62. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

2024ko sanferminetako kartel lehiaketa. Laburpena

DDBN (Identif.): 749070.

Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (Identif.): 749070.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/es/convocatoria/749070).

Iruñeko Udalak martxoaren 12ko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi delegatuaren ebazpenaren bitartez -RCD 12-MAR-24 (1/CD)-, 2024ko sanferminetako kartel lehiaketarako deia egin du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak (2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 17koan) xedatzen duenarekin bat.

Hautagaien betekizunak.

Lehiaketan honako hauek parte hartzen ahalko dute: parte-hartze librea.

Egile edo kolektibo bakoitzak kartel bakarra aurkezten ahalko du, betiere pertsona fisikoak badira.

Ezin izanen dute parte hartu lehiaketaren aurreko edizioetan finalisten artean hautatutako obrek.

Oinarriak ez betetzeagatik baztertu eta zehatu diren pertsonak ezin izanen dira lehiaketara aurkeztu harik eta zehapen-aldia igaro arte.

Lehiaketa honen instrukzio-organoaren erantzukizuna izanen da parte-hartzaileei eragiten dieten zehapenak egiaztatzea eta organo emaileari baztertzeko proposamena igortzea, horietako batek parte hartu ezin duela egiaztatzen duenean.

Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza hauen izaera berezia dela-eta onuradunei aplikagarri zaizkie arau horretan ezarritako debekuak.

Xedea.

Aurten sanferminak iragarriko dituen kartel ofiziala hautatzea da lehiaketa honen xedea.

Diru-zuzkidura.

6.000 euro.

Lanak aurkezteko epea.

Lanak aurkezteko epea deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik aurrera hasiko da, eta 2024ko apirilaren 8ko 14:00etan amaituko. Soilik online aurkezten ahalko da, beraz, puntu honek debekatzen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen artikuluan aipatzen den beste edozein bideren bidez aurkeztea.

Iruñean, 2024ko martxoaren 13an.–Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi delegatua, Maider Beloki Unzu.

Iragarkiaren kodea: L2404368