73. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako udalerriei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita "Artea eta Kultura 2024" programaren barruko arte jarduerak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 749922.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalerriei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea "Artea eta kultura" programaren barruko kultur jarduerak egin ditzaten, deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 600.000 euroko gastua baimentzea (gehienez 50.000 euro gehiago baimendu daitezke) eta foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Laguntza hauek Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuarekin finantzatuko dira, 2024ra luzatutako 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan "Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak" izena duen A20002-A2500-4609-334100 partidaren kargura. Partida horren kreditutik 600.000 euro bideratuko dira deialdi honetarako. Oinarrien arabera, kreditu horri gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahal zaizkio, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako udalerriei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea "Artea eta Kultura 2024" programaren barruko kultur jarduerak egin ditzaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, kreditu hau baimentzen da 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334100: Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2024

600.000,00

Baimendutako kredituari 50.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 18an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALERRIEK "ARTEA ETA KULTURA 2024" PROGRAMAREN BARRUKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako udalerrietan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2023ko urriaren 30etik 2024ko urriaren 27ra bitarte eginen dira, bi egun horiek barne.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, arte eta kultur jardueratzat hartuko dira arte bisualetako ikuskizunak eta proiektuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak honako zortzi sektore hauetan egin ohi dituen jarduerekin lotura daudenak: antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kulturaren eta kultura tradizionalaren adierazpen artistikoak (bertsolaritza, jotak, dantza, abesbatza, txistua...).

1.3. Deialdiaren xede diren jardueren programazioak ondorio positiboak lortu nahi ditu emakumeen eta gizonen berdintasunean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua betez.

1.4. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan kultur eta arte jarduerak programatzeak eragin positiboa sortu nahi du Nafarroako kultur sektorearen ekosisteman, hots, babes neurri izan nahi du sektorearen jarduna mantendu dadin eta, azken batean, pertsona guztiek eskuragarriago izan dezaten kultura eta errazagoa izan dadin kultur jardunean modu librean parte hartzea.

2. Toki entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

2.2. 40.000 biztanletik beherako populazioa duten Nafarroako udalerriak izatea.

2.3. Udalerriek beren kultur jarduerak zuzenean kudeatzeko baliatzen dituzten erakunde edo entitateak ere izaten ahalko dira onuradunak, hala badagokio, bai eta haiek osatutako fundazioak ere.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2024rako gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, eta horretarako gehienez 600.000 euro bideratuko dira 2024ra luzatutako 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan "Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak" izena duen A20002-A2500-4609-334100 partidaren kargura.

Baimendutako kredituari 50.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

3.2. Dirulaguntzaren oinarrizko zenbateko bat ezarri da udalerriko biztanle kopuruaren arabera, IV. eranskinarekin bat (Nafarroako udalerrietako populazio datu ofizialak, 2023koak, Nafarroako Estatistika Institutuaren azken eguneraketaren arabera).

Deialdian baimendutako zenbatekoa txikiagoa bada herriei, biztanleriaren arabera, dagozkien zenbatekoen batura baino, zenbatekoa proportzionalki gutxituko da.

3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko atalaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten udalerrien artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera lortuko dira puntuok).

Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten udalerri eta entitateen puntuazio guztiak batuko dira, eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko.

Puntuaren balioa bider herri bakoitzak lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da bakoitzari dagokion diru kopurua.

3.4. Laguntzak onartutako aurrekontuaren %50ekoak izanen dira gehienez ere.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide ereduak eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira.

4.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira zalantzarik gabe bat datozenak Arte eta Kultura 2024ko deialdi honetan berariaz diruz lagundutako jardueren izaerarekin. Ondorio horietarako, honako hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen eta talde amateurren ikuskizunak kontratatzeagatiko gastuak, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

b) Arte bisualen proiektuak programatu eta kontratatzeak sortutako gastuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

c) Egile-eskubideak kudeatzen dituzten entitateek sortutako gastuak, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Bidaien, otorduen, ostatuen eta dieten gastuak.

b) Ikastaroak, lantegiak eta hitzaldiak.

c) Sariak eta lehiaketak, eta horien epaimahaikideentzako ordainsariak.

d) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

e) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

f) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

g) Kultur jarduerak egiteko antzokiak edo lokalak alokatzea.

h) Udalak diruz laguntzen dituen beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

i) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

j) Beste deialdi batzuetan justifikatu ezin diren arte edo kultur jardueren gastuak.

BEZa duten gastuen kasuan, entitateak konpentsatu ezin badu, VI. eranskinean (gastuen justifikazio taula) sartuko da adierazi beharreko gastu zenbatekoa.

Entitateak konpentsatzen ahal badu, gastuaren barruan ez da BEZaren zenbatekoa adieraziko.

Entitateak BEZaren hainbanaketa aplikatzen badu, hainbanaketa horren arabera dagokion BEZaren zenbatekoa sartuko da.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa: Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Yolanda Osés Pérez andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Jesús Arana Palacios jauna.

