2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLAZTI
2024ko lan-egutegia
2024ko martxoaren 20ko ebazpen bat, Olaztiko Udaleko alkateak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024ko lan-egutegia, Olaztiko Udalaren zerbitzuko langileentzat, eta, era berean, deklaratzen baitira 2024an epeak kontatzeko baliogabeak izanen diren egunak.
Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ekainaren 5ean emandako 250/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an), egutegi ofiziala ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunetarako, eta Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak azaroaren 28an emandako 168/2023 Ebazpenaren bidez, egutegi ofiziala ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko tokian tokiko jaietarako.
Ikusita, orobat, abenduaren 22ko 302/2023 Foru Dekretua, zeinak ezartzen baititu epeak zenbatzeko 2024an baliogabeak izanen diren egunak, Nafarroako Foru Komunitatean.
Kontuan harturik Olaztiko Udaleko langileen ordezkariekin izandako aldez aurreko negoziazioa, bete beharrez 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83. artikulua.
Kontuan hartuz zer eskumen ematen didan apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), artikulu hartara igorrita 6/1990 Foru Legearen 8. artikuluak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluari,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Olaztiko Udalaren zerbitzuko langileen 2024ko jaiegunen egutegia. Hona hemen, beraz, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren jaiegunak, 2024rako:
–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
–Martxoaren 28a: Ostegun Santua.
–Martxoaren 29a: Ostiral Saindua.
–Apirilaren 1a: Pazko astelehena.
–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.
–Uztailaren 26: Herriko festak.
–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.
–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.
–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.
–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.
Udal bulegoak itxita egonen dira urteko larunbat eta igande guztietan, eta gorago aipatutako jaiegunetan eta abuztuaren 16an, horiek ere kontuan hartu baitira 2024ko lan-egutegian.
Bulegoetan, jendearendako ordutegia 09:00etatik 14:00ak arte izanen da.
Baliogabeak izanen dira, 2024. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak, eta udal bulegoetako jaiegunak.
Bigarrena.–Udaleko langileendako, lanaldiaren urteko lanordu kopurua 1.592 izanen da eta honela banatuko da:
–Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Ordutegi malgua duten unitate eta alorretan, ordutegiaren zati finkoa 09:00etatik 14:00etara arte izanen da; gainerako denbora langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 07:00etatik 09:00ak bitarte eta 14:00etatik 16:30ak bitarte.
Langile tekniko-administratibo bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du eguneroko lanaldiarekiko.
–Langile bakoitzak 36 ordu eta 13 minutuko poltsa bat izanen du urte guztian erabiltzeko, zerbitzuaren beharren arabera.
Hirugarrena.–Haurrentzako eta gazteentzako zerbitzuek (Udaz Euskaraz eta Gaztetxoko, hurrenez hurren) egutegi eta ordutegi espezifikoa izanen dute, betiere ezarritako urteko gehienekoaren barruan.
Laugarrena.–Poliziak eta obretako brigadak (zerbitzu anitzetako enplegatuak) guardien araberako egutegi eta ordutegi espezifikoa izanen dute.
Bosgarrena.–Ludotekaren zerbitzuak, bestalde, ordutegi espezifikoa izanen du, kulturako eta ludotekako koordinatzaileak horretarako garatua.
Seigarrena.–Agintzea erabaki hau argitaratu dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalbatzaren iragarki-taula ofizialean eta Olaztiko Udalaren egoitza elektronikoan. Erabakiaren berri emanen zaie Udaleko langileen ordezkariei eta Osoko Bilkurari, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo ohiko bilkuran.
Olaztin, 2024ko martxoaren 20an.–Alkatea, Joseba Vizuete Ascargorta.
Iragarkiaren kodea: L2404712