Iragarkia
71. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
438E/2024 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2024ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 748201.
Nafarroako Gobernuak borondate irmoa azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak lagunduz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta eta langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduz, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.
Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote eta, hala, esparru juridiko berria ezarri dute prestakuntza arloko ekimenentzat.
694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko oinarriak ezarri ziren. Agindu horrek arautzen duen prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean langabeentzako ekimen bat dago, enplegu zerbitzu publikoen prestakuntza programen bidez garatzen dena, atzematen diren prestakuntza beharrak betetzeko.
Arau horiek betetzeko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (aurrerantzean, NL-NEZ) urtero argitaratu ohi ditu langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntza deialdiak.
Horretarako, Nafarroako Foru Komunitatean lehentasunezkoak diren sektore ekonomikoekin eta produkzio arloekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak identifikatu dira, eta kontuan hartu dira enplegu agentzien programazio proposamenak; izan ere proposamen horiek oinarrian dituzte lan eskaintzen kudeaketan eta enplegu eta prestakuntza arloko diagnostiko pertsonalizatuetan identifikatutako beharrak. Eta modu erabakigarrian eragin dute Nafarroako eskualdeetarako eskaintza programatzeko orduan.
Gainera, deialdi honetan programazioak lehentasuna ematen die espezialitate berritzaileei, lan-merkatuan atzemandako behar berriei erantzuteko diseinatu baitira berriki.
Aurreko urteetan, deialdi honen gauzatze portzentajeak honako hauek izan ziren: %95,23, 2020an; %76,62, 2021ean; eta %69,84, 2022an. 2024rako dirulaguntzen deialdi honen helburua da aurrekontuaren %75 gauzatzea.
Prestakuntza amaitu zuten pertsonen kopuruari dagokionez, 2020an hasi zutenen %90,6k amaitu zuen; 2021ean, %91,5ek; eta 2022an, %81,36k. 2024rako helburua da gutxienez ikasleen %85ek bukatzea prestakuntza ekintza.
Bestalde, deialdi honen bidez murriztu nahi da lanbide arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala, hala nola Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan, eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan; izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira haietan. Hori horrela, aurreikusita dago bertaratze-bekak ematea lanbide arlo horietako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dute emakumeentzako, eta hala, haien kontratazioa aldezteko.
Deialdi honetako dirulaguntzak bat datoz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin.
Deialdi honek zuzeneko eragina du 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean sartutako O.E.2.2.4 helbururako (Irismena hobetzea, prestakuntza lurralde guztietara eta talde guztietara zabalduz) neurri hauetan: "prestakuntza eskaintzaren optimizazioa eta arrazionalizazioa, lurraldeen premiak kontuan izanda" eta "emakumeen parte-hartzea sustatzea gutxi diren sektoreen prestakuntzan".
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.
2. 2024an prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea. Ekintza horiek Nafarroako Foru Komunitatean langabezian dauden pertsonei zuzenduko zaizkie.
3. 900.000 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Langabeen lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950002 96200 4709 242103 partidaren kargura.
4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko martxoaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, 2024. urtean langabeentzat antolatzen diren prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzak.
2.–Entitate onuradunak.
2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.
Nafarroan akreditatutako edo inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren, prestakuntza beste toki batzuetan eman nahi duten entitateek zehaztu beharko dute, ekintzen berri emateko jarduerak egin baino lehen, zer instalazio edo lokaletan emanen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza espezialitateetarako inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek, aurreko paragrafoan ezarritako epe berean.
2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.
3.–Prestakuntza ekintzak.
3.1. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotzen dira.
Prestakuntza ekintzak prestakuntza espezialitate bakarrak edo espezialitate batek baino gehiagok osatuta egon daitezke, eta horri prestakuntza ibilbide esanen zaio.
3.2. Prestakuntza ekintzak euskaraz ere eman ahalko dira. Kasu guztietan, III. eranskinean hala adierazita badago, hizkuntza horretan eman beharko dira prestakuntza ekintzak; ezin izanen dira beste hizkuntza batean eman.
3.3. Prestakuntza ekintzak dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera gauzatu ahalko dira, 2025eko ekainaren 30era arte.
3.4. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan ezarritako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.
3.5. Prestakuntza ekintza guztietan izanen dira eraldaketa digitalaren, garapen jasangarriaren eta genero zeharkakotasunaren arloko orduak, III. eranskinean zehazten den kopuruan.
