Iragarkia
66. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 2a
3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA
EBAZPENA, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez Falck Renewables Power 2 SLri aurretiazko administrazio baimena ematen baitzaio 72,177 MW-eko potentzia instalatuko "Campos de Zuloaga" instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Zizurko, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal-mugarteetan, Nafarroan. See/dgpem/sgee/resolución pfot-726 (aap)
Falck Renewables Power 2 SLk (aurrerantzean, sustatzailea), 2021eko uztailaren 16an, administrazio baimena eskatu zuen Nafarroan, Zizurko, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalerrietan dauden "Campos de Zuloaga" instalazio fotovoltaikorako (122,62 MW modulu fotovoltaikoetan eta 72,177 MW inbertsoreen potentzian) eta haren ebakuazio azpiegituretarako.
Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, eta izapidetu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.
Jaso diren beste erantzun batzuetan (Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzua eta Enagás enpresa), zenbait baldintza zehazten dira sustatzaileak egin beharreko jarduketak egiteko. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela adierazi du.
Zizurko, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalek erantzuna igorri dute, eta adierazi dute ez daudela proiektuarekin ados. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta erantzunean bere argudioak ematen ditu. Sustatzailearen azken erantzunari erakundeek eginiko erantzunik jaso ez denez, ulertzen da ados daudela, halaxe xedatzen baitu abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.4 artikuluak.
Landa Garapeneko eta Natura Inguruneko Departamentuaren erantzuna jaso da, eta sustatzaileari zenbait argibide eskatzen dizkio, proiektua behar bezala aztertu ahal izateko. Bestalde, sustatzaileak dokumentazio gehigarria aurkeztu du planteatutako gaiak argitze aldera. Landa Garapeneko eta Natura Inguruneko Departamentuak bigarren aldiz erantzun du proiektuaren alderdi batzuei buruzko zalantzak dituela oraindik ere: proiektuak eragin larriak izaten ahal dituela planteatzen du eta balizko kalteak minimizatzeko baldintzak ezartzen ditu. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egin dituen ingurumen arloko oharrak proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren izapidearen xede dira; ebaluazio horretan oinarriturik ebatzi da proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena, bai eta sustatzaileak proiekturako kontuan hartu behar dituen baldintza eta neurri gehigarriak ere.
Nafarroako Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Iberdrola España SAUri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Espainiako Ornitologia Sozietateari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Industria Zuzendaritza Nagusiari galdetu ondotik, ez da erantzunik jaso, eta, beraz, ados daudela ulertzen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Orobat, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoarekin bat, 2021eko 207. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 30ekoan, eta 2021eko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean,abuztuaren 20an, argitaratu baitzen. Zenbait alegazio jaso ziren, eta sustatzaileak horiei erantzun zien.
Era berean, aurreproiektuaren eta ingurumen eraginaren azterketaren separatak bidali zitzaizkien, txosten eskariekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Espainiako Ornitologia Elkarteari eta Ekologistak Martxan elkarteari.
Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2022ko urtarrilaren 17an.
Kontuan izanik ezen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantiboak behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen eraginaren ebaluazioa.
Instalazioaren proiektuari eta haren ingurumen eraginaren azterketari ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura egin zaie, eta aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egin da, zeina zehaztu baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko abuztuaren 11ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, egindako ingurumen ebaluazioaren ondoriozko prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak barne. Behar bezala argitaratuta dago Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritakoaren arabera, proiektuari aplikatuko zaizkio ezarritako ingurumen arloko baldintzak, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak eta, hala badagokio, ingurumen eraginaren azterketan jasotako jarraipen neurriak, jendaurreko informazioaren eta kontsulten ondotik onetsitakoak, eta informazio gehigarrian proposatutakoak, betiere ingurumen eraginaren adierazpenean xedatutakoaren aurkakoak ez badira.
Ingurumen eraginaren adierazpenean proiektuari ezarritako baldintza guziak bete behar badira ere, hura baita nahitaezko txosten erabakigarria, ezartzen duena, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat, zer baldintzatan garatzen ahal den proiektua, bai exekuzioan bai ustiapenean, proiektua definitzeko kontuan hartuko dira, bereziki eta besteak beste, ingurumen eraginaren adierazpenean xedatutako baldintza eta neurri hauek, eta, hala badagokio, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da:
–Egindako ingurumen ebaluazioa ikusita, "Campos de Zuloaga" eguzki instalazio fotovoltaikoaren behin betiko konfigurazioa sustatzaileak 2022ko azaroaren 17an, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 2023ko martxoaren 29ko txostenean adierazitako aldaketak aintzat hartuta, bidalitako eranskin osagarrian onartutakoa izan beharko da, ebazpen honen baldintzetan zehaztuta, bereziki 1.2.3.2, 1.2.6.1, 1.2.6.2 eta 1.2.6.3 ataletan, 1.1.1 baldintzan jasotzen den bezala.
