62. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko, 2024rako". DDBN identifikazioa: 747715.

Kulturaren hirugarren sektorea eta hura osatzen duten irabazi-asmorik gabeko eta interes orokorreko egiturak funtsezkoak dira kultur jarduera garatzeko eta, azken batean, herritarrek kultura berdintasunez eskura dezaten. Kontu horrek munta handia du; izan ere, Espainiako Konstituzioak berak garrantzi handia ematen dio kulturari: aitzinsolaseko bosgarren paragrafoan aipatzen du, aurrerapenaren dimentsio kulturalaz ari dela, eta hari buruzko artikulu bat ere badu, 44.a, non ezartzen baitu botere publikoen obligazioa dela kultura herritarren eskura izanen dela bermatzea eta kultura bultzatzeko betebeharra dutela, espainiar guztien eskubide besterenezina delako. Printzipio horiek, halaber, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 2. artikuluan jasota daude.

Kultur egitura horiek funtsezkoak dira kulturaren jarduna egiteko eta, azken batean, herritarrek kultura parekotasunez eskuratzeko. Egoera horren aurrean, deialdi honetan jasotako dirulaguntza lerroek eta laguntza neurriek helburu dute arte eszeniko eta musikalak sustatzea, baita kalitatezko arte eskaintza bat faboratzea ere, askotarikoa, berritzailea eta herritar guztientzako interesgarria dena, eta, azken batean, Nafarroako kulturaren hirugarren sektorearen sorkuntza jarduerari laguntzea.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txosten bat egin du, non proposatu baitu "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko, 2024rako" izeneko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, 426.000 euroko gastua baimentzea, gastu horri 20.000 euro gehitzeko aukerarekin, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitzea, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik Kontu-hartzaile Delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Aipatu deialdiko oinarri arautzaileen tramitazioa hasi zen egunean, Parlamentuan abian zen 2024ko aurrekontuak onesteko prozesua, eta "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntza" izena duen A20002-A2500-4816-334106 partidan 20.000 euroko gehikuntza izatea espero da. Kultur Ekintza Zerbitzuak aintzat hartu du gehikuntza hori aplikatzeko aukera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin bat etorrita, eta, hala bada, honela banatuko da dirua modalitateen arabera.

–A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 226.000 euro, beste 20.000 euro gehitzeko aukerarekin.

–B modalitatea: Jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 200.000 euro.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko, 2024rako".

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, kreditu hau baimentzen da 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4816-334106: Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntza

2024

426.000,00

Baimendutako kredituari 20.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

Kreditua gehituz gero, finantzaketarako dirua honela banatuko da modalitateen arabera:

–A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 226.000 euro, beste 20.000 euro gehitzeko aukerarekin.

–B modalitatea: Jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 200.000 euro.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

"NAFARROAKO ARTE ESZENIKO ETA MUSIKALEN HIRUGARREN SEKTOREKO ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, JAIALDIAK, KONTZERTUAK ETA IKUSKIZUNAK FINANTZATZEKO, 2024RAKO" DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektore kulturaleko entitateei dirulaguntzak emateko, arte eszenikoan jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak antolatzeagatik, horien bidez helburu hauek lortzen laguntzen badute: Nafarroako kultur ondareari eta gizarte sareari eustea, kalitatezko arte eskaintza askotariko eta inklusiboa egitea, gizarte eta lurralde irizpideak kontuan hartuko dituena, eta, batez ere, herritar guztiek aukera berdintasunez eskuratu ahal izatea kultura.

1.2. Deialdi honek bi laguntza modalitate ditu:

A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 50.000 euroko edo hortik gorako aurrekontua izan behar dute.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, eta edukiak kulturala izan behar du nagusiki; programazio artistikoa intentsiboa eta jarraitutasunik gabea izanen da, iraupen mugatukoa eta berariazko marka bati esker ezaguna.

c) Gutxienez %20ko autofinantzaketa izanen dute, ekarpen propioen bidez (ez datozenak iturri publikoetatik): babesletza pribatua, jarduerak berak sortutako diru-sarrerak (sarrerak saltzea, publizitatea eta zerbitzuak eta ondasunak saltzea) eta entitatearen zerbitzu eta baliabide propioak.

