Iragarkia
70. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
34E/2024 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntza hauen 2024ko deialdia onesten baita: "Laguntzak, lehiakortasunerako eta enpresa-berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuak gauzatzeko". DDBN identifikazioa, "A" motako proiektuetarako: 748213; "B" motako proiektuetarako: 748216.
Nafarroako Gobernuak, Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) eguneratzeko asmoz, ahalegina egin du baliabide gehienak bideratzeko eskualdeko ekonomia bultzatzeko ahalmenik handiena duten arlo ekonomikoetara, eta, hala, klusterrekin lan egitea da estrategia hori ezartzeko tresna nagusietako bat.
Klusterretan parte hartuz enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duen elkarlana sustatzearren, 2016. urtetik laguntzen deialdi bat onesten da urtero, zeina aldatzen joaten baita, biltzen den esperientziaren arabera eta xedeko elkarteen errealitatearen arabera.
2024ko deialdi honetan, klusterrek beraiek sendotzeko gauzatzen dituzten jarduketak finantzatuko dira batetik, eta, bestetik, diruz lagunduko dira lehiakortasuna hobetzeko proiektuak. Proiektu horiek banaka gauzatzen ahalko dituzte klusterrek, edo zenbait klusterrek elkarlanean, edo klusterrek eta lehiakortasunerako eta enpresa-berrikuntzarako plataformek lankidetzan.
Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuei laguntzak emateko 2024ko deialdia.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, honako gastu hau baimentzen da, 2024ko eta 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2023ko partida hauen baliokide izanen direnen kargura, baldin eta aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa baldin badago:
AURREKONTUKO PARTIDA | LERROA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810001-81100-4819-422200: Suspertu Plana. Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana | A | 2024 | 600.000 |
810001-81100-4819-422200: Suspertu Plana. Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana | B | 2024 | 100.000 |
810001-81100-4819-422200: Suspertu Plana. Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana | B | 2025 | 200.000 |
Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren lerro baterako baimendutako gastuan soberakinik izanez gero, beste lerroko proiektuak diruz laguntzeko bideratzen ahalko da.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko martxoaren 7an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta, orobat, enpresek beren lehiakortasuna hobetzen duten proiektuetan parte har dezatela, lehiakortasunerako eta enpresa-berrikuntzarako plataformen eta kluster erakundeen bitartez.
Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:
a) Kluster erakundea (hemendik aurrera, klusterra): balio kate baten ezagutza entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bere bazkideen lehiakortasuna hobetzea bilatzen duena lankidetzaren bitartez; balio kate hori izan daiteke S4ko (Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia) lehentasun tematikoetako merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera bideratua, edo teknologia erraztailea eskaintzera.
b) Lehiakortasunerako eta enpresa-berrikuntzarako plataforma (hemendik aurrera, plataforma): entitate independenteek (konparazio batera, enpresak, ikerketa eta ezagutza erakundeak eta antzeko beste eragile ekonomiko batzuk) osatutako egiturak edo talde antolatuak, izaera juridikoa bai baina irabazi-asmorik ez dutenak, enpresen industria jarduera berritzailea edo lehiakorra sustatzeko helburua dutenak proiektu pilotuak gauzatuz, ezagutza teorikoa eta praktikoa trukatuz eta balioztatuz, sareak sortuz, informazioa hedatuz eta enpresen eta beste erakunde batzuen arteko lankidetzaren bidez.
2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Honako eremu hauetan sartu beharko dira jarduketa diruz lagungarriak:
a) Nafarroako S4 Estrategiak lehenetsitako eremu ekonomikoak.
b) Arlo horietako teknologia erraztaile bat.
c) Nafarroako 2021-2025 Industria Planean identifikatutako balio kate erraztaileetako bat.
2. Jarduketa ildo diruz lagungarriak honako hauek dira:
2.1. A ildoa. Klusterrak sendotzea.
Ildo honen barruan, diruz lagunduko dira klusterren egitura indartzeko jarduketak, urteko jarduera planean jasoko direnak.