–Era berean, proiektuaren energia ebakuazioa lurpeko linea baten bidez egin beharko da, sustatzaileak 2022ko azaroaren 17ko dokumentazio osagarrian azaldutako 1. alternatibaren arabera, eta ebazpen honetan eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko martxoaren 29ko txostenean ezarritako baldintzak errespetatu beharko dira, 1.1.2 baldintzan jasotzen den bezala.
–Komenigarritzat jotzen da proiektua Arga ibaiaren ertzetatik urruntzea, eragin eremu libre bat uzteko miru gorriaren aleek gehien erabiltzen dituzten eremuen inguruan. Horrenbestez, sustatzaileak 2022ko uztailaren 11ko txostenean proposatutako lurzatiak baztertu beharko dira, zuzendaritza nagusiak adierazitakoarekin bat etorriz: Arga ibaiaren mozketetatik hurbil dauden guneak (edo "Iberoko eta Erieteko ibaiertzak"), Zizurko (Eriete) 13. poligonoko 2. lurzatian daudenak, eta, iparraldean, sarbideetan eta Peña/Aizgaña begiratokiaren eremuan, Iberoko ibaiertzean, Arakil-Argaren bokalearen aurrean, 1.2.3.2 baldintzan jasotzen den bezala.
–Miru gorriaren ale irrati-markatuen jarraipena egiteko sustatzaileak proposatu duen proiektuak metodologia zehaztu beharko du, hori eginen duten profesionalak identifikatu beharko ditu, eta kronograma eta aurrekontu xehatua sartu beharko ditu. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuarekin koordinatuta idatziko da, 1.2.3.3 baldintzan jasotzen den bezala.
–Faunaren pausalekuak, isurbideak eta babeslekuak eraiki aurretik, proiektu bat egin behar da (zer faunarentzat diseinatu diren, zenbat eta non kokatu behar diren eta ezartzeko kronograma zehaztu behar dira, gutxienez), bai eta aurrekontu xehatu bat ere (horiek eraikitzea eta eguzki instalazio fotovoltaikoaren balio-bizitza osoko mantentze-lanak barne hartu beharko ditu). Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuak gainbegiratu eta baimendu beharko du proiektua, 1.2.3.4 baldintzan jasotzen den bezala.
–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, faunari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da faunarentzako iragazkortasuna hobetzeko, eta elementu zorrotzak edo ebakitzaileak saihestuko ditu. Hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz, edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak, bi metroko tarte horizontalak utziz eta bi ilaretan jarrita altuera ezberdinetan itxituran eta txandakatuan,1.2.3.5 baldintzan jasotzen den bezala.
–Lurzoruaren eraldaketa minimizatuko da. Azterketa geotekniko zehatza egin ondotik, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euskarrien egitura lurrean zuzenean tinkatuko da, ahal den guztietan, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin. Moduluak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak moduluen edo jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroei bakarrik eraginen diete, egoki erabili eta ezartzeko behar-beharrezkoa denean, 1.2.4.1 baldintzan jasotzen den bezala.
–Lurraren topografia albait gehien errespetatuko da, landarediaren, lurzoruaren eta paisaiaren gaineko eraginak saihestuz profil naturalak birmoldatzeagatik. Zelaitze lanek ez dute ekarriko 2 m-tik gorako altuerako lur erauzketarik edo betelanik (salbuespen gisa 3 m). Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 2H:1V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilduak izanen dira, eta lubetetako ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da. Halaber, %10etik gorako malda duten azalerei eragitea saihestuko da, eta eremu hezeei, ibilguei eta ur drainatze naturalei ahalik eta gutxien eraginen zaie, 1.2.4.2 baldintzan jasotzen den bezala.
–Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duenaren arabera, Zizurko 13. poligonoko 3E azpilurzatirako sarbidea jatorrizko alternatibatik eginen da, hegoaldetik, Zizurko 6. poligonoko 168B azpilurzatian dagoen lur bide bat aprobetxatuz. Nolanahi ere, sarbideak 20 metroko gutxieneko zabalera errespetatu beharko du "8. zeharbidea" abelbidearen ardatzaren alde bakoitzean, 1.2.4.3 baldintzan jasotzen den bezala.
–Kable zangek eta jarraitzaileen eta moduluen arteko barne bideak ez dira zolatzen ahalko, ezta legarrez edo zaborrez estaltzen ahalko ere. Zolatu beharreko bide nagusiak ingurunearen tonalitate bereko zaborrekin zolatuko dira, 1.2.4.4 baldintzan jasotzen den bezala.
–Ibai ibilguen gurutzaketetarako irtenbide teknikoak, batez ere Arga eta Idiazabal ibaienak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin eta Nafarroako Gobernuko biodibertsitatearen eta ingurumenaren arloko organo eskudunekin koordinatuta egin beharko dira, eta horien aldeko txostena izan beharko dute eraikuntza baimendu aurretik. Jabari publiko hidraulikoko (JPH) gurutzaketek eta obrek arroko erakundearen nahitaezko baimena lortu beharko dute obrak hasi aurretik, 1.2.5.1 baldintzan jasotzen den bezala.
–Paisaiaren gaineko eraginak eta inpaktu bisuala minimizatzeko, proiektua Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 2023ko martxoaren 29ko txostenean adierazitakoaren arabera eginen da, 1.2.6.1 baldintzan jasotzen den bezala.
–Hesiaren atzeraemangunea gutxienez 50 m-koa izanen da, edo 80 m-koa, euskarri-jarraitzailearen egituraren eta moduluen altuera 5 metrotik gorakoa bada, erreferentzia gisa Arga ibaiaren ezkerreko ertzeko mozketen goiko ertza hartuta, 1.2.6.2 baldintzan jasotzen den bezala.
–Instalazioaren azpiestazioa ("33 kV/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE") eremu baxuago eta ikusmen txikiagoko batean birkokatu beharko da, lurzatiaren hegoalderantz, bere kokapena Paternaingo industrialdera hurbilduz, azalerarik lauenak bilatuz eta lur mugimenduen bolumen txikienarekin lur berdinketa eta sarbideak egikaritzeko, 1.2.6.3 baldintzan jasotzen den bezala.
–Nafarroako Gobernuko Ingurumen Eraginaren Atalak baliozkotu beharko du ingurumena lehengoratzeko eta paisaian integratzeko proiektu tekniko xehatua, aurrekontuan jasotakoa, proposatutako konpentsazio neurriak barne: "8. zeharbidea" ereitea eta Iberoko erreten-erreka lehengoratzea, 1.2.6.4 baldintzan jasotzen den bezala.
–Proiektuaren behin betiko konfigurazioaren paisaia eraginaren azterketa idatzi behar da, 64/2006 Foru Aginduan adierazitakoaren arabera. Azterlan horrek ingurunearen argazki simulazio bat izanen du, eta behatzaileak maiz joaten diren lekuetatik dagoen ikusgarritasuna aztertuko du. Azterlan horrek Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren oniritzia izan beharko du, 1.2.6.5 baldintzan jasotzen den bezala.
–Proiektua baimendu aurretik, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, ondare arkeologikoan izaten ahal diren eraginak zehazteko. Azterlanak Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren baimena beharko du, 1.2.7.1 baldintzan jasotzen den bezala.
–Abelbideei dagokienez, proiektua baimendu aurretik, instalazio fotovoltaikora sartzeko pisten zuinketaren xehetasun plano bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostenetan adierazitako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko. Horien artean, eta abelbideen korridore ekologikoaren funtzioak mantentze aldera, hesia atzeraeman beharko da, eta, gutxienez, 50 m-ko zabalerako lotura korridore bat utzi beharko da "8. abelbidearen" ibilbidean zehar, 1.2.7.4 baldintzan jasotzen den bezala.
–Gainera, itxitura perimetralaren diseinuak libre eta funtzional utzi beharko du "El Perdón-Larraia" lurralde korridorearen eta "8. abelbidearen" arteko lotura, Zizur udalerriko 6. poligonoko 166. partzelan eta 168B azpipartzelan eta 13. poligonoko 3D azpipartzelan dauden zuhaitzak eta landare naturala birjartzearen bidez, 1.2.7.6 baldintzan jasotzen den bezala.
