Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
24/2024 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita Cintruenigoko eta Tuterako udal mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkearen instalaziorako.
1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.
Nafarroan haize-parkeen baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua aplikatuz, 2020ko abenduaren 4an, Eólica Montes de Cierzo SLUk aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, energia elektrikoa ekoizteko "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkea izeneko instalazioa, 6,4 MW-eko potentzia unitarioko (32 MW, guztira) 5 haize-sorgailuz osatutakoa, Cintruenigoko udal mugartean ezartzeko. Hauek dira haize-sorgailuen koordenatuak:
"MONTES DE CIERZO BERRINDARTZEA" HAIZE-PARKEA | ||
UTM ETRS89 30 N Eremua koordenatuak (EPSG:25830) | ||
Haize-sorgailua | x | y |
MC-01 | 601.710 | 4.657.533 |
MC-02 | 602.080 | 4.657.756 |
MC-03 | 602.451 | 4.657.979 |
MC-04 | 602.821 | 4.658.201 |
MC-05 | 603.177 | 4.658.416 |
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, energiaren ebakuaziorako baliatuko ziren bertan jadanik zeuden instalazioak, "Montes de Cierzo I" eta "Montes de Cierzo II" haize-parkeetan erabili izan direnak, Red Eléctrica de España SAUk han duen "La Serna 220 kV" azpiestazioraino, Cintruenigoko eta Tuterako udal mugarteetan.
Bestalde, adierazi behar da "Montes de Cierzo I" (29,67 MW) eta "Montes de Cierzo II" (30,8 MW) haize-parkeen titularra dela sustatzailea, eta asmoa du modu progresiboan parkeok desmuntatzeko, bukaeran ordeztuko baitituzte baimen honen xede den haize-parkeak, "Montes de Cierzo I berrindartzea" haize-parkeak (1053-5-CE) eta "Montes de Cierzo II berrindartzea" (1053-6-CE) haize-parkeak.
2.–Aurreproiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea eta kontsultak egitea.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, Eólica Montes de Cierzo SLUren eskaera jendaurrean egon zen 30 egun baliodunez, iragarkia argitara emanda honakoetan: 2021eko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 8koan, 2021eko martxoaren 9ko Diario de Noticias egunkarian eta Cintruenigoko eta Tuterako udalen ediktuen tauletan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.
Jasotako alegazioak hauek dira, aurkeztutako hurrenkeran:
–1. alegazioa. Ana Gurbindo Cizurrena, 2021eko martxoaren 15ekoa.
–2. alegazioa. Gurelur elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.
–3. alegazioa. Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.
–4. alegazioa. Zangozerriko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.
–5. alegazioa. Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU) elkartearena, 2021eko apirilaren 23koa.
Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.
Horrekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zitzaien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | Zk. | DATA |
Ingurumen Eraginaren Atala | 7 | 2021-07-27 |
Lurraldearen Antolamenduaren Atala | 6 | 2021-04-28 |
Ondare Arkitektonikoaren Atala | 1 | 2021-03-09 |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | 8 | 09/062022 |
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | 5 | 2021-04-14 |
Enagás Transporte SAU | - | - |
I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | 2 | 2021-03-15 |
Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa | 3 | 2021-03-15 |
Cintruenigoko Udala | 4 4 bis | 2021-04-07 2022-10-10 |
Tuterako Udala | - | - |
Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, aipatutako alegazioak eta txostenak Eólica Montes de Cierzo SLUri bidali zitzaizkion.
3.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskaera.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2021eko irailaren 7an Eólica Montes de Cierzo SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen. Beraren bidez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eta lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzeko eskatu zuen, eta erantzun egin zien jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazioei eta txostenei.
Dokumentazio berriak ez du aurreikusten aldaketarik aurreproiektuan, ukatu gabe ingurumen-inpaktuaren azterketan egiten ahal diren ekarpenak, Ingurumen Eraginaren Atalak bere txostenean (7. txostena) eta hainbat alegaziotan adierazitakoekin bat etorriz.
Aipatutako artikuluan ezarritakoa betez, eskaera Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera igorri ziren.
