Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ADIOS
Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Adiosko Udalak, 2021eko abuztuaren 3an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespen hori 2024ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Adiosen, 2024ko martxoaren 13an.–Alkate udalburua, Miguel Ansa Reta.
ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Adiosko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Adiosko Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.
Adiosko Udalak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Adiosko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, hura aplika dadin, baldin eta desagertzen badira edo ez badira betetzen karga horiek ezartzea eragin zuten helburuak edo lagapenari edo kargei zegozkien baldintzak. Itzuli beharra gertatzen bada, kargatutako ondasuna Adiosko Udalaren ondarera itzuliko da herri-ondasun gisa.
Erabiliko den prozedura izanen da honako arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Adiosko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.
8. artikulua. Adiosko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Adiosko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela-eta. Adiosko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Adiosko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Adiosko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Adiosko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe kontratistaren eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Adiosko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Akzio horrek aurrera egiten badu, sorturiko gastuak itzuli beharko dizkio Adiosko Udalak defentsaren sustatzaileei.
IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
d) Ehizaren aprobetxamendua.
e) Herri-baratzeen aprobetxamendua.
f) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Adiosko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.
16. artikulua.
1. Oro har, Adiosko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Adiosko Udaleko biztanleen udal erroldan inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.
c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak osoko bilkuran argituko ditu Adiosko Udalak, banan-banan.
17. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Adiosko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Ezin izanen dira inola ere batera hesitu herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.
18. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak egiteko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Udalak baimena eman beharko du.
19. artikulua. Zuhaiztiak landatzeari dagokionez, Udalak, osoko bilkuran, baliorik gabe utz dezake herri-lurren adjudikazioa, osoki edo zati batean, onuradunari aldez aurretik jakinarazita, zuhaitzak landatzea eta Nafarroako Gobernuak baimendutako beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen duenean, baldin eta horrek behin-behinean edo behin betiko eragin badiezaioke erabiltzen ari den herri-lurretako aprobetxamenduari.
20. artikulua. Oro har, debeku da herri-lurzatietan beste finka batetik datorren lastoa metatzea edo horrekin lastategiak ezartzea, aldez aurretik baimenik izan gabe.
Horri dagokionez, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioko aprobetxamenduak.
b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Adiosko Udalak zuzenean ustiatzea.
Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
22. artikulua.
1. Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.
2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.
3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.
23. artikulua. Aprobetxamendua 8 urtekoa izanen da gutxienez. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatzen ahalko da.
24. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, toki-erakundeak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
Laborantzako herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: ikusi prezioen eranskina.
–Ureztalurrak: ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera (kontsumoko prezioen indizea); hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.
Udalak herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantza-lurraren azalera ezarriko du kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.
25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.
26. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, udal honen iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Adiosko Udalari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 27. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
27. artikulua. Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoiren batengatik, titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, dela adjudikatzeko unean, dela aprobetxamenduaren epean zehar, hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez adjudikatuko ditu Udalak lurzati horiek, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Adiosko Udalak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik.
Adiosko Udalak badu ahalmena ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat noiz gertatzen den erabakitzeko, eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
28. artikulua. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.
Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
29. artikulua. Adiosko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honako kasu hauetan iritziko zaio lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki laboratzen:
a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.
c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean –edo hura ordezten duen aitorpenean, kasua bada–, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.
d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan, kanona osorik ordaindu beharko da nolanahi ere.
e) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematen bazaizkie hirugarren batzuei.
f) Egiaztapenak egiteko Udalak hala eskatu arren, ez aurkeztea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, nekazaritzako politika bateratuko laguntzen aitorpena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.
g) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean ez aurkeztea: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana (adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek).
30. artikulua. Oro har, ezin izanen da laboratu lehorreko laborantzako lurzatirik irailaren 1era arte, uzta bildu ondotik. Udalak, salbuespenez, laboratzeko baimena ematen ahalko du, adjudikaziodunak hala eskaturik, erakunde horrek egoki baderitzo.
2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
31. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean.
32. artikulua. Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera ezarriko ditu eskura dauden lurren arabera.
33. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da. Adiosko Udalak egokitzat jotzen badu fruta-arbolen edo mahastien landaketa baimentzea, epe hori luzatzen ahalko da hogeita lau urtera arte, gehienez ere, eta hura iraganik, hondar-balioa (mahastien eskubideak barne) Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe.
Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.
34. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalbatzak onetsiko du, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen txikiagoa antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.
Laborantzako herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: ikusi prezioen eranskina.
–Ureztalurrak: ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera (kontsumoko prezioen indizea); hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.
