69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua, zeinaren bidez iraungitzen baita "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa Cortesen (Nafarroa)" izeneko Udalez gaindiko plan sektoriala. Planaren sustatzailea Centro Logístico y del Transporte Corredor del Ebro SL (CELTCE SL) da.

Nafarroako Gobernuak 2007ko ekainaren 25ean hartutako erabakiaren bidez, "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa Cortesen (Nafarroa)" izeneko Udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen, Sociedad Centro Logístico y del Transporte Corredor del Ebro SLk (CELTCE SL) sustaturik. Erabaki hori 2007ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 20koan.

Ondoren, Etxebizitzako eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 1846/2010 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen UGPS horren urbanizazio proiektua. Ebazpen hori 2011ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11koan.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 13ko 118E/2019 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Cortesko Udal Plan Orokorra. Plan horren araudian (2019ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 2koan) UGPS honen determinazioak jaso ziren, eta S.11 izeneko lurzoru urbanizagarri sektorizatuaren esparrua zehaztu zen.

2023ko urriaren 26an, María Concepción Ausejo Gómez andreak, Cortesko Udaleko alkateak, udaleko osoko bilkurak 2023ko urriaren 25ean egindako bilkura arruntean hartutako erabakia aurkeztu zuen, non, besteak beste, lehen aipatutako UGPSa iraungitzea eskatzen zen.

Horren ondotik, 2023ko urriaren 27an, Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro SL enpresak (CELTCE SL) UGPSan jasotako abala itzultzeko eskatu zuen.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1 artikuluan zehaztuak daude udalez gaindiko plan sektorialak iraungitzeko kasuak.

Testuinguru horretan, 2024ko otsailaren 13an, Angel M.ª García Clavijo jaunak, Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro SLren (CELTCE SL) ordezkari gisa, idatziz adierazi du berariaz uko egiten diola UGPSa betearazteari. Halaber, 2024ko otsailaren 20an, Jesús Litago Zardoya jaunak, Cortesko Udaleko idazkaria den aldetik, idatziz ziurtatu du UGPSan aurreikusitako urbanizazio obrak hasi gabe daudela.

Ikusirik Cortesko Udalak aurkeztutako ziurtagiria, bai eta enpresa sustatzaileak UGPSa egikaritzeari uko egiteko aurkeztutako idazkia ere, goian aipatutako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1 artikuluan jasotako kasuetatik bi betetzen dira, zehazki, artikulu horren a) eta b) apartatuetan adierazitakoak.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Iraungitzea "Ebroko korridorea Logistika eta Garraio Zentroa Cortesen (Nafarroa)" izeneko Udalez gaindiko plan sektoriala, Centro Logístico y del Transporte Corredor del Ebro SL (CELTCE SL) sozietateak sustatu duena. Horren ondorioz, planaren determinazioak ondoriorik gabe gelditzen dira.

2. Adieraztea bidezkoa dela itzultzea plan sektorial horretako jarduketetatik eratorritako betebeharrei erantzuteko aurkeztutako abala.

3. Erabaki hau Cortesko Udalari eta Centro Logístico y de Transporte del Corredor del Ebro SL (CELTCE SL) sozietateari jakinaraztea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Adieraztea erabaki honek amaiera ematen diola administrazio bideari eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 13an.–Hirugarren lehendakariordea, Begoña Alfaro García, Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2404309