63. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esleipen kudeaketa bat egin diezaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan zamak maneiatu behar diren lanpostuetan jarduteko gaitasunari buruzko txosten medikoa egiteko.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 855/2023 Ebazpenaren bidez, deialdi batzuk onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko D mailako lanpostu batzuk, I. eranskinean zerrendatzen zirenak, lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan.

Ebazpen horren 3.6 oinarrian ezartzen denez, "zamak maneiatzea ezarrita duen lanposturen bat eskuratu nahi izanez gero, nahitaezkoa izanen da medikuaren txosten bat, lanpostu horretan aritzeko gaitasuna ziurtatzen duena". 4.3.3 oinarrian xedatzen denez, "3.6 oinarriko baldintza egiaztatzearren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txosten medikoa beharko da. Horretarako, izena emateko eskaeran eskatu beharko da hori".

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, Foru Administrazio publikoko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak beste organo edo erakunde batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Eraginkortasun arrazoiak direla medio, gomendagarria da O-NOZeko Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egitea nahitaezko txosten mediko hori, hots, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan zamak maneiatu beharra duten lanposturen bat aukeratu duten izangaiena.

Bestetik, beharrezkoa da, kudeaketa esleipena egin aurretik, Osasuneko kontseilariak baimena ematea, hala ezarrita baitago aipatu foru legearen 14. 2 artikuluan, eta esleipenaren araubide juridikoa zehaztea, artikulu beraren 5. apartatuarekin bat.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak aipatu kudeaketa esleipen hori baimentzea proposatu du.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esleipen kudeaketa bat egin diezaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan zamak maneiatu behar diren lanpostuetan jarduteko gaitasunari buruzko txosten medikoa egiteko.

2. Kudeaketa esleipen hori indarrean egonen da Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 855/2023 Ebazpenaren bidez deitu ziren eta zamak maneiatzea ezarrita duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak bete arte beharrezkoa den bitartean.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzura eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura.

Iruñean, 2024ko martxoaren 6an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2403968