Honako hauei buruzko prestakuntza jarduerak dira: lan-ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikazio kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta oreka bermatuta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen artean); eta genero zeharkakotasuna. Genero zeharkakotasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero desparekotasunak ezabatzeko, lan prozedurak eta metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte aldaketarako joerak sustatzeko.
Ematen diren prestakuntza ekintzekin lotuta egon beharko du, eta prestakuntza horretan erabiltzen den irakaskuntza modalitate bera erabili beharko da. Prestakuntza emateko modalitatea mistoa denean, eskolak modu presentzialean edo teleprestakuntzakoan ematen ahalko dira.
Eraldaketa digitalaren arloko prestakuntzarako, NL-NEZek prestatutako erreferentziazko materialak erabiltzen ahalko dira: https://sites.google.com/happeninn.es/tdndicefamprofesionalessne/Indice-TD-SNE-familias-profesionales
Halaber, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza espezialitate batzuk erabili ahal izanen dira erreferentzia-material gisa.
Entitateak hiru eremuen artean banatzen ahalko ditu orduak, egokitzat jotzen duenaren arabera.
3.6. Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzak eskolak emateko sistema bimodal baten bidez ere egin ahalko dira, irakasleak eta parte-hartzaile batzuk modu presentzialean aritzen direla eta gainerako parte-hartzaileak modu birtualean aritzen direla. Horrela, parte-hartzaile batzuk ikasgelan egonen dira eta, aldi berean, beste batzuk beste toki batzuetatik arituko dira prestakuntzan, modu partekatuan, ikasgela birtualaren bidez.
3.7. Eskolak emateko sistema bimodalean, ikasgela birtual bidezko prestakuntzak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
–Ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetan, bai eta modalitate mistoko eta teleprestakuntzako ekintzen zati presentzialean ere.
–Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.
–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.
–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat izanen da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, ekintzen datak eta konexio-denborak. Horrez gainera, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkien edo grabazioen medioz, adibidez).
–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie NL-NEZeko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.
–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita.
3.8. Eguneko eskola-orduak ezin izanen dira 8 baino gehiago izan, eta asteko muga 40 izanen da. Muga horren barruan sartzen dira, baita ere, lanekoak ez diren praktiken orduak, kasua denean.
3.9. Modalitate presentzialeko eta modalitate mistoko prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeei zuzenduta daude. Entitate onuradunek zilegi izanen dute 20 parte-hartzaile bitarteko taldeak osatzea, horretarako izena emanda badaude. 15. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.
3.10. Teleprestakuntza modalitateko prestakuntza ekintzak 20 laguneko taldeentzat dira. Entitate onuradunek parte-hartzaileen kopurua handitzen ahalko dute. 20. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.
3.11. Modalitate mistoan edo teleprestakuntzakoan, entitate onuradunak plataformako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie NL-NEZeko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.
4.–Irakasleei ordaintzea.
4.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleei egotzitako beste edozein ere.
Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.
4.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu beharreko justifikazioko memoria ekonomikoan eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.
Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.
4.3. Honela kalkulatuko da kostua orduko: prestakuntza ekintzarako eskatutako dirulaguntzaren %35 zati ekintza horren ordu guztien kopurua.
Zatiketa eginda ateratzen den orduko kostua 40 euro baino gutxiagokoa baldin bada modalitate presentzialean edo 30 euro baino gutxiagokoa teleprestakuntzan, orduko kostua, gutxienez ere, 40 eurokoa izanen da modalitate presentzialean eta 30 eurokoa teleprestakuntzan. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate presentzialean eta teleprestakuntzan.
Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.
4.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35ekoa izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, aurreko puntuan adierazitakoa.
4.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.
4.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio itzul dezala eskatutako dirulaguntzaren %35 gehienez, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.
Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.
4.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.
5.–Dirulaguntzen zenbatekoa.
5.1. Prestakuntza ekintza bakoitzerako ematen den dirulaguntzak gehieneko diru muga bat izanen du, deialdi honen III. eranskinean adierazitako kostua, hain zuzen. Zenbateko hori ateratzen da parte-hartzaile eta prestakuntza ordu bakoitzari dagokion berariazko modulu ekonomikoa aplikatuta, lanbide arloaren arabera, 15 parte-hartzaileri modalitate presentzialean edo mistoan, eta 20 parte-hartzaileri teleprestakuntzako modalitatean.