4.–Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
Ingurumeneko zuzendari nagusiak ekainaren 29an emandako 664E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen "Montes de Cierzo berrindartzea", "Montes de Cierzo I berrindartzea" eta "Montes de Cierzo II berrindartzea" haize-parkeen proiektuez, barne dela haien ebakuazio azpiegitura, eta ezarri zen jarduera ingurumen arloko ebazpenean jasotako baldintzen arabera gauzatu behar dela, baldintza hauek nabarmenduta: "Hiru haize-parkeen energiaren ebakuaziorako aireko linea elektrikoa osorik lurperatu beharko da, bai berrindartze proiektuko zati berrietan, bai lehendik dauden aireko tarteetan; azken horiek kendu eginen dira. Hartutako konponbidea behin betiko exekuzio proiektuari erantsiko zaio, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ontzat eman beharko du, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan".
Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren arabera, proiektuak ingurumenean izanen dituen ondorio nabarmen nagusia hegaztien eta kiropteroen gaineko ukipena da, haize-sorgailuekin talka egiteagatik eta hegaztiek lehendik dagoen eta proiektatuta dagoen linea elektrikoekin talka egiteko duten arriskuagatik.
Aurreproiektua batez ere ingurumen baldintzetara egokitze aldera, 2023ko urtarrilaren 23an Eólica Montes de Cierzo SLUk dokumentazioa aurkeztu du, bertan jasotzen dela 66 kV-eko ebakuazio linea osorik lurperatzea eta trazadura pittin bat aldatzea lurpeko linea baten ezaugarriekin bat etor dadin, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak berak hala eskatuta. Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, 2023ko urtarrilaren 25ean Ingurumen Eraginaren Atalera igorri zen aurreproiektuan egindako egokitzapenak baloratzeko eskaera eta, horri erantzunez, 2023ko otsailaren 1ean, ingurumen arloko organoak adierazi zuen linea elektrikoaren lurperatzea bat datorrela ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintzekin".
5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramitearen bigarren prozedura.
2023ko uztailaren 4an, Eólica Montes de Cierzo SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen, eta bertan, 2020ko abenduan erregistratutakoaren aldean, aldaketa hauek jasotzen dira ebakuazio azpiegiturei dagokienez:
–"Moluengo" TAE lekuz aldatzea, haize-parkeko haize-sorgailuen kokalekutik gertuago jartzeko.
–66 kV-eko lurpeko ebakuazio linearen trazadura aldatzea, baldintza jakin batzuetara eta "Moluengo" TAEren kokapen berrira egokitzeko.
Ingurumen Eraginaren Atalari kontsulta egin ondoren, jakinarazi du planteatutako aldaketek "ez dutela urratzen Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 664E/2022 Ebazpenaren bidez proiektu horretarako egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritakoa, eta ez dakartela ingurumenean ukipen nabarmen gehiagorik; beraz, adierazpenak babesten ditu" (7 bis txostena).
Aurrekoa ikusirik, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua betetzeko, haren bidez arautzen baitira energia elektrikoko instalazioen garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidura jarduerak eta baimentzeko prozedurak, ebakuazio azpiegitura aldatuen proiektua jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunez, iragarkia argitara emanda honako hauetan: 2023ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27koan; 2023ko uztailaren 28ko Diario de Noticias egunkarian, eta Cintruenigoko eta Tuterako udalen ediktu tauletan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.
Ez da alegaziorik jaso.
Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikulua aplikatuz, proiektuaren separatak igorri zitzaizkien erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | Zk. | DATA |
Cintruenigoko Udala | 4 ter | 2023-11-9 |
Tuterako Udala | ||
Ondare Arkitektonikoaren Atala | 1 bis | 2023-07-27 |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | ||
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | 5 bis | 2023-09-22 |
Nafarroako Ubidea SA (CANASA) | 9 | 2023-09-01 |
Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.
Artikulu horri jarraikiz, aipatutako txostenak Eólica Montes de Cierzo SLUri bidali zitzaizkion, eta hark erantzun egin zuen.
6.–Dokumentazio berria.
