76. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

93/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenez eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko. DDBN identifikazioa: 750541.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 18ko 43/2022 Foru Aginduaren bidez dirulaguntza deialdi bat onetsi zen bi modalitaterekin, eta, horietako batean, eguneko zentro berriak eraikitzeko edo zentro horiek abian jartzeko obrak amaitzeko prozesuak finantzatzen ziren, zentro horiek toki erakundeen titulartasunekoak eta adinekoak eta/edo desgaitasuna duten pertsonak artatzekoak badira. Urte anitzeko deialdi hori Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Europako funtsekin finantzatu zen.

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legeak "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, eguneko zentroetarako" izeneko partida bat onetsi zuen, eta, hura betez, xede horretarako dirulaguntza deialdi bat argitaratu zen (martxoaren 3ko 78/2023 Foru Agindua).

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legean "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, eguneko zentroetarako" izeneko partida bat onetsi da berriz.

Koherentea da 2022an eta 2023an onetsi ziren aurreko deialdietako esleipen-irizpide eta -prozedura berberak erabiltzen jarraitzea, bi deialdiek xede eta helburu bera baitute.

Beraz, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean eginen da, eta zenbateko mugatuak emanen dira, gehienez ere 400.000 euro zentro eta erakunde bakoitzeko.

Aurkeztutako proiektuak baloratutakoan eta dirulaguntza emateko hasiera bateko proposamena egindakoan, erakundeek eskaerak birformulatzen ahalko dituzte, beren proiektuak finantzaketa aukera errealei doitzeko, hasiera batean emanen zaien dirulaguntza kontuan harturik. Laguntza emateko ebazpenean zehaztuko dira onuraduna, diruz lagundutako jarduketa, jarduketaren kostua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenez eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdia onestea, baita foru agindu honetan onesten diren oinarri arautzaileak ere.

2. 700.000 euroko gastua baimentzea, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, eguneko zentroetarako" izeneko 920005 93100 7609 231B12 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko kontabilitate zentrora, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2024ko martxoaren 20an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenez eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak,

1. Deialdiaren xedea eta laguntzen helburua.

Deialdi honek dirulaguntzak emateko araubidea finkatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenez eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko inbertsioen arloan, , aintzat hartuta pertsonarengan zentratutako arreta eredu berria, efizientzia energetikoaren irizpideak eta zaintza lanen digitalizazioa Nafarroako Foru Komunitatean.

Dirulaguntzen xedea izanen da finantzatzea toki erakundeen eguneko zentro berriak, Nafarroan daudenak, eraikitzeko obrak idazteko proiektu teknikoak, horiek eraikitzeko obrak edo horiek abian jartzeko obrak amaitzea.

2. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte aginduan bertan eta oinarri arautzaileak biltzen dituen eranskin honetan ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriek.

3. Laguntzak emateko araubidea.

Foru agindu honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

Deialdi honen babesean emanen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, deialdiaren xedeko jarduketetarako erabili beharrekoak; organo-emaileak horiek ordainketak aurreratzen ahalko ditu, onuradunarekin adostuta, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Artikulu horretan ezarritakoarekin bat, toki erakundeak salbuetsita daude bermeak eratzeko betebeharretik, administrazio publiko diren aldetik.

4. Erakunde onuradunak: toki erakundeak.

Deialdiaren xede diren dirulaguntzak Nafarroako toki erakundeentzat izanen dira, baldin eta zentro berrien titularrak badira edo eginiko zentroen obrak amaitzen ari badira, adinekoak eta/edo desgaitasuna duten pertsonak artatzeko.

5. Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 2ra bitartean egindako jarduketa hauek:

a) Obrak idatzi eta zuzentzeko proiektu teknikoak.

b) Eguneko zentro berriak eraikitzeko obrak.

c) Eguneko zentroak amaitzeko obrak, betiere 8. oinarrian ("dirulaguntzen bateragarritasuna") ezarritakoa betetzen badute.

2. Adierazitako jarduketak abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren II. eranskinaren B) 4.2 atalean ("Eguneko zentroetarako baldintzak") jasotako araudira egokituko dira; izan ere, horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

6. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira argi eta garbi diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, baldin eta guztiz beharrezkoak badira eta bat badatoz 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 2ra bitartean hasi eta egindako jarduketekin.