5.2. Prestakuntza ekintza presentziala edo mistoa izaten ahal denean, eta entitateak eskatzen badu modalitate mistoan ematea, teleprestakuntzako modulu ekonomikoa ezin da izan III. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoaren %75 baino handiagoa.
6.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.
6.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:
a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa inskribaturik badaude.
Ez da beharrezkoa izanen lan eskatzaile gisa izena ematea arau espezifiko batek hala aurreikusten badu, eta, bereziki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribatuta dauden gazteen kasuan, Gazte Bermearen Sistema Nazionala bultzatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera, salbu eta 7. oinarrian xedatutako beken edo laguntzen eskatzailea bada, kasu horretan lan eskatzaile gisa inskribatuta egon beharko baitu.
b) Lana duten pertsonak, kolektibo hauen barruan badaude:
–Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen badute.
–Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian egonik langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.
–Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuta dauden besteren konturako nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.
–Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.
Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan parte-hartzen duten landunak, gehienez ere, prestakuntza ekintza bakoitza hasten duten pertsona guztien ehuneko 30 izanen dira.
Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten menpe dauden langileen kasuan, enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarrita dagoen bezala.
6.2. Administrazio publikoen zerbitzuko langileek ezin dute ekintza hauetan parte hartu.
6.3. Prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.
6.4. Prestakuntza hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.
Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.
6.5. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, kontuan hartuta NL-NEZek identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.
Izen-ematea enpleguaren atariko prestakuntzaren atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
6.6. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak postu kopurua gainditzen duenean, entitate onuradunak hautaketa bat eginen du. Hautaketa hori egiteko, irizpide eta lehentasun ordena hauek erabiliko dira:
a) NL-NEZeko orientazio-zerbitzuek, orientazio zerbitzuak emateko entitate laguntzaileek edo oinarrizko gizarte zerbitzuek lehentasunezkotzat jotzen dituztenak.
b) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.
c) Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak.
d) Ehuneko 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenak.
e) Prestakuntza prozesua egin ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenak.
f) Ikastaro bakoitzean lehenetsiak izateko baldintza betetzen dutela frogatzen dutenak.
g) Aurreko irizpideak aplikatu ondoren berdinketarik bada, lehentasuna emanen zaie, ordena honetan, ABEEEk ukitutako pertsonei, emakumeei eta kualifikazio apala dutenei.
Entitateak hautaketa osatzen ahalko du elkarrizketak, mailaketa probak, hizkuntzen ezagutzakoak eta bestelakoak eginez, talde bereko kideen artean antzeko maila dagoela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.
Hautaketan, emakumeen kopurua eta gizonena bera izan daitezen ahaleginduko da.
Hautatutako ikasleek prestakuntza ekintza hasten duten egunean mantendu beharko dituzte aukeratuak izateko betekizunak.
6.7. Prestakuntza entitateak zorrotz zehaztu beharko ditu hautaketa irizpideak. NL-NEZek irizpide horien berri emanen du prestakuntza ekintzaren zabalkunde fitxetan.
6.8. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza entitateak NL-NEZi emanen dio emaitzen berri, eta, bereziki, NL-NEZeko orientazio zerbitzuek, orientazio-zerbitzuak emateko erakunde laguntzaileek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuek lehentasunezkotzat jotzen dituzten pertsonen berri, adieraziz nor onartu den eta nor ez, eta, kasu horretan, parte ez hartzeko edo ez hautatzeko arrazoia emanez.
6.9. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatuak izateko arrazoiak:
a) Arrazoitu gabeko hiru bertaratze-hutsegite baino gehiago egitea hilabete batean.
b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.
c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.
d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza entitateko langileekin.
e) Prestakuntza entitateko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.
f) Prestakuntza entitatearen funtzionamendu araudian agertzen ahal den beste edozein.
6.10. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute ez izena eman ez parte hartu NL-NEZek antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.
6.11. NL-NEZek prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.
6.12. Prestakuntza ekintzaren ikaskuntzaren ebaluazioa eginen da. Alderdi horiek modu independentean ebaluatuko dira prestakuntza espezialitate bakoitzean. Parte-hartzaile bat espezialitate batean gai dela jotzeko, espezialitate horretako orduen ehuneko 75era, gutxienez ere, joan beharko du, eta hura probetxuz gainditu.
7.–Bekak eta laguntzak.
7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.
Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta lan eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.
Bekak eta laguntzak zuzeneko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Gobernuaren atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.
Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.
Eskaera horietan jasotako informazioa IRIS aplikazio informatikoaren Beken atalean erregistratu beharko da, erabilgarri badago.
Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu NL-NEZera 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.
Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.
7.2. Bekak eta laguntzak:
a) Emakumeak bertaratzeko beka.
Honako lanbide arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeentzat izanen da: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu NL-NEZek enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.
b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.
Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean NL-NEZek diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.
c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.
Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak edo erakunde baliokideak egiaztatutako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat izanen da. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean NL-NEZek diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik kobratuko du beka hau.
d) Garraiorako laguntza.
Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleak inskribatuta dauden enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta NL-NEZek egiazta badezake.
Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.
Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.
Langabearen ohiko bizilekutik ikastetxera joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraiorako norberaren ibilgailua erabiltzeagatiko laguntza eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.
e) Mantenurako laguntza.
Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.
f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.
Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori NL-NEZ organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.
Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.
g) Kontziliaziorako laguntza.
Laguntza hau jaso ahalko dute 12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen senideren bat (2. mailara artekoa) duten langabeek, baldin eta haiekin bizi badira eta OAEAParen %75etik gorako errentarik ez badute.
Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.
Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.
7.3. Bekak eta laguntzak soilik kobratuko dira parte-hartzaileak prestakuntza saio presentzialetara bertaratu behar direnean.
Nolanahi ere, bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe.
8.–Lanekoak ez diren praktikak.
8.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 19. artikuluan arautzen diren baldintzetan.
8.2. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, ez bada NL-NEZek besterik baimentzen duela, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.
8.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeek 7. oinarrian ezartzen diren bekak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Langabetzat joko da praktika profesionalen hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan.
8.4. Lanekoak ez diren lanbide praktikak prestakuntza ekintza egin bitartean egiten ahalko dira, prestakuntza ekintzaren gutxienez ehuneko 75 egin bada, edo ekintza bukatu ondoren, ebaluazio positiboarekin gainditu bada. Praktikak jarduera bukatu ondoren hasten badira, ez dira 30 egun naturaletik gora iraganen jarduera bukatzen denetik praktikak hasi bitarte. Praktiken iraupenari dagokionez, haiek sortzen dituen prestakuntza ekintzaren iraupenaren %20tik %100era bitartekoak izanen dira, eta ezin dira 40 ordutik beherakoak izan.
9.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.
9.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuta. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eskabide-eredu normalizatua erabiliko da.
9.2. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak loteka eskatu beharko dira. Loteek osoak izan beharko dute, eta bat etorri beharko dute III. eranskinean argitaratutakoekin. Baldintza horiek betetzen ez dituztenak ezetsi eginen dira.
9.3. Entitate eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu beharko dute. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.
9.4. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:
a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.
b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.
c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.
d) Adierazpena, dioena eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.
Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.
9.5. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Eskaera-orria sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.
b) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera (www.nafarroa.eus).
c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.
d) 11.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.
e) Aurrekoaz gain, NL-NEZek espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.
Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.
9.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
10.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.
10.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita. Behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuko dira eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
10.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.
11.–Balorazio irizpideak.
11.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2022ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.
11.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikoa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, gehienez ere 65 puntu bitarte:
A) NL-NEZen inkestetan lortutako puntuazioa.
Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Baloratuko da parte-hartzaileei egindako inkestetan entitate eskatzaileak lortutako puntuazioa. Inkesta horiek izanen dira NL-NEZek langabeei zuzenduta ematen dituen dirulaguntzen deialdiaren testuinguruan 2022an amaitutako prestakuntza ekintzetan parte hartu zutenei egindakoak.
Inkesta horietan 3tik 4ra doan puntuazioa hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) 0 puntu emanen zaio, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu; hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tartean.
Entitate bat ez bazen eskatutako espezialitateari dagokion lanbide arloan 2022an ematen zen ezein prestakuntza espezialitateren onuradun, urte horretan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioaren %75 emanen zaio.
B) Kaudimen finantzarioa.
Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2022. urtea hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean. Portzentajea %10 baino txikiagoa denean, 10 puntu emanen dira. Portzentajea %50 baino handiagoa denean, 0 puntu emanen da.
Entitate baten 2022ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, ez zaio punturik emanen.
C) Laneratze indizea.
Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Soilik hartuko dira kontuan prestakuntza ekintzen iraupenaren %75era gutxienez joan diren ikasleak, NL-NEZek ematen duen dirulaguntzaren testuinguruan (apirilaren 26ko 3534E/2022 Ebazpenaren bidez arautua) amaitutako prestakuntza ekintzen barruan.
