69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 29koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira: giza eskubideen arloan lan egiten duten ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako laguntza, 2024an Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko. DDBN identifikazioa: 746504.

Azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatzeko politikak sustatu eta koordinatzea, betiere giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarriturik, bai eta memoria historikoari, memoria demokratikoari eta memoria hurbilari buruzko politika publikoak definitzea ere. Era berean, aipatutako dekretuak zuzendaritza nagusi horri esleitzen dio horretarako deialdiak onesteko proposamena egiteko eskumena, bai eta dirulaguntzak emateko prozedurak ebazteko eskumena ere.

Giza eskubideen arloan lan egiten duten ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen 2024rako deialdiarekin eta oinarri arautzaileekin, zeinen helburua baita izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzea, sustatu gogo da ekimen instituzionalen, akademikoen eta sozialen arteko osagarritasuna, Nafarroan giza eskubideen errespetuaren ezagutza hobea eta zehatzagoa garatzeko.

Laguntzen xedea da txostenak egitea giza eskubideen urraketei buruz, 1948ko Giza Eskubideen Gutunean eta haren ondorengo arauen garapenetan definitutako eremuetako edozeinetan gertatzen direla. Zehazki, laguntza deialdi honen bidez, giza eskubideen aplikazioaren azterketaz eta ebaluazioaz arduratzen diren eta eskarmentua duten ikerketa zentroen, unibertsitate institutuen eta bestelako gizarte erakundeen lana finantzatu nahi da, informazioa izateko Nafarroan gertatu diren edo gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei buruz, edo Nafarroako pertsonei eragiten dietenei buruz, Foru Komunitatea ez den beste leku geografiko batzuetan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide orokorra ezarri zen. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia ados egonik.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Giza eskubideen arloan lan egiten duten ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen 2024rako deialdia onestea, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. 73.000,00 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002-B2100-4819-232510: Ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzak, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egiteko.

2024

73.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren kontabilitate zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 29an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

OINARRI ARAUTZAILEAK, GIZA ESKUBIDEEN ARLOAN LAN EGITEN DUTEN IKERKETA ZENTRO EDO INSTITUTUENTZAKO ETA ERAKUNDEENTZAKO 2024RAKO DIRULAGUNTZENAK, NAFARROAN IZANDAKO GIZA ESKUBIDEEN URRAKETEI BURUZKO TXOSTENAK EGIN ETA ZABALTZEKO

1.–Laguntzen xedea

Hala xedatzen baitu azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak hainbat eskumen ditu esleituta, eta horien artean nabarmentzekoak dira 8. artikuluko b, c eta d apartatuetan adierazitakoak, bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko politika publikoak sustatzeari eta koordinatzeari buruzkoak. Era berean, aipatutako dekretuak zuzendaritza nagusi horri esleitzen dio horretarako deialdiak proposatzeko eskumena, baita dirulaguntzen prozedurak ebaztekoa ere.

Nafarroako Bizikidetzaren 2021-2024 Plan Estrategikoak, Gobernuaren 2021eko abenduaren 29ko bilkuran onetsiak, biltzen du bere programazioan A1 kodearekin identifikatzen den programazio bat, aurreikusten duena Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak abian jarriko duela "ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitatean izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko". Neurri honen bidez, ekimen instituzionalaren, akademikoaren eta sozialen osagarritasuna sustatu nahi da, giza eskubideen errespetuaren ezagutza hobea eta zehatzagoa garatzeko.

Prozedura izapidetzean, norgehiagokako araubidea aplikatuko da, eta kontuan hartuko dira dirulaguntzak eskatzen dituzten entitateek proposatutako txostenen irismena eta garrantzia.

Txostenak txosten "itzal" edo txosten alternatibo motakoak izanen dira.

Txosten "itzal" motakoaren kasuan, kasuan kasuko eskubidearen ustezko urraketa aztertzeaz gain, prestatutako informazioa erreferentzia gisa hartzen diren gobernuaren beste txosten edo iturri batzuen informazioarekin alderatuko da, txostenari izaera kritikoa emateko.

Txosten alternatiboen kasuan, hau da, errealitate horien gainean gobernuaren txostenik ez dagoenean edo daudenak zaharkituak daudenean, aztertutako giza eskubidearen aplikazioa aztertzeaz gain, aztertutako egoera hobetzeko proposamen bat gaineratuko da.

