63. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez xedatzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean kanpoko praktika akademikoak garatzeko izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmena aldatzen duen gehigarria.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko azaroaren 17ko Erabaki bidez onetsi egin zen Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hezkuntzako lankidetza hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak garatzeko. Hitzarmen hori Unibertsitateko zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 175E/2022 Ebazpen bidez argitaratu zen Nafarroako 260. Aldizkari Ofizialean, 2022ko abenduaren 28an.

Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartutako Erabakiaren bidez hizpide den hitzarmena aldatzea onetsi da. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da hitzarmena aldatzen duen gehigarria behin alderdi biek izenpetu ondoren.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 252/2023 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren lehenengo apartatuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ebazpen hau eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean kanpoko praktika akademikoak garatzeko izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmena aldatzen duen gehigarria, eranskin gisa jaso dena.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2024ko urtarrilaren 25ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA.–NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ARTEAN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK GARATZEKO IZENPETUTAKO HEZKUNTZAKO LANKIDETZA HITZARMENA ALDATZEN DUEN GEHIGARRIA

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 19an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalo jauna, Nafarroako Gobernuaren maiatzaren 31ko 51/2023 Foru Dekretu bidez izendatua, Unibertsitatearen izenean.

Bestetik, Patricia Fanlo Mateo andrea, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hitzarmen hau sinatzeko ahala izanik, kontuan hartuz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak xedatutakoa, bai eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuan xedatutakoa ere.

Alde biek dihardute haien karguaren arabera eta eman zaizkien ahalmenak baliatuta, hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri, eta, horrenbestez,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.–Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Kanpoko Praktika Akademikoak Garatzeko Hezkuntzako Lankidetza Hitzarmena izenpetu zuten 2022ko azaroaren 17an.

Bigarrena.–Formalizatutako hitzarmen horren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan nahiz sozietate publikoetan kanpoko praktika akademikoak garatzeko lankidetza ezartzea. Praktika horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen graduko zein graduondoko irakaskuntzetako ikasleak beren eremuetan hartzeko konpromisoa hartzen dute, dagokion ikasketa planean integratutako praktiken garapena erraztuz.

Hirugarrena.–Aipatutako hitzarmenaren hamargarren klausulak honako hau ezartzen du: "Pentsio publikoak birbalorizatzeko eta gizarte-, lan- eta enplegu-arloko premiazko beste neurri batzuetarako abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian jasotako betebeharrei dagokienez, oraindik ez denez aplikatu erregelamendu bidezko garapena benetan aplikagarria izan dadin, bi aldeek konpromisoa hartzen dute eranskin bat sinatzeko erregelamendu bidezko garapen hori indarrean sartzen denean. Eranskin horretan aldeek aipatutako errege lege-dekretua garatzeko araudia betetzeko dituzten betebeharrak jasoko dira". Klausula horretan aipatzen zen Gizarte Segurantzako sisteman sartzea lanekoak ez diren prestakuntza programak eta praktika akademikoak egiten dituzten pertsonak.

Laugarrena.–Pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsioen sistema publikoaren iraunkortasun esparru berri bat ezartzeko presako neurrien martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuak indargabetu egin zuen Pentsio publikoak birbalorizatzeko eta gizarte-, lan- eta enplegu-arloko premiazko beste neurri batzuetarako abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria, hemengo hirugarren puntuan aipatutakoa, hain zuzen.

Halaber, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria sartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean (Lege hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretu bidez onetsi zen), honi buruzkoa: "Gizarte Segurantzako sisteman sartzea prestakuntza programetan sartutako kanpoko praktika akademikoak nahiz prestakuntzako praktikak egiten dituzten ikasleak".

Zehazki, aipatutako xedapen gehigarriaren lehenengo apartatuan hauxe jasotzen da: "prestakuntza praktikak prestakuntza programetan sartuta dauden enpresa, erakunde edo entitateetan eginez gero eta kanpoko praktika akademikoak dagokion lege- eta erregelamendu-erregulazioaren babesean eginez gero, praktika horiek egiten dituztenak Gizarte Segurantzaren sisteman sartuko dira". Praktika horien barruan sartzen dira, besteak beste, 1.a) apartatuan ezarritakoaren arabera, "unibertsitateko ikasleek egiten dituztenak, bai gradu eta master eta doktoregoko titulazio ofizialetara zuzendutakoak, bai unibertsitatearen berezko titulu bat lortzera zuzendutakoak, izan etengabeko prestakuntzako master bat, espezializazio-diploma bat edo adituen diploma bat".

