71. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

215E/2024 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita zerriak hiltzeko eta zatitzeko harakintza industriako instalazio baten aldaketa funtsezkoa. Instalazioaren titularra Cárnicas Iruña SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 568E/2021 Ebazpenaren bidez emana.

Instalazio hori sartua dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) 1. eranskineko 9.1 b) i) epigrafean, "Honako hauetarako instalazioak: elikagaiak edo pentsuak fabrikatzeko honako lehengai hauek tratatu eta transformatzea (ez bakarrik ontziratzea), aldez aurretik tratatuta edo tratatu gabe: animalia-lehengaiak (ez esnea soilik), baldin eta instalazioak egunean 75 tona produktu bukatu baino gehiago ekoizteko ahalmena badu" izenekoan, eta, halaber, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bategina) I. eranskineko 6.4 b) i) epigrafean, "Elikagaiak edo pentsuak fabrikatzeko honako lehengai hauek tratatu eta transformatzea (ez bakarrik ontziratzea), aldez aurretik tratatuta edo tratatu gabe: animalia-lehengaiak (ez esnea soilik), baldin eta instalazioak egunean 75 tona produktu bukatu baino gehiago ekoizteko ahalmena badu" izenekoan.

2023ko maiatzaren 24an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, uraren, lehengaien eta energiaren kontsumoa handitzeko eta instalazio eta ekipamendu batzuk aldatzeko. 2023ko uztailaren 31n Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuria egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimentzea zerriak hiltzeko eta zatitzeko harakintza industriako instalazio baten aldaketa funtsezkoa, uraren, lehengaien eta energiaren kontsumo baimendua handitzeko eta instalazio eta ekipamendu batzuk aldatzeko. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Irunberriko udal mugartean dago eta haren titularra Cárnicas Iruña SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Cárnicas Iruña SAra, Irunberriko Udalera, NILSAra eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2404603