–"8. abelbidea" ereiteko jarduketari aldeko txostena egin beharko dio Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak; nolanahi ere, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa beteko da, baita ukitutako abelbideak deklaratu zituzten foru dekretuetan edo gobernu erabakietan ezarritakoa ere, 1.2.7.11 baldintzan jasotzen den bezala.
–Ibero errekaren uholde arriskuaren xehetasun azterketa bat egin beharko da, lotutako balizko arriskuak ezartzeko, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak baliozkotu beharko du. Gainera, ziurtatu behar da parke fotovoltaikoak ez duela lehentasunezko fluxu eremurik hartuko, ez eta urak hartzen ahal dituen eremuak oztopatuko ere, 1.2.8.2 baldintzan jasotzen den bezala.
–Ingurumena Zaintzeko Programa osatu beharko da ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzetan ezarritako alderdi gehigarriekin eta, zehazki, 1.2.9 baldintzan adierazitakoarekin.
Ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintza eta neurri bakoitza zehaztu eta aurrekontuan sartu beharko ditu sustatzaileak, proiektuan nahiz haren gehigarria batean, xehakatuta, halako eran non aipatutako ingurumen eraginaren adierazpenean zehaztutako neurri bakoitza identifikatzen ahalko baita onetsi aurretik.
Arestian aipatutakoa kontuan hartuta, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da aurretiazko administrazio baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioetan aldaketa egiteko eta artikulu horretan ezarritako baldintza guziak betetzeko.
Kontuan hartuta ezen, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluaren arabera, ez dela sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik ematen ahalko titularrak ez baditu aldez aitzin lortu banaketa edo garraio sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.
Proiektuak garraio sarera sartzeko baimena lortu du, sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoak betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 220 kV-eko Orcoyen azpiestazio elektrikoan.
Beraz, energia elektrikoa ateratzeko azpiegiturak parke fotovoltaikoa eta garraio sarea lotuko ditu, 220 kV-eko Orcoyen azpiestazioan (Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa), garraio sareak azpiestazio horretan duen posizio berri baten bidez.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluaren ondorioetarako, 2021eko uztailaren 17an, Falck Renewables Power 2 SLk eta Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk, Green Capital Development 113 SLk eta Saresun Rosales SLk akordio bat sinatu zuten "Campos de Zuloaga", "Amaya Solar 1", "Amaya Solar 2", eta "Amaya Solar 3" instalazio fotovoltaikoak eta "Aldane" eta "Navarra 4" parke eolikoen (espediente honen irismenetik kanpo geratzen dira) ebakuazioa batera eta modu koordinatuan egiteko, 220 kV-eko Orcoyen azpiestazioan.
Ezertan ukatu gabe ebazpen honen, ingurumen eraginaren adierazpenaren eta sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzen ondorioz egin beharreko aldaketak, honako jarduketa hauek aurreikusten dira energia ateratzeko azpiegituran:
–33 kV-eko lurpeko 5 linea elektrikok lotzen dute "Campos de Zuloaga" instalazio fotovoltaikoa "33/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE" azpiestazio igotzailearekin.
–"33/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE" azpiestazio igotzailea.
–220 kV-eko goi tentsioko aireko lineak "33/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE" azpiestazio igotzailea "Promotores Orcoyen BAE" azpiestazio biltzailearekin konektatzen du.
–"Promotores Orcoyen BAE" azpiestazio biltzailea.
–220 kV-eko goi tentsioko lurpeko lineak "Promotores Orcoyen BAE" azpiestazio biltzailea 220 kV-eko Orcoyen azpiestazioarekin lotzen du.
–220 kV-eko Orcoyen azpiestazioa, Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa, zerbitzuan dagoena.
Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko. Hala ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluaren arabera, sustatzaileak egiaztatu beharko du proiektua egiteko gaitasun legal, tekniko eta ekonomiko-finantzarioa duela. Horretarako, ebazpen proposamen bat bidali zaio Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, dagokion txostena egin dezan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.6 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Ikuskapen Erregulatzailearen Salak txostena eman du, 2023ko azaroaren 2an egin zen bilkuran onetsi zena.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenak sustatzaileari entzunaldia emateko tramitea bete du, eta sustatzaileak proposamenarekin ados dagoela adierazi du.
