Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
19E/2024 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak: "Irabaziasmorik gabeko elkarte eta entitateentzako dirulaguntzak, biktimei, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egin ditzaten 2024. urtean". DDBN identifikazioa: 746291.
Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak gogo biziz eskatzen dituen bi nahi dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.
Nafarroako errealitate sozial eta politikoa motibazio politikoko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetza-harremanetan.
Gainera, bereziki azken urteotan, bizikidetza nahaspilatuz joan da gure erkidegoaren zenbait esparrutan etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio proposamen desberdinen artean ageri den mesfidantza eta diskriminazioagatik.
Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra, egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, merezi dutelako egia, justizia eta erreparazioa. Aniztasuna onar eta errespeta dadila sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuta. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijiosoen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere aintzat hartuta ezen pertsonaren duintasuna eta giza eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.
Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako elkarteen ehunaren ahalik eta inplikazio handiena sustatu gogo du bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatzeko eta garatzeko.
Legez eraturik dauden irabazi-asmorik gabeko hainbat entitate pribatuk, zeinek bere herrian, lan baliotsua egin dute eta egiten ari dira memoriari, biktimen arretari eta bakearen eta bizikidetzaren sustapenari loturiko ekimenen aitzindari gisa. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako eszenatoki berria sendotuko bada.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.
Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea du xede deialdi honek, biktimei eta memoriaren eta bizikidetzaren kulturari loturiko jarduerak egin ditzaten, 2024. urtean.
Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.
Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia ados egonik.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. Irabaziasmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko deialdi bat onestea, biktimei eta memoriaren eta bizikidetzaren kulturari loturiko jarduerak egin ditzaten, 2024. urtean.
2. . 80.000,00 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B20002 B2100 4819 232502 Irabaziasmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jardueretarako | 2024 | 40.000,00 |
B20002-B2100-4819-232504 Irabaziasmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako | 2024 | 40.000,00 |
3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.
5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren kontabilitate zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko otsailaren 27an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTE ETA ENTITATEENTZAKO LAGUNTZAK, BIKTIMEI ETA MEMORIAREN ETA BIZIKIDETZAREN KULTURARI LOTURIKO JARDUERAK EGIN DITZATEN 2024AN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da pizgarriak ematea, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek jarduerak egin ditzaten biktimei eskubidez dagokien memoria, errekonozimendua eta erreparazioa bultzatzeko eta memoriaren eta bizikidetzaren kulturaren balioak zabaltzeko, hori guztia bat etorrita Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako printzipioekin.
Ildo horretan, laguntzak honelako jarduketak egiteko erabiliko dira:
a) 1936ko estatu-kolpe militarraren eta geroko errepresio frankistaren ondoriozko biktimei edo terrorismoaren biktimei errekonozimendua, erreparazioa eta elkartasuna adierazteko ekitaldiak, baldin eta ekarpenen bat egiten badute biktimei eskubidez dagokien egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean, eta biktima bakoitza bere biktima izaeraren testuinguruan hartuta.
b) Gizarte osoak parte hartzeko moduko jarduerak antolatzea, hala nola:
–Erakusketak, foroak, hitzaldiak, eztabaidak, topaketak eta ekitaldiak, helburu dutenak hausnarketa eta konpromisoa sustatzea: memoriaren eta bake eta bizikidetza balioen gainean, baita giza eskubideen urraketak ez errepikatzearen gainean ere.
–Bizikidetzaren aldeko jarduerak, helburu nagusitzat dutenak topaketa, elkar ezagutzea eta elkarrizketa sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako pertsona eta taldeen artean, eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetakoen artean.
c) Plangintza, prestakuntza edo trebakuntza jarduerak antolatzea memoriaren eta bizikidetzaren arloan, nork bere lurralde esparruan bakearen eta bizikidetzaren arloko proiektu komunitarioak garatu nahi dituzten batzordeak edo lantaldeak sortu eta abian jartzeko.
d) Helburu hauek dituzten erakundeen web-orriak edo sare sozialak berritzea eta modernizatzea:
–Entitateak memoriaren eta bizikidetzaren arloan egiten duen jarduerari buruzko informazioa jasotzea.
–Memoriaren eta bizikidetzaren arloko ekimenak eta ekintzak digitalki trukatzea.