Gastu diruz lagungarri horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, honako kontzeptu hauek sartzen ahalko dira:

–Proiektua idazteko kostuak.

–Obraren zuzendaritza fakultatiboarenak.

–Jarduketari dagokion obra gauzatzearen kostuak.

Proiektuak idazteagatiko eta/edo obra zuzentzeagatiko ordainsariak, arkitekto eta/edo aparejadorearenak, 50.000 eurokoak izanen dira gehienez.

Egindako gastutzat joko da foru agindu honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak gainditzen baditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako kopuruak (12.000 euro zerbitzu kontratuen kasuan, eta 30.000 euro obra kontratuen kasuan), erakunde onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko edo obra egiteko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Hautatzen den eskaintza ez bada ekonomikoki onena, erakunde onuradunak behar bezala arrazoitu beharko du egindako hautapena.

7. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Ez dira ordainduko proiektua edo jarduketa gauzatzeari zuzenean loturik ez dauden gastuak edo beharrezkoak ez direnak, eta, nolanahi ere, ez dira inongo kasutan gastu diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Erakundearen gastu berekiak, izan horiek langileenak, funtzionamenduarenak edo gastu orokorrenak.

b) Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak.

c) Zeharkako zergak eta zerga pertsonalak.

d) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

8. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 18ko 43/2022 Foru Aginduaren eta martxoaren 3ko 78/2023 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdien kargura emandako dirulaguntzekin, deialdi horien eta egungoaren artean 400.000 euroko gehieneko kopurura iritsi arte.

Halaber, foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza bateragarria izanen da xede bererako beste dirulaguntza batzuekin.

Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100. Horretarako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da (eredu bat dago foru agindu honen eranskinetan).

Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak behar den murrizketa izanen du.

9. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaera.

Beherago zehaztutako dokumentazio orokor eta espezifikoarekin batera, erakunde interesdunek eskaera bat aurkeztuko dute, horretarako prestatutako ereduaren araberakoa (deialdiaren II. eranskinean dago), Nafarroako Gobernuaren instantzia orokor batekin batera. Deialdiaren argibide guztiak eta ereduak erakunde interesdunen eskura daude Nafarroako Gobernuaren web orriaren tramiteen atalean: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortutako eta araututako Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan.

Instantzia orokorrean jarri beharko da, "hartzailea" izeneko atalean, goitibeherako menuan "ESKUBIDE SOZIALETAKO, EKONOMIA SOZIALEKO ETA ENPLEGUKO DEPARTAMENTUA", "oharrak" atalean: Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala, eta "Laburpena" atalean, berriz: toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdia, 2024koa, eguneko zentroetarako.

Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

a) Toki erakundearen ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua. Nahikoa izanen da erakundearen idazkariaren ziurtagiria, eskaera sinatzen duenaren kargua eta eskumena frogatzen dituena.

b) Toki erakundearen jakinarazpen eta komunikazioetarako helbide elektronikoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak emana, erakundea, haren administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen erakunde onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusita daude.

d) Ordainketa aurreratua eskatzeko, nahikoa izanen da hasiera batetik frogatzea indarreko aurrekontuan ez dagoela deialdi honen xedeko jardueretarako aurrekontu partidarik.

e) Erakundearen ordezkariak sinatutako baimena, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak behar den informazioa eskura dezan, kontsultatzeko erakundeak egunean dituen indarreko xedapenek ezartzen dizkioten tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Erakundeek aurkeztu beharko dituzte baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren ereduaren III. eranskinean jasotako adierazpenak.

3. Berariazko dokumentazioa.

a) Gauzatu beharreko proiektuaren memoria baloratua, planteatutako jarduketen helburu eta xedeari buruzko azalpen argi eta laburrak ematen dituena.

b) Proiektua gauzatzeko denbora-plangintza: txertatu beharko da obra gauzatzeko egutegia, non gauzatzearen faseak zatitzen ahalko baitira; halakorik eginez gero, adierazi beharko da dirulaguntza zein fasetarako eskatu den, horren xedea eta zenbatekoa eta gauzatzeko epeak. Deialdi honetan soilik 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 2ra bitartean egindako jarduketak lagunduko dira diruz, horrek eragotzi gabe hurrengo urteetako deialdietan beste dirulaguntza batzuk emateko aukera, deialdi honetan diruz lagundutako eguneko zentroak eraikitzen amaitzeko.

c) Aurrekontu xehea, jarduketaren finantzaketa plana barne.

