikazioak berrikusteko eskaerarik aurkezten ez bada, antolaketa batzordeak behin-behineko emaitzak behin betiko bihurtuko ditu.

33. Antolaketa batzordeak irakasle batzuk izendatuko ditu berrikusteko eskaera jaso duten ariketen behin-behineko kalifikazioaren bigarren zuzenketa egin dezaten, honako irizpide hauen arabera:

a) Berrikusteko eskaera jaso duten azterketak lehen zuzenketa egin zuten irakasleez bestelako irakasleek zuzenduko dituzte.

b) Bigarren zuzenketa egin baino lehen, azterketak berrikusiko dira, galdera guztiak ebaluatu direla ziurtatzeko eta azken kalifikazioaren kalkuluan akatsik ez dagoela egiaztatzeko. Akatsik edo omisiorik aurkitzen bada, hasierako kalifikazioa zuzenduko da.

c) Azterketak berriro zuzenduko dira. Lehen kalifikazioaren (behar denean, akatsa zuzenduta) eta bigarren zuzenketaren artean bi puntutik beherako aldea badago, bien batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa. Bi kalifikazioen artean bi puntuko edo hortik goragoko aldea badago, ofizioz hirugarren zuzenketa eginen da, eta hiruren batezbesteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa. Prozedura hori gehienez ere bost egun balioduneko epean egin beharko da, kalifikazioak berrikusteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunaren hurrengo egun baliodunetik zenbatzen hasita.

d) Berrikusketa amaitu ondoren, probaren antolaketa batzordeak behin betiko kalifikazioak jarriko ditu eta kalifikazioak berrikusteko prozedura amaitutzat emanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen, edo hark eskuordetzen duen pertsonaren, ebazpen baten bitartez. Ebazpen horrek amaiera ematen dio bide administratiboari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko web-orrian argitaratzeak jakinarazpen pertsonala ordezkatuko du eta ondorio berberak izanen ditu.

34. Ezarritako berrikusketa prozesua guztiz amaitzen denean, ikasleek eta, adingabeak badira, horien gurasoek edo legezko tutoreek ere, berrikusi diren ariketak ikusteko eskubidea izanen dute, hamar egun balioduneko epean, berrikusketari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egun baliodunetik kontatzen hasita.

35. Behin betiko kalifikazioen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, bi kasuetan ere errektoreak berrikuspen-prozedura ixteko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Errekurtso horiek aurkezteak ez du inola ere ekarriko kalifikazioak berrikusteko fasean eskatu ez den bigarren edo hirugarren zuzenketa egitea.

X.–Batxilergoaren ebaluazio probaren antolaketa batzordea.

36. Oro har, probaren antolaketa batzordeaz, batzorde horren eta batzordekideen eginkizunez, kalifikazio epaimahaien funtzionamenduaz eta, orobat, ebaluazioa antolatzeko beharrezkoak diren koordinazio lanez den bezainbatean, oinarrizko araudiaren aurkakoak ez diren heinean, urriaren 9ko 164/2009 Foru Aginduaren 8. artikulutik 15. artikulura bitartean xedatutakoari jarraikiko zaio, foru agindu horren bidez garatzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probari buruzko alderdiak.

37. Nahitaezko eta borondatezko faseetako azterketen proposamenak irakasgaiko koordinatzaileak eta aholkulariak prestatuko dituzte elkarrekin.

XI.–USEaren deialdi berezia, 2023/2024 ikasturtean Batxilergoko ikasketak amaitzen dituzten ikasleentzat.

38. Ikasleek eranskin honetako II. atalean xedatutakoari heldu beharko diote, honako egoera hauetakoren batean badaude:

a) USEaren deialdi arruntean parte hartu ez duten ikasleak.

b) USEaren deialdi arruntean parte hartu eta gainditu ez duten ikasleak.

39. USEaren deialdi arruntean parte hartu eta gainditu duten ikasleak beren kalifikazioa hobetzeko aurkeztu ahal izanen dira: nahitaezko fase osora (Batxilergoko beste modalitate bat aukeratu ahal dute), borondatezko fasera edo bi faseetara.

39.1. Nahitaezko fasera bakarrik aurkeztuz gero, eranskin honen II.1 apartatuan ezarritakoa beteko da, salbuespen batekin: modalitateko nahitaezko edozein irakasgai espezifiko eta atzerriko edozein hizkuntza (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana) aukeratu ahal izanen du, eginak izan zein egin gabeak.

