76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

506E/2024 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2024an elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza planak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, eta 99.000 euroko gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 749168.

Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistema horren erreforma integral bati ekin zitzaion, interes orokorra eta sistemak behar dituen egonkortasuna eta koherentzia bermatzeko.

Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema zuzentzen duten printzipioak, besteak beste, negoziazio kolektiboa eta elkarrizketa soziala dira, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema lan arloan garatzeko tresna moduan hartuta.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide heziketaren sistemaren azken helburua. Testuinguru horretan, garrantzitsua da enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek betetzen duten zeregina, lanpostuak sortu eta mantentzeko estrategiak garatzekoa, bai negoziazio kolektiboaren esparruan bai ekintza sozialaren esparruan oro har.

Horregatik guztiagatik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen hau eman du, dirulaguntzen deialdi bat onesteko, haien bidez finantzatzeko prestakuntza programak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

Deialdi honetako dirulaguntzak bat datoz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdi hau arautzen duten oinarriak, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

2. Dirulaguntza publikoen deialdi bat onestea, haien bidez finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2024an egiten diren prestakuntza programak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

3. 99.000 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuaren honako partida honen kargura: 950002-96200-4819-242113 [PEP: E-22/000530-02]: Elkarrizketa sozialean eta negoziazio kolektiboan trebatzeko prestakuntza-ekintzak. Konferentzia sektoriala.

4. 50.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko ebazpena aipatu aldizkarian argitaratzen den eguneko biharamunera arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko martxoaren 12an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, haien bidez finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2024an egiten diren prestakuntza programak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

2.–Prestakuntza programa diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen babesean finantzatzen diren prestakuntza programen helburua da sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin lotutako pertsonentzako prestakuntza programak egitea, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin zerikusia duten eginkizunetan trebatu daitezen. Programa horiek ezin dira berariaz zuzenduta egon administrazio publikoaren esparruari, ez eta bertako langileei ere.

2.2. Prestakuntza programetan sartutako jarduketa mota hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako edukia duten prestakuntza ekintzak.

b) Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, foroak, adituen tailerrak eta antzekoak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunei eta jardunbide egokiei buruzko edukia dutenak.

2.3. Onartzen diren prestakuntza programak gauzatzen ahalko dira dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera 2025eko urriaren 31 arte.

2.4. Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzak eskolak emateko sistema bimodal baten bidez ere egin ahalko dira, irakasleak eta parte-hartzaile batzuk modu presentzialean aritzen direla eta gainerako parte-hartzaileak modu birtualean aritzen direla. Horrela, parte-hartzaile batzuk ikasgelan egonen dira eta, aldi berean, beste batzuk beste toki batzuetatik arituko dira prestakuntzan, modu partekatuan, ikasgela birtualaren bidez.

2.5. Eskolak emateko sistema bimodalean, ikasgela birtual bidezko prestakuntzak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetan, bai eta modalitate mistoko eta teleprestakuntzako ekintzen zati presentzialean ere.

–Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat izanen da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, ekintzen datak eta konexio-denborak. Horrez gainera, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkien edo grabazioen medioz, adibidez).

–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (aurrerantzean, NL-NEZ) teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita.

2.6. Eguneko eskola-orduak ezin izanen dira 8 baino gehiago izan, eta asteko muga 40 izanen da.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Honakoek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan araututako dirulaguntzak:

a) Sektore arteko enpresaburuen elkarteak, legez eratutakoak, ordezkaritza dutenak Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Sindikatuak, legez eratutakoak (sindikatuak edo fundazioak, haiek sortutakoak prestakuntza proiektuak egiteko), ordezkaritza dutenak Nafarroako foru Komunitatean.

3.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak.

4.–Diruz lagungarriak diren aurrekontua eta gastuak.

4.1. Deialdi honetarako aurrekontua 99.000 eurokoa da.

4.2. 33.000 euro izanen dira enpresaburuen elkarteek aurkeztutako programak finantzatzeko; eta 66.000 euro, sindikatuek aurkeztutakoak finantzatzeko. Alderdi horietako batentzat erabilgarri dauden funtsak agortzen ez badira, gerakina beste alderdian aplikatuko da.

4.3. Emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, programa bakoitzean jasotzen den jarduketa mota hartuko da kontuan, honela:

–Prestakuntza ekintzak: zenbatekoa finkatuko da NL-NEZek dirulaguntza ematean parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzeko eta lanbide-arloaren arabera ezartzen duen modulu ekonomikoa aplikatuta.