Lanen emaitzak, behin amaituz gero, herritarrei aurkeztuko zaizkie, publikoki, baita dirulaguntzen xede diren txostenekin loturiko giza eskubideak aplikatzeko ardura duten maila guztietako erakundeen aurrean ere: tokikoak, estatukoak, Europakoak edo nazioartekoak.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Laguntza deialdi honen bidez, giza eskubideen aplikazioaren azterketaz eta ebaluazioaz arduratzen diren eta eskarmentua duten ikerketa zentroen, unibertsitate institutuen eta bestelako gizarte erakundeen lana finantzatu nahi da, informazioa izateko Nafarroan gertatu diren edo gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei buruz, edo Nafarroako pertsonei eragiten dietenei buruz, Foru Komunitatea ez den beste leku geografiko batzuetan.

Diruz lagundutako proiektuek lagundu behar dute ebaluazio-txostenak zorroztasunez egiten giza eskubideen aplikazioari eta ustezko urraketei dagokienez, 1948ko Giza Eskubideen Gutunean eta gutun horrek ondoren eduki dituen arauen garapenetan zehaztutako eremuetako edozeinetan gertatzen direla.

Alabaina, lehentasuna edukiko dute ondoko gai hauetan gertatutako giza eskubideen urraketak salatzen dituzten txosten-proposamenek:

a) Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak.

b) Migratzaileak eta errefuxiatuak.

c) Egiturazko desparekotasun soziala eta ekonomikoa.

d) Emakumeen eta gizonen desparekotasuna, emakumeen aurkako indarkeria barne.

e) LGTBI+fobia.

f) Desgaitasuna duten pertsonak.

g) Ezagutzeko.

h) Ingurumen seguru, garbi, osasungarri eta jasangarrian bizitzeko eskubidea.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek har ditzakete oinarri hauetan araututako laguntzak:

–Unibertsitateen menpeko departamentu, katedra eta institutuetako Giza eta Gizarte Zientzien ikerketa zientifikoko taldeak.

–Irabazi-asmorik gabeko gizarte erakundeak, baldin eta beren estatutuetan giza eskubideen sustapena eta defentsa jasotzen badute 2. oinarrian definitutako eremuren batean.

Deialdi honetara aurkezten diren entitateek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

c) Memoria historikoaren arloko araudian xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, 1936ko estatu-kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean xedatutakoa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko proiektuen ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 28ra bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera. Eredu horiek (I. eranskinean jasoak) entitateen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogo fitxan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-centros-o-institutos-de-investigacion-y-organizaciones-para-realizacion-y-difusion-de-informes-acerca-de-vulneraciones-de-los-derechos-humanos

Eskabideak aipatutako fitxaren bidez ("Tramitatu" botoia) aurkeztuko dira edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaera Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira bidali beharko zaio, destinoko unitatea: 10007893.

Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak entitate interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio hau erantsita:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Txostena idatzi duen taldearen osaerari buruzko deskribapen laburra, datu hauek edukiko dituena, gutxienez: idatzi duen taldearen koordinatzailearen izen-deiturak, taldea osatzen dutenen izen-deiturak, bakoitzaren titulazioa eta gaitasunak, azken hiru urteetan egindako lan eta argitalpen garrantzitsuenen zerrenda.

c) Eskaera izenpetzen duen ordezkariaren gaitasun juridikoa frogatzen duen dokumentua, eta pertsona horren nortasun agiri nazionalaren kopia.

d) Irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan, Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren edo beste dokumentu baten kopia.

e) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

f) Tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak. Ziurtagiri horien ordez, II. eranskinean xedatutako baimena ematen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ofizioz egiazta dezan inguruabar hori betetzen dela.

g) Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, zeinetan adierazten baita ezen ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez.

h) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela adierazita.

i) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

Eskaera aurkeztuz, entitateak baimena ematen dio Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiri Estatuko Administrazio Orokorrari informazioa eska dezan Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuta, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Honako baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

1. atala.–Txostena prestatzeko planteamendu orokorra: 30 puntu, gehienez.

–Txostenak zer beharri erantzuten dion, helburuak eta metodologiaren deskribapena: 15 puntu, gehienez.

–2. oinarrian definitu diren lehentasunezko eremuren batekiko lotura: 10 puntu.

–Proiektuaren lanen planifikazioa eta egutegia: txostena prestatzea, emaitzen aurkezpen publikoa eta zabalkunde instituzionala: 5 puntu, gehienez.

2. atala.–Txostenean aintzat hartuko diren gaien irismena eta sakontasuna: 45 puntu, gehienez.

–Txostenaren egitura eta edukiak. Txostenean agertuko diren analisien definizioa: 25 puntu, gehienez.

–Erabili beharreko informazio-iturriak: 20 puntu, gehienez.

3. atala.–Txostena jendaurrean aurkezteko eta instituzioei komunikatzeko proposamena: 25 puntu, gehienez.

–Txostena jendaurrean aurkezteko diseinua eta bitartekoak: 10 puntu, gehienez.