4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Ez badira eskaerarekin batera nahitaezko agiriak aurkezten, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 7 egun naturaleko epean, eta adieraziko dio eskaeran atzera egin duela ulertuko dela horrela egin ezean. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Epe hori luzatzen ahalko da, aipatutako legean ezarritako terminoetan.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak deialdi honetan ezarritako balorazio- eta banaketa-irizpideekin bat ebaluatuko dira, eskaeren lehentasunezko zerrenda bat osatze aldera, eta eskatutako zenbatekoa zerrenda horren ordenari jarraikiz esleitzen joanen da, kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Dirulaguntza hauen prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko lanak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzak beteko ditu, eta, horrenbestez, ofizioz egiten ahalko ditu beharrezko jotzen dituen nahi beste jarduketa, kasuan kasuko ebazpen-proposamena egiteko behar dituen datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatze aldera.

3. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

11. Balorazio irizpideak.

1. Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak:

Gehienez ere 100 puntu eskuratzen ahalko dira, honako irizpide hauen arabera:

–60 puntu bitarte: Eguneko zentroa gizarte zerbitzuen zer oinarrizko eskualdetan (GZOE) dagoen, hartan bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen arabera:

Zentroa non dagoen, 2023ko urtarrilaren 1ean gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde hartan bizi diren 65 urtetik gorako biztanleen ehunekoa hartuko da, eta bi puntu emanen zaizkio portzentaje unitate bakoitzari (biztanleriari buruzko datuak Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak izanen dira, EINek hari lagatakoak eta Errolda Jarraituaren Estatistikako datuak oinarri hartuta prestatuak).

Lortutako puntuazio horri koefiziente zuzentzaile bat aplikatuko zaio (puntuazioa koefiziente zuzentzailearekin biderkatuko da); koefiziente horrek kontuan hartuko du zenbat zentro dauden –eguneko zentroak eta eguneko egonaldietarako plaza baimenduak dituzten zentroak– kasuan kasuko gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, hau da, dirulaguntzaren xede den zentroarenean:

Honako hauek hartuko dira gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde batean kokatutako zentrotzat: eguneko zentroak eta eguneko egonaldietarako plaza baimenduak dituzten zentroak, zerbitzuak ematen ari direnak edo eraikitzen ari direnak.

  • Ez badago eguneko edo eguneko egonaldietarako zentrorik gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 1 izanen da.
  • Eguneko zentro edo eguneko egonaldietarako zentro bat badago gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 0,75 izanen da.
  • Eguneko edo eguneko egonaldietarako 2 zentro badaude gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 0,5 izanen da.
  • Eguneko edo eguneko egonaldietarako 3 zentro edo gehiago badaude gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde horretan, koefiziente zuzentzailea 0,25 izanen da.

–30 puntu bitarte: Eguneko zentroa zer gauzatze edo tramitazio fasetan dagoen, hauen artean puntuazio handiena emanen da:

  • Obrak hasita dituzten zentroei: 30 puntu.
    • Ulertuko da obrak hasita daudela lizitazioa kontratazio atarian argitaratzen denetik.
  • Prestatutako proiektua (amaitua) dutenei: 15 puntu.
    • Ulertuko da proiektua amaituta dagoela erakundeak hura entregatu eta ordaindu duenean.

Dagokion puntuazioa kontuan hartzeko, atarian argitaratzeko data eta proiektua entregatu eta ordaintzeko data foru agindu hau argitaratu baino lehenagokoak izanen dira.

–10 puntu bitarte: Udalerriko biztanle kopuruaren arabera:

  • Zentroa kokatuta dagoen udalerriak 10.000 biztanletik gora baditu, 10 puntu gehituko dira.

12. Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa.

Zentro eta erakunde bakoitzari gehienez ere 400.000 euro emanen zaizkie.

