2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CAPARROSO
Udal ordenantza, fakturen tramitazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Caparrosoko Udalak, 2024ko urtarrilaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal ordenantza, fakturen tramitazio elektronikoa arautzen duena. Onespen hori behin betikoa izanen zen, baldin eta ez bazen erreklamaziorik aurkezten jendaurrean zegoen bitartean.
Hasierako onespena argitaratu zen 2024ko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 30ean, eta ondoren jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean. Epe hori iragan da, eta ez da aurkeztu erreklamazio, kexa edo oharrik; beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jotzen da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da ordenantzaren testu osoa, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei.
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu eta biharamunean.
Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Caparroson, 2024ko martxoaren 13an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.
CAPARROSOKO UDALAREN ORDENANTZA FAKTUREN TRAMITAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Eremu objektiboa.
Ordenantza honen bidez, arautu dira Faktura Elektronikoen Estatuko Sargune Orokorraren (FACE) bidez bidalitako faktura elektronikoen baldintza teknikoak –izan ere, Caparrosoko Udala bertara atxikita dago–, jarraikiz abenduaren 27ko 25/2013 Legean xedatutakoari (sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko legea).
2. artikulua. Eremu subjektiboa.
Ordenantza honetan ezarritakoa ondasunen eta zerbitzuen hornitzaileen eta Caparrosoko Udalaren arteko harreman juridikoen esparruan egiten diren fakturei aplikatuko zaie.
3. artikulua. Fakturak erregistroan aurkeztu beharra.
Caparrosoko Udalari emandako zerbitzuengatik edo entregatutako ondasunengatik faktura egin duen hornitzaileak, abenduaren 27ko 25/2013 Legean xedatutakoaren ondorioetarako, faktura hori administrazio-erregistro batean aurkeztu beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, hogeita hamar eguneko epean, salgaiak benetan entregatzen edo zerbitzuak ematen diren egunetik zenbatzen hasita. Lege horretan fakturak aurkezteko epeari edo moduari buruz ezarritako baldintzak bete ezean, ez da betetzat joko fakturak erregistroan aurkezteko betebeharra.
4. artikulua. Faktura elektronikoaren erabilera.
Caparrosoko Udalari ondasunak edo zerbitzuak eman dizkioten hornitzaile guztiek egin eta bidaltzen ahalko dute faktura elektronikoa.
Nolanahi ere, jarraian zehaztuko diren entitateak behartuta daude faktura elektronikoa egitera ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, eta dagokion sargune orokorraren bidez aurkeztu beharko dute (FACE), fakturaren zenbatekoa edozein dela ere:
a) Sozietate anonimoak.
b) Erantzukizun mugatuko sozietateak.
c) Pertsona juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko erakundeak, Espainiako nazionalitatea ez badute.
d) Establezimendu iraunkorrak eta Espainiako lurraldean helbiderik ez duten erakundeetako sukurtsalak, tributuen araudiak ezarri bezala.
e) Aldi baterako enpresa elkarteak.
f) Ekonomia-intereseko taldea, ekonomia-intereseko Europako taldea, pentsio-funtsa, arrisku kapitaleko funtsa, inbertsio-funtsa, aktiboak erabiltzeko funtsa, hipoteka-merkatua erregularizatzeko funtsa, hipoteka titulizatzeko funtsa edo inbertsioak bermatzeko funtsa.
g) Autonomoak
h) Elkarteak.
i) Kooperatibak.
5. artikulua. Faktura Elektronikoen Sargune Orokorra.
Caparrosoko Udalak Faktura Elektronikoen Sargune Orokorra izanen du, eta horren bidez Udalari lotuta dauden edo horren mende dauden entitateei eta erakundeei dagozkien faktura elektroniko guztiak jasoko dira. Caparrosoko Udala atxikita dago Estatuak eskaintzen duen Faktura Elektronikoen Sargune Orokorraren (FACE) erabilerari.
Hona hemen Udalaren DIR3 kodeak, haren antolaketa egituraren arabera:
–Kontabilitate bulegoaren kodea: L01310654.
–Organo kudeatzailearen kodea: L01310654.
–Tramitazio unitatearen kodea: L01310654.
Udal honek argitaratzen dituen lehiaketa guztien administrazio baldintzen agiriek kodeketa hori agertu beharko dute, eta hori ezinbestekoa izanen da faktura elektroniko guztiak bidaltzeko.
Faktura Elektronikoen Sargune Orokorra bitartekaritza irtenbidea izanen da faktura aurkezten duenaren eta hori erregistratzeko eskumena duen kontabilitate bulegoaren artean.
Faktura Elektronikoen Sargune Orokorrak aukera ematen du faktura elektronikoak bidaltzeko abenduaren 27ko 25/2013 Legean zehazten den formatuan. Hornitzaileak edo faktura aurkeztu duenak fakturaren tramitazioaren egoera kontsultatzen ahalko du.
Faktura Elektronikoen Sargune Orokorraren bidez aurkeztutako faktura elektroniko guztiek sarrera automatikoa sortuko dute Faktura Elektronikoen Sargune Orokor hori kudeatzen duen administrazio publikoaren erregistro elektroniko batean. Horrenbestez, hartu-agiri elektronikoa emanen du, aurkezteko data eta ordua egiaztatzen dituena.
Faktura Elektronikoen Sargune Orokorrak zerbitzu automatikoa emanen du, faktura horiek erregistratzeko eskumena duten kontabilitate bulegoen esku jartzeko edo horiei elektronikoki bidaltzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko udal-arau guztiak, eta, bereziki, faktura elektronikoa aurkezteko betebeharretik salbuesteari buruzko udal ordenantza, 5.000,00 eurora arteko fakturetan (2017ko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 29an).
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egunean, eta hamabost egunera aplikatzen hasiko da, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluak, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua. Ordenantzak indarrean jarraituko du espresuki aldatu edo indargabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L2404267