2.2. B ildoa. Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.
Jarduketa ildo honen xedea da kluster bateko edo plataforma bateko enpresen lehiakortasuna eta berritzeko ahalmena sendotzea.
Ildo honen barnean, diruz lagunduko dira bazkideen lehiakortasuna hobetzeko asmoz esparru hauetakoren batean egiten diren proiektuak: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez-teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea, marketina, banaketa eta merkaturatzea, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, estandarrak eta kalitate arauak garatzea edo aldatzea, zaintza estrategikoa edo teknologikoa egiteko sistemak garatzea, eta merkatuak eta konpetentzia.
Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak honela egiten ahalko dira:
a) Kluster batek banaka; kasu horretan, kanpoko lankidetzaren gastuak aurrekontu diruz lagungarriaren %50 izan beharko du gutxienez.
b) Zenbait klusterrek edo klusterrek eta plataformek lankidetzan.
3. oinarria.–Onuradunak.
1. Honako hauek eskatzen ahal dituzte laguntzak, diruz lagungarria den jarduketaren arabera:
–A ildoa (Klusterrak sendotzea): 1. oinarriari jarraikiz "kluster" definizioan sartzen diren eskatzaileak.
–B ildoa (Lehiakortasuna hobetzeko proiektuak): 1. oinarriari jarraikiz "kluster" edo "plataforma" definizioan sartzen diren eskatzaileak.
2. Onuradun izateko, eskatzaileek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte laguntza eskaera aurkezterakoan:
a) Irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa eratuta egotea, edozein dela forma juridikoa.
b) Foru Komunitateko lurraldea lehentasunezko jarduera eremu geografiko izatea. Gainera, bazkideen edo kideen %50ek gutxienez Nafarroan izan beharko dute egoitza soziala edo lantokia.
c) Gutxienez ere hogeita hamar bazkide izatea taldean, kluster baten kasuan, edo hamar bazkide, plataforma baten kasuan.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako kondena epai edo zehapen bat betetzeko zain.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.
Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
f) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.
g) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
h) Krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. definizioaren arabera. Salbuetsita geldituko dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeuden enpresak, baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
3. Horiez gain, A ildoko (klusterrak sendotzea) jarduketen eskatzaileek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Lan eremu nagusia balio kate bat izanen da, merkatu batera edo teknologia erraztaile bat eskaintzera orientatua, betiere Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoen barruan; hau da, arlo ekonomiko horietan teknologiaren, ondasunen edo zerbitzuen eskaintza eta diseinua sustatu behar dira.
b) Bazkideek klusterraren lan eremuaren balio katea ordezkatu beharko dute, eta gutxienez ikerketa, teknologia edo ezagutza zentro bat sartu beharko da.
c) Bazkideek (ikerketa, teknologia edo ezagutza zentroak barne) klusterraren egitura finantzatzeko kuotak ordaindu beharko dituzte.
4. Baldintzak betetzen jarraitu beharko dute dirulaguntza ordaindu arte, eta hori laguntza eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak dira kontzeptu hauengatik izandako zuzeneko gastuak:
a) Langileria, lan eta lanbide kostuak, diruz laguntzen den jarduketari zuzenean lotuak badaude. Orduko 40 euroko dirulaguntza emanen da gehienez.
b) Aholkularitza teknikoko, komunikazioko edo ezagutzako kanpo-zerbitzuak kontratatzea, aurreko apartatuan aipatutako langileek parte hartzen duten enpresekin egindako kontratazioak izan ezik.
c) Klusterrei buruzko Europako ekitaldietara joateagatiko gastuak.
d) Zeharkako gastuak; gehienez ere langileen gastuen %10 izanen dira.
2. Gastu diruz lagungarriek 10. oinarrian adierazitako diruz lagundutako jarduera justifikatzeko epean fakturatuta eta ordainduta egon beharko dute.