–Material interesgarriak proposatzea gogoetarako, eztabaidarako eta abarretarako.
–Memoriaren eta bizikidetzaren alde egiten duten lana eta beren jarduerak hedatu nahi dituzten pertsona eta taldeen parte-hartzea eta ekarpen sortzaileak sustatzea.
e) Antolaketa-proiektuak, deskribapen-tresnak sortzea, hala nola inbentarioak edo katalogo informatizatuak, digitalizazio-lanak edo memoriari lotutako artxibo-dokumentuak, elkarte edo entitatearenak direnak, prestatzeko beste zereginak.
Elkarteek edo entitateek artxibatuko diren dokumentuak edo bestelako elementuak kontrolatzeko sistema bat izan behar dute, datu-base baten bitartez. Datu-baseak, gutxienez, informazio hau izanen du:
1. Zer entitatek sortu duen: toki erakundeak, elkarteak, partikularrak, etab.
2. Dokumentu, bilduma edo espediente zenbakia.
3. Muturretako datak. Dokumentua, bilduma edo espedientea artxibatzeko hasierako zein bukaerako datak sartuko dira.
4. Dokumentuaren, bildumaren edo espedientearen izenburu edo laburpena: argia eta zehatza, eta funtsezko datu guztiak dituena.
5. Bilduma edo espedientea osatzen duten dokumentuen kopurua.
6. Serie dokumentala sailkatzeko kodea. Aldez aurretik egindako sailkapen taula baten arabera zehaztuko da.
7. Hitz gakoak edo gaiak. Terminoen hiztegi kontrolatu batetik abiatuta identifikatuko dira, eta aukera eman behar dute dokumentuak, bildumak eta espedienteak azkar eta modu konbinatuan bilatzeko.
8. Agiriak gordeta dauden kutxaren identifikatzailea edo signatura. Dokumentua edo espedientea berreskuratzea ahalbidetuko du.
9. Oharrak. Aurreko eremuetan sartzen ez den bestelako informazio garrantzitsua bilduko da.
Oro har, digitalizatuko diren dokumentuek 40 urtetik gorako antzinatasuna izan behar dute, baina antzinatasun txikiagoko dokumentuak digitalizatzeko edo prestatzeko proiektu zehatzek ere har ditzakete dirulaguntzak, baldin eta Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak aztertu baditu eta baimena eman badu.
2.–Jarduketa eremua eta helburua.
Diruz lagunduko diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute badutela bakearen eta bizikidetzaren aldeko eragitea, pedagogikoki eta sozialki, eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:
–Indarkeriazko gure historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuta.
–Giza eskubideen errespetua sustatzea, eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideari erantzutea, betiere biktima bakoitza bere biktima-izaeraren testuinguruan hartuta.
–Hainbat sentsibilitate politikotako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologikotako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, analisia eta elkarlanaren esperientzia sustatzea, adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldien bitartez.
–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.
–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, hainbat ideologia, sinesmen, uste edo iritzitako herritarren artean haustura sozial berriak agertu baino lehen.
Laguntza horiek Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintzen parte dira.
3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte legez eraturik eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan, edo erregelamenduz dagokionean, inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek.
Aurkezten diren entitateek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:
a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
b) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.
c) Memoria historikoaren arloko araudian xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, 1936ko estatu-kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean xedatutakoa.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.
4.–Jarduerek bete beharrekoak.
Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.
Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra bitarte egin beharko dira.
5.–Eskaerak aurkeztea.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera. Eredu horiek (I. eranskinean jasoak) entitateen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogo fitxan:
Eskaerak aipatutako fitxaren bidez aurkeztuko dira ("Tramitatu" botoia), edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa
Eskaera Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira zuzendu behar da, destinoko unitate honetara: 10007893.
Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.
Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera aurkeztu behar da ezarritako ereduen arabera prestatua (ereduak entitate interesdunen eskura daude, 5.1 oinarrian adierazi bezala), entitatearen ordezkariak behar bezala sinatua, eta honako dokumentazio honekin batera:
a) Entitatearen estatutuen kopia.
b) Eskaera sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionalaren kopia.
c) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzeko ziurtagiria, edo beste frogagiriren bat.
d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.
e) Tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak. Ziurtagiri horien ordez, II. eranskinean xedatutako baimena ematen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ofizioz egiazta dezan inguruabar hori betetzen dela.
f) Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, esaten duena ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere.
g) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela adierazita.
h) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).