Teleprestakuntza modalitatearen modulu ekonomikoa modalitate presentzialerako ezarritako modulu ekonomikoaren ehuneko 75 izanen da.

Modalitate mistoan, prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

–Jardunaldi, mintegi, hitzaldi, foro, adituen tailer eta antzekoetarako, modalitatearen araberakoa izanen da:

  • 1.000 euro, modalitate presentzialean edo bimodalean egiten den jarduketa bakoitzeko.
  • 750 euro, teleprestakuntzaren modalitatean egiten den jarduketa bakoitzeko.

10 parte-hartzaile izan beharko dira, gutxienez. Ez bada parte-hartzaile kopuru hori lortzen, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4.4. Gehieneko dirulaguntza 33.000 eurokoa izanen da, prestakuntza programako.

Aurrekontu erabilgarria ez bada aski azken entitate onuradunak eskatu duen dirulaguntzaren ehuneko 30 gutxienez finantzatzeko, NL-NEZek eskaintzen ahalko du, puntuazio ordenaren arabera, onuradunak suertatu diren programak handiagotzeko aukera. Horrelakoetan, ez da aplikatuko arestian aipatutako muga.

Era berean, baldin eta programa guztiak onuradun suertatzen badira eta aski aurrekontu badago, NL-NEZek eskaintzen ahalko du, hurrenez hurren, puntuazio ordenaren arabera, programa horiek handiagotzeko aukera, aurrekontua agortu arte.

5.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

Prestakuntza programetako azken hartzaileak eta parte-hartzaileak izaten ahalko dira sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin lotutako pertsonak, horien jarduna dela-eta negoziazio kolektiboaren eta/edo elkarrizketa sozialaren prozesuekin zerikusia dutenak, bai zuzenean parte hartuz bai sindikatuen edo enpresen arloetan zuzenduz edo lagunduz.

6.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

6.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuta. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eskabide-eredu normalizatua erabiliko da.

6.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

6.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Nafarroako Gobernuak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta abian jarri diren eta oraindik ere tramitatzen ari diren itzulketa edo zehapen prozedurei buruzko adierazpena.

d) Entitate eskatzaileak bere lurralde eta sektorearen esparruan duen ordezkagarritasunari buruzko adierazpena.

6.4. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera-orria sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Programa bakoitzaren justifikazio memoria, gutxienez informazio hau jasotzen duena:

1. Garatu beharreko proiektu mota.

2. Justifikazioa: inguruaren ezaugarriak, abiapuntua, lan merkatuaren beharrak, etab.

3. Helburuak.

4. Aurreikusitako jarduketak eta onuradunak.

5. Ekintza-plana.

6. Aurreikusitako giza taldea eta baliabide materialak.

7. Jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko mekanismoak.

c) Programaren aurrekontua, gastu kontzeptuen arabera zehaztua, 4.1 eta 4.3 oinarrietan adierazitako moduan.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren" inprimakia aurkeztu beharko da.

e) Aurrekoaz gain, NL-NEZek aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

6.5. Eskaera aurkeztearekin batera, NL-NEZi baimena ematen zaio zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzko ziurtagiriak edo informazioa eskatzeko, bai eta eskatzailearen eta ordezkariaren IFZ eta NANa kontsultatzeko ere.

Ez da beharrezkoa izanen 6.4 oinarriaren a) letran adierazitako agiria aurkeztea, baldin eta Nafarroako Gobernuan edo bestelako administrazio batean aurkeztu bada. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Entitateak ez badu baimenik ematen kontsulta hori egiteko, dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko ditu eskaera hau tramitatze aldera.

6.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

7.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuko dira eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Espainiako Gobernuaren edo Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo baduela txosten bat dioena gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

B) Aurreikusitako parte-hartzaile kopurua.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Programan aurreikusitako parte-hartzaileen kopurua baloratuko da. Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileak 200 direnean.

C) Entitatearen ordezkagarritasuna.

Irizpide honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ordezkagarritasun irizpide objektibo bati jarraituko zaio, erreferentzia hartuta Nafarroan lortu diren emaitzak bai enpresetako langileen ordezkarien hauteskundeetan bai administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen ordezkaritza organoen hauteskundeetan. Ordezkagarritasun hori lan arloan eskuduna den Zuzendaritza Nagusiari atxikitako hauteskunde sindikalak erregistratzeko bulego publikoak egiaztatzen du, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren lehen eta laugarren xedapen gehigarrietan xedatutakoaren babesean.