2023ko azaroaren 22an, Eólica Montes de Cierzo SLUk dokumentazio berria aurkeztu zuen, proiektuan egokitzapen txiki batzuk jasotzen dituena:
–Haize-sorgailuaren modeloa aldatu da, neurriak eta potentzia murriztuta, 6,2 MW-ekoak izanen baitira. Horrela, haize-parkearen potentzia 32 MW-etik 31 MW-era jaisten da.
–18 metro mugitu da MC-01 haize-sorgailua, obra zibila optimizatzeko. Haize-sorgailuaren koordenatuak honako hauek izanen dira orain:
"MONTES DE CIERZO BERRINDARTZEA" HAIZE-PARKEA | ||
UTM ETRS89 30 N Eremua koordenatuak (EPSG:25830) | ||
Haize-sorgailua | x | y |
MC-01 | 601.725 | 4.657.543 |
–Obra zibileko beste aldaketa batzuk: plataformak handitzea, sarbideak egokitzea, erdi-tentsioko sare kolektorean doikuntzak egitea...
7.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 24ko 37E/2024 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimena ematen da proiekturako, eta ebazpenean bertan zehazten diren determinazioak bete beharko dira.
8.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen duena betez, espedientean Eólica Montes de Cierzo SLUren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria jaso da.
Halaber, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Eólica Montes de Cierzo SLUk badauka garraio sarearen kudeatzailearen baimena "La Serna" azpiestazioan (220 kV) sartu eta konektatzeko.
Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, eta Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak, prozedura behar bezala egin dela iritzita, proposatzen du Eólica Montes de Cierzo SLUri aurretiazko administrazio baimena ematea "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkerako.
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Eólica Montes de Cierzo SLUri energia elektrikoa ekoizteko "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkea deritzon 31 MW-eko instalaziorako eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Cintruenigoko eta Tuterako udal mugarteetan. Baimena ematen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 664E/2022 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.
2. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalera eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura,.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea entitate hauei: Eólica Montes de Cierzo SLU, Gurelur elkartea, Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, Zangozerrriko Ongaiz- Ekologistak Martxan elkartea, Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU) elkartea, Enagás Transporte SAU, Nafarroako Ubidea SA, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU, eta Red Eléctrica de España SAUren Lineak Mantentzeko lanen Departamentura eta Sarerako Sarbidearen Departamentuak; ohartarazten da ebazpenak ez duela amaitzen administrazio bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik, espediente zenbakia adierazita.
6. Ebazpen hau jakinaraztea Cintruenigoko eta Tuterako udalei eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko martxoaren 12an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK
Jaso diren alegazioen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.
1. alegazioa. Ana Gurbindo Cizur.
2021eko martxoaren 15eko idazkian, Ana Gurbindo Cizur andreak dio ez dagoela Nafarroaren egoera energetikoaren gaineko azterketarik, eta horregatik eta ingurumen arloko hainbat arrazoirengatik (CO2 isurketa, lur mugimenduak, eremu naturalen gaineko eragina), proiektua gauzatzea "kaltegarria litzatekeela Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat", eta horregatik eskatzen du hura deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza prozesu egoki bat abian jartzeko". Gainera, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.
Erantzuna:
Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin.
Gainerako gaiak, ingurumen arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren esparruan, eta hainbat neurri eskatu dira hor, besteak beste, dauden lerrokaduretatik kanpo kokatu diren haize-sorgailuak kentzea, eta ebakuazio linea lurpetik eramatea.
Interesdun gisa onartzeko eskaerari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, esan beharra dago alegatzaileak ez duela frogatu haren zer eskubide edo interes ukitzen ahal dituen ebazpen honek.
2. alegazioa. "Gurelur" elkartea.
2021eko apirilaren 23ko alegazio bidez, Gurelur elkarteak adierazten du haize-parkea ez litzatekeela baimendu behar, arrazoi hauek direla-eta:
