62. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 1ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita argitara eman dadila Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Osasun Departamentuak 2024ko otsailaren 23an hartutako Erabakia, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egitea batera baimentzeari buruzkoa; kudeaketa-esleipenaren helburua da zahartze aktibo eta osasungarria sustatzea hirigintzako ekintza berritzaileetan inbertsioak eginez 2024an.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat, Osasuneko kontseilariak eta Lurralde Kohesiorako kontseilariak, 2024ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusirako kudeaketa-esleipen bat izenpetu dute batera, zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko, hirigintzako ekintza berritzaileetan inbertsioak eginez 2024an.

Aipatu martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipenaren baimena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea foru agindu hau eta Osasun Departamentuak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak hartutako erabakia, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari kudeaketa-esleipen bat egitea batera baimentzeari buruzkoa; kudeaketa-esleipenaren helburua da Nafarroako toki erakundeetan zahartze aktibo eta osasungarrirako ekipamendua sustatzea, hirigintzako ekintza berritzaileetan inbertsioak eginez 2024an. Kudeaketa-esleipenaren testua foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 1ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUAK ETA OSASUN DEPARTAMENTUAK HARTUTAKO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ LURRALDE ANTOLAMENDUKO ZUZENDARITZA NAGUSIARI KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA BATERA BAIMENTZEN BAITA; KUDEAKETA-ESLEIPENAREN HELBURUA DA ZAHARTZE AKTIBO ETA OSASUNGARRIA SUSTATZEA HIRIGINTZAKO EKINTZA BERRITZAILEETAN INBERTSIOAK EGINEZ 2024AN

Iruñean, 2024ko otsailaren 23an.

Alde batetik, Óscar Chivite Cornago jaunak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, eta

Bestetik, Fernando Domínguez Cunchillos jaunak, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizikoa.

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia Lurralde Kohesiorako Departamentuaren mendeko organo bat da (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera).

Era berean, foru dekretu horrek adierazten du, bigarren xedapen gehigarrian, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiari dagozkiola, besteak beste, indarra duen araudiak Lurralde Kohesiorako Departamentuko kontseilariari lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Bestalde, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko eta, oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak eta dirulaguntzak deitzeko eta emateko. Azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi zituenak, bere 26.f) artikuluan, Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuari esleitzen dio, halaber, osasuna sustatzeko arloan eta osasun-hezkuntzaren arloan ezartzen diren planak eta programak planifikatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko eskumena, barnean sartuta osasuneko informazio, komunikazio eta gizarte ekintzako estrategiak, eta neurri teknikoak, politikoak eta ekonomikoak, bai eta bere eskumenekoak diren dirulaguntzen kudeaketa ere.

Bigarrena.

2024ra luzatutako 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, honako partida hauek daude:

–Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-7609-313900, "Udal erakundeentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren ekipamendurako", 120.000 euroko kreditua duena.

–Lurralde Kohesiorako Departamentua:

  • 240000-24100-4609-261700, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak hirigintza arloko ekintza berritzaileak egiteko", 80.000 euroko zuzkidura duena.
  • 240000-24100-7609-261703, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak hirigintza arloko ekintza berritzaileetarako inbertsioak egiteko", 220.000 euroko zuzkidura duena.

Hirugarrena.

Nafarroako Gobernuak Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako Nafarroako Estrategia (2017-2022) egin zuen, Departamentuen arteko Osasun Kontseiluak sustatua, helburu honekin: Nafarroako populazioaren zahartze prozesua ahal den gaitasun funtzional handienarekin eta bizi kalitate onenarekin garatu dadin sustatzea, ahalik eta den denbora luzeenean pertsona aktibo, autonomo eta independenteak izaten jarraitzeko.