–Rufina Tres Gambarte andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Amalia Jiménez Atienza andrea.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

6.3.1. Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

6.3.2. Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

7.1. Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).

a.1) Jardueren kopurua, diziplinen arabera (antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kultura eta kultura tradizionala) (0,5 puntu gehienez):

–1 eta 5 diziplina bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,25 puntu.

–6 eta 8 diziplina bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,50 puntu.

a.2) Jardueren kopurua (arte bisualetako jarduerak kontuan hartu gabe) (puntu 1 gehienez):

–4 jardueratik 9 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–10 jardueratik 16 jarduera bitarte: 0,50 puntu.

–17 jardueratik 24 jarduera bitarte: 0,75 puntu.

–24 jarduera baino gehiago: 1 puntu.

a.3) Arte bisualetako jardueren kopurua (0,5 puntu gehienez):

–1 jardueratik 4 jarduera bitarte: 0 puntu.

–5 jardueratik 10 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–10 jarduera baino gehiago: 0,50 puntu.

a.4) Nafar sortzaileekin programatutako jarduerak (profesionalak eta amateurrak) (2 puntu gehienez):

–1etik 3ra (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 0,50 puntu.

–4tik 6ra (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 1 puntu.

–7 baino gehiago (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 2 puntu.

a.5) 2023ko deialdian onartutako gastu guztiaren justifikazioa (puntu bat):

(Barne egiaztapen bat eginen da eskatzaileek 2023ko deialdian emandako eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera igorritako datuak aztertzeko).

a.6) Euskaraz programatutako jarduerak (puntu 1 gehienez):

–Jarduera 1etik 3 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–4 jardueratik 5 jarduera bitarte: 0,50 puntu.

–6 jarduera 10 jarduera bitarte: 0,75 puntu.

–10 jarduera baino gehiago: 1 puntu.

7.2. Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (3 puntu gehienez).

(Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2024ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua).

–0 eurotik 2,00 eurora: 0 puntu.

–2,01 eurotik 4 eurora: 0,25 puntu.

–4,01 eurotik 6 eurora: 1,00 puntu.

–6,01 eurotik 8 eurora: 1,50 puntu.

–8,01 eurotik 10 eurora: 2,00 puntu.

–10,01 eurotik 12,00 eurora: 2,50 puntu.

–12,01 eurotik 14,00 eurora: 2,75 puntu.

–14 eurotik gora: 3,00 puntu.

7.3. Udalerrian kultur kudeaketako teknikari bat egotea, funtzionarioa nahiz kontratuduna, edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez. (puntu 1 gehienez).

–Puntu 1, A edo B mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzen badira.

–0,5 puntu, C mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta, halaber, deialdiaren fitxan argitaratuko da.

Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10. Toki entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa toki entitateak berak zuzenean egiten ez badu, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Nafarroa Markaren eta Argitalpenen Atalaren jarraibideen arabera egin beharko da (helbide elektronikoa: publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta haren erakunde autonomoek –Euskarabidea, kasurako– kudeatutako deialdien bidez lortu diren dirulaguntzen berri ere eman beharko da.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, zuzenean sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, entitate onuradunek honako lan hau kontsulta dezakete: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad", esteka honetan eskuragarri dagoena:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ordainketa bakarrean pagatuko dira, Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena eman ondoren, baldin eta behar diren justifikazio agiriak aurkeztu badira.

Dokumentazioa aurkezteko epea 2024ko azaroaren 4an bukatuko da. Honakoak bildu beharko dira:

11.1.1. Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak Nafarroako kultur informazioko sisteman sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).

11.1.2. Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), Excel formatuan, eremu guztiak beteta.

–Jarduera.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Lana.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.

–Fakturaren zenbakia (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira; izan ere, foru dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Fakturaren data.

–Zenbatekoa (BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu).

11.1.3. Kontu-hartzailearen, idazkariaren edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskina) edo, bestela, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo lehendakariak ontzat emana, non ziurtatuko baita entitateak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

11.1.4. Mezenasgorako eta babesletzarako dauden modalitateen bidez ekarpenik jasoz gero, zehaztu beharko dira, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatuko da.

11.2. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.3. Justifikazioaren edukia egoki haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horretarako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osorik edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Honako dokumentu hauek eskuragarri egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orriaren esteka honetan (https://www.navarra.es/es/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/CONVOCATORIA-DE-SUBVENCIONES-A-LOS-MUNICIPIOS-DE-NAVARRA-PARA-LA-REALIZACION-DE-LAS-ACTIVIDADES-ARTISTICAS-Y-CULTURALES-QUE-INTEGRAN-EL-PROGRAMA-ARTE-Y-CULTURA-2023-):

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

–I. eranskina.–Eskabidea.

–II. eranskina.–Jardueren taula.

–III. eranskina–Ziurtagiri eredua.

–IV. eranskina.–Dirulaguntzen zerrenda populazioaren arabera.

–V. eranskina.–Jardueren datuak.

–VI. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

Iragarkiaren kodea: F2404700