62. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 6an hartua, zeinaren bidez luzatzen baitira "Artesiagan (Esteribar-Baztan) magnesitak ustiatzeko proiektua" izeneko udalez gaindiko proiektua jendaurrean egoteko aldia eta entzunaldia emateko aldia. Proiektuaren sustatzailea Magnesitas Navarras SA da.

Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartutako erabakiaren bidez, "Artesiagan (Esteribar-Baztan) magnesitak ustiatzeko proiektua" udalez gaindiko proiektu sektorial izendatu zen, Magnesitas Navarras SAk sustatuta. Erabaki hori 2024ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 6koan.

Proiektuarekin bat etorriz, udalez gaindiko proiektu sektoriala jendaurrean egon da eta proposatutako jarduketen eraginpean lurrak dituzten udalei entzunaldia eman zaie, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren ondorioetarako. Bi tramite horiek aldi berean egin dira, eta 30 egun baliodun iraun dute. Era berean, erabaki zen magnesitak ustiatzeko proiektua eta linea elektrikoaren hartunearen proiektua jendaurrean jartzea, horiek ere 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea, ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua (erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta leheneratzeari buruzkoa), Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak. Epe hori 2024ko martxoaren 19an bukatuko da.

2024ko otsailaren 15ean, Pablo Lorente Zapatería jaunak, Sustrai Erakuntza Fundazioko lehendakari gisa, ofizio bat aurkeztu zuen, non honako hau eskatzen baitzuen: prozedura honetan interesdun gisa har dezatela eta jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko epea luza dezatela 15 egun baliodun (ezarritako epearen erdia).

Gero, 2024ko otsailaren 19an, Erdiz Bizirik elkarteko lehendakariorde Garbiñe Elizegi Narbarte andreak eskatu zuen espedientea jendaurrean egoteko epea, bai eta alegazioak aurkezteko epea ere, luza ditzatela 15 egun baliodun (ezarritako epearen erdia).

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.1 artikuluan, non herritarren parte-hartzea arautzen baita, ezarrita dago administrazio publikoak saiatuko direla lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko jarduera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko gizartearen behar eta asmoen araberakoa. Horretarako, lurraldearen nahiz hirigintzaren garapen jasangarria sustatuko dute, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena bultzatuko dute eta bermatuko dituzte partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak.

Legezko arauak eskatzen duen parte-hartze zabal hori bermatzeko, herritarrek defentsarik gabekotzat hartzen ahal dituzten egoerak edo inguruabarrak saihestuz, bidezko da aipatu proiektua jendaurrean egoteko epea zabaltzea. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. artikuluak iritzi hori indartzen du; izan ere, bertan ezarrita dauden epeak, hots, jendaurrean egotekoa eta ukitutako udalei entzunaldia ematekoa, gutxieneko epeak dira.

Jendaurrean egoteko epea eta entzunaldia emateko epea luzatzeko, kontuan hartu behar da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.1 artikuluan xedatutakoa. Izan ere, artikulu horrek ezartzen duenez, ezarritako epeak luzatzen ahalko dira interesdunek eskatuta, inguruabarrek hala gomendatzen badute, betiere dagokion epea bukatu ez bada, luzapenak gainditzen ez badu hasieran finkatutako epearen erdia eta luzapen horrekin kalterik eragiten ez bazaie hirugarrenei. Kasu honetan, baldintza horiek betetzen dira.

Kontuan harturik jendaurrean egoteko eta entzunaldia emateko hasiera batean finkatutako epea 30 egun baliodunekoa zela, orain proposatzen den 15 eguneko luzapenaren ondorioz epea 2024ko apirilaren 12ra arte luzatuko da.

Horrenbestez, bat etorriz Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak egin dituzten txostenekin, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. "Artesiagan (Esteribar-Baztan) magnesitak ustiatzeko proiektua" izeneko udalez gaindiko proiektua, Magnesitas Navarras SAk sustatua, jendaurrean egoteko epea eta entzunaldia emateko epea 2024ko apirilaren 12ra arte luzatzea, Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17ko Erabakiaren xedapen zatiaren 5., 6., 7. eta 8. puntuetan ezarritako ondorioetarako. Erabaki horren bidez, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen "Artesiagan (Esteribar-Baztan) magnesitak ustiatzeko proiektua", Magnesitas Navarras SAk sustaturik.

2. Dokumentazioa http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es web-orrian kontsultatzen ahalko da, bai eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bulegoetan (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua, Tomás Caballero parkea 1, 5. solairua, Iruña) eta Nafarroako Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Atarian ere, eta epe horren barruan egokitzat jotzen diren alegazioak aurkezten ahalko dira.

3. Erabaki hau Sustrai Erakuntza Fundazioari eta Erdiz Bizirik Elkarteari jakinaraztea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, Baztango eta Esteribarko udaletara eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2403988