Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
458E/2024 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi honen gastua baimendu eta deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzen baitira: "Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzak interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik". DDBN identifikazioa: 743461.
Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, ezarri ziren Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen dirulaguntzen oinarriak. Kontratazio horien xedea da interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egitea.
Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.
Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da toki erakundeei, interes orokorreko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik, dirulaguntzak emateko gastua baimentzea 2024. urterako.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez, eta hura aldatzen duten urriaren 1eko 3351E/2020 Ebazpenaren eta otsailaren 9ko 52E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi horren oinarriak onetsi ziren.
Estatuko araudiari jarraikiz, eta kontuan harturik Administrazioaren esparruan Nafarroako Foru Komunitateari eskualdaturiko eginkizunak eta zerbitzuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 2018ko martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez Nafarroako toki erakundeendako dirulaguntzen deialdi bat onetsi zen interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko.
Deialdi horren helburua da langabeen lan aukerak hobetzea gaitasun profesionalak beregana ditzaten sustatuz, Nafarroako toki erakundeetan aldi baterako kontratatuta.
Deialdi honek indarra hartu zuenetik haren kudeaketan eta tramitazioan izandako esperientzia dela eta, beharrezkotzat jo da deialdiaren 2., 3., 6., 7., 8., 10. eta 16. oinarri arautzaileak aldatzea eta 12.3 oinarria zuzentzea, aurkezten ahal den errekurtso motari dagokionez.
Deialdi honen asmoa da bere helburua lortzea toki erakundeek gauzatzen dituzten interes orokorreko edo sozialeko obrak edo zerbitzuak eginez, lan edo zerbitzu horiek autonomia baldin badute toki erakundearen jardueraren barruan eta ohiko zereginetatik desberdinak badira. Hori dela eta, deialdiaren 2. oinarri arautzailearen 1. puntua aldatzen da.
Era berean, 3. oinarri arautzailearen 1. puntua aldatzen da, kontratazio taldeen arabera lan kontratu bakoitzean diruz lagundu beharreko zenbatekoa aipatzen duena.
Horrez gain, erakunde eskatzaileek bete beharreko obra eta zerbitzuen betebeharrak eguneratu behar dira 6. oinarri arautzailearen 1. puntuan.
Langabeen laneratze ibilbideak hobetzeko eta enpresek kontrata ditzaten laguntzeko, aldatzen da 7. oinarri arautzailearen 2. puntua, aipatzen dituena kontratatu beharreko pertsonek dituzten betebeharrak deialdi honen babesean kontratatu eta diruz lagunduta daudenean.
Era berean, aldatzen dira 8. oinarri arautzailea (Langabeak kontratatzeko irizpideak) eta 10. oinarri arautzailea (Eskaeren irizpideak), hautapen prozesuen gardentasuna areagotzeko eta eskaeraren tramiteak arintzeko.
Aurretik egin diren deialdiak baloratu ondoren, beharrezkotzat jo da 16. oinarri arautzailea aldatzea, b) eta c) letrak kentzeko eta h) letra aldatzeko, Gardentasunari eta Gobernu Onari buruzko 11/2012 Foru Legea aipatzen duena, indarreko legeriara egokitzeko, bai eta j) letra ere, 9. artikuluaz egiten duen aipamena kentzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 3.820.000 euro(ko gastua) baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuaren kargura, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki erakundeei ematen zaizkien dirulaguntzetarako, hain zuzen, partida honen kargura: "Toki erakundeen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4609 241100 partida. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez eta hura aldatu zutenen bidez arautu ziren eta 743461 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
2. 1.000.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.
3. 2023. urtean ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuaren kargura erantzutea.
4. Aldatzea deialdiaren oinarri arautzaileak, lehen aipatutakoak, testu hau izan dezaten:
4.1. 2.1 oinarri arautzailea aldatzea, honela:
2. Erakunde onuradunak eta bete beharreko baldintzak.
1. "Dirulaguntzen onuradunak Nafarroako toki erakundeak izaten ahalko dira, langabeak kontratatzen badituzte interes orokorreko edo sozialeko obrak edo zerbitzuak egiteko, lan edo zerbitzu horiek autonomia badute erakundearen jardueraren barruan eta ohiko zereginetatik desberdinak badira. Horrekin batera, erakundeek proiektua gauzatzeko behar adinako gaitasuna izan beharko dute, teknikoa eta kudeaketakoa".