–Emaitzak instituzioei komunikatzeko diseinua eta bitartekoak: 15 puntu, gehienez.

Laguntza lortzeko, proiektuek lortu behar dituzte puntuen %60, gutxienez, lehen definitu diren hiru ataletako bakoitzean. Hau da: 1. atalean, gutxienez 18 puntu lortu beharko dira. 2. atalean, 27 puntu. Eta 3. atalean, 15 puntu.

8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Laguntzaren zenbatekoa eskatutako eta onartutako aurrekontuaren %100era irits daiteke, 40.000 euroko gehieneko intentsitatearekin.

Laguntzak puntuazio-hurrenkerari jarraituz adjudikatuko dira, aurrekontuko kontsignatzea agortu arte.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak 73.000,00 euro dauzka 2024ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusten diren laguntzetarako, "Ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzak, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egiteko" izeneko B20002 B2100 4819 232510 partidaren kontura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 28ra bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuaren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen proiektuaren aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira zerbitzu-sari profesionalen ordainketak ekarritakoak; betiere, behar bezala frogatuko dira, lan kontratuen, nominen eta kotizazio agirien eta txostenen bidez, non agertuko baita zenbat ordu bete diren, langileek eta horien arduradunek sinatuta. Nominen kasuan, txostenaren idazle guztiek jasotako kontzeptu guztiak bilduko dituzte, barnean direla joan-etorriek eta/edo dietek ekarritako ordainak.

Halaber, diruz lagungarritzat joko da beste entitate batzuekin lan espezializatuen kanpoko kontratazioa, proiektuaren planteamenduan justifikatu eta onartu bada, eta fakturen zenbateko osoa ez bada 15.000 euro baino handiagoa (BEZa kanpo), eta ez bada proiektuaren aurrekontu osoaren %30 baino handiagoa.

Halaber, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira ondasun suntsikor bat erostea dakartenak, baldin erosketa behar bezala justifikatzen bada eta beharrezkoa bada proposatutako jarduerak garatzeko. Fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz frogatuko dira.

Instrukzio organoak irizten baldin badio gasturen bat ezin zaiela egotzi dirulaguntzaren xedeari eta helburuari, diruz lagungarri ez den gastutzat hartzen ahalko du.

Diruz lagundutako gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.

Entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat baldin badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntza zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak ematearen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Atariaren webguneko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da, 5.1 oinarrian adierazitako fitxan.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira proiektua garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako proiektuaren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Laguntza ordainduko da jarduerak egin ahala, jardueren justifikazioa eta deskribapena egin ondoren, eta frogagiriak aurkezteko azken eguna 2024ko abenduaren 4a izanen da.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak justifikatzeko kontu bat aurkeztuta, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Justifikazioko kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, ordainagiriak (behar bezala izenpetuak) eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, egindako lanen memoria deskribatzaile bat aurkeztu behar da, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako data baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduera bakoitzaren gauzatzeari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren eta entitate onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Gardentasunaren arloko berariazko betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuen kasuan, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira), honako informazio osagarri hau jakinarazi beharko dute:

g.1) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

g.2) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

g.3) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

g.4) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

g.5) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, telematikoki, deialdian horretarako dagoen tramitearen bidez. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.

15.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Proiektua gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek baimena eskatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren edukia aldatzeko, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aplikatu beharko da 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean xedatutakoa, eta, zehazki, 11.3 eta 24. artikuluetan xedatutakoa.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

I. ERANSKINA.–LAGUNTZA ESKABIDEAREN EREDUA

A) ENTITATEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK.

ENTITATEAREN IZENA:

IFK:

B) TXOSTEN PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA.

1. Txostenaren izenburua.

2. Egin nahi den lanaren deskribapen laburra.

3. Txostenak zer beharrari erantzuten dion. Metodologiaren helburuak eta deskribapena.

4. 2. oinarrian definitu diren lehentasunezko eremuren batekiko lotura.

5. Txostenaren egitura eta edukiak. Txostenean agertuko diren analisi-kapituluen definizioa.

6. Erabili beharreko informazio-iturrien deskribapena.

7. Txostena jendaurrean aurkezteko erabiliko diren diseinua eta bitartekoak. Data aurreikusiak.

8. Emaitzak instituzioei jakinarazteko erabiliko diren diseinua eta bitartekoak. Txostena jasoko duten instituzioak zehaztea eta aurreikusten diren datak.

C) LANEN AURREKONTUA.

Xehatu aurreikusita dauden gastuak, kontzeptu hauen arabera:

–Langileria gastuak.

–Zerbitzu tekniko espezializatuen kanpoko kontratazioa. Adierazi zeintzuk. (Aurrekontu osoaren %30 gehienez, 15.000 euroko mugarekin, BEZa kanpo).

