62. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

133E/2024 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, Añorbeko Udal Plan Orokorraren aldaketa bati buruz, helburua duena 8. poligonoko 290. lurzatian etxebizitza bat instalatzea. Sustatzaileak Cristina Erviti Martiarena eta Joseba Ander Urdaniz Lizarraga dira.

Udalak 2023ko azaroaren 24an eman zion hasiera bateko onespena aldaketa horri.

Aldaketaren helburua da 8. poligonoko 290. lurzatiko 1.106,80 m²-ko lur puska baten sailkapena aldatzea (lurzatiak 2.743,97 m² ditu guztira), lurzoru urbanizaezina izatetik hiri-lurzorua izatera igarotzeko, familia bakarreko etxebizitza bat eraiki ahal izateko, unitate asistematiko berri bat sortuz (AA5). Lurzatiaren gainerako lurrek lurzoru urbanizaezina izaten jarraituko dute, kategoria horri esleitutako erabilerak mantenduta.

Egungo hirigintza-sailkapenaren arabera, garapen eredua zaintzeko lurzoru bat da; lehorreko belar-laboreen erabilera generikoa du, eta abeltzaintza-jarduera bat hartzen du bere baitan.

Eremuak jarraitutasuna ematen dio Añorbeko hiri-bilbeari, eta landa-lurzoruarekin hegoaldean baino ez du muga egiten. Hornidura elektrikoa du, eta bide publiko zolatu batetik sartzen da bertara, ekialdetik. Bide horrekiko muga harrizko horma mailakatu batek markatzen du. Lurzatitik kanpo ez da inolako urbanizazio jarduketarik aurreikusten, eta hornidura- eta saneamendu-zerbitzuekiko lotura ondo-ondoan dauden puntu batzuetatik eginen da.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak uste du plangintzaren aldaketa puntualak ez duela ukipen nabarmenik eraginen, kontuan harturik eremuak dituen ezaugarriak, lurzatiak ez duela ingurumen balio nabarmenik eta ez dagoela zaraten eraginpean (azpiegiturak, industriak...). Hala ere, mendi-hegal batean dagoenez, jarduketak egokitzapen topografikorako konponbideak ezarri beharko lituzke, eremuaren urbanizazio fasean ukipen nabarmenik eragin gabe.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da, aldekoa, Añorbeko Udal Plan Orokorraren aldaketa bati buruz, helburua duena 8. poligonoko 290. lurzatian etxebizitza bat instalatzea. Sustatzaileak Cristina Erviti Martiarena eta Joseba Ander Urdaniz Lizarraga dira.

2. Ezponden ingurumen integrazioari edo lurrei eusteko eraikuntza-irtenbideei buruzko gogoetak kontuan hartu beharko dira planaren aldaketa honen ondorengo hirigintza-tresnetan, edo lurzatia urbanizatzeko esku-hartzean bertan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalari eta Añorbeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2403423