Eskaera aurkeztuz, entitateak baimena ematen dio Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiri Estatuko Administrazio Orokorrari informazioa eska dezan Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
7.–Balorazioa.
Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuta, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.
Honako baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:
7.1. Biktimei loturiko jarduerak egiteko:
A) Jardueren tipologia, zehaztasuna eta abian jartzeko plana: 30 puntu arte.
–Jardueren zehaztasun maila: 20 puntu arte.
–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 10 puntu arte.
B) Berariazko helburuen irismena, eragina eta espero diren emaitzak: 30 puntu arte.
–Berariazko helburuen irismena eta justifikazioa: 15 puntu arte.
–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 15 puntu arte.
C) Era askotako jendearen inplikazioa eta aurreikusita dagoen partaidetza: 30 puntu arte.
–Aurreikusitako parte-hartzaileak: puntu 1 emanen da 10 pertsonako. Gehienez ere 20 puntu.
–Hainbat motatako jendeak parte hartuko duela aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek, etab.): 10 puntu arte.
D) Aurrekontuaren efizientzia: 10 puntu arte.
7.2. Memoriaren eta bizikidetzaren kulturari loturiko jarduerak egiteko:
A) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.
A1. Jardueren tipologia, zehaztasuna eta abian jartzeko plana: 20 puntu arte.
–Jardueren zehaztasun maila: 10 puntu arte.
–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.
–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 5 puntu arte.
A2. Berariazko helburuen irismena, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.
–Berariazko helburuen irismena eta justifikazioa: 7 puntu arte.
–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 13 puntu arte.
A3. Hainbat motatako jendeak parte hartuko duela aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek, etab.): 15 puntu arte.
A4. Aurrekontuaren efizientzia: 10 puntu arte.
B) Jarduerak bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste egitura edo plan zabalago batzuetan sartzea: 10 puntu arte.
C) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien intentsitatea (genero berdintasuna, aukera berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo zuzentzeko): 10 puntu arte.
D) Jardueren zabalkunderako planaren kalitatea: 15 puntu arte.
Laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.
8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.
Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 arterainoko laguntza esleitzen ahalko da, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izan daitekeela. Proiektuan sartu beharko dira entitate bakoitzak deialdi honetako laguntza jasotzea nahi duen jarduera guztiak, hots, zer jardueratarako eskatzen duen laguntza, horiek guztiak.
Aurrekontuko kontsignazioa gaindituz gero, laguntza kalkulatzeko, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko lortutako puntuazioaren arabera:
TARTEAK | PORTZENTAJEA % |
60 eta 64 artean | 65 |
65 eta 69 artean | 70 |
70 eta 74 artean | 75 |
75 eta 79 artean | 80 |
80 eta 84 artean | 85 |
85 eta 89 artean | 90 |
90 eta 94 artean | 95 |
95 eta 100 artean | 100 |
Aurreko irizpidea aplikatuta ere aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.
Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin beharko da, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari.
Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak 80.000 euro ditu 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura hain zuzen:
–40.000,00 euro, B20002 B2100 4819 232502 partidaren kargura: "Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak, biktimei loturiko jarduerak egiteko".
–40.000,00 euro "Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko" izeneko B20002 B2100 4819 232504 partidaren kargura.
9.–Gastu diruz lagungarriak.
2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
Instrukzio organoak erabaki dezake eskatutako gastuetako batzuk ez direla diruz lagungarriak, uste baldin badu ezin zaizkiola egotzi dirulaguntzaren xedeari eta helburuari.
Diruz lagundutako gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Gastu diruz lagungarritzat hartzeko, gastu horiek zalantzarik gabeko lotura izan behar dute jardueraren garapenarekin, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.
Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko entitate eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.
Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagundutako jarduera zabaltzeko gastuen zenbatekoa, laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dena, ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.
Entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat baldin badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.
Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.
Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak ematearen gainean.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.
Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Atariaren webguneko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da, 5.1 oinarrian adierazitako fitxan.
Ebatzi eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
11.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.
Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ezin du gainditu entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.
