74. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

165E/2024 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena, dirulaguntza hauek eman daitezen norgehiagoka: Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzak, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak kontratatzeko, finkatzeko eta mantentzea babesteko, horiek 2024an finantzatzen lagunduz. DDBN identifikazioa: 750707.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki erakundeek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, xedatzen du Nafarroako Gobernuak laguntza eta babesa emanen diela toki erakundeei, eta sustatu eginen duela berdintasun arloko teknikariak kontrata ditzaten.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan kontuan hartzen da toki administrazioak planaren ildo estrategiko guztietan eta bereziki I. ildo estrategikoan duen erantzukizuna; izan ere, horren helburua da genero ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza ereduan, bai eta toki administrazioenean ere.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki erakundeetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du, bai toki erakundeentzat banan-banan, bai toki erakundeen elkarteentzat, dirulaguntza honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finka ditzaten toki erakundeek, baita teknikari horien mantentzea babestu dezaten ere, finantzaketarako laguntza emanez.

Berdintasun agenteen kontratazioa babestea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen berdintasun helburuak tokian-tokian egon eta bultza daitezen. Berdintasun agenteen kontratazioa bultzatuta eta babestuta, lanbide-profil hori finkatu eta mantendu beharko litzateke toki administrazioetan. Halaber, helburua da figura profesional hori finantzatzeko laguntzak baliagarriak izatea toki erakundeen finantza nahikotasuna osatzeko, aipatutako Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legeak esleitzen dizkien eginkizunei dagokienez, 12. artikuluak adierazten duen bezala. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, emaitza hori lortzeko bidean.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeetarako dirulaguntzen deialdia onestea, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente teknikoak sartzeko, finkatzeko eta mantentzea babesteko, 2024an horien finantzaketarako laguntza emanez.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 236.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastu-aurrekontuko "080001 08100 4609 232200 Toki erakundeentzako transferentziak berdintasun-politikak bultzatzeko" aurrekontu-partidaren kargura.

Salbuespen gisa, 115.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta oinarri arautzaileak (I. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Baseari haren berri ematea.

Iruñean, 2024ko martxoaren 21ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea 2024rako.

Helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea Nafarroako toki erakundeetan, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuneko teknikariak kontratatzeko, finkatzeko eta mantentzea babesteko, langile horiek finantzatzen lagunduz. Laguntza hori, berdintasun teknikariak mantentzen laguntzeko xedea duena, zazpi urtez emanen da gehienez ere.

2. oinarria. Erakunde onuradunak.

Nafarroako toki erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

3. oinarrian biltzen diren betekizun guztiak toki erakundeko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagiria III. eranskinean dagoen ereduaren arabera bete beharko da.

3.1. Toki erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. B mailako berdintasun agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jaso izana 2023. urtean, edo epe diruz lagungarrian lanpostu berri baten kontratazioa hastea.

Kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Ulertuko da kontratazioa epe diruz lagungarrian hasteko baldintza betetzen dela lehen ez zegoen berdintasun agentearen lanpostu berri baterako kontratazio berria egiten denean; inola ere ez da baldintza hori betetzat joko aurretik zeuden B mailako berdintasun agenteen lanaldi osoko lanpostuetan kontratuak berritu, aldatu, berrabiarazi edo ordezteko kasuetan.

Kontratazio bat epe diruz lagungarrian hasten bada, dirulaguntza emateari begira, betekizun hori egiaztatutzat joko da baldin betetzen bada toki erakundeko idazkariaren ziurtagiriari (III. eranskina) buruz eskatutakoa, non frogatuko baita toki erakundeak konpromisoa hartu duela berdintasun agente bat kontratatzeko; ondoren, diruz lagundutako kontratazioa egin izana frogatu beharko da.

3.1.2. Nolanahi ere, toki erakundearen kontratazioa indarreko legeriaren arabera eginen da, eta une oro egokitu beharko da enplegu publikoaren arloko araudiak eskatutakora. Toki erakundeak bakarrik izanen du legedi horretara ez egokitzearen erantzukizuna.