–Material suntsikorra.

–Beste batzuk (adierazi zeintzuk).

Adierazi jardueran aurreikusten diren gastuak, guztira, eurotan:

Adierazi nola finantzatuko diren gastuak:

–Eskaturiko laguntza:

–Beste laguntza publiko batzuk: (adierazi jatorria).

–Beste laguntza pribatu batzuk: (adierazi jatorria).

–Baliabide propioak:

Legezko ordezkariaren izena eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

______(e)n, 2024ko _________aren ___(e)(a)n.

II. ERANSKINA.–ENTITATE ESKATZAILEAREN BERARIAZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, ZEHAZTEN DUENA DIRULAGUNTZEN ONURADUN IZATEKO DEBEKURIK EZ DUELA ETA ZERGEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN ARLOKO BETEBEHARRAK BETETZEN DITUELA

___________________________________________________________________ jaunak/andreak, _____________________________________________ entitatearen legezko ordezkari gisa,

ADIERAZTEN DU:

Ordezkatzen duen entitatea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.

Orobat, adierazten du egunean dituela indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Horretarako:

Baimena ematen diot Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari zerga betebeharrak betetzeari buruzko informazioa eska diezaien erakunde eskudunei.

Ez diot baimenik ematen Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari zerga betebeharrak betetzeari buruzko informazioa eska diezaien erakunde eskudunei, eta, kasu honetan, eskaerarekin batera aurkezten dut hori egiaztatzen duen ziurtagiria, gehienez ere hilabeteko antzinatasuna duena.

______(e)n, 2024ko _________aren ___(e)(a)n.

Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

III. ERANSKINA.–ENTITATEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN BERARIAZKOA, ESKATUTAKO BESTE LAGUNTZA BATZUEI BURUZ

___________________________________________________________________ jaunak/andreak, _____________________________________________ entitatearen legezko ordezkari gisa,

ADIERAZTEN DU:

Berak ordezkatzen duen entitateak

EZ duela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribaturik eskatu aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.

BAI, eskatu dituela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribatu batzuk, aurkeztutako jarduerak finantzatzeko

ESKATUTAKO LAGUNTZEN ZERRENDA

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZAION LAGUNTZA

ZENBATEKOA

ESKAERAREN EGOERA

______(e)n, 2024ko _________aren ___(e)(a)n.

Legezko ordezkariaren izena eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

IV. ERANSKINA.–DIRU-SARREREN ETA GASTUEN JUSTIFIKAZIOKO
KONTUAREN EREDUA

Aurkezpenaren data:

Gastuen kapitulua:

Zk.

Kontzeptua

Hornitzailea

Fakturaren data

Fakturaren zenbatekoa

Zenbateko
hautagarria

Ordain
ketaren data

Jarduerei egotzitako gastuak, guztira:

Diru-sarreren kapitulua:

Zk.

Jatorria

Zenbatekoa

Jarduerei egotzitako diru-sarrerak, guztira:

______(e)n, 2024ko _________aren ___(e)(a)n.

Legezko ordezkariaren izena eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura eta entitatearen zigilua:

V. ERANSKINA.–EMAITZEN TXOSTENAREN EREDUA

A) ENTITATEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK.

ENTITATEAREN IZENA:

IFK:

B) EGINDAKO JARDUEREN AZALPENA.

1. Txostenaren izenburua.

2. Egikaritze-laburpena. Egindako lanaren deskribapen laburra.

3. Adierazi zenbateraino lortu diren proposatzen ziren helburuak.

5. Txostenaren ondorio garrantzizkoenen deskribapen laburra.

6. Erabilitako informazio-iturrien deskribapena.

7. Jarduerak jendaurrean jartzeko egindako ekintza publikoen deskribapena.

8. Instituzioen aurrean egindako komunikazio ekintzen deskribapena.

C) FINANTZEN LABURPENA.

Xehatu egin diren gastuak, kontzeptu hauen arabera:

–Langileria gastuak:

–Zerbitzu tekniko espezializatuen kanpoko kontratazioa:

–Material suntsikorra:

–Beste batzuk (adierazi zeintzuk):

Adierazi egindako gastuak, osotara, eurotan:

Adierazi nola finantzatu diren gastuak:

–Emandako laguntza:

–Beste laguntza publiko batzuk: (adierazi jatorria)

–Beste laguntza pribatu batzuk: (adierazi jatorria)

–Baliabide propioak:

Legezko ordezkariaren izena eta kargua:

Legezko ordezkariaren sinadura:

Entitatearen zigilua:

______(e)n, 2024ko _________aren ___(e)(a)n.

Iragarkiaren kodea: F2404012