Bosgarrena.–Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren 4.b) artikuluaren arabera, "ordaindu gabeko praktiken kasuan, praktikak zer enpresa, erakunde edo entitatetan egiten diren, hark bete beharko ditu Gizarte Segurantzako betebeharrak, salbu eta praktika horiek egiteko sinatzen den lankidetza-hitzarmen edo -akordioan xedatzen bada betebehar horiek prestakuntza-eskaintzaren ardura duen prestakuntza zentroari dagozkiola. Enpresaburu denak jakinarazi beharko ditu praktiketako benetako egunak prestakuntzako praktika egiten den zentroak ematen duen informazioaren arabera".

Seigarrena.–Aipatutako martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hamargarren arabera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria 2024ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean.

Horrenbestez, bi aldeek honako hauek hitzartzen dituzte:

KLAUSULAK

Lehenengoa.

Gehigarri honen xedea da Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean kanpoko praktika akademikoak garatzeko 2022ko azaroaren 17an izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmena aldatzea. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere gain hartzen du Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzea ordaindu gabeko prestakuntza praktiken kasuan Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan eta berorren erakunde autonomoetan nahiz sozietate publikoetan praktikaldian dituen ikasleentzako.

Bigarrena.

"LANEKO ARAUBIDE JURIDIKOA" deritzon hitzarmenaren hamargarren klausula aldatzen da, eta "GIZARTE SEGURANTZAKO ETA LANEKO ARAUBIDE JURIDIKOA" izena ematen zaio, ordaindu gabeko prestakuntza praktiketan diharduten ikasleak Gizarte Segurantzan kotizatzeko eta altan emateko araubidea gehitzeko. Bere osotasunean honela idatzita geratuko da, hitzez hitz:

"Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarritik eratorritako betebeharrei dagokienez (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori, eta Pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero arrakala murrizteko eta pentsioen sistema publikoaren iraunkortasun esparru berri bat ezartzeko presako neurrien martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuaren 34. artikulu bakarraren bidez sartu), erabaki da Nafarroako Unibertsitate Publikoa arduratuko dela ordaindu gabeko praktiketako ikasleen Gizarte Segurantzako alta eta kotizazioa kudeatzeaz. Aipatutako erabakiak 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, aipatu den errege lege dekretuaren azken xedapenetako hamargarrenarekin bat.

Ikasle bakoitzak praktika programan parte hartzeak ez du esan nahi hitzarmen honetan ezarritako konpromisoak baino gehiago hartzen dituenik. Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza izaera dela eta, praktika horiek egiteak ez du, inola ere, lan harremanaren berezko betebeharrik ekarriko. Halaber, horien edukiak ez du lanpostuen berezko lan prestazioa ordezten ahalko. Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar finantza betebeharrik edo kontraprestazio ekonomikorik aldeetako inorentzat.

Halaber, ikasketak amaitzean ikaslea Foru Komunitateko Administrazioko, bere erakunde autonomoetako edo sozietate publikoetako plantillan sartzen bada, praktiketako denbora ez da antzinatasunerako zenbatuko, eta ez da probalditik salbuetsiko, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan berariaz bestelako zerbait ezarrita ez badago.

Foru Komunitateko Administrazioak, bere erakunde autonomoek edo sozietate publikoek ez dute betetzen ahalko, ezta behin-behineko edo bitarteko izaerarekin ere, plantillan inolako lanposturik hezkuntzako lankidetza hitzarmen honi atxikitako praktiketako ikasle batekin.

Era berean, kanpoko praktika akademikoak egitea ez da merezimendutzat hartzen ahalko funtzio publikoan sartzeko, eta ez da kontuan hartuko antzinatasunerako edo aurretiazko zerbitzuak aitortzeko.

Hirugarrena.