1. Ezinezkoa da proiektuak aztertu eta alegazioak egitea, espediente asko jarri direlako jendaurrean aldi berean.
2. Berrindartzea zatikatuta aurkezten da, hiru proiektu desberdinetan.
3. Irregulartasunak daude ingurumen eraginaren azterketan jasotako alternatiben analisian.
4. Bi haize-sorgailu daude dauden haize-sorgailuek eratzen duten lerrokaduratik kanpo .
5. Abifaunak eta kiropteroek espazioaz egiten duten erabileraren urteko zikloaren azterketak akatsak ditu.
6. Hegaztien gainean proiektuak duen inpaktuaren ebaluazioak hutsuneak ditu.
7. Dauden haize-parkeen eraispenerako planean gabeziak daude.
Erantzuna:
Jendaurrean jarritako proiektuen kopuruari dagokionez, esan behar da maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluak hau ezartzen duela: "Aurkeztutako aurreproiektuak jendaurrean jarriko dira ingurumen eraginaren azterketarekin batera, gutxienez ere hogeita hamar egunez". Hogeita hamar eguneko epe horrek hamar egun gehiago ditu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluak arau orokor gisa aurreikusten duenak baino. Izan ere, artikulu horrek dioenez, jendaurreko informaziorako iragarkiek alegazioak egiteko epea zehaztu behar dute, "inoiz ez hogei egun baino gutxiagokoa". Bestalde, hogeita hamar eguneko epea da instalazio elektrikoen tramitazioan aplikatu beharreko ohiko epea, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluaren arabera.
Horrela, espediente honi dagozkion iragarkietan jendaurreko informaziorako ezarritako epea egokia da energia elektrikoa ekoizteko instalazioei aurretiazko administrazio baimena emateko prozeduren konplexutasunerako eta berezitasunetarako, oro har, eta "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkearen proiekturako, zehazki. Gainera, azpimarratu behar da espedienteak bi aldiz bete duela jendaurreko informazioaren prozedura.
Proiektuak zatikatuta aurkezteari dagokionez, potentzia indartzeko hiru proiektuak instalazio independentetzat hartu dira, ondoko parametro hauek ebaluatu ondoren:
–Sustatzailearen ahala. Instalazio elektriko baten diseinua eta definizioa sustatzailearen ahala da, Konstituzioaren 38. artikuluan eta Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 2.1 artikuluan jasotako enpresa ekimen askearen babespean. Gogoratu behar da araudi sektorialak araubide substantibo bakarra ezartzen duela energia ekoizteko instalazioak baimentzeko, kasu bakoitzean baimena emateko eskumena duen administrazioa edozein dela ere. Instalazio baten baimena administrazio baten edo bestearen eskumena izateak ez du esan nahi, legez, interes orokorraren edo sektorearen funtzionamenduaren babesa handiagoa edo txikiagoa denik.
–Ingurumen-ebaluazioa. Bi proiektuak proiektu independentetzat jotzeak ez du ekarri araubide juridikoa onuragarriagoa izatea ingurumen ebaluazioaren ikuspuntutik. Aitzitik ere, proiektuak aldi berean jarri dira jendaurrean, eta ingurumenaren arloko organoak haize-parkeen ingurumen ondorioak aztertu ditu, guztiek baliabide naturalen gainean izan ditzaketen inpaktu metatu eta sinergikoak aintzat hartuta, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen bakarra eman du proiektu guztientzat.
–Eskakizun elektromekanikoak eta neurketakoak. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ulertzen ahal da haize-parke bakoitzak bere helburuak betetzeko behar diren eskakizun elektromekanikoak eta neurketakoak betetzen dituela. Zehazki, bakoitzak baditu bere osagai elektromekanikoak, bai eta neurgailuak ere, eta ekoizpen unitate guztiz autonomoa osatzen du, bere finantziazioa duena, bere mantentze programak dituena, eta gainerako parkeetatik era independentean funtzionatzen ahal duena.
–Azpiestazio elektriko transformatzailea partekatua: parkeen autonomia ez da kaltetzen instalazioak estazio bat eta berarekin lotzeagatik, beste hainbat proiekturekin batera.
Eraispen planari dagokionez, argitu behar da ingurumen-inpaktuaren adierazpenak ebaluatu duela hiru haize-parke ezartzea orain dauden bi haize-parkeren ordez. Beste alde batetik, eraispena deskribatzen duen dokumentazioa espedientean jasoa dago.
Gainerako gaiak, ingurumen arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren esparruan, eta hainbat neurri eskatu dira bertan, besteak beste, dauden lerrokaduretatik kanpo kokatu diren haize-sorgailuak kentzea, eta ebakuazio linea lurpetik eramatea.
