69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

PARTE-HARTZEA Indian 2024ko urriaren 21etik 25era eginen den sektore anitzetarako enpresa-misioan.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du, Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, India da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat.

India hedatzen ari den ekonomia bat da, eta ahalmen nahikoa du ekonomia globalean eragile nagusietako bat izateko. Gaur egun, munduko bosgarren ekonomia da, eta planetako herrialderik jendetsuena, 1430 milioi biztanle baititu.

Azken urteotan, India izan da hedatze bidean dauden munduko herrialdeetatik hazkunde handiena izan duena, eta, horren ondorioz, erdi mailako klase bat garatu da bertan, batez ere hiri aldekoa eta gaztea den jendez osatua, erosteko ahalmen handiagoa duena eta kalitate handiko produktuak eskatzen dituzten kontsumo-ohitura modernoak dituena.

Era berean, garapen ekonomiko hori presio izugarria eragiten ari da enpresen gainean, produkzio sistemak modernizatzeko, produkzio ahalmena handitzeko eta produktuen kalitatean sendotasuna lortzeko. Indiako Gobernuak teknologiaren inportazioa errazten du, muga-zergen eta beste zerga batzuen salbuespenak ahalbidetzen dituzten programak sortuz.

Garatze bidean dauden merkatuetatik Nafarroako enpresei aukera interesgarrienak eskaintzen dizkien merkatuetako bat da, argi eta garbi. Hala, honako sektore hauetarako aukerak nabarmendu daitezke: elikagaiak eta edariak, elikagaiak prozesatzeko teknologia, ontziratzeko eta enbalatzeko makineria, automobilgintzako osagaiak, mugikortasuna, sektore eolikoa, gailu medikoak, industria sortzaileak eta digitalak, eraikuntzako materialak eta ingurumena.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak gonbita egiten die Nafarroako enpresei Indiako zenbait hiritan eginen den enpresa-misioan parte har dezaten urriaren 21etik 25era bitarteko astean, parte hartzen duen enpresa bakoitzak dituen interes indibidualen arabera.

Ekimen honen helburua da Nafarroako sektoreen garapena bultzatzea, Nafarroako eta Indiako enpresen arteko merkataritza-topaketak sustatuz. Topaketa horien bidez Nafarroako enpresen nazioartekotzea sustatu nahi da, dela esportazioen bidez, dela Indiako merkatuan ezarriz.

Ekintzaren xedeak.

Kanpo sustapenerako ekintza honek Indiako merkatuari begira dituen xedeak honako hauek dira:

–Nafarroako enpresak sustatzea.

–Parte hartzen duten Nafarroako enpresei laguntzea hango merkatua arakatzen.

–Negozio aukerak eta bazkide eta bezero potentzialak identifikatzea.

–Nafarroako enpresen nazioarteko garapenari laguntza instituzionala ematea.

–Nafarroako konpainiek Indiako merkatuan duten ikusgarritasuna eta presentzia sustatzea.

Sektoreak.

Jarraian aipatuko diren sektoreak aintzat hartuko dira, baina interesa izan dezaketen beste batzuk baztertu gabe.

Elikagaiak eta edariak, elikagaiak prozesatzeko teknologia, ontziratzeko eta enbalatzeko makineria, automobilgintzako osagaiak, mugikortasuna, sektore eolikoa, gailu medikoak, industria sortzaileak eta digitalak, eraikuntzako materialak eta ingurumena.

Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek izanen ditu parte hartzen duten enpresentzat:

–Nafarroako eta Indiako enpresen arteko bileren agenda indibidualak prestatzea.

–Misioaren osagarri izanen den programa bat diseinatzea, intereseko elkarte, entitate eta erakundeekin bilerak egitea aurreikusten duena. Gainera, sektoreko azokak bisitatzea, saltokiak bisitatzea, produktu dastaketak eta laneko gosariak antolatzea eta abar baloratuko da, parte hartzen duten enpresen interesen arabera.

–Parte hartzen duten enpresentzat esportazio diagnostiko bat egiteko aukera (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion),misioa baino lehen, parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartera ateratzeko duen prestakuntza maila baloratzeko.

Ekimen horien helburua da misioaren inpaktua eta eraginkortasuna ahalik eta handienak izatea, Nafarroako enpresei sostengu integrala eskainita merkatu horretan sartzen direnean. Horrela, parte hartzen duten enpresek ikuspegi osoagoa izanen dute enpresa-inguruneari eta eskura dituzten aukerei buruz.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu agendak prestatzeko, ekitaldiak eta enpresa topaketak antolatzeko eta talde bisitak egiteko gastuak. Barne-lekualdatzeak koordinatuko ditu, programatzen diren jardueretan enpresen baterako parte-hartzea eta mugikortasuna errazteko.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

–Enpresak, teknologia-zentroak, elkarteak edo klusterrak izatea. Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Nafarroan izatea egoitza edo helbide soziala edo bertan garapen eta ekoizpen lanak gauzatzea.

–Misioan parte hartzeko eskaera-datan ingelesezko web-orri bat izatea.

–Misioan parte hartuko duen enpresako pertsonak bere CVaren bidez frogatu behar du gaitasuna duela misioaren merkataritza-harremanak lantzeko, bai enpresa ezagutzen duelako, bai sektoreko merkataritza-harremanetarako ingeles nahikoa dakielako.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2024ko irailaren 10eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Gehienez parte hartzen ahal duten entitateen kopurua.

Gehienez ere 12 entitatek parte hartuko dute misioan, eta 6 entitate beharko dira gutxienez misioa aurrera eramateko. Parte-hartzaileen hautaketa inskripzio-ordenaren arabera eginen da, eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean, gehieneko kopurura iritsi arte.

Lehentasuna izanen dute Nafarroako Nazioarteko Planak misio honetan sartutako sektoreentzat 2024an antolatutako beste azoka edo merkataritza-misio batean parte hartu ez duten enpresek.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie ekintza prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, parte ez hartzea erabakiz gero, gutxienez misioa hasi baino hilabete lehenago aurkeztu beharko da ukoa. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.

–Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko ea aurrerapenik izan den Indian egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 14an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2404430