12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
12.1. Laguntza ordainduko da, jarduerak egin ahala, horiek justifikatu eta deskribatu ondoren, eta egutegi honen arabera:
–Jarduera guztiak abuztuaren 31 baino lehen, egun hori barne, bukatzen dituzten proiektuen kasuan, bukatu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2024ko irailaren 7a izanen da horretarako azken eguna.
–Jarduera guztiak abuztuaren 31ren ondoren bukatzen dituzten proiektuen kasuan, bukatu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2024ko abenduaren 1a izanen da horretarako azken eguna.
12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak justifikatzeko kontu bat aurkeztuta, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean, azalduko dira dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta ordainketaren data efektiboa; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Justifikazioko kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, bankuko kontu-laburpenak, ordainagiriak, fakturak eta antzeko agiriak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.
12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztu behar da, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzenduta, 12.1 oinarrian ezarritako datak baino lehenago. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduera bakoitzaren gauzatzeari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak ere aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla frogatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren eta entitate onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria eta informazio kanpainetan edo bere eginkizunen ondoriozko beste edozein jardueratan.
13.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki erakunde onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:
a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.
b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.
c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Gardentasunaren arloko berariazko betebeharrak:
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen entitate onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuen kasuan, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira), honako informazio osagarri hau jakinarazi beharko dute:
g.1) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
g.2) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
g.3) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
g.4) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
g.5) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, telematikoki, deialdian horretarako dagoen tramitearen bidez. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.
j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
14.–Jarraipena.
Instrukzio organoak, 12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer irismen izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.
15.–Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, xede bererako jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.
Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta programa egiteko modua eta epeak ere.
Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
Instrukzio organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, baldin eta horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.
16.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen entitate onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen ondoriozko erantzukizunen eta zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, aplikatu beharko da 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean xedatutakoa, eta, zehazki, 11.3 eta 24. artikuluetan xedatutakoa.
18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
19.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
I. ERANSKINA.–LAGUNTZA ESKAERAREN EREDUA
A) Entitatearen identifikazio datuak.
Entitatearen izena: ............................................................................................................................
IFK zenbakia: ..........................................................................................................................................
Entitate mota: .......................................................................................................................................
Elkartea
Fundazioa
Beste bat (azaldu)
B) Jardueren proiektua.
Aurkezten diren jardueren kopurua, guztira: ............................................................................................
(Prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin)
1. jarduera (Prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin).
Jardueraren izena: ..................................................................................................................................
–Jardueraren azalpen laburra: (Labur deskribatu jarduera mota, eta azaldu zer harreman duen deialdiaren 1. berariazko oinarrian zehaztu den xedearekin).
–Jardueraren helburuak: (Adierazi jardueraren helburu orokorra eta berariazko helburuak, eta azaldu zer harreman duen deialdiaren 2. oinarri orokorrean zehaztu den helburuarekin).
–Espero diren emaitzak eta gizarte-eragina: (Argi eta garbi azaldu lortu gogo diren emaitzak eta proposatutako jarduerarekin gizartean gertatzea espero den eragina).
–Aurreikusitako inplikazioa eta parte-hartzea: (Deskribatu pertsona motak (sexua, adina eta abar) eta aipatu zer gizarte eta kultur eragile, elkarte, entitate, alderdi politiko, erakunde, komunikabide eta abar dauden aurreikusita jardueretan parte hartzeko. Azaldu zertan izanen den haien parte-hartzea. Kalkulatu guztira zenbat pertsonak parte hartuko duten jardueran).
JARDUERA EGITEKO EGUTEGIA:
Hasiera eguna: .......................................................................................................................................
Bukaera eguna: .................................................................................................................................
Oharrak: ............................................................................................................................................
Jardueraren kostua: ................................................. euro.
Xehatu aurreikusita dauden gastuak, kontzeptu hauen arabera:
–Areto, gune, azpiegitura eta abarren alokairua (adierazi zein) .............................................. euro.
–Hizlarien, animatzaileen eta abarren kontratazioa (adierazi zein) ............................................... euro.
–Zerbitzu teknikoen kontratazioa (adierazi zein) ..................................................................... euro.
–Jardueren diseinua, inprimaketa, argitalpena eta zabalkundea (adierazi zein; jardueraren aurrekontuaren %20 gehienez) .................................................................................................................. euro.
–Beste batzuk (adierazi zein).
