63. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

157E/2024 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2024rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroa finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 747730.

Errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen apirilaren 20ko 284/2021 Errege Dekretuan (2021eko 98. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24koan), hasierako kualifikazioa frogatzeko gaitasun profesionalaren agiria lortzeko baldintzak arautzen dira, eta, haren 3. artikuluaren arabera, ziurtagiri hori zer gidariren izenean eman den, horrexek hasierako kualifikazio hori lortzeko eskatutako ikastaroak eta azterketak gainditu dituela egiaztatuko du.

Gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria bi modalitateren arabera lor daiteke, modalitate arruntean eta modalitate trinkoan; Nafarroako prestakuntza zentroetan, azken hori izaten da ohikoa. Modalitate trinkoan, 140 orduko ikastaro batera joan beharra dago; ikastaroaren edukia 284/2021 Errege Dekretuaren I. eranskinean adierazitako programa osatzen duten gaiei buruzkoa izaten da.

Prestakuntza ikastaroa amaitutakoan, ziurtagiria lortu nahi dutenek lehen aipatutako errege dekretu horren VI. kapituluan arautzen den azterketa gainditu beharko dute; urtebete izanen dute horretarako, ikastaroa amaitzen dutenetik aitzina.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 28ko 24/2023 Ebazpenaren bidez (224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 27koan), kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko sei probetarako deialdia egin da 2024rako, hori baita errege dekretuan ezartzen den deialdien gutxieneko kopurua.

Ziurtagiri hori lortzea bultzatzeko, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du ziurtagiria lortzera bideratutako ikastaroak finantzatzeko laguntzen 2024ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, errepideko garraioaren arloan prestakuntza, enplegua eta jarduera bera bultzatzeko xedearekin.

Xede horiek bat datoz erabat Administrazio honetako gainerako departamentuek, bakoitzak bere eskumen esparruan, dituzten xedeekin, suspertze ekonomikoa sustatzeari begira, eta indarreko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan zehaztutako helburu estrategikoetan sartzen dira, zehazki enpresa ehunaren eraldaketa eta modernizazioa errazteari dagokionez, babesa emanez Nafarroako enpresa txiki eta ertainei eta haien garapen lehiakor eta jasangarriari.

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aditzera eman du dirulaguntzaren asmoa dela ahalik eta biztanle gehienengana iristea, eta, horregatik, laguntzak zuzenduko zaizkio Nafarroan 2023ko urriaren 15a baino lehenagotik bizi eta adinez nagusi den orori, baldin eta gaitasun profesionalaren agiria lortzeko eskatzen den hasierako kualifikazio ikastaroa egin eta ordaindu badu. Ahalik eta eskaera kopuru handienari erantzun ahal izateko, 2023ko urriaren 15etik 2024ko urriaren 15era "gai" kalifikazioarekin amaitutako ikastaroetarako aurkezten ahalko dira eskaerak.

Halaber, laguntzak eskatzen ahalko dira 2023ko deialdian ezarritako epeetan egin ziren ikastaroetarako, baldin eta eskaerak epe barruan eta ezarritako baldintza guztiak beteta egin ziren arren dirulaguntzarik eskuratu ez bazuten aurrekontuan kreditu nahikorik ez egoteagatik; izan ere, eskaera horiek eragin txikia izanen dute 2024rako aurreikusi den aurrekontu kredituan, zeina 2023koa baino handiagoa baita.

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aditzera ematen du deialdiaren helburuetarako ez dela beharrezkoa eskatzaile batzuei lehentasuna ematea beste batzuen aurretik; izan ere, alde batetik, diruz lagundu beharreko gehieneko zenbateko bat ezarri da eskatzaile bakoitzeko, 900 eurokoa, ikastaroen batez besteko kostua kontuan hartuz, eta, bestetik, eskaerak baloratu, alderatu eta horren ondorioz lehenesteko adjudikazio irizpiderik ez dagoenez, eskaera espedienteak erregistratu ahala tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean, banakako ebaluazioaren prozedura erabiliz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuak 2024ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari tramita dezan dirulaguntza bat, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliz, errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenei eskatzen zaien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroak egiteko.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea 2024rako: dirulaguntza, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenen hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroak egiteko. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 350.000 euroko gastua baimentzea, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Garraioaren sektorean sartzeko prestakuntzarako dirulaguntza" izeneko 230002 23200 4709 441103 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu Basean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 7an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

1. Xedea da diruz laguntzea gaitasun profesionalaren agiria (GPA) lortzeko egin behar den ikastaroa, Nafarroan bizi eta errepideko garraiorako zenbait ibilgailu gidatu behar dutenek hasierako kualifikazioa frogatzeko egin behar dutena, hala ezarrita baitago kualifikazio hori arautzen duen apirilaren 20ko 284/2021 Errege Dekretuan.

2. Laguntzak eskatzen ahalko dira deialdian ezarritako baldintza guztiak beteta deialdiaren aurreko urteko urriaren 15etik deialdiaren urteko urriaren 15era bitarte "gai" kalifikazioarekin amaitutako ikastaroetarako.

2023ko deialdian ezarritako epeetan egindako ikastaroetarako ere eskatzen ahalko dira laguntzak, baldin eta eskaerak epe barruan eta ezarritako baldintza guztiak beteta egin ziren arren dirulaguntzarik eskuratu ez bazuten aurrekontuan kreditu nahikorik ez egoteagatik.

