70. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

90E/2024 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita papera fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Instalazioaren titularra Sonoco Tudela SLU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 21eko 350/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 196E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren 333E/2018 Ebazpenaren bidez berrikusia.

2023ko maiatzaren 15ean eta ekainaren 13an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu du, zehazki, instalazioko hondakin uretarako 1. isurketa-guneko eguneko gehieneko emaria eta eguneko batez besteko emaria handitzea, taula honetan adierazten denarekin bat:

GIB

EGUNGO BALDINTZAK

333E/2018 EBAZPENA

TITULARRAREN

ESKAERA

Eguneko batez besteko emaria astean (m³/egun)

1.425

2.038

Eguneko gehieneko emaria (m³/egun)

1.700

2.431

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du onargarria dela eskatutako parametroen gehieneko isurketa balioak handitzea, proportzioan, urteko ekoizpena handitu den hein berean –7E/2021 Ebazpenaren bidez baimendu da urteko ekoizpena handitzea–. Baldintza aldaketa hori, gainera, bateragarria da instalazioak ingurumen aldetik izan behar duen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin; horrenbestez, aurrerantzean, titularrak eskatutakoak izanen dira aplikatzekoak zaizkion gehieneko balioak.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Onartzea Tuterako udal mugartean papera fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Sonoco Tudela SLU da.

Bigarrena.–Eguneratzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Sonoco Tudela SLUri, Tuterako Udalari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2404615