3. Oinarri honetako 1. apartatuko b) eta c) letretako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, 10. oinarriko justifikazioarekin, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.
Honako kasu hauetan onuradunek ez dute hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko dute):
a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.
b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.
c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.
Ez dira diruz lagunduko 3. apartatu honetan adierazitako moduan justifikatzen ez diren gastuak.
5. oinarria.–Gauzatzeko aldia.
1. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:
–A ildoa (klusterrak sendotzea): 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra, egun hori barne.
–B ildoa (lehiakortasuna hobetzeko proiektuak): eskaera aurkezten denetik 2025eko irailaren 15era, egun hori barne.
Jarduketak epealdi horren barruan gauzatu direla joko da baldin eta gastu diruz lagungarriak epe horietan fakturatu eta ordaindu badira.
2. B ildoko jarduketetara bideratutako laguntzak pizgarri izan behar dira; horregatik, proiektuak ezin dira hasi laguntza eskaera aurkeztu aurretik, hala eskatzen baitu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluak, zeinetan barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria ezartzen baitira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
6. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.
Laguntzak honenbestekoak izanen dira, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:
1. A ildoa (klusterrak sendotzea):
a) Laguntzen intentsitatea laguntzen organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat jotzen dituen gastuen %80koa izanen da.
b) Onuradun bakoitzari honako laguntza emanen zaio gehienez:
–65.000 eurokoa, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako klusterrak badira.
–75.000 eurokoa, 2022ko urtarrilaren 1aren ostean eratutako klusterrak badira.
2. B ildoa (lehiakortasuna hobetzeko proiektuak):
a) Laguntzen intentsitatea laguntzen organo kudeatzaileak diruz lagungarriak diren gastuen %50ekoa izanen da.
b) Onuradun bakoitzari 75.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.
7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa).
Ondoko 3. eta 4. apartatuetan adierazitako eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (adibidez, "Estatutuak").
3. A ildoko jarduketa guztietarako eskaera bakarra aurkeztuko da, honako dokumentazio honekin batera:
3.1. Laguntzen fitxan Excel formatuan dagoen inprimakia, klusterra osatzen dutenen informazioarekin.
3.2. Klusterraren eratze agiria edo horren akta eta estatutuak (aurretik laguntzarik jaso ez duten kasuetan soilik).
3.3. Klusterraren plan estrategikoa, honako hauek jasoko dituena:
a) Lehiakortasun analisia.
b) Epe ertainerako agenda estrategikoa.
c) Lehentasunezko lehiakortasun eta berrikuntza ildoen definizioa.
3.4. Urteko jarduketa plana, honako hauek izanen dituena:
a) Diruz lagungarriak diren jarduketak.
b) Jarduketen aurrekontu banakatua.
c) Genero-berdintasunaren arloko egoeraren diagnostikoa, eduki honekin:
–Emakumeen presentzia klusterreko langileen plantillan eta zuzendaritza organoetan.
–Klusterra osatzen duten erakundeek berdintasunaren arloan duten araudia betetzeari buruzko informazioa (berdintasun planak onartzea, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak, etab.), bai eta horiek langileen artean hedatzeko hartutako neurriei buruzkoa ere.
4. B ildoko lehiakortasuna hobetzeko proiektuen kasuan, parte-hartzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du, honako dokumentazio honekin batera:
a) Inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan.
b) Eskatzailearen eratze agiria edo horren akta eta estatutuak (aurretik laguntzarik jaso ez duten kasuetan soilik).
c) Proiektuaren memoria, laguntzen fitxan adierazitako edukiarekin, eta, hala badagokio, proiektua zer plan estrategikotatik datorren.
5. Aurkeztutako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 13.1 oinarrian adierazitakoarekin bat.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ildo bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Dirulaguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua agortu arte (600.000 euro A ildorako, eta 300.000 euro, B ildorako).