13. Dirulaguntzak emateko hasierako proposamena, alegazioak eta birformulazioa.

1. Eskaerak baloratutakoan, instrukzio organoak dirulaguntzak emateko hasierako proposamena eginen du.

2. Instrukzio organoak dirulaguntza emateko hasierako proposamena jakinaraziko die erakunde eskatzaileei, eta horiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, jakinarazpenaren biharamunetik, egoki jotzen dituzten alegazioak aurkezteko, eta, kasua bada, eskaera birformulatzeko.

Eskaera birformulatzen ahalko da proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaeran agertzen dena baino txikiagoa denean. Aipatutako epe hori iraganda ez da birformulaziorik onartuko, eta erakunde onuradunak hasiera batean aurkeztutako guztizko aurrekontuari eutsi beharko dio.

Nolanahi ere, birformulazioetan, erakunde onuradunek bere horretan mantendu beharko dute hasiera batean aurreikusitako ekarpen propioaren ehunekoa, bai eta proiektuaren xedea, baldintzak eta helburua ere.

Birformulazioaren bidez txertatzen dituzten aldaketek ezin izan dute inola ere aldaketarik eragin instrukzio organoak egindako balorazioan.

Erakundeak ez badu proiektuaren birformulaziorik aurkezten, egindako jarduketaren benetako kostuaren %100 justifikatu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Alegazioak eta/edo birformulazioak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistro bulegoan aurkezten ahalko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan, honako eduki honekin:

Jarri beharko da, "hartzailea" izeneko atalean, goitibeherako menuan "Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua", "oharrak" atalean: Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala, eta "Laburpena" atalean, berriz: Alegazioak/birformulazioa, toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdian, 2024koa, eguneko zentroetarako.

3. Aurkeztutako alegazioak ebatzi eta baloratutakoan, eta birformulatutako proiektuen bideragarritasuna ikusirik, kudeaketa-unitateak organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak emateko behin betiko proposamena.

14. Dirulaguntza emateko behin betiko proposamena.

1. Proposamena egintza bakarrean eginen da, eta aditzera eman beharko ditu onartu ez diren eskaeren zerrenda, dirulaguntza emateko proposatu diren erakundeen zerrenda eta dirulaguntzaren zenbatekoa, lortutako puntuazioa zehaztuta, eta gainerako eskaerak ezesteko proposamen arrazoitua.

Era berean, onartu ez diren eskaera guztien zerrenda ordenatua jasoko du, berariaz adierazita zein ukatu diren deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik, eta adierazita horietako bakoitzari emandako puntuazioa, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen araberakoa.

2. Dirulaguntza emateko behin betiko proposamena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio, dirulaguntza emateko ebazpena eman dezan.

15. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Laguntza emateko ebazpenean zehaztuko dira erakunde onuraduna, diruz lagundutako jarduketa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Prozeduraren gaineko ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskaerak ezetsi egin direla ulertuko dute. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntza emateko ebazpena helbide elektronikoaren bitartez jakinaraziko da, eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian argitaratuko da; bertan adieraziko dira deialdia, dirulaguntza zer aurrekontu kredituri egozten zaion, erakunde onuradunak, emandako zenbatekoak eta dirulaguntzaren helburua.

4. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

16. Dirulaguntzen justifikazioa aurkezteko modua eta epea.

1. Gastua justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu beharko da, Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalari zuzendua. Jarri beharko da, "hartzailea" izeneko atalean, goitibeherako menuan "Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua", "oharrak" atalean: Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala, eta "Laburpena" atalean, berriz: Gastua justifikatzeko dokumentazioaren aurkezpena, toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdian, 2024koa, eguneko zentroetarako.

2. Hauek dira justifikazio epeak:

a) 2023. urtean egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa behin bakarrik aurkeztu beharko dira, 2024ko ekainaren 30era arte.

b) 2024an egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea 2024ko abenduaren 2an amaituko da.

17. Egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa.

1. Justifikazioak.

Erakunde onuradunek egindako edo hala badagokio aurreratutako gastuak justifikatu beharko dituzte, eta, horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Proiektua gauzatzeari lotutako kontratuen esleipen prozedurak justifikatzeko dokumentazioa (proiektua idazteko eta/edo obra zuzendaritzako kontratua, obren kontratua), Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

b) Proiektuaren garapena edo amaiera azaltzeko txostena, justifikatzeko azken egunera arte egindako jarduketak barne, obra amaitu den ala ez kontuan hartu gabe.

c) Dirulaguntzari aplikatutako gastuen zerrenda zenbakiduna, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira, gastuen zerrendako hurrenkerari jarraituz. Gastuen zerrenda hori erakundeek telematika bidez igorriko dute, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu. Egiaztagiri gisa, kontu-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

d) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria teknikoa eta dagozkion obra ziurtagiriak, obraren zuzendari fakultatiboak izenpeturik.

e) Obra harrera oso edo partzialaren akta, jabeak, obraren zuzendari fakultatiboak eta obren erakunde kontratistak izenpeturik.

f) Obraren proiektu teknikoaren idazketa dagokion fakturaren bidez justifikatuko da.

g) Halaber, organo kudeatzaileak eskatzen dituen agiriak igorriko dira.

Justifikatzeko dokumentazioa aztertutakoan, kontratuaren unitate kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena eginen du, eta hari txosten bat erantsiko dio, frogatuko duena entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak kobratzeko eskubidea ematen dieten betebeharrak.

18. Emandako dirulaguntzaren ordainketa.

Oro har, ordainketa eginen da erakunde onuradunek egiaztatzen dutenean dirulaguntza zer helburutarako eman zen, hori bete dela, eta justifikatzen dutenean bai jarduera bai egindako gastua foru agindu honetan ezarritako epe eta baldintzetan egin direla.

2023. urtean egindako jarduketen ordainketa, justifikatu ondoren, 2024ko ekainaren 30etik aurrera eginen da.

Ordainketa aurreratuak jasotzeko aukerari kalterik egin gabe, 2024. urtean egindako jarduketen ordainketa, justifikatu ondoren, 2024ko abenduaren 2tik aurrera eginen da.

19. Emandako dirulaguntzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, aldi berean haiekin bateraezina den beste dirulaguntzarik eskuratzen bada, aldatu eginen da haiek emateko ebazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20. Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Foru agindu honen babeseko dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea; dirulaguntza emateko oinarri den jarduera egitea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea bai deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete direla bai diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Organo emaileari jakinaraztea Foru Komunitateko Administraziotik, beste administrazio batzuetatik edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik xede bererako eskuratutako edozein dirulaguntza mota.

d) Egindako gastu edo inbertsioen egiazkotasuna justifikatzea dagozkien agirien bidez, deialdian ezarritako epe eta baldintzetan.

e) Egunean edukitzea dagozkion tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordaindu gabeko zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunarekin.

f) Organo emaileek egin ditzaketen kontrol- eta egiaztapen-jarduketei men egitea eta haietan laguntzea, aipatu jarduketak egiteko eskatzen dieten informazio eta dokumentazio guztia emanez.

g) Jasotako funtsen erabilera justifikatzeko dokumentazioa gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitekeen bitartean.

h) Jasotako funtsak itzultzea, araudi aplikagarrian ezarritako kasuetan.

i) Organo emaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko erabakigarri izan ziren baldintzak aldatzen dituen edozein gorabehera edo diruz lagundutako jarduera garatzea zailtzen duen edozein inguruabar, betiere hura gertatu eta hilabeteko epean.

j) Laguntza hauen xedeko inbertsioa bideratzea kasuan kasuko jarduerarako, eta erakundearen jabetzan edukitzea gutxienez 30 urtez, ondasun higiezinen kasuan.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

l) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, dirulaguntza xedera bideratzeko betebeharra betetzen ez bada, emandako kopurua itzuli beharko da, proportzioan, betebeharra zenbat urtez bete den eta horren arabera.

21. Dirulaguntzak itzultzea.

1. Oinarri hauek hizpide dituzten dirulaguntzek men eginen diete Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean laguntzak itzultzeko ezarritako araubideari eta Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenei.

2. Jasotako dirua itzuli beharko da, kasuan kasuko berandutze-interesarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada.