3. alegazioa. Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea.
2021eko apirilaren 23an, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazki bat aurkeztu zuen. Bertan biltzen dira Nafarroako energia egoerari buruzko azterketa orokorra, honelako proiektuen inpaktuaren azalpena eta proposatutako aukerak edo konponbideak: energiaren kontsumoa murriztea, energia efizientzia, autokontsumoa, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea, egungo parkeen potentzia handitzea, aurrekoen "osagarri" gisa, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.
Gainera, alegazioaren puntu batean "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkearen inguruneko ingurumen balioak eta parkearen ingurumen-inpaktua aztertzen ditu, hainbat aldiz azpimarratuz beharrezkoa dela ebakuazio linea osorik sartzea lurpean, eta beraz, "Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat kaltegarria" litzatekeela, eta eskatzen du proiektua deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza egokia egiteko prozesu bat abian jartzeko".
Azkenik, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.
Erantzuna:
Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin.
Gainerako gaiak, ingurumen arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen eraginaren adierazpenaren esparruan, eta hainbat neurri eskatu dira hor, besteak beste, dauden lerroketetatik kanpo kokatzen ziren haize-sorgailuak kentzea, eta ebakuazio linea lur azpitik eramatea.
Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, interes ekonomiko eta sozialen ordezkari diren elkarte eta erakundeak interes kolektibo legitimoen titular izanen dira, legeak onartzen dituen baldintzetan.
4. alegazioa. Zangozerriko Ongaiz - Ekologistak Martxan elkartea.
2021eko apirilaren 23an, Zangozerriko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazki bat aurkeztu zuen, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteak aurkeztutako berbera (3. alegazioa).
Erantzuna:
Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari emandako erantzunaren ildo berean erantzuten zaio.
5. alegazioa. Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU) elkartea.
2021eko apirilaren 23an aurkeztutako idazkian, Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU) elkartea haize-parkeetan izaten den saguzarren hilkortasunari buruzko azalpen orokor batzuk ematen ditu eta ingurumen-inpaktuaren azterketetan saguzarrei dagokienez kontuan hartu behar diren helburuak eta protokoloak zehazten ditu.
Orain aztergai den proiektuari buruz, ingurumen-inpaktuaren azterketak agertzen dituen akatsak zehazten ditu, kiropteroen gaineko inpaktua aipatzen du eta azpimarratzen "IEA honek, oro har, haize-parkeak hegaztien eta kiropteroen gainean duen inpaktuari dagokionez erakusten duen balantze desorekatua".
Erantzuna:
Ingurumenaren arloko alegazioak ebaluatu eta aintzat hartu dira ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, eta bertan ezartzen diren neurrien artean, eskatzen da orain dauden lerrokaduretatik kanpo kokatu diren haize-sorgailuak kentzea, eta energiaren ebakuazio azpiegitura lurpean ezartzea.
II. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK
Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.
1. txostena eta 1 bis txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.
2021eko martxoaren 9ko eta 2023ko uztailaren 27ko txostenetan, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du "ez dagoela ukipenik" atal horren eskumeneko gaietan.
2. txostena. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.
2021eko martxoaren 15eko txostenean, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk, bere jabetzako azpiegituren gaineko ukipenak aztertu ondoren, "baimena ematen du, baldin eta txosten honetan zehaztutako gurutzatze bidezko bi ukipenen inguruko xehetasun-planoak aurkezten badira".
Erantzuna:
Sustatzailea ados dago txostenarekin, eta jakinarazten du, eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, separata bat aurkeztuko duela erakunde txosten-egilearentzat, eskatutako informazioa jasoko duena.
Nolanahi ere, Eólica Montes de Cierzo SLUk 66 kV-eko ebakuazio linearen lurperatze osoa jasotzen duen dokumentazioa aurkeztu zuen 2023ko urtarrilaren 23an, eta, 2023ko uztailaren 4an, besteak beste, 66 kV-eko lurpeko ebakuazio linearen trazaduraren aldaketa jasotzen duen dokumentazioa. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, aldatutako ebakuazio azpiegiturak jendaurrean jarri ziren, 2023ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27koan, iragarkia argitaratuta.
