63. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

78E/2024 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen bateratua ematen baita Jaizko udal mugartean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratu eta balorizatzeko dagoen instalazio baterako. Instalazioaren titularra Jaizko Udala da.

Instalazio mota hori Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean jasota dago, eta, beraz, ingurumen baimen bateratuaren araubidearen menpe.

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 17ko 262E/2023 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez neurri batzuk onetsi baitziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Harrobia leheneratzeko prozesua lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du instalazioak hondakinak tratatzeko behar duen baimena, aipatutako legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren II. tituluko I. kapituluan eta 24. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ezarrita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen bateratua ematea Jaizko udal mugartean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratu eta balorizatzeko dagoen instalazio baterako. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen bateratuaren proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Jaizko Udala da.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen VI. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik gehienez ere bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira; epe hori bukatuta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Hondakinak kudeatzeko instalazioaren baimena ematea, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatzearen ondorioz eduki beharrekoa. Halaber, bidezkoa da instalazioa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea, hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa, 15G04214090072024 kodearekin azken kudeatzaile gisa, eta 15G05214090072024 kodearekin bilketa-biltegi gisa.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa).

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.

Laugarrena.–Proiektua gauzatzeko eta jarduera abian jartzeko, onura publikoko mendietako baimena lortu beharko da, bat etorriz Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzen duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez Mendien Erregelamendua onetsi zen), eta gehienez ere bost urteko epean gauzatu beharko da, hala xedatuta baitago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Hala egin ezean, ingurumen baimen bateratua iraungitzat eta ondoriorik gabetzat joko da, bat etorriz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin.

Bosgarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatua baitago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Seigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Titularraren adierazpena, non hitzemanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko duela gehienez ere bost urteko epean.

–Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuan adierazitako baimenaren kopia (dekretu horren bidez, Mendien Erregelamendua onetsi zen, Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea garatzearren).

Zazpigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Jaizko Udalari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Biodibertsitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2404189