Baloratu beharreko laneratze bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da. Laneratze bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.
Kalkulua honela eginen da: laneratzeak zati kontuan hartutako ikasleak (lehen aipatutakoak). Landunen portzentajea %10 eta %60 bitartean dagoenean, 2-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean. Portzentajea %60 baino handiagoa denean, 15 puntu emanen dira. Portzentajea %10 baino txikiagoa denean, 0 puntu emanen da.
Aurrekoaren ondorioetarako, laneratze garbitzat jotzen da kontratazio edo autoenplegu bidezko laneratzea eta bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean, prestakuntza entitateak emandako prestakuntza ekintzaren lanbide arloarekin lotutako lanbideetan, prestakuntza ekintza hasten denetik amaitu eta hurrengo 6 hilabetean. Kontratua egiten bada, gutxienez hilabete batekoa izan behar da.
Prestakuntza espezialitatea prestakuntza osagarriko lanbide arlokoa bada, laneratze garbitzat joko da edozein lanbidetan egindako laneratzea, betiere gainerako baldintzak beteta.
Ez dira baloratuko entitateak aurkezturiko laburpen memoria-aurrekontuan behar bezala jasota ez dauden pertsonen laneratzeak.
Apirilaren 26ko 3534E/2022 Ebazpenaren bidez arautu ziren dirulaguntzen onuradun ez diren entitateei eskera guztiak aintzat hartuta kontzeptu honengatik lortutako puntuazioaren batezbestekoaren %75 emanen zaie (ebazpen horren bidez NL-NEZek langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak emateko dirulaguntzak arautzen dira).
D) Berdintasuna.
Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean eta Nafarroako Gobernuaren edo Espainiako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta edo, bestela, honako esparru hauetakoren batean genero-berdintasunaren arloko hiru neurri, gutxienez, gauzatu dituela adierazten duen txostena: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.
E) Eraginkortasuna dirulaguntzaren kudeaketan.
Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Baloratuko da zein neurritan izan den eraginkorra NL-NEZek langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren kudeaketa (apirilaren 26ko 3534E/2022 Ebazpenaren bidez emandako dirulaguntzarena).
Emandako dirulaguntzaren %90 gutxienez gauzatu duten entitateei 5 puntu emanen zaizkie. Uko partzialen kasuan, dagokion deialdian ezarritako epean egin badira, gauzapena kalkulatzeko, uko egitearen ondoriozko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.
Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.
F) Kontratatzeko konpromisoa.
Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Prestakuntza ekintzak iraun duen denboraren %75era edo gehiagora joan diren ikasleak kontratatzeko konpromisoa baloratuko da.
Baloratu beharreko kontratatzeko konpromiso bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da. Kontratatzeko konpromiso bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.
Kalkulua honela eginen da:
–Lanaldi osoko eta epe mugagabeko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 5 puntu.
–Lanaldi osoko eta gutxienez hiru hilabeteko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, edo lanaldi partzialean baliokidea den denboraz, gutxienez eguneko %50eko lanaldia izanik, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 2,5 puntu.
Zenbait lanbide arlotan dagoen segregazio horizontala murrizteko (hauetan kasurako: Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan, eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan, non emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago baitira), lanbide arlo horietako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeen kontratazioari lagundu nahi zaio.
Aurreko paragrafoan adierazitako lanbide arloei loturiko prestakuntza ekintzetako kontratazio konpromisoa honela egiaztatuko da, emakume parte-hartzaileak kontratatzen direnean:
–Lanaldi osoko eta epe mugagabeko kontratazio bakoitzeko, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 7,5 puntu.
–Lanaldi osoko eta gutxienez hiru hilabeteko kontratazio bakoitzeko, edo lanaldi partzialean baliokidea den denboraz, gutxienez eguneko %50eko lanaldia izanik, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 3,75 puntu.
11.3. Gauzatzen ez bada NL-NEZek langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak emateko dirulaguntza (apirilaren 26ko 3534E/2022 Ebazpenaren bidez araututakoa), honako penalizazio hauek ezarriko dira:
–Onartutako prestakuntza orduen %10era arteko ez-gauzatzeak: penalizaziorik ez.
–Onartutako prestakuntza orduen %10etik gorako ez-gauzatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.
Kalkulua honela eginen da: gauzatutako prestakuntza orduak zati onartutako prestakuntza orduak.
Prestakuntza ekintza bakoitzaren iraupen-orduak hartuko dira prestakuntza ordutzat.