4.2. 3.1 oinarri arautzailea aldatzea, honela:
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.
1. "Honako hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa lanaldi osoko kontratu bakoitzeko:
a) 1.100 euro hilean, 12 hilabetez gehienez, kontratuak izenpetzeagatik honako kolektibo hauetako pertsonekin: errenta bermatua jasotzen duten pertsonak; gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen dutenak; genero indarkeriaren biktima diren emakumeak; babes sistema batetik etorrita autonomia prozesu batean sartuta dauden 18 eta 21 urte bitarteko gazteak; eta 55 urtetik gorakoak.
b) 1.000 euro hilean, 55 urtetik beherako emakumeekin izenpetutako kontratuengatik, 6 hilabetez gehienez.
c) 800 euro hilean, kontratuak izenpetzeagatik 45 eta 54 urte arteko gizonekin edo iraupen luzeko langabeak diren 30 eta 44 urte artekoekin (gutxienez 12 hilabetez langabezian egon direnak enplegu agentziak inkesta egiten duen egunaren aurreko 18 hilabetean), 6 hilabeteko iraupena duen kontratu bakoitzeko. Iraupen laburragoko kontratuetarako, 600 euro hilean emanen dira.
d) Aurreko kolektiboetakoak ez diren gizonekin kontratuak izenpetzeagatik, 600 euro hilean, 6 hilabeteko iraupena duen kontratu bakoitzeko. Iraupen laburragoko kontratuetarako, 400 euro hilean emanen dira.
Lanaldia laburragoa izanez gero, proportzioan murriztuko da eman beharreko dirulaguntza.
Zenbateko horiek kostu unitarioko baremo estandar gisa ezarri dira, lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen legediari jarraikiz toki erakundeak izanen dituen gutxieneko kontratazio kostuen arabera (lanbide arteko gutxieneko soldata, kontratu bukaerako kalte-ordaina eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak)".
4.3. 6.1 oinarri arautzailea aldatzea, honela:
6. Egin beharreko obra eta zerbitzuek bete beharreko baldintzak.
1. Erakunde eskatzaileek egin beharreko obra eta zerbitzuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Interes orokor edo sozialeko obrak eta zerbitzuak izatea, erakundearen jardueraren barruan autonomia dutenak eta ohiko zereginetatik desberdinak direnak.
b) Obra eta zerbitzu horiek ez dute ekarriko ahalmen publikoaren erabilera zuzena edo zeharkakoa eskatzen duten eginkizunak betetzea edota Estatuaren edo administrazio publikoen interes orokorrak zaintzeko ardurari dagozkionak, horiek funtzionario publikoei soilik baitagozkie.
c) Toki erakunde eskatzaileek zuzenean gauzatzea.
4.4. 7.2 oinarri arautzailea aldatzea, honela:
7. Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.
2. Kontratazioak ez dira diruz lagunduko baldin eta dagoeneko Nafarroako Foru Komunitateko toki erakunde batek, deialdi honen babesean, ekitaldi berean edo aurre-aurreko bietan, hiru hilabetez edo gehiagoz kontratatu eta diruz lagundutako pertsonenak badira, 3.1.a) oinarrian ezarritako kolektiboen kasuan izan ezik.
4.5. 8. oinarri arautzailea aldatzea, honela:
8. Langabeak kontratatzeko irizpideak.
1. Erakunde onuradunek, lan eskaintzaren bidez, behar dituzten langabeak eskatuko dizkiote dagokion enplegu agentziari, kontrataziorako aurreikusita dagoen eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez, aurreko oinarrian ezarritakoa kontuan hartuta.
Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da dirulaguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenak. Azterketa hori eginda, agentziak erakunde onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai aukeratuko ditu proiektuak aurreikusten duen lanpostu bakoitzeko. Enplegu agentziak deialdiaren beharkizunak betetzen dituzten pertsonen zerrenda igorriko du, adierazita haietako bakoitza zer kolektibotakoa den deialdiaren 3.1 oinarrikoen artetik.
Toki erakundeak dagokion enplegu agentziari jakinarazi beharko dio zein pertsona joan diren deialdira eta zein ez.
Enplegu agentziak, aurretiko azterketa horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).
