1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
44/2024 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Lodosan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.
2023ko abenduaren 5ean, bat etorriz Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin (errege dekretu horren bidez arautu ziren energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, bai eta onura publikoa zehazki deklaratzea ere, Lodosa udal mugarteko 5. industrialdeko 359. hiri-partzelan kokatutako Nueva Lodosa izeneko 13,8 kV-ko banaketarako transformazio azpiestazio berria egikaritzeko.
Sustatzaileak emandako dokumentazio teknikoaren arabera, azpiestazio berriak tentsioko bi maila izanen ditu:
–66 kV-ko sistema. DB barra bikoitzeko konfigurazioa (6L+2T+1EB+2M), SF6 (GIS) isolamendua duten barne-ekipoen modulu batez osatua, eraikin aurrefabrikatu berri batean kokatuak eta honako posizio hauez osatua:
- Lineako sei posizio etengailuarekin: "Quel-Pradejón", "Quel-RENFE-Alcanadre", "Cárcar 1", "Cárcar 2", "CSAT-P.E. La Lomba" eta "Alba Renova C1-Lamparilla".
- Potentzia-transformadorearen bi posizio (T-1) eta (T-2), etengailuarekin.
- T-1 transformadorea: 66/13,8 kV-koa eta 12,5 MVA-koa, kanpoan jartzekoa, olio mineralean isolatua, eta Dyn11 konexioa eta kargako erregulazioa izanen ditu.
- T-2 transformadorea: 66/13,8 kV-koa eta 10 MVA-koa, kanpoan jartzekoa, olio mineralean isolatua, eta Dyn11 konexioa eta kargako erregulazioa izanen ditu. Transformadorea lehendik egon den Lodosako banaketarako transformazio azpiestaziotik berreskuratuko da.
- A-B barrak lotzeko posizioa, etengailuarekin.
- Erdi-tentsioko posizioa A barran eta lur-konexioan, etengailurik gabe.
- Erdi-tentsioko posizioa B barran eta lur-konexioan, etengailurik gabe.
- Etorkizunean bi posizio jartzeko espazioa.
13,8 kV-ko sistema. Konfigurazioa barra bakun zatituan, SBP (8L+2T+2TSA+P+U+2M), barnealdeko gelaxka blindatuen bi moduluz osatua, SF6 isolamenduarekin, eraikuntza monoblokeko hormigoizko bi eraikin prefabrikatutan.
Instalazioaren xedea da 66 eta 13,8 kV-ko sistemen eraginkortasuna hobetzea eta "Lodosa" TBAren transformazioa berritzea eta 66 kV-ko sistemarekin konektatzea "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" eguzki instalazio fotovoltaikoen linea.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betetze aldera, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera jendaurrean izan zen hogeita hamar egun baliodunez, iragarki bat argitaratu baitzen 2024ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 9koan, eta Diario de Navarra egunkarian (2024ko urtarrilaren 16koan), eta dokumentazioa argitara eman baitzen Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan. Halaber, informazioa Lodosako Udalari komunikatu zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea dago espedientean.
Ebro Terrenos SLren alegazioa jaso zen, eta horren edukia eta analisia jasota daude ebazpen honen eranskinean.
Halaber, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127, 131 eta 146. artikuluetan ezarritakoa aplikatuta, Lodosako Udalari kontsulta egin zitzaion, 2024ko urtarrilaren 16an sinatutako txostena jasota; txosten horretan jakinarazten denaren arabera, proiektua "bateragarria da udalaren hirigintzako plangintzarekin", eta, beraz, "hirigintzaren ikuspuntutik, aldeko txostena ematen da proiektu horretan jasotako jarduketarako, ezertan galarazi gabe partzela mugakideetan afekzioak saihesteko ezarri beharko diren neurriak".
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126, 127, 131, 145 eta 147. artikuluekin bat etorriz, aipatutako alegazioa eta txostena I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SLri bidali zitzaizkion, eta erantzuna jaso zen 2024ko martxoaren 12an.
Adierazitakoarekin bat eta espedientean dagoen informazioa ikusita, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak otsailaren 1ean emandako 10/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa) eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako goi tentsioko instalazio elektrikoa jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea, aurkeztutako proiektua onestea eta hogeita lau hilabeteko epea ematea lanak egiteko.