2.–Helburua.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua onura publikokoa da, errepideko garraioaren sektorean enplegua sustatu nahi baita, hartan aritzeko eskatzen den trebakuntza duten pertsonen kopurua handituz; horretarako, partez konpentsatzen da gidariaren hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko egin beharreko ikastaroaren kostua (hasierako kualifikazio hori 284/2021 Errege Dekretuan ezarrita dago).

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdi honen zuzkidura ekonomikoa 350.000 eurokoa da, eta 2024rako luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Garraioaren sektorean sartzeko prestakuntzarako dirulaguntza" izeneko 230002 23200 4709 441103 partidari egotziko zaio.

2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatea.

3. Eskatzaile bakoitzak jasotzen ahalko duen gehieneko zenbatekoa 900 eurokoa izanen da, eta kopuru hori ez da inoiz izanen onuradunak ikastaroa egiteko ordaindutako zenbateko osoa baino handiagoa.

4.–Onuradunak.

1. Laguntzak eska ditzakete Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren pertsona fisikoek, baldin eta 2023ko urriaren 15etik 2024ko urriaren 15era "gai" kalifikazioarekin amaitzen badituzte laguntza hauen xedeko ikastaroak, 1. oinarrian definitutakoak.

2. Laguntza eska dezakete, halaber, laguntza 2023ko deialdiaren epe barruan eskatu zuten pertsona fisikoek, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean bizi badira eta laguntza eskuratzeko baldintzak bete arren ez bazuten laguntzarik lortu aurrekontu kreditu nahikorik ez zegoelako.

5.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea deialdia zein urtetan egiten den, aurreko urteko urriaren 15a baino lehenagotik.

b) Gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen gaitasun profesionalaren agiria lortzeko ikastaroa, 284/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren araberakoa, "gai" kalifikazioarekin gaindituta edukitzea 1. oinarriko 2. puntuan adierazitako epeetan.

Ikasleek ikastaroa "gai" kalifikazioarekin gainditu dutela ulertuko da soil-soilik organo eskudunak baliozkotzea egin badu Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren GPA aplikazioan.

c) Ikastaroaren prezio osoa ordainduta izatea. Deialdiaren aurreko urteko urriaren 15a baino lehenagoko ikastaroen fakturak ez dira onartuko, salbu eta 4. oinarriko 2. puntuan jasotako kasuetarako badira.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea. Aipatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskabide orrian jaso den erantzukizuneko adierazpena bete beharko da.

2. Onuradun bakoitzak behin baizik ez du jasoko laguntza hau.

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, ikastaroa bukatzen denetik, edo deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, argitalpen hori egin baino lehen bukatu diren ikastaroen kasuan.

Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak fitxaren barruan egonen dira eskura.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari zuzendu beharko zaizkio.

2. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Onuradunaren transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, emandako laguntza ordain dakion. Eredua Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian egonen da eskuragarri, dagokion fitxan.

b) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZ).

c) Errolda-ziurtagiria, gehienez ere eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabeteetan jaulkitakoa, non adierazi beharko baita eskatzailea Nafarroan bizi dela deialdiaren aurreko urteko urriaren 15a baino lehenagotik.

d) Faktura, zeinetan jasota egonen baitira eskatzailearen datuak, GPA eskuratzeko egindako ikastaroa eta haren zenbatekoa.

e) Egindako ordainketaren frogagiria. Enpresek egindako ordainketak ez dira inoiz onartuko. Bankuko transferentziaren edo txartelaren bidezko ordainketaren frogagiria baizik ez da onartuko. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

3. 4. oinarriko 2. puntuan aurreikusitako kasuan dauden pertsonek eskaera-orria eta errolda-ziurtagiria baino ez dituzte aurkeztu beharko, 6.2 oinarrian adierazitako moduan eta 10 eguneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Aipatu dokumentazioaz gain, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak laguntzak ongi aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko du.

5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten, ohartaraziz, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

8.–Dirulaguntza onartzeko eta ordaintzeko prozedura:

1. Laguntzak banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen dira; horregatik, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da.

Ebazpenak, zeinetan multzokatuko baitira egun horretara bitarte aurkeztutako eskaerak, arrazoituak izanen dira, eta eman eta jakinaraziko dira 3 hilabeteko gehieneko epean dirulaguntza eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak.

Jakinarazpena Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian ebazpena argitara emanez eginen da, zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4. Dirulaguntza ordainduko da onuradunak eskaera egitean eman duen bankuko kontuan.

9.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

2. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, zerbitzuen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Baldintza baztergarri hori betetzen dela frogatzeko, eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena, beste laguntzarik jaso ez izanari buruzkoa, bete beharko da, eta beste inongo erakunde publiko edo pribaturi xede eta helburu bererako inolako laguntzarik ez eskatzeko konpromisoa aurkeztu.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Organo emailearen aitzinean frogatzea laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari informazioa ematea eta hark eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea organo emaileari hura egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak eskaeran berariaz adierazten badu baimen hori emateari uko egiten diola, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12.–Ez-betetzea.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14.–Errekurtsoak.

Era berean, deialdi hau eta oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

15.–Araudi osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

16.–Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera, datu pertsonalak Nafarroako Gobernuak tratatuko ditu, eskaera Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen babesean tramitatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, ezabatzeko, transferitzeko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko ditu Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean, bai eta, hala badagokio, datuak babestearen arloko kontrol-agintaritzari erreklamazioa egiteko ere, batez ere bere eskubideak erabiltzean asebete ez bada. Informazio gehiago, hemen: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua.

Iragarkiaren kodea: F2404100