2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VIANA
2024ko lan-egutegia
Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala erabaki da honako hau oinarri hartuta: 250/2023 Ebazpena, ekainaren 5ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena (2023ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 22koa).
Beharrezkoa da dekretu honetan arautzea, gainera, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, horien artean lan-ordutegia malgutzea, lanaldiko atsedenaldia eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.
Kontuan harturik dekretu honen edukia erakunde sindikalekin negoziatu dela mahai orokorrean, halaxe xedatzen baitu, bere 83.6.h artikuluan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuenak.
Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Jaiegunak zehaztea:
2024ko jaiegunen egutegia Vianako Udalaren zerbitzuko langileentzat, igandeez gain, honako hau izanen da:
–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
–Martxoaren 28a: Ostegun Santua.
–Martxoaren 29a: Ostiral Santua.
–Apirilaren 1a: Pazko astelehena.
–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.
–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.
–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.
–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.
–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.
Herriko jaieguna:
–Uztailaren 22a, Santa María Magdalena.
2. Urteko lanorduen banaketa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, urtean benetan lan egin beharreko orduen kopurua 1.592koa da, honela banatuta:
a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 21 minutu izanen da. Nahitaez aritu beharko da 8:10etatik 14:30ak arte; langileek nahi dutenean eginen dituzte gainerako 30 minutuak, malgu, 7:10etik 8:10ak arte eta 14:31tik 15:31k arte.
b) Urteko lanorduen kopurua doitzearren, berezitasun hauek ezarri dira:
–Irailak 16, 17 eta 18 Nievako Ama Birjinaren festak dira. Egun horietan, Udaren egoitza itxita egonen da, eta soberazko orduak erabiliko dira.
–Abenduaren 24an eta 31n, soberazko 3 orduak doitzearren, lanaldia 13:30etan bukatuko da.
3. Artikulu honetako aurreko ataletan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileei, ezta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa, etab.), horiek lan-egutegi berariazkoa izanen baitute.
Urteko lanorduen kopurua banatzeko oro har ezarritakoaz beste erregimen bat dagoen kasuetan, berariazko lan-egutegi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, negoziazio-mahaian negoziatu ondoren.
4. Zerbitzuaren beharrek komenigarri egiten badute, Alkatetzak, dagokion alorreko buruak proposaturik, dekretu honetan aipatu ez bezalako lan ordutegia baimentzen ahalko du kasu edo administrazio unitate zehatzetan, negoziazio-mahaian negoziatu ondoren, betiere ezarritako lanaldiaren urteko kopurua errespetatuta.
5. Lanaldiko atsedenaldia.
Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute.
Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da, hori baita jendaurreko arreta emateko ordutegi orokorra hori eskaintzen duten bulegoetan (bulego orokorrak eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak).
6. Norberaren arrazoiak direla-eta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.
a) Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da arrazoia jasota badago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia), bai eta langileak osasun laguntza behar duen egoeretan ere.
b) Baimen eta lizentziak ematen direnean, eman beharko da kasuan kasuko baimenaren edo lizentziaren xedea betetzeko behar-beharrezkoa den denbora. Denbora tarte horretan, honako hauek sartuko dira: lantokitik kontsultara joateko eta etortzeko langileak behar duen denbora, edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den lekura joateko eta etortzeko behar duen denbora, bai eta, adinagatik edo mugikortasun arazoengatik ahaideren bati lagundu behar zaion kasuetan, hura etxetik edo antzeko batetik hartzeko eta bertara itzultzeko behar den denbora ere.
Langilea zuzenean joaten bada kontsultara edo baimena eragin duen gertaera egiten den lekura lanpostutik igaro gabe, baimenean arrazoizko denbora bat sartuko da bidaia hori egiteko, langileak medikuaren kontsultatik edo gertaera eragilea gertatu den lekutik lantokira itzultzeko erabiltzen duen denbora adinakoa. Era berean, baimena eragin duen gertaera bukatu ondoren edo kontsultaren ondoren langilea bere lanpostura itzultzen ez bada, baimenean arrazoizko denbora bat gehituko da, lanpostutik medikuaren kontsultara edo gertaera eragilea egiten den lekura joateko erabiltzen den denbora adinakoa.
c) Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.
7. Magdalena (uztaila) eta Nievako Ama Birjina (iraila) festetan eman beharreko zerbitzuak jaiegunekotzat hartuko dira, ordainsariei dagokienez.
Vianan, 2024ko martxoaren 14an.–Alkate udalburua, M.ª Blanca Yolanda González García.
Iragarkiaren kodea: L2404440