Urteko kanona gehituko da adjudikatutako aprobetxamenduak izan ditzakeen gastu guztiekin, horiek adjudikaziodunari igorriko baitzaizkio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, toki-erakundeak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
35. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, jarraikiko zaie 25., 26., 27., 28. eta 29. artikuluei.
36. artikulua. Udalak laborantzako herri-lur batzuk gordeko ditu onuradun berriei adjudikatzeko, gehienez ere lur horien azaleraren %5.
3. ATALA–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZKO ADJUDIKAZIOA EDO UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA
37. artikulua. Adiosko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, baldin badago laborantzako lurrik sobera, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, eta hurrengo adjudikazioa noiz egin behar den, bada, ordura arteko epea emanen du.
Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, adjudikatu gabe gelditzen badira eta Udalak egoki baderitzo, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren.
Halaber, enkantea adjudikatu gabe gelditzen bada, aprobetxamenduak zuzenean adjudikatzen ahalko dira, baina prezioa ez da izanen azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa, adjudikatu gabe gelditu direnean lehen, bigarren edo hirugarren enkantean.
Laborantzako lurrik sobera badago enkante horiek egin ondoren, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
38. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez.
Herri-lurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Adiosko Udalaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez.
39. artikulua. Enkantea baldintza-agiri baten bidez arautuko da, eta bertan azalduko dira arau guztiak, bai eta enkantean jartzen diren lurzati-loteak eta hasierako prezioa ere.
Enkantearen adjudikaziodunak eginen du zuzenean laborantza, eta ez da baimendurik egonen adjudikaturiko lurren azpierrentamendua, apartzeria edo lagapena.
40. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalbatzak onetsiko du, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen txikiagoa antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.
Laborantzako herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: ikusi prezioen eranskina.
–Ureztalurrak: ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera (kontsumoko prezioen indizea); hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.
Urteko kanona gehituko da adjudikatutako aprobetxamenduak izan ditzakeen gastu guztiekin, horiek adjudikaziodunari igorriko baitzaizkio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, toki-erakundeak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
41. artikulua. Udalak horretarako erabakia harturik, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten. Epea hasi aurretik, betiere, ediktua jarriko da Adiosko Udalaren iragarki-taulan eta iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Epea hasiko da zenbatzen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
42. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, edo 16. artikuluko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak. Hala, honako hauek frogatzen dituztenak aurkeztu beharko dira gutxienez:
a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Egunean izatea udal honekiko betebehar fiskalak.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioko aprobetxamenduetarako, eskatzaileek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.
f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektoreko sarrerak, Gizarte Segurantzako pentsioak eta bestelako errentak.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Adiosko Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera, agiri eta datu objektiboetan oinarrituak.
43. artikulua. Adiosko Udalak onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzerako (lehentasunezkoa edo zuzenekoa) onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
44. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.
45. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Alkatetzak, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.
46. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren araberako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak, edo zozketa eginen da.
Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen araberakoak izanen dira.
Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean jarriko da iragarki-taulan, hamabost egunean, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien behin-behineko zerrenda. Udalak onetsiko du zerrenda.
47. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onesten dituen oinarrietan, ezarriko da adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa; zenbateko hori adjudikazioa bukatutakoan itzuliko da.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
48. artikulua. Ondotik ematen diren moduetan eginen da Adiosko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua, bai eta –ohiturari, tradizioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz– baterako ustiapen unitatea osatzen duten beste finka partikular batzuena ere, lehentasun-ordena honetan:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.
b) Enkante publikoan adjudikatuz.
49. artikulua. Adiosko mugarte osoa izanen da herri-larreen lote bakarra, mendialdea izan ezik, hura lote bereiz batean eskaintzen ahalko baita, azienda sartu eta hango garbiketa egin dezan, Udalak egoki baderitzo. Hori baldintza-agirian zehaztuko da.
50. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki behar dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
51. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko prozesua egin baino lehen, Udalbatzaren erabakiz ezarriko dira azienda-karga zehazki eta osoki definitzeko nondik norakoak.
"Azienda-karga" neurtzeko unitatea hau izanen da: ardi-aziendako buru bat sei erreguko.
Hona hemen azienda-moten arteko baliokidetasunak:
–Zaldi-aziendako buru bat, behi-aziendako buru bat eta erdi adina.
–Behi-aziendako buru bat, ardi-aziendako zortzi buru adina.
–Ahuntz-aziendako buru bat, ardi-aziendako buru bat eta erdi adina.
52. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea.
Horri dagokionez, Adiosko Udalak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin eta familia-unitateen titular diren herritarrek beren azienda kentzen badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistrotik.