"PRAKTIKETAKO IKASLEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK" deritzon hitzarmenaren hamabigarren klausula aldatzen da, ikasleen betebeharrei buruzko g) apartatuan jasota gera dadin ikasleak bere gain hartzen duela erakunde kudeatzaileari izandako intzidentzien berri emateko betebeharra. Aipatutako klausula honela idatzita geratuko da, hitzez hitz:

Praktiketako ikasleek honako eskubide hauek izanen dituzte:

a) Tutoretza jasotzeko eskubidea, praktikak irauten duen bitartean, unibertsitateko tutore baten eta erakunde kolaboratzailearen tutore baten eskutik.

b) Ebaluatuak izateko eskubidea, Unibertsitateak ezarritako irizpideen arabera.

c) Praktikaldia egin duten erakunde kolaboratzailearen txostena eskuratzeko eskubidea, garatutako jarduera eta haren iraupena berariaz aipatuta.

d) Hala xedatzen den kasuetan, erakunde kolaboratzailearen ekarpen ekonomikoa jasotzeko eskubidea, ikasteko laguntza nahiz poltsa gisa.

e) Jabetza intelektuala eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

f) Erakunde kolaboratzailearengandik laneko arriskuen prebentzioaren eta segurtasunaren araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

g) Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa betetzeko eskubidea, erakunde kolaboratzaileari behar besteko aurrerapenaz jakinarazi ondoren.

h) Desgaitasuna duten ikasleek tutoretza, informazioa, ebaluazioa eta praktikak baldintza berdinetan eskuratzeko behar dituzten baliabideak izateko eskubidea.

i) Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak egiteko eta desgaitasun egoerarekin lotutako jarduera eta egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

j) Ikasleak aurkeztutako lan esperientzia curriculumeko praktika moduan aitortzeko eskubidea.

k) Indarrean dagoen araudian eta Unibertsitateak nahiz, hala badagokio, horri lotutako praktiken erakunde kudeatzaileak erakunde kolaboratzailearekin sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste eskubide batzuk.

Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten diren bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Unibertsitateak kanpoko praktikei buruz ezarritako indarreko araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, bi tutoreen jarraibideei jarraitzea eta erakunde kolaboratzailearekin adostutako jarduerak betetzea, proiektu horretan ezarritako ildoen arabera.

c) Unibertsitateko tutore akademikoarekin harremanetan egotea praktikak irauten duen bitartean, eta bertan sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta praktiken amaierako memoria entregatzea ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen kanpoko praktikak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, hala badagokio, eskatzen zaizkion bitarteko jarraipeneko dokumentu eta txostenak aurkeztea.

d) Adostutako egunean kasuan kasuko erakunde kolaboratzailean sartzea, aurreikusitako ordutegia betetzea eta haren funtzionamenduko, segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko arauak errespetatzea.

e) Konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala gordetzea erakunde kolaboratzailearen barne informazioari dagokionez.

f) Une oro, erakunde kolaboratzaileko politikarekiko errespetuzko jarrera erakustea, kide den unibertsitatearen izen ona zainduta.

g) Gizarte Segurantzako betebeharrak kudeatzen dituen erakundeari jakinaraztea praktikaldiko egunetan eranskin honetan jasotako gaien araberako edozein aldaketa nahiz desbideratze. Halaber, praktikei uko egitearen berri ematea gertatzen den unean.

h) Indarrean dagoen araudian edota Unibertsitateak nahiz, hala badagokio, horri lotutako praktiken erakunde kudeatzaileak erakunde kolaboratzailearekin sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar".

Laugarrena.

PRAKTIKA HITZARMENAREN EREDU OROKORRAREN ERANSKINEKO laugarren apartatua aldatzen da, "IKASLEAREN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK" izenekoa, ikasleen betebeharrei buruzko 7) atalean kontuan har dadin ikasleak bere gain hartzen duela gertatutako intzidentziak erakunde kudeatzaileari jakinarazteko betebeharra. Aipatutako klausula honela idatzita geratuko da, hitzez hitz:

"Ikasleek, praktikak egin bitartean, honako eskubide hauek izanen dituzte:

1. Beren maila akademikorako egokiak diren praktikak egiteko eskubidea, betiere horietarako hautatuak izan badira.

2. Tutoretzen bidez ikuskatuak eta ebaluatuak izateko eskubidea.

3. Prestakuntza praktikora joateren ziozko istripu asegurua edukitzeko eskubidea.

4. Praktikak egiteari uko egiteko eskubidea, aldeei aurrerapen nahikoaz jakinarazita.

5. Praktikak egin diren erakunde kolaboratzaileak igorritako txostena lortzeko eskubidea, garatutako jarduera, haren iraupena eta, hala badagokio, errendimendua berariaz aipatuta.

6. Jabetza intelektuala eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

7. Erakunde kolaboratzailearen aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren gainean indarrean den araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

8. Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa betetzeko eskubidea, erakunde kolaboratzaileari behar besteko aurrerapenaz jakinarazi ondoren.