Eskaera guztiei erantzun ondoren ildoren batean aurrekontu-baliabiderik badago, hasiera batean beste ildorako baimendutako gastua nahikoa ez izateagatik onartu ez diren eskaerentzat erabiliko dira.
2. Hauek dira A ildoko eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) 2022ko urtarrilaren 1a baino geroago eratutako klusterrak: 20 puntu.
b) 2023ko deialdian A ildorako dirulaguntzarik jaso ez duten klusterrak: 25 puntu.
c) Kide kopurua (30 puntu arte):
–30 kide edo gehiago: 20 puntu.
–50 kide edo gehiago: 30 puntu.
d) Kide kopuruan izandako igoera, ehunekoetan, aurreko deialdiaren aldean (25 puntu arte):
–%15eko edo gehiagoko igoera kide kopuruan: 25 puntu.
–%10eko edo gehiagoko igoera kide kopuruan: 15 puntu.
–%5eko edo gehiagoko igoera kide kopuruan: 10 puntu.
Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa. Hala ere berdinketa hausten ez bada, kide gehien dituen klusterraren alde ebatziko da.
3. Hauek dira B ildoko eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Proiektuaren balorazio globala (gehienez 40 puntu); horretarako, honako alderdi hauek modu argi eta zehatzean definitzea baloratuko da:
–Planteatutako helburuen zehaztasun eta egokitasun maila (gehienez 10 puntu).
–S4 estrategiarekin bat etortzea (gehienez 10 puntu).
–Proposatutako jarduketen kalitatea (gehienez 10 puntu).
–Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasuna (gehienez 10 puntu).
b) Lerrokatze estrategikoa (gehienez 20 puntu):
Honako hau baloratuko da: jarduketak zenbateko eragina izan duen balio katea sendotzeko eta klusterreko edo plataformako enpresak klusterraren edo plataforma sektorearen erronka estrategikoetara egokitzeko.
c) Lankidetza izaera (gehienez 20 puntu):
Honako hauek baloratuko dira: proiektuetan parte hartzen duten bazkideen kopurua, horien konpromisoa eta osagarritasuna, bai eta beste eragile batzuen inplikazioa eta beste entitate batzuekiko lankidetza ere, Nafarroako Gobernuaren Plan Estrategikoetako ekintzekin koordinatuta (Industria, Energia, Nazioartea, Ekintzailetza, I+G).
d) Proiektuen aurrekontua (gehienez 20 puntu):
Honako hauek baloratuko dira: aurrekontuaren egitura eta koherentzia, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jarduketetarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere.
B ildoko proiektuei dirulaguntza emateko 50 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebaluatuko ditu eskaerak, hots, Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, adieraziz, errekerimenduari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.
Zerbitzu horrek eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean, osorik edo partez, ezetsi ziren eskaerei erantzuteko (kasu honetan, B ildoko eskaerek izanen dute lehentasuna, A ildokoen aurretik).
Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.
10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua
1. Epe hauek izanen dira diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko:
1.1. A ildoa: 2024ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.
1.2. B ildoko proiektuek duten amaiera epearen arabera aurkeztuko dute justifikazioa:
–2024ko azaroaren 1a baino lehen amaitzen diren proiektuek 2024ko azaroaren 15a baino lehen justifikatu beharko dituzte beren jarduketak.
–2024ko azaroaren 1aren ondoren amaitzen diren proiektuek bi justifikazio aurkeztu beharko dituzte, epe hauetan:
a) Diruz lagundutako jarduketaren justifikazio partziala: 2024ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.
2024ko urriaren 31ra arte gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda aurkeztu beharko dira (Excel formatuan, eta proiektu bakoitzerako ordenatuta).
b) Oinarri honen hurrengo apartatuan deskribatutako azken justifikazioa: 2025eko irailaren 30era arte, egun hori barne.