3. txostena. Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa.
2021eko martxoaren 15ean erregistratutako idazkiaren bidez, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Errepideen Zuzendaritza Nagusiaren AP-68 autobidea ustiatzeko ikuskaritzak honako hau adierazi zuen: "Euskarriak autobidearen babes-eremutik kanpo daudenez eta gurutzatzeak gutxieneko galiboa betetzen duenez (...), interesdunak AP-68 autobidea gurutzatzea eskatzen duenean, baimentzen ahalko da, AP-68 autobidean duen ukipenari dagokionez soilik".
4, 4 bis eta 4 ter txostenak. Cintruenigoko Udala.
2021eko apirilaren 7an, Cintruenigoko Udalak Herri-lurren Atalak emandako txostena bidali zuen (232/SCO/21 espedientea), non ohartarazten baita txostenean ageri diren lurzatien titulartasunari dagokionez dagoen arazoaz.
Bestalde, 2022ko urriaren 10ean eta 2023ko azaroaren 9an aurkeztutako hirigintza-txostenen bidez, jakinarazi zen azpiegituren zati bat proiektatzen dela haize-parkeak oro har baimenduta ez dauden lurzoru kategoria batean, hau da, haize-parkeen erabilera ez dago lurzoru kategoria horretako erabilera baimendu edo baimengarrien artean. Hala ere, txostenak adierazten du Cintruenigoko udal hirigintza-plangintzaren aldaketa bat izapidetzen ari direla, "udal mugarteko lurzoru jakin batzuetan baimendu ahal izateko energia berriztagarria ekoizteko jarduketa mota horiek eta horien ebakuazio azpiegiturak".
Erantzuna:
Lursail jakin batzuen titulartasunarekin dagoen arazoari dagokionez, egungo inguruabarrek ez dute eragozten espediente honetarako aurretiazko administrazio baimena formulatzea.
Bigarren txostenari dagokionez, hirigintzako gaiak ebaluatu eta kontuan hartu dira lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko esparruan.
5. txostena eta 5 bis txostena. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.
2021eko apirilaren 14an, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalak zehaztu zituen Nafarroako errepide sarearen gaineko aireko hiru gurutzatzetan aintzat hartu beharko diren baldintzak.
Erakunde berari kontsulta egin zitzaion, ebakuazio linea lurperatu eta aldatu ondoren, eta 2023ko irailaren 22ko txostenean jakinarazi zuen jarduketa baimendu daitekeela proiektatutako baldintza teknikoekin.
Azkenik, bi txostenetan gogorarazten zaio sustatzaileari ezen, obrak egin aurretik, aipatu zuzendaritza nagusiaren baimena eskatu eta lortu behar duela.
6. txostena. Lurralde Antolamenduaren Atala.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko apirilaren 28an txostena eman zuen, 0003-OT12-2021-000076, 0003-OT12-2021-000077 eta 0003-OT12-2021-000078 espedienteei buruz.
7. txostena. Ingurumen Eraginaren Atala.
Ingurumen Eraginaren Atalak txostenak eman zituen 2021eko uztailaren 27an eta 2023ko irailaren 4an, hurrenez hurren 0003-0226-2021-000022 espedienterako eta 0003-0226-2023-001238 espedienterako.
8. txostena. Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
2022ko ekainaren 9an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jakinarazi zuen aurreproiektuak ukitzen dituela katalogatutako zenbait aztarnategi arkeologiko, eta, hortaz, aldeko txostena eman zuen, zenbait neurri betetzea baldintza gisa jarrita.
Erantzuna:
Erakunde berari kontsulta egin zitzaion, ebakuazio linea lurperatu eta aldatu ondoren, eta ez zen erantzunik jaso.
9. txostena. Nafarroako Ubidea SA (CANASA).
2023ko irailaren 1eko idazkiaren bidez, Nafarroako Ubidea SAk honako hau jakinarazi zuen ez duela eragozpenik "Montes de Cierzo berrindartzea" haize-parkearen ebakuazio azpiegituren proiektuan egindako aldaketei dagokienez, eta horiek ezartzearen aldeko txostena eman zuen.
Iragarkiaren kodea: F2404277
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