9. Desgaitasuna izanez gero, praktika berdintasun baldintzetan egiteko behar diren baliabideak edukitzeko eskubidea, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.

10. Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak egiteko eta beren egoerarekin lotutako egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

Indarreko araudian eta hezkuntzako lankidetza hitzarmen egokietan aurreikusitako bestelako eskubideak.

Bestalde, ikasleen betebeharrak izanen dira honako hauek:

1. Prestakuntza praktikak erakunde kolaboratzaileari dagozkion arau eta ohituretara egokituta egitea, egutegia eta ezarritako ordutegia betez.

2. Unibertsitateak kanpoko praktikei buruz ezarritako araudia ezagutzea eta betetzea.

3. Prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, tutoreak erakunde kolaboratzaileari buruz emandako jarraibideak beteta eta unibertsitateko tutoreak gainbegiratuta, eta erakunde kolaboratzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, bertan ezarritako ildoen arabera.

4. Praktikak irauten duen bitartean unibertsitateko tutore akademikoarekin harremanetan egotea eta sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta bitarteko jarraipeneko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria egitea eta entregatzea ere.

5. Konfidentzialtasuna gordetzea erakunde kolaboratzailearen barne informazioari dagokionez, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktiken egonaldian eta hura amaitutakoan.

6. Erakunde kolaboratzaileko langile guztiekiko errespetuzko jarrera erakustea une oro, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izen ona zainduta.

7. Gizarte Segurantzako betebeharrak kudeatzen dituen erakundeari jakinaraztea praktikaldiko egunetan eranskin honetan jasotako gaien araberako edozein aldaketa nahiz desbideratze. Halaber, praktikei uko egitearen berri ematea gertatzen den unean.

8. Indarrean dagoen araudian edota Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.

Bosgarrena.

PRAKTIKA HITZARMENAREN EREDU OROKORRAREN ERANSKINAREN seigarren apartatua aldatzen da, "ERANTZUKIZUN ZIBILAREN ETA ISTRIPUEN ASEGURUA" izenekoa, Gizarte Segurantzak praktiketako ikasleak babesteko egiten duen ekintza jasota gera dadin. Apartatu hori honela idatzita geratuko da, hitzez hitz:

Unibertsitateko irakaskuntza ofizial edo berezkoetako batean matrikulatutako ikasle guztiek erantzukizun zibilaren aseguru bat dute.

Eskola aseguruak 28 urtetik beherakoak estaltzen ditu, unibertsitateko ikastegietako irakaskuntza ofizialetan matrikulatuta badaude eta dagokion kuota ordainduta badute. Estalduraren denbora eremua urte akademikoa da. Aplikazio esparrua lurralde nazionala da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean jasotako lurraldetasun printzipioaren arabera.

28 urte edo gehiagoko ikasleen kasuan, edo Unibertsitatearen berezko irakaskuntzetan matrikulatutakoen kasuan, Unibertsitatearen barne erakundeak ziurtatuko du dagokion istripu aseguruak eta derrigorrezkoak izan daitezkeen guztiek estaltzen dutela.

Praktiketako ikasleentzako babeseko ekintza aplikatzekoa den Gizarte Segurantzaren araubideari dagokiona izanen da, urriaren 30eko Legegintzako 8/2015 Errege Dekretu bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrarekin bat. Egungo erregulazioarekiko aldaketen kasuan, aplikatzekoa izanen da unean-unean praktiketako ikasleei dagokien indarreko ordezko araudia.

Praktikak lurralde nazionaletik kanpo egiten badira, Unibertsitateak, dagokion zentroaren bidez, bermatuko du ikasleek poliza egokia dutela istripuen, osasun laguntzaren eta aberriratzearen kasuetarako.

Seigarrena.

Ez da aldatzen Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2022ko azaroaren 22an kanpoko praktikak egitearen inguruan izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenaren gainerako edukia.

Eta azaldutakoarekin bat etorriz, sinatzen dutenei legez esleitzen zaizkien ahalmenak erabilita, horren bidez ordezkatzen dituzten erakundeei hitzemanda, elektronikoki izenpetzen dute gehigarri hau.

Nafarroako Gobernuaren izenean

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik

Patricia Fanlo Mateo.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria

Ramón Gonzalo García.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea

Iragarkiaren kodea: F2404170