Kontuan hartuta ezen, abenduaren 26ko 24/2013 Legeak, energia elektrikoaren ekoizleen betebeharren artean, ezartzen duela energia elektrikoa ekoizteko beharrezkoak diren jarduera guziak garatu beharra baimenean ezarritakoa betez, eta, bereziki, potentzia instalatuaren segurtasunari, erabilgarritasunari eta mantentzeari dagokienez, eta eskatutako ingurumen arloko baldintzak betetzeari dagokionez.
Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuak honako hau xedatzen du, bere bosgarren xedapen iragankorrean, errege dekretuak indarra hartzean izapidetzen ari diren instalazio elektrikoen espedienteei buruzkoan:
"1 Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan aurreikusitako baimenen administrazio izapideen ondorioetarako, azken xedapenetako hirugarrenaren lehenengo puntuan jasotzen den potentzia instalatuaren definizio berriak ondorioak sortuko ditu izapidetzen hasita dauden baina behin betiko ustiapen baimena oraindik lortu ez duten instalazioetan.
2. Oro har, errege dekretu honek indarra hartu aitzinetik instalazio elektrikoak baimentzeko hasitako prozedurei potentzia instalatuaren definizio berria aplikatuko zaie. (...)"
Era berean, abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen du (errege dekretu horren bidez arautu zen energia iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizteko jarduera). Hona hemen idazketa berria:
"Instalazio fotovoltaikoen kasuan, potentzia instalatua honako bi hauen artean txikiena izanen da:
a) Instalazioko modulu fotovoltaikoen gehieneko potentzia unitarioen batura, baldintza estandarretan neurtuta, dagokion UNE arauaren arabera.
b) Inbertsorearen gehieneko potentzia edo, hala badagokio, instalazioa osatzen duten inbertsoreen potentzien batura".
Baimen hori ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guziak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guziak eskuratu beharko dira.
Esandakoaren ondorioz, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusi honek,
EBAZTEN DU:
Bakarra.–Falck Renewables Power 2 SLri aurretiazko administrazio baimena ematea 72,177 MW-eko potentzia instalatuko "Campos de Zuloaga" instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako (ondotik zehazten dira), ebazpen honetan jasotako berezitasunekin.
Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, energia elektrikoa sortzeko eta energia hori sarera eramateko.
Hona hemen instalazio fotovoltaiko horren ezaugarri nagusiak (2021eko ekaineko "Campos de Zuloaga eguzki instalazio fotovoltaikoa + azpiestazio igotzailea + ebakuazio linea" aurreproiektuan jasota daude):
–Teknologia mota: Eguzki energia fotovoltaikoa.
–Potentzia instalatua, ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren arabera: 72,177 MW.
–Moduluen potentzia, orotara: 122,62 MW.
–Inbertsoreen potentzia, orotara: 72,177 MW.
–Sarbiderako ahalmena, Red Eléctrica de España SAUk emandako sarbide eta konexio baimenetan ezarritakoaren arabera: 62 MW.
–Ukitutako udal-mugarteak: Zizur eta Oltza Zendea (Nafarroa).
Hona hemen ebakuazio azpiegiturak (2021eko ekaineko "Campos de Zuloaga eguzki instalazio fotovoltaikoa + azpiestazio igotzailea + ebakuazio linea" aurreproiektuan jasota daude):
–33 kV-eko 5 lurpeko linea, "Campos de Zuloaga" instalazio fotovoltaikoko transformazio zentro bakoitza "33/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE" azpiestazio igotzailearekin lotuko dutenak.
–"33/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE" azpiestazio igotzailea Zizur udalerrian dago, Nafarroan.
–220 kV-eko goi tentsioko aireko linearen jatorria "33/220 kV-eko Campos de Zuloaga TAE" azpiestazio igotzailea da, eta "Promotores Orcoyen BAE" azpiestazio biltzailean amaituko da. Linea zirkuitu bakunean proiektatu da, eta 5,48 kilometro izanen ditu. Hona hemen ezaugarri nagusiak:
- Sistema: korronte alterno trifasikoa.
- Tentsioa: 220 kV.
- Ukitutako udal-mugarteak: Zizur eta Oltza Zendea, Nafarroan.
Hona hemen ebakuazio azpiegiturak ("Promotores Orcoyen azpiestazioa eta 220 kV-eko lurpeko linea Promotores Orcoyen azpiestazioa – Orcoyen azpistazioa" aurreproiektuan daude jasota):
–"Promotores Orcoyen BAE" azpiestazio biltzailea Oltza Zendea udalerria dago, Nafarroan.