3.1.3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuetan salbu; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

Era berean, aurreko deialdietan zazpi urtez onuradun izan diren toki erakundeek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik eskatu (lanpostu gehigarri baterako kontratazioaren kasuan izan ezik).

3.1.4. Dirulaguntza jasotzeko aldian egitura organikoan izatea berdintasun arloko zinegotzigoa, batzordea, edo berdintasun alorra edo berdintasun arloko eginkizunak dituen alorra edo emakumeen alorra, edo alor horietako bat eratzeko konpromisoa hartzea.

Hainbat udalerrik osatutako toki erakundeen kasuan (mankomunitateak, izaera tradizionaleko elkarteak, etab.), bai eta oinarri hauetako 3.2 puntuan aipatzen diren toki erakundeen elkarteen kasuan ere, lurraldean berdintasuna kudeatzeko lan mahai bat eratu beharko da. Mahai horretan nahitaez egon beharko dira ordezkatuta toki erakunde hori edo erakundeen elkarte hori osatzen duten udalerri guztiak. Ordezkaritza hori zehazteko, mahaia osatuko da udalerri guztietako alkateekin edo berdintasun arloko eskumenak dituzten zinegotziekin. Lan mahai horren ardura izanen da lurralde osoan onestea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lanaren plangintza.

3.1.5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

3.1.6. Aukera-berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen berdintasunerako plan estrategikoa edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, "Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentuan oinarrituta. https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/310539/ItinerariotrabajoEntidadesLocales22022015.pdf). Ildo horretan, berdintasun teknikariek beteko dituzten eginkizunak egokitu beharko dira aipatutako "Ibilbide" horretan jasotakoetara, bai eta plan horietan jaso ere.

Berdintasun agentea lehen aldiz kontratatzen bada, betekizun hori frogatutzat joko da baldin betetzen bada toki erakundeko idazkariaren ziurtagiriari (III. eranskina) buruz eskatutakoa, non frogatuko baita toki erakundeak asmoa duela deialdi honek aintzat hartzen duen aldian berdintasun plana edo urteko lan egitasmoa prestatzeko, honako agiri honetan oinarritua: "Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea".

3.1.7. Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasun agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian.

3.2. Onuradun izan daitezkeen toki erakundeek elkartzeko akordioak egiten ahalko dituzte beste toki erakunde batzuekin, lanaldi osoan berdintasun agentea kontratatzeko, honako muga eta baldintza hauekin:

–5.000 biztanletik gorako toki erakundeak ezin izanen dira elkartu.

–Elkartutako tokiko erakundeetako guztizko populazioa ezin izanen da, inola ere, 12.000 biztanletik gorakoa izan.

–Lehendik dagoen elkartze-akordio bati atxikitzen ahalko zaizkio gerora beste toki erakunde batzuk, baldin eta aurreko bi baldintzak betetzen jarraitzen badute. Nolanahi ere, 5. oinarrian adierazitako dirulaguntza kalkulatzeko, elkartzeko lehen akordioaren kontratazioaren hasierako data hartuko da kontuan beti. Halaber, ondoren aipatzen diren gauzatze konpromisoak eguneratu beharko dira.

Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira elkartutako toki erakunde bakoitzak bere gain hartutako gauzatze konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza zenbatekoa. Erakunde horiek ere onuradun izanen dira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, erakunde onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Horrez gain, adierazi beharko da toki erakunde sinatzaileen artean zeinek egin duen kontratazioa.

Aurrekoa gorabehera, elkartze-akordioaren testuan jasota geratu beharko da berdintasun agentearen lanak lurralde ikuspegia izan beharko duela, ziurtatze aldera berdintasun politikek eragina izanen dutela elkartutako erakundeei dagokien lurralde osoan, batera. Ildo horretan, oinarri hauetako 3.1.4 ataleko bigarren paragrafoan adierazitakoa hartuko da kontuan bereziki.