Populazio osoari eta bereziki adinekoei ematen zaien arretaren baitan bizimodu osasungarriak sustatzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2022-2025 aldirako Osasun Publikoaren Planean jasotako programetako bat da, garatzen dena bai osasun eskolen bitartez bai zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko dirulaguntza lerroen bidez. Bata gizarte-erakundeei zuzendua, eta bestea toki erakundeei. Halaber, hirugarren lerro bat dago toki erakundeetan zahartze aktiboa sustatzeko ekipamendurako, 120.000 euroko aurrekontua duena Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2024ko gastuen aurrekontuko "Udal erakundeentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren ekipamendurako" izeneko 520001-51200-7609-313900 aurrekontu lerroan, edo aipatu aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidean, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako Nafarroako Estrategia (2017-2022) berriz aipatu behar da, 7. arlo estrategikoan honakoa jasotzen baitu: "Herri, hiri eta auzo irisgarri, aktibo eta seguruak", honelako hirigintza jarduketekin lotutako helburuak: lurralde-antolamenduan oreka sustatzea, eta, horretarako, hirietako eta landa-garapenerako politika egokiak egitea, adinekoek beren ohiko ingurunean jarraitu dezaten; adinekoentzat osasungarriak diren inguru garbiak eta osasungarriak sortzea; horretarako, hiri eta ingurune lagunkoi, inklusibo, seguru eta jasangarriak lortu behar dira, kanpoko espazioak hurbil egoteko moduan diseinatuta dituztenak, eta ariketa fisikoa nahiz aisiako jarduerak egiteko eta gizarteratzeko aukera ematen dutenak.

Estrategiaren Ekintza-planean 2. ardatz hau dago: "Ingurune lagunkoiak adinekoekiko eta eskualde-garapenerako aukerak". Helburuak: irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna, espazioetan nahiz zerbitzu publikoetan, "Hiri, herri eta auzo lagunkoiak" izeneko ekintza ildoarekin bat, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak prestatu duten "Adinarekin lagunkoiak diren hiri, herri eta auzoetarako gida" (2019) delakoaren ildoan, zahartzaroaren ikuspegia lurralde eta hirigintza ereduaren maila guztietan txertatzeko eta hiri-, landa- eta lurralde-planeamendua egiten eta adinekoen beharretara egokitutako hiriak eta komunitateak eraikitzen laguntzeko xedearekin.

Zahartze Aktiborako Estrategiaren esparruan, 2018-2019 aldian prestatu ziren "Partaidetzazko hiri diagnostikoak" Corellan, Burgin eta Lerinen; espazio publikoei buruzko gogoeta proiektuak ziren, adinekoen ikuspegitik, eta akuilu izan ziren beste zenbait herritan ere (Izaba, Lekunberri eta Erronkari, adibidez) egin zitezen, 2020tik oraingo honetara arte horretarako deitutako laguntzen deialdien bidez.

Laugarrena.

Bi departamentuen aurrekontuetan badira dirulaguntzak emateko partida batzuk, horien bidez ingurune osasungarriak sustatzeko, Zahartze Aktiborako Estrategiarekin bat eta hiri osasungarriak planifikatzeko gidaren esparruan; hortaz, bidezkoa da, eraginkortasunaren izenean, organo administratibo bakarra arduratzea dirulaguntza horien deialdia onetsi eta tramitatzeaz, baita dirulaguntzak emateaz ere. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren iritziz, bere dirulaguntza lerroa sar daiteke hirigintzaren arloko ekintza berritzaileak egiteko jarduketa diruz lagungarrien artean. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien mendekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.

Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa-esleipena departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten mendeko erakunde publiko bati egiteko, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Baimentzea kudeaketa-esleipen bat egitea Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, deialdi bat onetsi eta tramitatzeko eta, gero, toki erakundeei dirulaguntzak emateko, horren bidez ingurune osasungarriak sustatzeko hirigintzako ekintza berritzaileak egin ditzaten, 2024ko azaroaren 16ra arte, Zahartze Aktiborako Estrategiarekin bat eta hiri osasungarriak planifikatzeko gidaren esparruan.

Bigarrena.–Kudeaketa-esleipen hau indarrean egonen da iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2024ko abuztuaren 31ra arte.

Hirugarrena.–Kudeaketa-esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:

–Osasun Departamentua:

  • 520001-51200-7609-313900, "Udal erakundeentzako dirulaguntzak zahartze aktiboaren ekipamendurako", 120.000 euroko kreditua duena.

–Lurralde Kohesiorako Departamentua:

  • 240000-24100-4609-261700, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak hirigintza arloko ekintza berritzaileak egiteko", 80.000 euroko zuzkidura duena.
  • 240000-24100-7609-261703, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak hirigintza arloko ekintza berritzaileetarako inbertsioak egiteko", 220.000 euroko zuzkidura duena.

2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ondoren, zenbateko horiek handiagoak izaten ahalko dira deialdi hau onesten den unean partida horietan erabilgarri dagoen zenbatekoa baino.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Osasun Departamentuko eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusiei eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eta erabaki honen edukiarekin ados daudela erakusteko, bi aldeek sinatu dute, bi aletan, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2403809