1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
218E/2024 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita zerriak gizentzeko instalazio baten aldaketa funtsezkoa. Instalazioaren titularra María Ascensión Larrea Bañales da.
Instalazio hori jardunean dago eta badu ingurumen-baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 29ko 203/2019 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 5eko 41E/2022 Ebazpenaren bidez berrikusia.
Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 9.3 b) epigrafean dago jasoa, "Etxeko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, gizentzeko zerrientzat (30 kg-tik gorakoak) 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6 a) epigrafean ere (testu bategina), "Etxeko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, ugalketarako zerrientzat (30 kg-tik gorakoak) 2.000 toki baino gehiago dituztenak" izenekoan.
2023ko urtarrilaren 2an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, gizentzeko zerrien kopurua handitzeko, 4.320 izatetik 6.715 izatera pasatzeko. Ondoren, beharrezkoa zenez urriaren 31ko 1135/2002 Errege Dekretuak animalien ongizateari dagokionez ezartzen dituen baldintzetara egokitzea 2025eko martxotik aurrera, instalazioaren gehieneko edukiera aldatu zen, azkenean 6.539 zerrirentzako tokia izateko.
2023ko urtarrilaren 18an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen-baimen integratua aldatu arte.
Aldaketaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. multzoko a) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isuria berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.
Espedientea tramitatu da honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea.
Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoarekin (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.
Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, hogeita hamar egunez. Egindako kontsulten eta jasotako txostenen zerrenda jaso da ebazpen honen eranskinean.
Titularrak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera ematea eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 16ko 5E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da. Ebazpen honen eranskinean dago ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako informazioa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak betetzen duela 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, non ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimentzea zerriak gizentzeko instalazio baten aldaketa funtsezkoa, zerrien kopurua handitzeko proiektua gauzatzeko (4.320 izatetik 6.539 izatera pasatzeko). Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Artaxoan dago eta haren titularra María Ascensión Larrea Bañales da.
Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen III. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik gehienez ere bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira; epe hori bukatuta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.
Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02038090122019 zenbakiarekin. Sortzen ahalko dituen hondakinak ingurumen-baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, aipatutako erregistroan sartzeko.
Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0380120533/2/4 Plana onestea. Ebazpen honen VII. eranskinean dago.
Bosgarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen-baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.
Seigarrena.–Ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori.
Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen-baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat etorriz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).
Zortzigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoituta adierazi beharko du aldaketa funtsezkotzat jotzen duen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.
Bederatzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
–Ebazpen honen III. eranskinean ezarritako hirigintza baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.
–Titularraren adierazpena, non hitzemanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko duela gehienez ere bost urteko epean.
–Instalazioan ingurumen-kudeaketarako ezarrita dagoen sistema eguneratua.
–17.a TEOa betetzen dela justifikatzen duen dokumentazio grafikoa.
Hamaikagarrena.–Instalazioa martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du, memoria bat eta dokumentazioa jasotzen dituena, egiaztatzeko ezen bete direla ingurumen-inpaktuaren adierazpenean xedatutako neurri zuzentzaileak, hots, ezpondak hidroereitea eta 509B azpilurzatian dagoen larrea lehengoratzea.
Hamabigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Hamahirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.
Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamabosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamaseigarrena.–Ebazpen hau igortzea María Ascensión Larrea Bañalesi, Artaxoako Udalera, Greenpeacera, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Basozainen Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones
Iragarkiaren kodea: F2404613