4. oinarria. Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak, eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Toki erakunde bakoitzak edo toki erakundeen elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan.

Dirulaguntza emanen da berdintasun agente baten pertsonal-gastuak finantzatzen laguntzeko, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartekoak, betiere 5. oinarrian ezarritako ehunekoekin bat etorrita. Horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) B mailako kontratazio bati dagokion oinarrizko soldata eta gizarte segurantza.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, pertsonal-gastuak diruz lagungarriak izanen dira lanaldi osoa bi pertsonak betetzen badute.

Agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen duenean, lanaldi osoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki erakundeek beste toki erakunde batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren. Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa elkartutako erakundeen guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu, eta aurreko paragrafoan xedatutakoa ere aplikatuko da.

c) Diruz lagunduta kontratatzen den berdintasun agentea alta egoeran egon behar da, eta benetan betetzen Nafarroako toki erakundeetako berdintasun teknikariekin lankidetzan NABIk egindako ibilbidean jasotako eginkizunak:

–Ibilbidea ezagutzea eta berdintasun alorreko urteko plangintza diseinatzeko esparruetarako erabiltzea.

–Lan programak eta jarduketak koordinatu eta kudeatzea.

–Ekintza batzuk abian jartzea.

–Ibilbidea ezartzeko prozesua ebaluatzea, hobetu beharra duten arloak identifikatzea eta haiek hobetzeko bideak sortzea.

–Bere erantzukizun arlotik, beste interes talde batzuei aholkuak eta prestakuntza ematea.

–Berdintasun alorrean egiten den lanaren berri ematea, eta hura ikusgarri egitea.

–Koordinaziorako bideak ezartzea beste elkarte eta erakunde batzuekin, eta berdintasun alorrak dauzkaten beste toki erakunde batzuekin.

–Udaletako berdintasun agenteen eginkizunen artean ez dago indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeak zuzenean artatzea.

Kontratazio berrien kasuan, alta egoera ezin izanen da hasi 2024ko azaroaren 30a baino beranduago.

Ulertuko da berdintasun agente titularra alta egoeran dagoela soldatarik gabeko baimenetan, lizentzietan, eszedentzietan eta/edo ezintasunetan, edo legerian aurreikusitako antzeko beste edozein kasutan.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da gutxienez, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, orduan ez baita 2024ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko. Nolanahi ere, kontratazioa indarreko legeriara egokituko da beti, bereziki kontuan hartuta 3.1.2 oinarrian adierazitakoa.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzarekin finantzatuko dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2023ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota, lanaldi osoari dagokiona.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutakoari lan araubideko kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen. Era berean, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen enplegu publikoaren araudian administrazio kontratuetarako jasotako gehieneko epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.

5. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2023ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, berdintasun agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Aurreko atalaren arabera finkatutako soldatari dagokionez, dirulaguntza ehuneko hauek aplikatuko dira:

–Dirulaguntza ematen deneko lehen eta bigarren urtea, pertsonal-gastuen ehuneko 85, 5.1 a) atalean adierazitakoaren arabera.

–Dirulaguntza ematen deneko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, pertsonal-gastuen ehuneko 70, 5.1 a) atalean adierazitakoaren arabera.

–Dirulaguntza ematen deneko zazpigarren urtea, pertsonal-gastuen ehuneko 60, 5.1 a) atalean adierazitakoaren arabera.

c) Elkartutako erakundeek eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, erakunde bakoitzean lanean ematen den denboraren arabera.

d) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, ordezten duen hasierako kontratazioari dagozkion portzentajeak aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko.

e) Erakundeak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.

f) Deialdiren batean toki erakunde onuradunari ez bazaio zenbatekorik eman edozein arrazoirengatik (baldintzak behin-behinean ez betetzeagatik, justifikaziorik ez izateagatik, etab.), ez da ulertuko zazpi urteko gehieneko zenbaketa eten denik. Beraz, dirulaguntza eta haren ehunekoak kalkulatzeko, dirulaguntza aurrenekoz ematea eragin zuen kontratazioaren hasiera-data hartuko da kontuan.

