75. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2024 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez indarrik gabe uzten da urriaren 1eko 48/2019 Ebazpena, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, bukatutzat jo zuena Nafarroako Foru Komunitatea José Ramón García Suescun jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko espedientea, eta, horren ondorioz, jaraunspenaren ondasunak eta eskubideak esleitu zituena (GP 2017024).

José Ramón García Suescun jauna Murtzian jaio zen, Murtziako probintzian, 1936ko urriaren 7an, eta Iruñean hil zen 2016ko ekainaren 13an. Iruñeko Torralba del Río kaleko 4ko 2.C etxebizitzan izan zuen azken helbide ezaguna.

2017ko otsailaren 13an, Iruñeko Torralba del Río kaleko 4ko bizilagunen erkidegoak jakinarazi zuen José Ramón García Suescun jauna hil zela. Aurkeztutako jakinarazpenaren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko jarduketak hasi ziren.

Espedientean dagoen informazioa azterturik, bidezkotzat jo zen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura administratiboa hastea, Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren abenduaren 5eko 485/2018 Ebazpenaren bidez. Gero, Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 212/2019 Ebazpenaren bidez zuzendu zen aipatu ebazpena.

Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak urriaren 1ean emandako 48/2019 Ebazpenaren bidez, behin izapidetze osoa eginda, bukatutzat jo zen Nafarroako Foru Komunitatea José Ramón García Suescun jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko espedientea, eta, horren ondorioz, jaraunspenaren ondasunak eta eskubideak esleitu ziren. Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.9 artikuluak agintzen du jaraunspena likidatuko dela aurrekontuetan interes sozialeko beste helburu batzuetarako kontsignatutako zenbatekoa handitzeko; likidazio hori egin aurretik Iruñeko Torralba del Río kaleko 4ko 2.C higiezinaren titulartasuna Nafarroako Foru Komunitatera aldatu zen, Iruñeko 1. Jabetza Erregistroan 2020ko urtarrilaren 14an egindako inskripzioaren bidez (12.267 erregistro-finka). Gero, 2021eko martxoaren 24an, J. L. S. M. jaunak idazkia aurkeztu zuen Ondare Zerbitzuan, eta jakinarazi zuen bera zenduaren lehengusua zela eta legezko abintestato jaraunsleen notario-akta egiteko izapideak hasi zituela.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetza gauzatuko dela jarauntsi osoa edo haren parte bat ez bada baliozkotasunez xedatu testamentu bidez, oinordetza-itun bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita oinordetza gauzatzeko beste formetatik edozein erabiliz.

Foru Berriaren 304. Legeak, hildakoa hil zen egunean zuen idazketan, ondasun ez­tronkalen legezko oinordetzaren ordena ezartzen du; 6. zenbakian jasotzen ditu 2. eta 3. zenbakietan jasota ez dauden alboko ahaideak, seigarren graduraino –lotura bakarraren nahiz bikoitzaren eta lerro desberdinen arteko bereizketarik egin gabe–, gradurik hurbilenekoek urrunekoak baztertuz, ordezkaritza-eskubiderik gabe eta hainbana beti, eta 7. zenbakian agintzen du ezen aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko. Kasu honetan, hildakoak badu legezko jaraunsle bat jaraunsteko eskubide hobea duena Nafarroako Foru Komunitateak baino.

2023ko azaroaren 6an, María Pilar Chocarro Úcar notarioak errekerimendu-akta eman zuen, nabaritasun adierazpena egin dadin José Ramón García Suescun jauna testamentua egin gabe hil izanaz (notarioaren 1.814 protokolo-zenbakia). 2024ko otsailaren 12an, María Pilar Chocarro Úcar notarioak José Ramón García Suescun jauna testamentua egin gabe hil izanari buruzko nabaritasun-akta eman zuen (notarioaren 284. protokolo-zenbakia), eta J. L. S. M. jauna, hildakoaren lehengusua, abintestato jaraunsle bakartzat deklaratu zen.

Notario-akta, laburbilduz, abintestato jaraunslearen deklarazioa lortzeko indarreko legerian aurreikusitako prozedura-bidea da, eta hura izapidetzeko, interesdunek agiri ofizialak eta erregistro-ziurtagiriak aurkeztu behar dituzte, lekukoen adierazpenak egin behar dituzte eta iragarkiak argitaratu behar dituzte. Elementu horiek, denak batera baloratuta, notarioari, zuzenbide zibilean espezializatutako profesional gisa eta horretarako legez izendatutako organo eskudun gisa, aukera emanen diote azaldutako egitateen nabaritasun-judizioa egiteko, beren burua kaltetutzat dutenek beren interesen defentsan dagokien deklarazio-judizioa eskatzeko duten eskubidea berariaz gordeko dela.

Notarioaren aktak, adierazitako izapide guztiak betez eskuetsiak, esku hartzen duen fede-emaile publikoaren nabaritasun-judizio bat jasotzen du, interesdunak abintestato jaraunsle bakarrak izateari buruzkoa, eta, hasiera batean, jaraunspenaren gainean Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona baino eskubide hobea izatearen froga nahikoa da. Foru Berriaren 304. Legearekin bat etorriz, behin egiaztatuta testamenturik gabeko kausatzailearen jaraunsle izaten ahal den ahaideren bat dagoela, Nafarroako Foru Komunitateak jaraunspeneko ondasun eta eskubideen gainean duen eskubidea indargabetu egiten da nahitaez.