Hala ere, Udalak besteren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
53. artikulua. Horri dagokionez, Adiosko Udalak ondoko kasu hauetan iritziko dio onuradunak ez direla ari larreak zuzenean aprobetxatzen:
a) Adiosko Udalean baja ematen diotenean beren aziendari edo abeltzaintza jarduerari .
b) Abeltzaintzako etekinik aitortzen ez dutenean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.
c) Bazka ematen duten lurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dauzkatenean edo zuzenean ustiatzen ez dituztenean.
d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu arren (artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak), ezarritako epean aurkezten ez direnean.
54. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.
55. artikulua. Udalak onuradunek ordaindu beharreko kanona ezarri, eta hura berrikusi eginen du, organo eskudunak Nafarroan onetsitako indizeetara egokitzeko (nekazaritzako KPIa).
Aprobetxamendu modu horren onuradunek kanon hau ordainduko dute:
–Ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera. Hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Adiosko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
Bestalde, hobekuntzarik egiten bada uneko instalazioetan (horien egungo egoera hartu da, hain zuzen, urteko kanona ezartzeko oinarritzat), errenta igo eginen da, Udalaren eta adjudikaziodunaren artean adostutako zenbatekoa gehituta. Zenbateko hori ez da inola ere izanen hobekuntzen guztizko kostuaren %4 baino gutxiago urtean. Modu berean jokatuko da aprobetxamenduaren kalitatean hobekuntzarik eginez gero.
Adiosko Udalak baliorik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, osoki edo zati batean, onuradunei aldez aurretik jakinarazita, herri-lur horietan hobekuntzak egitea sustatzen duenean, hala nola zuhaitz-landaketak edo basoberritzeak. Halakoetan, proportzioan gutxitzen ahalko da ordaindu beharreko kanona, Udalak osoko bilkuran erabakita.
Urteko likidazioaren zenbatekoa Udalaren Diruzaintzan sartu beharko da, azaroan.
56. artikulua. Adjudikazioduna beharturik dago artegiak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak adjudikazioan hartu zituen egoeran mantentzera.
Adjudikaziodunaren kontura izanen dira mantentze-lanen gastu guztiak.
57. artikulua. Jabetza partikularretan nahiz herri-lurretakoetan sartzeko, diren sarbideak erabiliko ditu beti aziendak.
58. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak eragozteko, Udalak baldintza hauek ezartzen ditu:
1.–Adjudikaziodunak laborantza eta ereintza mota guztiak errespetatu beharko ditu, eta euri egunetan ezin izanen ditu belarrak aprobetxatu herri-lurzatietan eta finka partikularretan, ez eta ondoko egunetan ere, kalte nabarmenak eragin daitezkeen bitartean.
Adjudikaziodunak, orobat, uztondoak errespetatu beharko ditu, lastoa aprobetxatzeko asmoa badago, hondar hori ere uztatzat hartzen baita.
Halakoetan, nekazariek egoki mugarriztatu beharko dituzte uztondoak, eta adjudikaziodunak errespetatu egin beharko ditu finka horiek, aprobetxatzeko moduko lastoa daukaten bitartean, urte bakoitzeko abuztuaren 31ra arte.
2.–Ez azienda, ez adjudikazioduna, ezin izanen dira uztondoetan sartu uzta guztia biltzen ez den bitartean, jabearen baimen idatzia izan ezean. Salbuespenez, hamar hektarea edo gehiagoko finketan larratzen ahalko da –behar den zatian betiere– finka horien erdi-partean uzta bildutakoan.
Nolanahi ere, errespetatu beharko dituzte finka partikularrak eta herri-lurzatiak, baldin eta, kazkabarrarengatik edo ezusteko beste gertakari batengatik, haziaren erdia baino gehiago badaukate eta jabeek hurrengo urterako aprobetxatu nahi badute.
Egoera hori gertatzen denean, lurzatiak mugarriztatu beharko dira argiro eta ongi ikusteko eran, uzta bildu eta berehala, eta Alkatetzari eta adjudikaziodunari horren berri eman. Orduan, Alkatetzak eta adjudikaziodunak peritu bana izendatuko dute, eta horiek txostena emanen dute, mugarriztatzea egokia den ala ez erabakitzeko. Peritu horien txostenak ez badira bat etortzen, horretarako izendaturiko hirugarren peritu batek erabakiko du.
Mugarriztaturiko finken jabeek edo errentariek erabakitzen badute, hala eta guztiz ere, finka horiek laboratzea uzta bildu baino lehen, adjudikazioduna jakinaren gainean jarri beharko dute hori egin baino zortzi egun lehenago.