2023ko abenduaren 31n Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiko fitxan ageri den ordezkagarritasunaren ehunekoa kontuan hartuko da.

Eskaera aurkezten bada erakunde sindikal batek prestakuntza proiektuak garatzeko eratu duen fundazio baten izenean, fundazio horri erakunde sindikalari dagokion ordezkagarritasuna esleituko zaio.

Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa lortuko da ordezkagarritasuna %100ekoa denean.

D) Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

1 puntu emanen da hau gertatzen bada: prezioa merkatzen bada, programen eskaeren batezbestekoa kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, zati proportzionala emanen da.

9.–Adjudikaziorako irizpideak.

9.1. Dirulaguntzak balorazioaren puntuazio hurrenkeraren arabera emanen dira, 4.1 puntuan ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

9.2. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile emakumezkoen kopuru handiena zeinek duen.

10.–Laguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

10.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

10.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

10.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

10.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

10.5. Ebaluazio batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da programa berriz formula dezaten. Epe horretan programa berriz formulatzen ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, formulazio berria eginen da balorazio-aldian lortutako puntuazioa mantenduz.

10.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

10.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita programa baloratzeko eta dirulaguntza emateko oinarri hartutako baldintzekin bat ere.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetako prestakuntza programen barruan sartutako ekintzetara joateak dakarren arriskua estaltzera; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako –horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da)–; gutxienez 36.000 euroko kalte-ordaina heriotzagatik, eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek in itinere istripuaren ondoriozkoak badira, ikastaroan eta prestakuntza ekitaldietan laguntzeko antolatzen diren irteeretan edo bisitetan gertatua.

d) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

e) Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea, baita dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla frogatzen dutenak ere.

f) Ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko NL-NEZek eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak emanez beti.

Horretarako, ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko informazioa eta dokumentazioa gorde beharko ditu entitate onuradunak, kontrol/auditoretzaren esku, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

g) Eskaeran edo eskaerak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

11.2. Ekintzak edo proiektuak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

11.3. Gardentasun betebeharrak:

11.3.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.

11.3.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

11.3.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.3.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

12.–Ekintzak gauzatzea eta haien hasiera jakinaraztea.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko dira ekintzak.

12.2. Entitate onuradunak prestakuntza ekintzak, jarduerak, jardunaldiak eta bestelako jarduketak noiz hasiko diren jakinarazi beharko dio NL-NEZi, hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Prestakuntza ekintzen hasieraren berri IRIS aplikazioaren bidez emanen da. Gainerako jardueretarako, Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan, deialdiaren fitxan, ageri den "Zuzenketa edo dokumentazio gehigarria eranstea" tramitearen bidez emanen da hasieraren berri, aipatu fitxa horretan "Jarraipenerako dokumentazioa" karpetan erabilgarri dagoen "hasieraren jakinarazpena" eredua erabilita.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio NL-NEZi, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen denean gertatzen bada.

Jarduketaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala justifikaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

12.3. Prestakuntza ekintzen kasuan, prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 igaro baino lehen.

13.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

13.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak frogatzeko eta dirulaguntzak likidatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

13.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egin baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsak jasotzeko beharra duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren %25etik gorakoa.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak "Aurrerakinaren edo ordainketa partzialaren eskaera" agiria aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta ordainketa partzialen baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

13.3. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Justifikazioko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

–Prestakuntza ekintzen kasuan: onuradunaren adierazpena modulutzat hartutako unitate kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

–Gainerako jarduketen kasuan: egindako jarduketen xehetasuna, bertaratu direnen kontrola, exekuzio arduradunak, emandako orduak, kostua eta tokia. Xehetasun hori justifikatzeko, aurkeztu beharko dira egindako gastuaren fakturak eta dagokion ordainagiria (Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoak), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak, laneko parteak edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Memoria hori igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Ordainketak eta likidazioak" tramitearen bidez.

b) Prestakuntza ekintzaren ebaluazioari buruzko txosten bat, 14.2 oinarrian adierazten den bezala.

Txosten hori IRIS aplikazio informatikoaren bitartez aurkeztu beharko da.