2. Bi ildoetako jarduketak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da (B ildoaren kasuan, baita justifikazio partziala ere, 1.2 apartatuan adierazitakoa):
a) Egindako jarduketak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete dituela ere (laguntzen fitxan ereduaren araberakoa).
b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.
c) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatzeko, aurkeztuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak. 2024ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen eta 2024ko urriko Gizarte Segurantzaren ordainagiriak 2025eko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira.
d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak aurreko apartatuan eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Hala fakturak nola ordainagiriak onuradunen izenean egon beharko dira, eta gauzatze aldiaren barnean emanak beharko dute izan, kontuan harturik zer epe adierazten den 5. oinarrian, jarduketa bakoitzerako.
e) "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" inprimakia, laguntzen fitxan eskuragarri dagoena, 4.3 oinarrian adierazitako edukia izanen du.
f) Beste edozein agiri, onuradunak egokitzat jotzen duena egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza honela ordainduko da, ildoa zein den:
1. A ildoko jarduketak:
1.1. Diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, onuradunek eskatzen ahalko dute ordainketa bat edo bi egitea epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte).
Horretarako, proiektu bakoitzeko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte 13.1 oinarrian adierazitakoarekin bat: gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda (proiektu bakoitzerako eta Excel formatuan ordenatuta).
1.2. Nolanahi ere, 10.2 oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
1.3. Aipatutako frogagiriak aztertzerik ez badago, ordainketa ebazpenak 2024an ematen direla ziurtatzearren, 2024ko urriaren 31 arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa bat eginen da, salbu eta dirulaguntza osoa ordaindu bada oinarri honen 1.1 apartatuan adierazi bezala. Horretarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak 10.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako frogagiriak aztertuko ditu.
1.4. Konturako ordainketak egiten badira, dirulaguntza likidatzeko ebazpen bat emanen da. Hala badagokio, PFEZaren 2024ko azken hiruhilekoaren atxikipenenak eta 2024ko urriko Gizarte Segurantzako kuotaren ordainagiriak aurkeztu beharko dira, 10.2.c) oinarrian adierazten den bezala. Ordainagiri horiek 2025eko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira.
2. B ildoko proiektuak:
2.1. Konturako ordainketa bat eginen da, 2024ko urriaren 31ra arte gauzaturiko jarduketei dagokien dirulaguntza ordaintzeko, 10. oinarriaren 1.2.2.a) apartatuan eskatzen den justifikazio partziala egin dela egiaztatu ondoren.
2.2. Nolanahi ere, 10.2 oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, behin kopuru horri konturako ordainketak kenduta. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
3. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, behar diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.
12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) 10. oinarrian ezarritako moduan eta epeetan justifikatzea diruz lagundutako jarduera egin dela.
c) Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuari aurretik jakinaraztea deialdi honen bidez diruz lagundutako B ildoko proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro (esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan gertatzen diren desbideratzeak), aipatu zerbitzuak horretarako baimena eman dezan.
d) Diruz lagundutako jarduketen materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko dirulaguntzaren xedeari loturik prestatzen den dokumentazio guztian.
e) Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta erakundearen webgunean adieraztea jarduketa horiek Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela. Horrez gain, A ildoaren onuradun diren klusterren kasuan, "Nafarroa Klusterrak" logotipoa txertatu beharko da zabalkunderako erabiltzen den webgunean eta materialetan.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki, B ildoko proiektuaren gauzatze maila %50etik beherakoa bada (kontuan harturik dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua), emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.
2. Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo estatuko nahiz nazioarteko partikularrenak. Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak.
Halaber, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.
15. oinarria.–"De minimis" laguntzak (A ildoko laguntzak).
Deialdi honetako A ildoko dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L, 2023ko abenduaren 15ekoa).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, interesdunek kasuan kasuko urteko ekitaldian eta aurreko bi urteetako ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
16. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea (B ildoko laguntzak).
Deialdi honetako B ildoko laguntzei dagokienez, Administrazio hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 27. artikuluan –Enpresa-talde berritzaileentzako laguntzak– ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Enpresa Lehiakortasunaren eta S4ren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.
18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2404630
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