JARDUERARAKO AURREIKUSITAKO GASTUAK, GUZTIRA:
Adierazi nola finantzatuko diren gastuak:
–Eskaturiko laguntza: ........................................................................ euro.
–Beste laguntza publiko batzuk: (adierazi jatorria) ............................ euro.
–Beste laguntza pribatu batzuk: (adierazi jatorria) ............................ euro.
–Baliabide propioak: .......................................................................... euro.
C) Jarduerak sartzea memoriaren eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste egitura edo/eta plan zabalago batzuetan.
Adierazi zer-nolako plan edo egitura zabalago batean txertatzen den jardueren proiektua:
Bizikidetzaren plan estrategikoa/komunitarioa.
Bizikidetzarako batzordea/auzo taldea.
Elkarteen sarea, lantalde asoziatiboa, biktimen familiakoen taldea, beste batzuk (adierazi zein).
Azaldu zer harreman dagoen planteatzen diren jardueren eta haiek txertatzen diren plan edo egituren artean.
D) Zeharkako neurrien intentsitatea.
Adierazi zeharkako zein esparrutan hartzen diren neurri positiboak:
Genero-berdintasuna.
Desgaitasunak dituzten pertsonen integrazioa
Gaztelania eta euskara erabiltzea
Ingurumen jasangarritasunerako neurriak hartzea, jarduerek izan dezaketen eragin negatiboa gutxitu edo/eta zuzentzeko.
Azaldu nola txertatuko den jardueretan aukeratutako esparru bakoitza.
E) Zabalkunde plana.
Adierazi zer lan egin gogo diren proposatutako jarduerak behar bezala zabaldu eta haiei buruzko informazioa emateko:
Publizitate iragarkiak komunikabideetan:
Jarduerak argitaratzea web-orrietan eta/edo sare sozialetan:
Liburuxkak, kartelak eta abar argitaratzea
Beste batzuk (zehaztu zein).
Azaldu zabalkunde planaren helburuak eta irismena, nolako publikoei zuzenduko zaien, zabalkunde ekintzen egutegia eta abar.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua: ..........................................................
Legezko ordezkariaren sinadura: ..........................................................................................................
Entitatearen zigilua:
II. ERANSKINA.–ENTITATE ESKATZAILEAREN BERARIAZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, ZEHAZTEN DUENA DIRULAGUNTZEN ONURADUN IZATEKO DEBEKURIK EZ DUELA ETA ZERGEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN ARLOKO BETEBEHARRAK BETETZEN DITUELA
....................................................................................................................................... jaunak/andreak, .............................................................................................................. entitatearen legezko ordezkari gisa,
ADIERAZTEN DU:
Ordezkatzen duen entitatea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.
Orobat, adierazten du egunean dituela indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Horretarako:
Baimena ematen diot Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari zerga betebeharrak betetzeari buruzko informazioa eska diezaion erakunde eskudunari.
Ez diot baimenik ematen Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari zerga betebeharrak betetzeari buruzko informazioa eska diezaion erakunde eskudunari, eta, hala denez, eskaerarekin batera aurkezten dut hori egiaztatzen duen ziurtagiria, gehienez ere hilabeteko antzinatasuna duena.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua: ..........................................................
Legezko ordezkariaren sinadura: ..........................................................................................................
Entitatearen zigilua:
III. ERANSKINA.–ENTITATE ESKATZAILEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPEN BERARIAZKOA, ESKATUTAKO BESTE LAGUNTZA BATZUEI BURUZ
.................................................................................................................................... jaunak/andreak, .............................................................................................................. entitatearen legezko ordezkari gisa,
ADIERAZTEN DU:
Berak ordezkatzen duen entitateak
EZ duela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribaturik eskatu aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.
BAI, eskatu dituela beste dirulaguntza edo/eta laguntza publiko edo pribatu batzuk, aurkeztutako jarduerak finantzatzeko.
ESKATUTAKO LAGUNTZEN ZERRENDA.
ZEIN ERAKUNDERI ESKATU ZAION LAGUNTZA | ZENBATEKOA | ESKAERAREN EGOERA |
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua: ..........................................................
Legezko ordezkariaren sinadura: ..........................................................................................................