NL-NEZek egiaztatuko ditu ikasleen bertaratze-orduak, memoria ekonomikoan aurkeztutako informazioa kontrastatuz IRIS aplikazio informatikoan jasotako informazioarekin eta prestakuntza ekintzara joan diren ikasleek sinatutako bertaratze-orriekin.

13.4. Prestakuntza ekintzen dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, desbideratzeak onartzen ahalko dira, gehienez ere ekintza bakoitza hasi duten parte-hartzaileen %15ena.

13.5. Dirulaguntza justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Dagokion dokumentazioa aurkezten bada aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko penalizazioa eguneko, %20ra arte gehienez ere.

Hilabete iragaten bada eta entitate onuradunak ez badu dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu, NL-NEZek entitate onuradunari eskatuko dio justifikazioa 15 eguneko epe luzaezinean aurkez dezala. Ez badu justifikazioa aurkezten NL-NEZek emandako 15 eguneko epe horretan, dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta prozedura abiatuko da, 15. oinarriarekin bat.

13.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik ordaindutakora edo ordainketa partzialen zenbateko osora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aldez aurretik edo partzialki ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio dirulaguntza zati horri.

13.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZek espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko. Kasu horretan, berandutze-interesa ordaintzeko eskatuko da, egindako azken ordainketatik hasi eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldiari dagokiona.

13.8. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

14.–Ekintzen ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

14.1. Prestakuntza ekintzen kasuan, entitateek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso duten taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen kalitate digitala ebaluatzeko galdetegiaren bidez eginen da. Prestakuntza entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei, ahal dela prestakuntza ekintza bukatu aurretik.

14.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazio informatikoak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.

Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 13.3. b) oinarrian aipatutako kalitate-ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRIS aplikazio informatikoan, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.

14.3. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea jarduera egin bitartean, ebidentzia fisiko eta testigantzen bidez, enpresaren arduradunak, parte-hartzaileak eta koordinatzaileak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) "Ex post" jarduketak. Ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunetako eta enpresetako arduradunei eta parte-hartzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, testigantzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Ekintzen exekuzioa.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein den.

–Parte-hartzaileei bertaratze edo parte-hartze diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren ikurra agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoria egiten ahalko zaie, NL-NEZen iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak atzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

14.4. NL-NEZek aldaketak baimentzen ahalko ditu ekintzetan, betiere horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada eta hasieran emandako dirulaguntza handitzen ez bada. Horretarako, entitate onuradunak eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokor Elektronikoan, aldaketa justifikatuz eta, hala bada, dagokion ekintzaren fitxa erantsiz. Jarraipen batzorde bat eratzen ahalko da, entitate onuraduneko eta NL-NEZeko ordezkariek osatua, proposatutako aldaketak aztertzeko.

15.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta kontzesio ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren egoerak gertatzen badira, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

15.2. Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez badira inondik inora betetzen dirulaguntzaren xede ziren helburuak, edo 13.5 oinarrian ezarrita dagoen justifikatzeko gehieneko epea –hilabete– igaro osteko 15 eguneko epean ere ez bada justifikazioa aurkezten, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da.

b) Dirulaguntzaren xedeko helburuak partzialki betetzen ez badira, edo 13.5 oinarrian ezarrita dagoen justifikatzeko gehieneko epea –hilabete– igaro osteko 15 eguneko epean justifikatzeko betebeharra ere betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da.

15.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da aurreko atalean dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat tramitatuko da.

15.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

15.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo emandako dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten programa horiei laguntzak emateko, deialdi berri bat egiteko beharrik gabe eta balorazioaren puntuazio-ordenari jarraikiz.

16.–Azpikontratazioa.

16.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera azpikontratatzen ahalko du, eta edozein kasutan ere, bere gain hartuko du gauzatzearen erantzukizuna administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

16.2. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan ezartzen diren betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

17.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

17.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira programak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide propio batzuekin. Dena dela, horien zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, egin gogo den jardueraren kostua.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko diote NL-NEZi. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18.–Datuen babesa.

18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek eskaeretan eta jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

18.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak NL-NEZen fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: irailaren 9ko 30/2015 Legea, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duena; uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena; eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta dagoena, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile.

20.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

20.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

20.2. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzabidearen berri eman beharko dute informazio, argitalpen, material eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Edonola ere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren II. eranskinean deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera).

21.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2404509