2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (ITC-RAT 01-23) onesten dituen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (ITC-LAT 01-09) onesten dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatuarekin.
4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri obra-bukaerako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari fakultatibo eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian ezarritako gainerako dokumentazioa ere.
5. Instalazio hori onura publikokoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze-espedientean. Ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda ez da aldatu jendaurrean jarritako zerrendarekin alderatuta.
6. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
8. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Ebro Terrenos SLri, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.
9. Ebazpen hau Lodosako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko martxoaren 18an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
ERANSKINA.–EBRO TERRENOS SL-REN ALEGAZIOA
2024ko otsailaren 14ko idazki bidez, Ebro Terrenos, SLk, proiektuak ukitutako partzelaren enpresa jabeak, eskatzen du espedientean alderdi interesdun gisa hartua izateko eta, nolanahi ere, ez baimentzeko, jarraian laburbiltzen diren alegazioen arabera:
1. Jendaurrean jarritako dokumentazioa osatu gabea izatea eta proiekturako funtsezko izapideak ez egitea: azpiestazioa konektatzen duten linea elektrikoei buruzko aipamenik ez egitea, legezko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenik ez egitea, eta hirigintza- nahiz ingurumen-dokumentaziorik ez aurkeztea.
2. Onura publikoko arrazoirik ez egotea nahitaezko desjabetzeari buruzko legeria aplikatzearen ondoreetarako.
3. Lodosako Udalaren hirigintzako araudiarekiko bateraezina izatea.
Erantzuna:
Proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarrita, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa bete zen. Proiektua ikus-onetsita dago, eta, azpiestazioaren ezaugarriak eta kokapena direla-eta, ez da beharrezkoa dokumentazio gehigarririk argitaratzea eskatzen duen ingurumen- nahiz hirigintza-izapiderik egitea.
Azpiestazioarekin konektatuko diren linea elektrikoei dagokienez, sustatzaileak argitu duenez, "azpiestazioaren beraren ondorengo une batean izapidetuko dira; izan ere, azpiestazioa konplexuagoa denez eta eraikitzeko epe luzeagoak dituenez, beharrezkoa da tramitazioa denboran aurreratzea". I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk hauxe adierazten du jarraian: "Bi jarduketak bereizita izapidetzeak ez du inolako arazorik sortzen legearen ikuspegitik; izan ere, ez modu independentean, ez konbinatuan, ez dakar ingurumen inpaktuari buruzko adierazpena lortzeko beharra dakarren ezein kasu (...) edota administrazio baimena lortzeko, egikaritzeko eta onura publikoari buruzko adierazpena egiteko erabili den prozeduraz bestelako bat".
Bestalde, sustatzaileak justifikatzen du partzela mugakidean dagoen azpiestazioa handitzea bideraezina dela orografia-, teknika- eta ingurumen-arloko inguruabarretan oinarrituta, baita NA-129 errepidera dauden arauzko distantziak errespetatu beharra ere. Horrek azpiestazio berria kokatzeko beste kokaleku bat bilatu beharra eragiten du, eta horrek, halaber, baldintza jakin batzuk bete behar ditu, hala nola ahalik partzela kopuru txikienari eragitea, eta, beraz, jabe kopuru txikienari ere bai; horrez gain, sartzeko erraztasuna ematea, linea berrien eraikuntza minimizatzea, hirigintzako bateragarritasuna izatea eta sektore- eta ingurumen-eraginak murriztea.
Aurreko inguruabarrak ikusita, adierazi behar da, gainera, azpiestazioaren onura publikoa Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikulutik eratortzen dela, berariaz hala deklaratzen baitu, kontuan hartuta energia elektrikoaren hornidura interes ekonomiko orokorreko zerbitzua dela, lege beraren 2. artikuluan jasotzen denaren arabera.
Hirigintzako bateragarritasunari dagokionez, azaldu den bezala, Lodosako Udalak emandako aldeko hirigintza txostena dago espedientean.
Azkenik, adierazten da ebazpena alegazioaren egileari jakinaraziko zaiola, espedientean interesduna delako.
Iragarkiaren kodea: F2404618