2. Diruz lagundutako pertsonaren batek baja hartzen badu erakunde onuradunean hasieran aurreikusitako kontratazio aldia bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 30 eguneko epean, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzaren eskaeran eta hura eman eta ordaintzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera ere, eta horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez. Diruz lagundutako pertsonak lana borondatez uzten badu, tramitea arintzearren, onuradunak ordezkoa hautatzen ahalko du enplegu agentziak igorritako hasierako zerrendatik, baldin eta eskaintzaren eskaeratik kontratazio berriaren hasierara bitartean hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira.
Kasu horretan, kontratazio epe efektibo guztien artean, gutxien-gutxienik, dirulaguntzaren epealdira iritsi beharko da.
3. Lan eskaintza toki erakundeko organo eskudunak onetsi beharko du. Halaber, toki erakundearen eskumen esklusiboa izanen da izangaiek baldintzak betetzen dituzten gainbegiratzea eta haiek baloratzea.
4.6. 10.1 oinarri arautzailea aldatzea, honela:
10. Eskaeren baldintzak.
1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak eskatu nahi dituzten erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.
b) Dirulaguntza eskaeraren xede diren kontratuen zerrenda.
c) Enplegu agentziak aurretik hautatutako pertsonen zerrenda. Toki erakundeak adierazi beharko du bertan hautapen prozesura aurkeztutako pertsonen zerrenda, kontratatuen zerrenda eta egindako hautapen mota.
d) Obraren edo zerbitzuaren memoria, eredu ofizialaren araberakoa. Eredua Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke.
Memoriaren xede den obrak edo zerbitzuak enplegu agentziara igorritako lan eskaintzan zehaztutako obra edo zerbitzu bera izan beharko du. Interes orokorreko edo sozialeko obra edo zerbitzu bat izanen da, autonomia duena erakundearen jardueraren barruan eta ohiko zereginetatik desberdina.
e) Toki erakundeak eta kontratatuak sinatutako lan-kontratua, honako alderdi hauek agertzen dituena: bete beharreko lanpostua, eta kontratazioaren hasiera- eta amaiera-egunak.
f) Kontratatutako pertsonek sinatutako idazkia, non adieraziko baitute baimena ematen dutela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko datuak jaso ditzan deialdian ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.
g) Toki erakundeko idazkaritzak emandako ziurtagiri bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean lortzen ahalko dena, adierazita bete beharreko obra edo zerbitzua:
1. Toki erakundeko organo eskudunak onetsi duela.
2. Autonomia duela toki erakundearen jardueraren barruan eta ohiko zereginetatik desberdina dela.
3. Ez dela beharrezkoa eginkizun publikoak betetzen edo administrazio publikoen interes orokorren zaintzan parte hartzen duen langilerik kontratatzea.
4. Diruz lagundu gabeko obra edo zerbitzu zatia finantzatzeko kreditua badela.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko zehaztuta dauden baldintza orokorrak betetzen dituela.
i) Erantzukizunpeko adierazpena, jasotzen dituena helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, erakunde eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu.
j) Adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018ko Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzkoa.
k) Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez. Onuradunak ezin badu bere kontua helbide elektroniko horretan erregistratu ez duelako ziurtagiri digitalik edo Cl@ve, laguntzaren ordainketa jasotzeko, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du, inprimakia helbide honetatik hartuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak".
4.7. 12.3 oinarri arautzailea aldatzea, honela:
3. Toki erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute eskaerari buruzko berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren xede den administrazio egintza espresua ez bada, noiznahi jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.
4.8. 16. oinarri arautzailea aldatzea, honela:
16. Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Obra edo zerbitzu bat egiteko hautatutako langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.
b) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela frogatzeko, erakunde eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsultatu ditzan, egiaztatzearren ezen laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.
d) Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, erakunde onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena, jarduera edo/eta funtzionamendua eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, "Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua" testuarekin batera.
e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
f) Bi arau hauetan ezarritakoa betetzea: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua.
g) Erakunde onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako betebehar orokorrak bete behar dituzte.
5. Ebazpen honetan bildutako aldaketek ondorioak izanen dituzte deialdi honen babeseko kontratazioetan, argitaratzen den egunetik aurrerakoetan, zehazki.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko martxoaren 10ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2404218
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
