75. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106E/2024 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita funtsezko aldaketa bat egitea Cadreitako udal-mugartean kontserbak fabrikatzen (ontziratzen eta esterilizatzen) dituen instalazio batean. Haren titularra Cambra Selección SLU da, eta aldaketaren xedea lurrun-galdara aldatzeko proiektua gauzatzea; instalazioak eta bertako jarduerak ebazpen honen eranskinean bildutako baldintzak bete beharko dituzte.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.3 taldean.

2023ko abuztuaren 10ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, lurrun-galdara aldatzeko; zehazki, 9,91 MW-eko potentzia izendatuko galdara instalatzeko bertan dagoen galdararen ordez (3,31 MW-ekoa).

2023ko abuztuaren 25ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako irizpenean erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Cadreitako udal-mugartean kontserbak fabrikatzen (ontziratzen eta esterilizatzen) dituen instalazioaren funtsezkoa aldaketa egiteko, lurrun-galdara aldatzeko proiektua gauzatzeko. Instalazioaren titularra Cambra Selección SLU da, eta instalazioak eta bertako jarduerak ebazpen honen eranskinean bildutako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko 15AEA064090132023 zenbakiko baimena ematea, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat. Baimen horri buruzkoak Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan jasota daude. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Laugarrena.–Instalazioaren aldaketa ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Cambra Selección SLUra, Cadreitako Udalera eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2404887