6. oinarria. Eskaerak.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, eta agiri bereizietan bidali beharko dute:

a) Eskaera nahitaez aurkeztu beharko da horretarako diseinatutako eskabide ereduan (II. eranskina). Eskabide ereduak barne hartzen ditu urteko lan-plana eta aurrekontua, eta nahitaez bete beharko dira biak.

Elkartuta aurkezten diren toki erakundeen kasuan, kontratazioa egiten duen toki erakundearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

Eskaera aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori erabiliko da kalkulatzeko zenbateko dirulaguntza eman behar den.

b) Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria (III. eranskina), egiaztatzen duena 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla eta, era berean, jarduketa diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea 4. oinarrian jasotakoarekin bat datozela.

c) Kontratazioa bi toki erakundek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haien artean ezarritako akordioaren kopia.

d) Idazkariaren ziurtagiria (IV. eranskina), egiaztatzen duena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluan jasotako gardentasun-betebeharrak betetzen direla, 9.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.

e) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

f) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzeko txostena.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki erakunde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzeko eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza egiteko helbidea: https://dehu.redsara.es; horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzak baloratuko ditu eskaerak, eta, horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egiten ahal ditu, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskaeren lehentasun hurrenkera:

–Lehenik, lehentasuna emanen zaie deialdi honen aurretik egindako eta 2023. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei eta, horien artean, antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtekoak.

–Bigarrenik egonen dira, epe diruz lagungarrian hasitako kontratazio berrien artean, aurretik berdintasun agenterik izan ez duten toki erakundeek egindakoak edo izan badute ere, aurretik dirulaguntza hau jaso ez duten toki erakundeek egindakoak.

–Hirugarrenik, epe diruz lagungarrian kontratazioa hasi duten toki erakundeek egindakoak, aurretik berdintasun agentea izan eta hura kontratatzeagatik dirulaguntza jaso badute baina arrazoi justifikatuak direla-eta kontratua eten badute.

–Laugarrenik, berdintasun agentea duten toki erakundeek egindakoak, hura kontratatzeagatik dirulaguntzarik jaso ez badute eta beste agente bat kontratatu nahi badute.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzean berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie biztanleria handieneko toki erakundeen eskaerei.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean adieraziko dira erakunde eskatzaileen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Toki erakunde onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da idazkariaren ziurtagiria aurkeztea, IV. eranskinean jasotakoa.

10. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza konturako ordainketa bakarrean ordainduko da. Onuradunak 2024ko urriaren 31 baino lehen ziurtagiri bat aurkeztuko du, idazkariak sinatua, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte berdintasun agenteak sortutako pertsonal-gastuek eragin dituzten kostuei buruzkoa, 10.2 oinarriko A atalean adierazitako dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, atal horretan adierazitako eranskinetara egokituta.

Halaber, ziurtagiri horrek 2024ko azaroari dagozkion gastuen aurreikuspena jasoko du.

Justifikazioa aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31n bukatuko da. Egun hori baino lehen, idazkariaren beste ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, 10.2 oinarriko B atalean adierazitakoaren arabera.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

A) 2024ko urriaren 31 baino lehen.

Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:

–Justifikazio memoria, diruz lagundutako epean berdintasun agenteak zer eginkizun eta jarduketatan parte hartu duen jasotzen duena. V. eranskineko ereduaren arabera egin behar da.

–Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria (VI. eranskinean eskuragarri), berdintasun agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena.

Ziurtagiri horretan, berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuen eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa jasoko da, 2024ko azaroari dagozkion gastuen aurreikuspena barne, eta gastua diruz lagundutako jarduerari behar bezala aplikatu zaiola ere egiaztatuko da. Kontratazioaren kostuaren banakapena hilabeteka bete beharko da, aipatutako VI. eranskineko ereduan agertzen den bezala.