11.4. Ez-gauzatzeren bat izan bazen apirilaren 26ko 3534E/2022 Ebazpenaren bidez araututa NL-NEZek langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak emateko eman ziren dirulaguntzetan, kontuan hartuko dira eskaera bakoitzaren amaierako balorazioa egitean, ebazpen hartako II. eranskinean adierazitakoarekin bat.
11.5. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.
12.–Adjudikaziorako irizpideak.
12.1. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.
Aurrekontu kreditua agortzen denean, gainerako prestakuntza ekintzak esleitzen jarraituko da, erreserban geratuko baitira; horiei dirulaguntza emanen zaie, eta gauzatuko, bakar-bakarrik aurrekontu erabilgarririk badago.
Lote bakoitza osatzen duten prestakuntza ekintzak independenteak dira baloraziorako. Esleipena egiteko, lotearen azken puntuazioa izanen da prestakuntza ekintza bakoitzak, banaka hartuta, lortutako balorazioaren batez besteko puntuazioa.
Esleipena honela eginen da:
–Lehenik, entitate batek bakarrik eskatutako prestakuntza ekintzen loteak esleituko dira.
Prestakuntza ekintzen lote hauek ez dira kontatuko gainerako prestakuntza ekintzen loteak esleitzeari begira.
–Ondoren, III. eranskinean ageri diren hurrenkeran esleituko dira prestakuntza ekintzen loteak.
Lote bakoitzaren onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta lote kopuru txikiena esleitua daukan entitate eskatzailea. Esleitutako lote kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko dira.
Eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu dutenak soilik izanen dira onuradunak.
Gelditzen den dirulaguntza ez bada aski loteak osorik emateko, lote horietako prestakuntza ekintzak banaka ematen ahalko dira, baina betiere III. eranskinean agertzen diren ordenari segituz.
12.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpide hauek aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:
–Puntuaziorik handiena "Laneratze garbiaren indizea" izeneko balorazio irizpidean.
–Puntuaziorik handiena "Kontratatzeko konpromisoa" izeneko balorazio irizpidean.
–Erregistroan lehenago sartu zena.
12.3. Baldin entitate onuradunak 2024ko irailaren 30a baino lehen, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, uko egiten badio emandako dirulaguntzari, hurrengo deialdien baloraziorako erreferentzia gisa hartuko dira uko egitearen ondotik ateratzen diren datuak, balorazio irizpideetan besterik adierazi ezean.
13.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.
13.1. Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
13.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.
13.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.
13.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:
a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.
Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita.
13.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio.
13.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
14.–Entitate onuradunen betebeharrak.
14.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonentzat.
b) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.
c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza ekintza egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.
d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.
e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.
f) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Diploma hori NL-NEZek emanen du, IRIS aplikazio informatikoaren bitartez.
g) Prozeduraren instrukzio fasean behar den informazioa eta dokumentazioa aurkeztea; prestakuntza ekintzak gauzatzea eta dirulaguntza justifikatzea NL-NEZek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita; eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, bai eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak ere, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.
h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa egin beharrari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.
i) NL-NEZi jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik hartu den, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horien arabera, jaso beharreko zenbatekoa murriztuko da.
j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.
k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.
l) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten erakundeek, NL-NEZi igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.
m) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, NL-NEZek, lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak beteko dira.
Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.
14.2. Gardentasun betebeharrak:
14.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.
Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.
14.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
14.2.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
14.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
14.3. Kontratatzeko konpromisoa betetzeko betebeharra:
14.3.1. Entitate onuradunek justifikatu beharko dute kontratazio konpromisoa bete dela, "Agirien taula. Langabeak" agirian zehazten den moduan. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan, deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.
14.3.2. Baldintza hauen arabera gauzatuko da kontratazio konpromisoa:
a) Kontratazioak eginen dira kasuan kasuko prestakuntza ekintzari dagokion lanbide arloko lanetan.
b) Kontratazio bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da, eta behin bakarrik zenbatuko da.
c) Kontratazioa egiteko, epe bat izanen da, prestakuntza ekintzaren lehen egunean hasten dena eta ekintza bukatu eta 6 hilabetera bukatzen dena. NL-NEZerbitzuak epe hori luzatzen ahalko du, epea amaitu baino lehen, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.
d) Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez hiru hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.
e) Kontratazio konpromisoa betetzeari dagokionez, kontratazio mugagabetzat hartuko dira honako hauek:
–Ikasleak kooperatiba bateko, lan-sozietate bateko edo gizarte-ekonomiako beste edozein forma juridikotako bazkide langile gisa sartzea, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.
–Langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 12 hilabetez ordaindu dituztenak.
–Aldizkako kontratu finkoarekin kontratatu dituztenak.
f) Kontratatzeko konpromisoa betetzeari dagokionez, hiru hilabeteko edo epe handiagoko kontrataziotzat hartuko dira langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 3 hilabetez ordaindu dituzten pertsonak.
h) Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko hartutako kontratazio konpromisoa ez betetzea, salbu eta kontratatzeko beste ikaslerik ez dagoenean.
i) 11.2 oinarrian adierazitako lanbide arloei loturiko prestakuntza ekintzetan, emakume parte-hartzaileak kontratatuz gero, oinarri horretan adierazitako baldintzen araberakoa izanen da kontratazio konpromisoa.
j) Kontratazio konpromisoa bete dela joko da baldin eta kontratazioak oinarri honetan adierazitakoaren arabera egiten badira, eta kontrataziorako konpromisoaren atalean lortutako puntuak badakartzate, atal horretan baloratutako kontratu kopuru eta motarekin bat etorri ala ez.
k) Kontratu horiek Gizarte Segurantzaren kotizaziorako pizgarri edo onurez baliatzen ahalko dira, edo kasuan kasuko kontratuagatik legozkiokeen bestelako laguntzez, horrelako pizgarri edo onurak arautzen dituen araudiaren arabera.
15.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.
15.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.
15.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.
Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio NL-NEZi, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen denean gertatzen bada.
Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala justifikaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.
15.3. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.
15.4. Prestakuntza entitateak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du prestakuntza ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko apartatuan adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira prestakuntzaren %25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.
15.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Agirien taula. Langabeak" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.
16.–Gastu diruz lagungarriak.
Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.
17.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
17.1. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa prestakuntza ekintza bakoitzeko eginen da, eta akreditazio modalitatean, moduluka.
17.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiririk aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.
17.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:
a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.
–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.
–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.
Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren.
Onartutako prestakuntza gauzatzen hastea joko da dirulaguntza ekintzaren hasieratzat.
b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak "Aurrerakinaren edo ordainketa partzialaren eskaera" agiria aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.
Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.
17.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.–Justifikazioko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek frogatuko dituena:
a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).
b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan oinarriturik kalkulatua.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Memoria hori igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Ordainketak eta likidazioak" tramitearen bidez.
NL-NEZek egiaztatuko ditu ikasleen bertaratze-orduak, memoria ekonomikoan aurkeztutako informazioa kontrastatuz IRIS aplikazio informatikoan jasotako informazioarekin eta prestakuntza ekintzara joan diren ikasleek sinatutako bertaratze-orriekin.
Prestakuntza ekintzaren ebaluazioari buruzko txosten bat, 18.2 oinarrian adierazten den bezala.
Txosten hori IRIS aplikazio informatikoaren bitartez aurkeztu beharko da.
17.5. Dirulaguntza justifikatzeko, hilabeteko epea izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.
Dagokion dokumentazioa aurkezten bada aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko penalizazioa eguneko, %20ra arte gehienez ere.
Hilabete iragaten bada eta entitate onuradunak ez badu dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu, NL-NEZek entitate onuradunari eskatuko dio justifikazioa 15 eguneko epe luzaezinean aurkez dezala. Ez badu justifikazioa aurkezten NL-NEZek emandako 15 eguneko epe horretan, dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta prozedura abiatuko da, 20. oinarriarekin bat.
17.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.
17.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZek espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, 3 hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.
17.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen gutxienez %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.
17.9. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ekintza bertan behera utzi behar izan dutenean lana aurkitu dutelako, beka baten onuradun gertatu direlako edo lanekoak ez diren praktikak egitea hitzartu dutelako, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian aldiko kontrolen %25, edozein dela ere konektatuta egon diren ordu kopurua.
Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten diren egunera arte.
17.10. Prestakuntza ekintza presentzialetan, aurreko apartatuan ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak bertan behera uzten badira prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman ondoren utzi beharko dira bertan behera.
Ekintza presentzialetan ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean egun batean parte hartu duten pertsona guztiek. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean prestakuntza plataforman sartu diren pertsona guztiek.
Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.
18.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.
18.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen kalitate digitala ebaluatzeko galdetegiaren bidez eginen da. Prestakuntza entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei, ahal dela prestakuntza ekintza bukatu aurretik.