Entitatearen zigilua:
IV. ERANSKINA.–DIRU-SARREREN ETA GASTUEN JUSTIFIKAZIOKO KONTUAREN EREDUA
Aurkezpenaren data: ...........................................................................................................................
Gastuen kapitulua:
Zk. | Kontzeptua | Hornitzailea | Fakturaren data | Fakturaren zenbatekoa | Zenbateko hautagarria | Ordainketaren data |
Jarduerei egotzitako gastuak, guztira:
Diru-sarreren kapitulua:
Zk. | Jatorria | Zenbatekoa |
Jarduerei egotzitako diru-sarrerak, guztira:
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua: ..........................................................
Legezko ordezkariaren sinadura: ..........................................................................................................
Entitatearen zigilua:
V. ERANSKINA.–EBALUAZIO MEMORIAREN EREDUA.
A) Entitatearen identifikazio datuak.
Entitatearen izena: ............................................................................................................................
IFK zenbakia: …………………………………………..................……………………………………………..
Entitate mota: .......................................................................................................................................
Elkartea
Fundazioa
Beste bat (azaldu)
B) Jardueren ebaluazioa.
Egindako jardueren kopurua, guztira: ...................................................................................................
(Prestatu fitxa bat, osoa, jarduera bakoitzerako, informazio honekin).
Jardueraren zk.: ..................................................................................................................................
Jardueraren izena: ................................................................................................................................
Labur deskribatu zer jarduera egin den: ...........................................................................................
Azaldu jarduerarako proposatutako helburuak lortu diren: ....................................................................
Azaldu aurreikusitako gizarte-eragina eta espero ziren emaitzak lortu diren: ...................................
AURREIKUSITAKO INPLIKAZIOA ETA PARTE-HARTZEA:
Deskribatu jardueretan parte hartu duten pertsona motak (sexua, adina eta abar), gizarte eta kultur eragileak, entitateak, alderdi politikoak, erakundeak, komunikabideak eta abar. Azaldu zertan izan den haien parte-hartzea. Kalkulatu zenbat pertsonak, guztira, hartu duten parte jardueran (ahal dela, sexuaren eta adinaren arabera bereizita).
ADIERAZI NOIZ EGIN DEN JARDUERA:
Hasiera eguna: ......................................................................................................................................
Bukaera eguna: ..................................................................................................................................
Oharrak: ..............................................................................................................................................
FINANTZEN LABURPENA.
Jardueraren azken kostua: ............................................................................................................. euro.
Xehatu egin diren gastuak, kontzeptu hauen arabera:
–Areto, gune, azpiegitura eta abarren alokairua (adierazi zein) ............................................... euro.
–Hizlarien, animatzaileen eta abarren kontratazioa (adierazi zein) ............................................... euro.
–Zerbitzu teknikoen kontratazioa (adierazi zein) ........................................................................ euro.
–Jardueren diseinua, inprimaketa, argitalpena eta zabalkundea (adierazi zein; jardueraren aurrekontuaren %20 gehienez)................................................................................................................... euro.
–Beste batzuk (adierazi zein).
JARDUERAN EGINDAKO GASTUAK, GUZTIRA:
Adierazi nola finantzatu diren gastuak:
–Emandako laguntza: ........................................................................ euro.
–Beste laguntza publiko batzuk: (adierazi jatorria) ............................ euro.
–Beste laguntza pribatu batzuk: (adierazi jatorria) ............................ euro.
–Baliabide propioak: .......................................................................... euro.
C) Zeharkako neurrien intentsitatea.
Ahal bada, azaldu, kualitatiboki eta kuantitatiboki, nola txertatu den jardueretan eskaeran proposatutako zeharkakotasun esparru bakoitza.
D) Zabalkunde plana.
Adierazi zer jarduketa egin diren proposatutako jarduerak behar bezala zabaltzeko eta haiei buruzko informazioa emateko, eskaeran proposatutako zabalkunde planaren arabera.
E) Ondorioak eta azken balorazioa.
Labur azaldu interesgarrientzat jotzen diren ondorioak, jarduerak egin ondoren ateratzen ahal direnak. Azkenik, baloratu esperientzia.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
Legezko ordezkariaren izen-abizenak, NAN zenbakia eta kargua: ..........................................................
Legezko ordezkariaren sinadura: ..........................................................................................................
Entitatearen zigilua:
Iragarkiaren kodea: F2404103
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