Kontuan hartuta J. L. S. M. jaunak 2020ko martxoaren 24an aurkeztutako idazkia, eten egin zen jaraunspenaren likidazioaren izapidetzea, eta Iruñeko Torralba del Río kaleko 4ko 2.C higiezinak 2023ko abenduaren 31ra arte sortutako gastu guztiak ordaintzen jarraitu zen, hargatik eragotzi gabe Nafarroako Foru Komunitateak data horren ondoren egiten dituen ordainketak, jaraunsleak jaraunspena eskritura publiko bidez onartu arte, hark itzuli beharko dituenak.

Nolanahi ere, 2016ko abenduaren 31n, heriotza gertatu eta bost hilabetera, hildakoak Caixabanken zuen banku-kontuan 9.340,09 euroko zenbatekoa agertzen zen, eta ordainketak aipatutako kontuan helbideratuta eta kargatuta jarraitu zuten.

Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak prozedura amaitzeko urriaren 1ean 48/2019 Ebazpena eman ostean, 2020ko urtarrilaren 30ean, banku kontua itxi zen, 4.674,16 euroko zenbatekoa zegoela.

Aipatutako banku kontua ixteaz geroztik, Nafarroako Foru Komunitateak 4.674,16 euroak transferitu eta bere kontura ordaintzen hasi zen Torralba del Río kaleko 4ko 2.C higiezinak sortutako gastu guztiak. Egun horretatik 2023ko abenduaren 31ra bitarte sortutako gastuak 9.076,10 euro dira, José Ramón García Suescun jaunaren jaraunspenaren Gastuen eta Diru sarreren Txostenean jasota dagoenez. Txosten horrek Ondare Zerbitzuko zuzendariaren sinadura du eta ebazpen honen eranskinean jaso da.

Beraz, hildakoak utzitako zenbatekoaren eta 2023ko abenduaren 31ra bitarte sortutako gastuen arteko aldea ordaindu behar du legezko jaraunsleak, hau da, 4.674,16 ken 9.076,10 euro, guztira -4.401,94 euro. Ondorioz, J. L. S. M. jaunak, ebazpen honekin batera, 4.401,94 euroko ordainketa-gutun bat jasoko du, 2024ra luzatutako 2023ko diru-sarreren aurrekontuko Beste diru-sarrera batzuk izeneko 111000-11300-3990-000000 partidan ordainduko dena.

Ikusi dira Ondare Zerbitzuaren txostenak, txosten juridikoa aldekoa da eta kontu-hartzaile delegatuak espedientea aztertu du, oharrik edota oztoporik adierazi gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenen ondorioz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 243/2023 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren bidez esleitu didaten eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ondoriorik gabe uztea 48/2019 Ebazpena, urriaren 1ekoa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, bukatutzat jotzen duena Nafarroako Foru Komunitatea José Ramón García Suescun jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko espedientea, eta, horren ondorioz, jaraunspenaren ondasunak eta eskubideak esleitzen dituena.

2. Ebazpen honek ez du ondoriorik izanen legezko jaraunsleak eskritura publiko bidez onartzen ez badu jaraunspena.

3. Ebazpen honek ez du ondoriorik izanen, baldin eta legezko jaraunsleak ez badu ordaintzen ebazpen honekin batera doan ordainketa-gutuna, ez eta ondoren bidaltzen dena ere, jaraunsleak jaraunspena eskritura publiko bidez onartu arte sortutako gastuekin.

4. Aipatutako higiezina inskribatuta dagoenez Iruñeko 1. Jabetza Erregistroan, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean, legezko jaraunsleak berorren titulartasuna aldatu beharko du bere izenean ager dadin, behin jaraunspena eskritura publiko bidez onartu ondoren.

5. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera (Nafarroa) igortzea bertako iragarki-taulan ikusgai jar dadin hilabetez.

6. Honako hauek izendatzea, Nafarroako Foru Komunitatearen izenean ebazpen honetan ezarritakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzaten eta behar diren agiri publiko nahiz pribatuak sina ditzaten: Marta Echavarren Zozaya andrea, Ondare Zerbitzuko zuzendaria; María Iparraguirre Picabea andrea, Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Ataleko burua; eta Susana Montilla Larriqueta andrea, Administrazio Laguntzako Bulegoko burua.

7. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atala, Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Inbentario Orokorraren Bulegoa, Administrazio Laguntzako Bulegoa eta Ekonomia Aferetako Bulegoa) eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.

8. Ebazpen hau eta eranskina, José Ramón García Suescun jaunaren jaraunspeneko gastuen eta diru-sarreren txostena eta ordainketa-gutuna biltzen dituena, J.L.S.M. jaunari eta María Pilar Chocarro Úcar notarioari jakinaraztea, honek izapidetuko baitu azkenean jaraunspena onartzeko eskritura.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuaren arabera, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri baino lehen.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketa kasuetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du abintestato jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioaren alde esleitzeagatik kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 5ean.–Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Maite Domínguez Muguiro.

Iragarkiaren kodea: F2404721