39.2. Ikasleak borondatezko fasera bakarrik aurkezten badira, gehienez hiru irakasgairen azterketa egin ahal izanen dituzte, honako irakasgai hauen artean aukeratuta:

a) Irakasgai komuna: Espainiako Historia.

b) Irakasgai komuna: Filosofiaren Historia.

c) Batxilergoko edozein modalitatetako nahitaezko irakasgai espezifikoak, eginak izan zein egin gabeak; barnean dira irakasgai horiek zeinetan ikasleak, bere garaian, nahitaezko fasean azterketa egin baitzuen.

d) Batxilergoko edozein modalitatetako modalitateko irakasgaiak, eginak izan zein egin gabeak.

e) Atzerriko hizkuntza bat (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana), egina izan zein egin gabea; barnean dira irakasgai horiek zeinetan ikasleak, bere garaian, nahitaezko fasean azterketa egin baitzuen.

39.3. Bi faseetara aurkeztuz gero, eranskin honen 39.1 apartatuan xedatutakoa bete beharko dute ikasleek nahitaezko fasean. Borondatezko faseari dagokionez, ikasleek gehienez ere hiru irakasgaitan egin ahalko ditu azterketak, honako hauetakoen artean aukeratuta:

a) Irakasgai komuna, Espainiako Historiaren edo Filosofiaren Historiaren artean aukeratzekoa, deialdi bereko nahitaezko fasean azterketa egindakoaz bestelakoa.

b) Modalitateko nahitaezko irakasgai espezifikoak, deialdi bereko nahitaezko fasean azterketa egindakoaz bestelakoak, eginak izan zein egin gabeak.

c) Batxilergoko 2. modalitateko irakasgai espezifikoak, eginak izan zein egin gabeak.

d) Atzerriko hizkuntza bat (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana), egina izan zein izan gabea, deialdi bereko nahitaezko fasean azterketa egindakoaz bestelakoa.

Horretarako, deialdi berri honetan lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan, baldin eta aurrekoa baino altuagoa bada.

XII.–2023-2024 baino lehenagoko ikasturteetan USEa gainditu duten ikasleak.

40. 2023-2024 ikasturtea baino lehenagoko ikasturteetan USEa gainditu duten ikasleak nahitaezko fase osora aurkeztu ahal izanen dira (Batxilergoko beste modalitate bat aukera dezakete), borondatezko fasera edo bi faseetara, eranskin honen 39. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

XIII.–2023-2024 baino lehenagoko ikasturteetan USEa gainditu ez duten ikasleak.

41. 2023-2024 ikasturtea baino lehenagoko ikasturteetan USEa gainditu ez duten ikasleen kasuan, eranskin honen II. apartatuan ezarritakoa beteko da, salbuespen batekin: modalitateko nahitaezko edozein irakasgai espezifiko eta atzerriko edozein hizkuntza (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana) aukeratu ahal izanen dute, eginak izan zein egin gabeak.

XIV.–Unibertsitatean beste titulazio batzuen bidez sartzeko ebaluazioa.

42. Ikasleak Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren titulu ofiziala dutenean, edo Arte Plastikoak eta Diseinuko goi-mailako teknikariarena edo goi-mailako kirol teknikariarena, edo ondorio akademikoetarako baliokidetzat jotzen diren beste titulu batzuk USEaren borondatezko fasera soilik aurkeztu ahal izanen dira.

43. Ikasle horien kasuan, dagokion titulazioko ikasketetan lortutako batez besteko notak zehaztuko du sartzeko nota.

44. Sartzeko nota hori 4 punturaino gehitu ahal izanen da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko nota lortzeko. Horretarako, ikasleak gehienez hiru irakasgaitara aurkeztu ahal izanen dira, honako irakasgai hauen artean aukeratuta:

a) Irakasgai komuna: Espainiako Historia.

b) Irakasgai komuna: Filosofiaren Historia.

c) Batxilergoko edozein modalitatetako nahitaezko irakasgai espezifikoak.

d) Batxilergoko edozein modalitatetako modalitateko irakasgaiak.

e) Atzerriko hizkuntza bat (Frantsesa, Ingelesa edo Alemana).

XV.–Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak.

45. Batxilergoa atzerrian ikasi duten ikasleek, edo Espainiako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren, Arte Plastikoak eta Diseinuko goi-mailako teknikariaren edo goi-mailako kirol-teknikariaren tituluaren baliokidea den atzerriko tituluren bat dutenek, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu nahi badute, unibertsitate horrek "Atzerriko hezkuntza-sistemak" atalean horretarako ezarritako onartua izateko prozeduran xedatutakoari jarraituko diote, esteka hauen bidez:

(Gaztelania)

http://www.unavarra.es/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

(Euskara)

http://www.unavarra.es/eu/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

XVI.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedura.

46. Nafarroako Unibertsitate Publikoak helbide hauetan argitaratuko du graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan onartua izateko eta plazak esleitzeko prozedura:

(Gaztelania)

https://www.unavarra.es/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

(Euskara)

https://www.unavarra.es/eu/sites/estudios/acceso-y-admision/admision-en-estudios-de-grado/vias-de-acceso.html

Iragarkiaren kodea: F2404609