3. Dirulaguntza itzultzeko, dirulaguntzaren organo emaileak ebazpena eman beharko du, dagokion espedientearen instrukzioaren bitartez; horrek ekarriko du jasotako dirulaguntza itzultzea, bai eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaintzea ere, dirulaguntza ordaindu denetik hura itzultzea bidezkoa dela erabaki arteko epeari dagozkionak.

4. Erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen gerturatzen zaionean jardueraren erabateko betetze-mailari, eta onuradunak argi eta garbi frogatzen badu hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak egiten ari dela, instrukzio organoak aurrez emanen duen txostenaren bidez zehaztuko da jaso beharreko zenbatekoa, edo, kasua zein den, itzuli beharrekoa, betiere proportzionaltasun-irizpidearekin bat.

22. Emandako laguntzen publizitatea.

Deialditik eratorritako jarduketetan edozein bitartekoren bidez egindako publizitatean eta erakunde adjudikaziodunek erabilitako dokumentazioan berariaz jasoko da Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren kargurako finantzaketa jaso dutela.

Horretarako, zerbitzuarekin lotuta sortutako euskarri fisiko edo digital guztietako gutxieneko publizitatean zuzen eta nabarmen jaso beharko da Nafarroako Gobernuaren ikurra, finantzaketa adierazpen egokiarekin: "Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak finantzatuta".

Erakunde onuradunek justifikatu beharko dute betebehar hori bete dutela, eta hori egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Halaber, jarduketek behar bezala identifikaturik egon beharko dute, bat etorriz Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan aintzat hartzen diren informazio-, komunikazio- eta publizitate-betebeharrekin.

23. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen ondoriozko erantzukizunen eta zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

24. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

II. ERANSKINA.–DEIALDIAREN ESKAERA EREDUA

DIRULAGUNTZA ESKAERA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO TOKI ERAKUNDEEN EKIMENEZ EGUNEKO ZENTROAK ERAIKITZEKO EDO HORIEK ABIAN JARTZEKO OBRAK AMAITZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIRAKO

1. Erakunde eskatzailearen identifikazio datuak.

TOKI ERAKUNDE ESKATZAILEAREN DATUAK

Erakundearen izena:

IFK:

Helbidea:

PK:

Zentroa dagoen herria:

Zentroaren izena:

Helb. elek.:

Telefonoa:

HARREMANETARAKO PERTSONAREN DATUAK:

Izen-deiturak:

Kargua:

Harremanetarako helbide elektr.:

Harremanetarako telefonoa:

2. Beste datu batzuk.

ZENTROA ZER FASETAN DAGOEN

X BAT JARRI

OBRAREN HASIERA-DATA EDO PROIEKTUAREN AMAIERA-DATA

HASITA DAUDEN EGUNEKO ZENTROAK

PROIEKTUA EGINA DUTEN EGUNEKO ZENTROAK

Jarduketaren aurrekontu-betetzea (zenbatekoak BEZik gabe).

URTEA

Betetako/bete beharreko zenbatekoa guztira
(BEZik gabe)

Dirulaguntzari
egotzitako zenbatekoa
(BEZik gabe)

Erakundearen funts berekiei egotzitako zenbatekoa (BEZik gabe)

Beste dirulaguntza batzuei egotzitako zenbatekoa (BEZik gabe)

2023

2024

GUZTIRA

Adierazi "X" batez dirulaguntzaren ordainketa aurreratua eskatzen duzun:

EZ

BAI

Baiezkoa bada, erakunde eskatzaileak deialdi honen 9. oinarriko 2.d) atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, 18. oinarriaren arabera.

3. Dirulaguntzaren sarrera egiteko banku kontua:

Ordainketa egiteko, erakundeak banku kontu bat izan behar du alta emanda Nafarroako Gobernuaren sisteman. Hala ez bada, transferentzia bidezko ordainketa-eskaera behar bezala beteta aurkeztu beharko da, helbide honetan deskargatu daitekeena:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

4. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena.

Izen-deiturak ………………………………………………………….................……… NANa: ……………………………………..……;……………………………………… erakundearen legezko ordezkari naizen aldetik (IFZ: ......................................).