18.2. Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazio informatikoak lortutako erantzunen batezbestekoak eta ehunekoak tabulatu eta kalkulatuko ditu.
Entitate onuradunek, galdetegien emaitzak aztertuta eta prestakuntza prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 17.4.2 oinarrian aipatutako kalitate-ebaluazioaren txostena bete beharko dute IRIS aplikazio informatikoan, balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako neurriekin.
18.3. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:
a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.
b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:
–Prestakuntza ekintzak egin diren.
–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein den.
–Parte-hartzaileei bertaratze-agiria edo diploma eman zaien.
–Irakasleei ordaindu zaien.
Horretarako, erakunde onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZen iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.
Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak atzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.
Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.
19.–Azpikontratazioa.
19.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza jarduera gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez dela ulertzen da.
Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.
Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko bere gain hartu behar dituen bestelako gastuak kontratatzea.
19.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntzaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.
20.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.
20.1. Ez baldin badira betetzen deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa egin beharra dagoela erabakitzen den egunera artekoak).
20.2. Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:
a) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Era berean, joko da ez-betetzea erabatekoa izan dela ez baldin badira bete diruz lagundutako jardueraren helburuen %25, zeinak neurtuko baitira prestakuntza ekintza gauzatzeko eman den dirulaguntzaren adierazlearen bidez.
b) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako ehunekoa kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.
c) Eskaeran jasotako kontratazio konpromisoa, dirulaguntza emateko baloratu dena, betetzen ez bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, edo, behar denean, jada likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Murriztu edo itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kontratazio konpromisoaren atalean lortutako baina gauzatu gabeko puntuak entitatearen azken baloraziotik zer ehuneko diren kalkulatuko da, eta ehuneko hori aplikatuko zaio likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari.
20.3. Dirua itzultzeko ezarritako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.
20.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.
20.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteengatik askatutako zenbatekoekin, beste dirulaguntza bat ematen ahalko da esleitu diren erreserbako loteak gauzatzeko. Erreserbako lote guztiak emanda badaude, askatutako zenbatekoak erabiltzen ahalko dira beste dirulaguntza bat emateko, hasieran baztertuta gelditu ziren eskaerak egin zituzten entitateei, uko egin zaien loteak edo prestakuntza ekintzak gauzatzeko, puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkeran eta beste deialdi bat egin beharrik gabe.
Uko egin zaien loteetarako edo prestakuntza ekintzetarako beste entitate eskatzailerik ez bada, edo entitate eskatzaileek uko egiten badiete edo ez badute lortu eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez, askatutako zenbatekoak erabiltzen ahalko dira beste dirulaguntza bat emateko, hasieran baztertuta gelditu ziren eskaerak egin zituzten entitateei, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran eta puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkeran, beste deialdi bat egin beharrik gabe.
21.–Datuen babesa.
21.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
21.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako garapen arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.
22.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. Izan ere, 694/2017 Errege Dekretuaren bidez, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatu zen, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen. Era berean, aplikatzekoak izanen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.
23.–Dirulaguntzen publizitatea.
23.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.
Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.
23.2. Entitateak deialdi honen berri emateko eta zabalkunderako baliatzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabili beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.
24.–Errekurtsoak.
Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
II. ERANSKINA.–EZ-BETETZEEN KASUAN APLIKATU BEHARREKO PENALIZAZIOEN ARAUBIDEA
NL-NEZek, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketetan aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da:
1) Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40ra artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:
–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.
–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %15eko penalizazioa.
–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %20ko penalizazioa.
2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40 baino gehiago.
3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1) puntuan ezarritako penalizazioa %50 murriztuko da.
4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:
–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.
–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.
–Ez jakinaraztea prestakuntza jardueran izandako aldaketak, egunei, ordutegiei, emateko lekuei, irakasleei edo tutoreei dagokienez.
5) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:
–Irakasleei ez ordaintzea deialdian zehaztutakoarekin bat.
–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.
–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.
–Bertaratze-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.
–Ikasleei gai kalifikazioa ematea ekintzaren %75era bertaratu gabe.
–Hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egin dituzten ikasleei prestakuntza ekintzan jarraitzeko aukera eman izana.
6) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:
–Ikasleek asegururik ez izatea.
–Bertaratze-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.
–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta NL-NEZen gordailura bidalitakoak.
III. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA EKINTZAK
Deskargatu III. eranskina (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2404217
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