3.–Erabat debeku da sua piztea, inongo helburutarako, onura publikokoak deklaraturiko mendietan eta zuhaiztiak dauzkaten herri-lurretan.
Uztondoak erretzeari dagokionez, erreko dira bat etorriz Nafarroako Gobernuak horretarako ezarritako araudiarekin.
59. artikulua. Prozedura. Udalak osoko bilkuran aurretiaz erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epe bat irekiko da larreen adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, ediktua argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.
60. artikulua. Aprobetxamendu eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:
Zinpeko deklarazioa, hauek aditzera emanik:
–16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
–Aziendaburuen kopurua eta, larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.
Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, zinpeko deklarazioaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.
61. artikulua. Udalak adjudikazioa behin-behinean eginen du, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomiko apalagoa duten familia-unitateei; horretarako, frogagiri gisa, familia-unitatearen azken errenta aitorpena aurkeztu beharko dute.
62. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
63. artikulua. Baldin herritarrentzako banaketatik gelditzen bada larrerik sobera, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira halakoak, herritarrentzako adjudikazioaldia bukatzeko zenbat falta den, bada, ordura arteko epea emanik, eta jarraikiz indarrean den araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari. Hori guztia baldintza-agirian arautuko da.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
64. artikulua. Mendian aski izan, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Adiosko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
65. artikulua. Adiosko Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
66. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatuko dira, eta eskaerari dagokion etxean, etxe horretan baldin badago egur-sutegia edo egur-berokuntza. Ez da inoiz baimenduko egurra saltzea. Gehienez, epaitza bat esleituko da etxebizitza bakoitzeko.
67. artikulua. Egurraren banaketa irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen zaie maila ekonomiko apalagoko familia-unitateei.
Familia-unitateen maila ekonomiko horiek zehazteko, ordenantza honen 22. artikuluan jasotako irizpide objektiboak erabiliko dira.
68. artikulua. Onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:
–Ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera edo, bestela, KPI orokorraren arabera. Indize hori igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Adiosko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
69. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.
Eskatzaileek epaitza moztu beharko dute hurrengo urteko epaitza eskatu baino lehen.
Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen adjudikazioa ukatuko zaie hurrengo urteetan.
70. artikulua. Adiosko Udalak sustatzen ahalko du egurretarako balia daitezen haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Basozainak ere oniritzia eman beharko du, eta epaitza gisa hartu, IV. kapitulu honetako arauei jarraikiz.
V. KAPITULUA.–EHIZAREN APROBETXAMENDUA
71. artikulua. Lur hauetan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua arautuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarrean den araudiaren arabera eta tokiko ehiza-barrutia adjudikatzeko baldintza-agiriaren arabera.
72. artikulua. Onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:
–Ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera edo, bestela, KPI orokorraren arabera. Hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Adiosko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
VI. KAPITULUA.–HERRI-BARATZEEN APROBETXAMENDUA
73. artikulua. Adiosko Udalak bere ondareko hainbat baratze dauzka, bertako herritarrek familia-baratzeen modalitatean aprobetxa ditzaten. Eskainitako herri-baratzeak gutxiago badira eskaerak baino, Udalak herri-baratze gehiago ezartzen ahalko ditu ureztalurretarako diren lurzatietan.
74. artikulua. Familia-unitateen titularrek eskatzen ahalko dute herri-baratzea, baldin eta betetzen badituzte 16. artikuluko baldintzak eta ez badute baratzetarako erabiltzeko moduko lurrik.
75. artikulua. Adjudikaziodunak baratzeak eta bertako eraikuntza guztiak mantendu beharko ditu adjudikazioaren unean hartzean zuten egoera berean.
Adjudikaziodunaren kontura izanen dira mantentze-lanen gastu guztiak.
76. artikulua. Aprobetxamenduaren iraupena zortzi nekazaritza-kanpainakoa izanen da; hala, adjudikazioa egiten den sasoian hasi, eta hurrengo nekazaritza-kanpainak barne hartuko ditu, zortzigarrenera arte. Onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:
–Ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera edo, bestela, KPI orokorraren arabera. Indize hori igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Adiosko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
77. artikulua. Kasu bakoitzerako Adiosko Udalak prestatzen duen baldintza-agiriaren arabera eginen dira herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste zeinahi aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
78. artikulua. Udal-mugarteko herri-basoen ustiapena eginen da beti basoen arloan eskumena duen departamentuak emaniko jarraibideen arabera.
79. artikulua. Udalerriko herritarrentzako baso-aprobetxamendu bakarra izanen da, ohitura den bezala, etxerako egurra, indarrean den araudiaren arabera eta ordenantza honen arabera izapideturik.