Oro har, egindako gastutzat hartuko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoa, salbu eta likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan berean dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dira. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

–Frogagiri bat, egiaztatzeko Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra betetzen dela, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partzialki aldatu zuen 4/2016 Foru Dekretua).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, INAI/NABIren sinbolo grafikoarekin batera, deialdiaren fitxan egonen da eskuragarri, oinarri hauen testuaren amaieran. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

B) 2025eko abenduaren 31 baino lehen.

Erakunde onuradunek, dirulaguntza justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, agiri bereizietan eta eskuragarri dagoen eranskinera egokituta:

–Toki erakundearen idazkariaren ziurtagiria, VII. eranskin gisa eskuragarri dagoena. Ziurtagiri horretan, 2024ko azaroan berdintasun agenteak sortutako pertsonal-gastuek eragindako kostuaren justifikazioa jasoko da, VI. eranskinean jaso ziren gastuak berresteko (2024ko urriaren 31 baino lehen aurkeztua).

10.3. Instrukzio organoaren iritziz ez bada nahikoa gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena, errekerimendua eginen dio toki erakundeari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun balioduneko epean, gehienez. Toki erakundeak eskaeran adierazi duen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEb) eginen da errekerimendu hori.

10.4. Dirulaguntzaren kalkuluaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa (dirulaguntza emateko ebazpenean ageri dena) baino zenbateko txikiagoa justifikatzen den kasu guztietan, ordaindu beharreko kopurua gutxituko da, eta azkenean justifikatu eta onartu den zenbatekoari deialdi honen 5. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuko zaizkio.

10.5. Aurrekoa galarazi gabe, honako hau hartuko da kontuan ezintasun, eszedentzia, lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan dirulaguntza ordaintzeko, edo legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean:

a) Ordezkapenik eginez gero, kontuan hartuko dira laneko bajan dagoen pertsonaren benetako kostuak, toki erakundeak bere gain hartuko dituenak, gehi hura ordezten duen pertsonaren kostua, ordainketa kalkulatzeko soilik, eta emandako zenbatekoa gainditzen ez bada.

b) Lanaldiaren murrizketaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.

c) Eszedentzietan, lizentzietan, baimenetan edo ordainsaririk ez duten egoeretan, proportzionalki gutxiagotuko da ordaindu beharreko kopurua.

10.6. Bidezkoa izanen da kobratzeko eskubidea kentzea baldin eta toki erakundeak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, kontratazioa bukatutzat eman eta beste agente bat kontratatzen ez badu hilabeteko epean. Ildo horretan, erakunde onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

10.7. Oinarri honetan adierazitako frogagiriak egiaztatuta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak likidazioa egiteko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko eskaerarekin, halakorik bada.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, baldin eta horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren erakundeek jasotzen ahalko dituzte, helburu eta xede bererako, bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kostuaren %100 baino handiagoa.

12. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki erakunde onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xede den berdintasun agenteari dagozkion pertsonal-gastuak gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero dirulaguntzaren onuradun diren toki erakundeetako teknikarientzat, ebazpen honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko berdintasun agentearen kontratazioan edo lan egoeran sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta baimena eskatzea balizko edozein aldaketa egin aurretik.

d) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den mota orotako informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundeetan, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasun agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea.

13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–3.1.2 oinarria betetzen ez dela egiaztatzen bada, %100eko ez-betetzea izan dela ulertuko da.

–4.1 oinarrian ezarritako jarduerak gauzatzen ez badira, %100eko ez-betetzea izan dela ulertuko da.

13.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

16. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Deialdiaren fitxa (https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-para-incorporacion-consolidacion-y-apoyo-al-mantenimiento-del-personal-tecnico-de-agentes-de-igualdad-de-oportunidades-entre-mujeres-y-hombres-en-2024), non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik tramitatu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.

Iragarkiaren kodea: F2405128