X bat idatzi behar den tokian:

Baimena ematen diot Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari (PAGNA) beharrezko kontsultak egiteko administrazio bereko organoetan edo beste administrazio batekoetan, interesdunek emandako informazioa egiazta dezan, bai eta eskatutako baldintzak betetzen direla ere.

PAGNAri baimena eman ezean eskatutako baldintzak egiaztatzeko, horien frogagiriak aurkeztu beharko ditu. Aurkeztu ezean, ulertuko da dirulaguntzaren eskaeran atzera egiten duela, eta artxibatu eginen da.

Ohartarazpena:

Adierazpen honetako datuak zehatzak ez badira edo faltsuak badira, dirulaguntza ukatuko da, edo kasua zein den, emandako dirulaguntza baliogabetuko da, ezertan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

Baimena ematen diot.

Nafarroako Gobernuan eskubide sozialen, ekonomia sozialaren eta enpleguaren arloan eskuduna den departamentuari, eskaera honetako datuak jakinarazteko, baldin eta helburua historikoa, estatistikoa edo zientifikoa bada, nori eta, Foru Komunitatearen eremuan, aipatutako departamentu horrekin lankidetzan (teknikoa eta/edo ekonomikoa) aritzen diren gizarte-ekimenezko entitateei, betiere datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako baldintzak beteta.

DBLOren klausula.

Agiri honetan eskatzen den informazioa beharrezkoa da laguntza-eskaera tramitatu ahal izateko. Eskaera honetan bildutako datuak legearen arabera tratatu edo laga beharko dira. Jakinarazten dizugu badirela Prestazio eta gizarte zerbitzuen eta Gizarte zerbitzuen erabiltzaileen informazio sistemen fitxategiak, zeinen helburua baita Nafarroako Gobernuan eskubide sozialen, ekonomia sozialaren eta enpleguaren arloko eskumena duen departamentuari eskatzen zaizkion laguntza eta zerbitzuak kudeatzea, entitate horrexen beraren ardurapean; beraz, datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko legezko eskubideak erabili nahi izanez gero, entitate horretara jo beharko da, helbide honetan: González Tablas 7, 31005 - Iruña. Jakinarazpen hori egiten da honako arau hauek betetzeko: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulua eta Datu-pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua.

Tokia, eguna eta sinadura:

III. ERANSKINA.–BETEKIZUNAK BETETZEARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDUA

Eguneko zentroak eraikitzeko edo horiek abian jartzeko obrak amaitzeko dirulaguntzen deialdia, 2024koa, Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeen ekimenarekin bat.

Izen-deiturak: ..................................................................................................................................,

nortasun agiri nazionalaren zk.: .............................................,

Erakunde honen legezko ordezkari gisa: ......................................................................................... (IFK: ................................,

helbidea: ...................................................................................................................

jakinarazpenetarako helbide elektronikoa: ....................................................................),

Bere erantzukizunpean adierazten du:

Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.

Erakundeak deialdiaren oinarriak onartzen dituela, laguntzarako eskubidea aitortua izan dakion behar diren betekizunak betetzen dituela eta hori frogatzeko agiriak dituela; agiriok Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari emanen zaizkio, eskatzen zaizkionean.

Erakundeak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik.

Hirugarrenen laguntza edo dirulaguntzen baturak (deialdi honetan emandakoak barne) ez duela gainditzen obra edo jarduketaren kostuaren %100.

Aipatutako erakundea bat datorrela Nafarroako indarreko dirulaguntza-araudiarekin.

Ez daukala ez administrazio ez zigor zehapenik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten dionik, eta ez duela horretarako desgaitzen duen legezko debekurik, barne harturik Emakume eta Gizonen ar418ko 17/2019 Foru Legean eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan sexuagatiko diskriminazioa gauzatu izanaren ondoriozkoak.

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren II. eranskinaren B) 4.2 atalean ("Eguneko zentroetarako baldintzak") ezarritakoa betetzen duela; izan ere, horrek arautzen ditu, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

(Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimena, eta kasu horretan kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu).

.............................................(e)n, 202......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.

(Legezko ordezkariaren sinadura eta erakundearen zigilua)

Iragarkiaren kodea: F2404847