80. artikulua. Eremu zehatzak lagatzen ahalko dira erlauntza-ustiategiak jartzeko. Halakoak kokatuko dira azienden larre eta edanlekuetatik urruti, aldez aurretik larreen adjudikaziodunei jakinarazita.
Behar bezalako seinaleak jarri beharko dira, arriskuak saihesteko.
Ustiategi horiek bete beharko dituzte otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan eta Nafarroako Foru Berriko 369. Legean xedatutakoak (edo horiek ordezkatzen edo osatzen dituzten geroko arauetan). Nolanahi ere, gorde beharreko distantziei dagokienez, honako hauek ezartzen dira, oro har, Adiosko udal-mugartean:
1. Establezimendu kolektibo publikoetatik eta hirigune, bizigune eta etxebizitza bakartuetatik: 300 metro.
2. Abeltzaintzako instalazioetatik: 200 metro.
3. 300 metro familiakoak ez diren erlauntzetatik (4 erlauntz baino gehiago); eta 200 metro familiako erlauntzetatik (4 erlauntz bitarte).
4. Errepide nazionaletatik: 75 metro.
5. Eskualde errepideetatik: 75 metro.
6. Auzo-bide eta mendiko pistetatik: 50 metro.
81. artikulua. Kanona. Aprobetxamendu modu horren onuradunek kanon hau ordainduko dute:
–Ikusi prezioen eranskina.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera edo, bestela, KPI orokorraren arabera. Indize hori igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Adiosko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.
VIII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
82. artikulua.
1. Adiosko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.
b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onestea.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei eragiten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
83. artikulua. Toki-erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, hamabost egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko du haien gainean.
84. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
85. artikulua. Arau-hauste administratibotzat jotzen dira laboreekin zerikusia duten egitate hauek:
1. Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
2. Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
3. Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.
4. Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
5. Adjudikatutako lurzatien %80 bederen ez lantzea.
6. Herri-lurrak udal adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta lur landugabeak edo etzeak edo beste norbaiti adjudikatutakoak izan.
7. Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen zenbatekoak edo erregelamendu bidez ezarritako beste tasa batzuenak.
8. Nekazaritzako lanak egitea ordenantza honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.
9. Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak...) Udalaren baimenik gabe landatzea.
10. Lurzati bat goldatzean, ildoa irekia uztea bide baten ertzean.
11. Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.
12. Bideak nahiz altxonbideak goldatzea.
13. Erretenetik sartzea sarbidea edo sarrera duten finketara.
14. Bideetan edo altxonbideetan harriak, zaborrak edo barazkien hondarrak botatzea.
15. Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioak egiteko makineria erabiltzea horretarako.
16. Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
17. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte, eta, horrez gain, abala galduko dute.
18. "Gehiegizko larratzea" egitea edo bazkalekuaren aprobetxamendua egitea, haren eremu guztian edo horren zati batean, adjudikazioduna izan gabe.
19. Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.
20. Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.
21. Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
22. Epaitzak pertsonalki ez aprobetxatzea eta epaitzako egurra beste etxe bati saldu edo eskualdatzea.
23. Ingurumen arloko zeinahi arau urratzea.
24. Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea, baimenik izan gabe.
25. Ez errespetatzea ehizari buruz indarrean diren arauak.
26. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
86. artikulua. Arestian aipaturiko arau-hausteak zehatuko dira indarrean diren legeen arabera, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225., 226., 227. eta 228. artikuluetan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluan. Honela, hain zuzen:
–1., 2., 4., 5. eta 6. arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da.
–13., 16. eta 17. arau-hausteengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko desgaikuntza ezarriko da.
–Gainerako arau-hausteengatik (3., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 14., 15., 18., 19. eta 20. arau-hausteak), zehapena izanen da egindako kaltea halako 5etik 10era bitarte ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egozten ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharra egonen da, egoki den eran eskaturik.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Adiosko Udalaren lehenagoko ordenantzak, hain zuzen, arautzen dituztenak Adiosko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
TARIFEN ERANSKINA
KONTZEPTUA | ZENBATEKOA |
Laborantzako herri-lurrak | |
Lehorreko lurrak | 25 euro/erregu |
Ureztalurrak | 40 euro/erregu |
Larreak eta bazkalekua | 3000 euro urtean |
Epaitzak | 30 euro lotea, urtean |
Ehizaren aprobetxamendua | 978,01 euro urtean |
Herri-baratzeak | 50 euro urtean |
Iragarkiaren kodea: L2404333
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