–220 kV-eko goi tentsioko lurpeko linearen jatorria "Promotores Orcoyen BAE" azpiestazio biltzailea da, eta 220 kV-eko Orcoyen azpiestazioan amaituko da. Linea zirkuitu bakunean proiektatu da, eta 0,472 kilometro izanen ditu. Hona hemen ezaugarri nagusiak:
- Sistema: korronte alterno trifasikoa.
- Tentsioa: 220 kV.
- Ukitutako udal-mugarteak: Oltza Zendea eta Orkoien.
Aitzinekoa goiti-beheiti, ekoizpen instalazioa egokitu beharko da ingurumen eraginaren adierazpen horren edukira eta baimen hau izapidetzean sustatzaileak onartutako baldintzetara. Zehazki, ingurumen eraginaren adierazpenean eskatutako baldintzak eta aldaketak bete beharko dira, eta, hala badagokio, energia ateratzeko azpiegiturako edozein elementu lurperatu, aplikatzekoa izanen baita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautu ziren), aurretiazko administrazio baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioen aldaketei dagokienez, eta artikulu horretan ezarritako baldintza guziak bete beharko dira. Aurretiazko administrazio baimena lortu behar da ingurumen eraginaren adierazpena betetzearen ondorioz proposatzen eta egiten diren aldaketetarako, baldin ez badira betetzen aipatutako errege dekretuaren 115.2 artikuluko baldintzak.
Beraz, eraikitzeko administrazio baimena ez da ematen ahalko, eta prestaketa obrak ez dira instalazioko ezein tokitan hasten ahalko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.9 artikuluan aurreikusitako instalazioen kokapena egokitzeko, hau da, ez ebazpen honen xede diren ekoizpen parkean, ez ebakuazio azpiegituretan, barne dagoela, hala badagokio, garraio edo banaketa sarearekiko konexioa, baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik bete baldintza hauek:
a) Titularrari administrazio baimena ematea, non jasotzen baitira aipatutako ingurumen eraginaren adierazpenetik eta jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidetik eratorritako aldaketak, aurretiazko administrazio baimen hau aldatzea eskatzen dutenak, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ematea gaitasun legal, tekniko eta ekonomikoak baloratzen dituen txostena, 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.6 artikuluan, irailaren 20ko 17/2022 Errege Lege Dekretuak emandako idazketan, aipatzen dena.
Sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzak bete beharko ditu, bai eta Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak ere.
Era berean, bete beharko ditu Sistemaren Operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak.
Baimen hau emateak ez du ezertan ukatzen aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak lortzea, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkionak; halaber, obra gauzatzeko behar diren gainerako baimenak ere beharko dira.
Ebakuazio azpiegituraren gainerako zatia, garraio-sarearekin lotu artekoa, dagoeneko zerbitzuan den 220 kV-eko Orcoyen azpiestazioa da, Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa.
Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioz, ez da eraikitzeko administrazio baimenik emanen harik eta espedienteek dagokien ebakuazio azpiegitura eraikitzeko administrazio baimena lortzen duten arte.
Eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, hiru hilabete igaro baino lehen, sustatzaileak justifikatu beharko du ingurumen eraginaren adierazpenean eta ebazpen honetan ezarritako baldintzek aurretiazko administrazio baimen honetako potentzia instalatua murriztea dakarten edo ez, eta sartu beharko ditu, hala badagokio, aurkeztutako eskaeran hitzartutako potentzia mantentzeko hartu dituen neurriak; halaber, beharrezko jotzen duen beste edozein elementu aurkeztuko du. Era berean, aurkeztutako exekuzio proiektuari, zeina arloko erregelamendu teknikoen arabera prestatuko baita, aplikatzekoa zaion araudia bete dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, behar den dokumentazioa erantsiko zaio, bai eta ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluan xedatutakoa betez.
Baimen hau iraungiko da baldin eta aipatu epea iraganik sustatzaileak ez badu eraikitzeko administrazio baimenik eskatu, edo ez baditu eman arestian aipatutako agiriak, exekuzio proiektua gauzatu ahal izateko behar den eraikitzeko administrazio baimena lortzeko. Edonola ere, sustatzaileak ezarritako epea luzatzea eskatzen ahalko du, justifikatutako arrazoiengatik, baina beti kontuan harturik Ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituen ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako epeak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guzietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
2023ko azaroaren 10a.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.
Iragarkiaren kodea: E2403881
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