d) Aurreko edo ondoko faseak kontuan hartu gabe (prestatzeko fasea, baloraziokoa edo itxierakoa), jarduera publikoak denbora tarte zehatz batean egin behar dira, eta tarte hori ez da izanen hiru egunetik beherakoa edo bi hilabetetik gorakoa (elkarren segidakoak ez direnak).

e) Arte musikalen proiektuen kasuan, gutxienez 10 proposamen artistiko programatu behar dituzte, eta arte eszenikoen proiektuen kasuan, gutxienez 5 proposamen artistiko. Proposamen horiek kasuan kasuko kontratu edo konpromiso-gutunen bidez egiaztatu behar dira.

B modalitatea: Aurrekontu txikiko jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 50.000 eurotik beherako aurrekontua izan behar dute.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira, eta edukiak kulturala izan behar du nagusiki; programazio artistikoa arte eszenikoen eta musikalen arlokoa izanen da.

1.3. Jarduera hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Urte osoa hartzen duten kultur programazioak.

b) Kirol entitateen (kirol klubak, kirol elkarteak, kirol federazioak, kirola sustatzeko taldeak eta kirol fundazioak) kultur programazio edo proiektuak.

c) Obra artistikoak, ikuskizunak, kontzertuak, ekintza performatiboak edo antzekoak ekoiztekoak, nahiz eta dirulaguntzarako proposatutako proiektuaren programaziora bideratuak izan.

d) Funtsean prestakuntzakoak diren proposamenak (ikastaroak, tailerrak, mahai-inguruak).

e) Batez ere kultur ondarea edo eduki turistikoa zabaltzeko helburua duten proposamenak, non arte eszenikoen eta musikalen kultur jarduera helburu haiek lortzeko jarduera osagarria edo instrumentala den.

f) Lehiaketak.

1.4. Laguntzen diren proiektuak 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 1era bitarte egin beharko dira, bi data horiek barne.

1.5. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

1.6. Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.

2.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauek eskatzen dituzten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi asmorik gabeko elkarte, fundazio edo entitate bat izatea, estatutuetan ezarria daukana bere xede eta helburuen artean dagoela arte eszeniko eta musikalekin lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

a) Toki erakundeak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta lanbide elkarteak.

c) Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretan partida izenduna duten entitateak.

2.4. Ezin izanen dira onuradun izan "Dirulaguntzak arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateei, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean garrantzitsuak izan eta Estatuan proiekzioa dutenei, 2024rako" izeneko deialdian laguntza lortzen duten entitateek.

2.5. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.6. Ezin izanen dira onuradun izan krisian dauden enpresak, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatuarekin. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

3.–Aurrekontuko egozpena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek, 426.000 euro gehienez, finantzatuko dira 2024ra luzatutako 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntza" izeneko A200002-A2500-4816-334106 partidaren kargura.

Baimendutako kredituari 20.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin.

Finantzaketarako dirua honela banatuko da modalitateen arabera:

–A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 226.000 euro, beste 20.000 euro gehitzeko aukerarekin.

–B modalitatea: Jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 200.000 euro.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Proiektu bakoitzeko laguntzak ez dira diru kopuru hauetatik gorakoak izanen:

–A modalitatea: Aurrekontu handiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 40.000 euro.

–B modalitatea: Aurrekontu txikiko jaialdi, kontzertu eta ikuskizunak antolatzeko laguntzak: 15.000 euro.

3.3. Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzaren zenbatekoa entitateak eskatzen duena adinakoa izanen da, baldin eta goian adierazitako mugak betetzen badira eta, hala badagokio, kasuan kasuko murrizketa aplikatuta.

3.4. Modalitate batean soberakinik izanez gero, bestearen diru kopurua handituko da.

3.5. Proiektuak aurkeztu eta bakoitzaren aurrekontuak onartu ondoren, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, puntuazioaren arabera zerrendan duten hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte, 7.3 oinarrian adierazitakoarekin bat. 4.

3.6. Dirua geratzen bada, baina ez hurrengo proiektuak eskatutako dirulaguntza emateko adina, eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hasiera batean aurkeztutako proiektua berregin dezala, eta horretarako 7.3.4.c) oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

3.7. Entitate onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Kasu horretan, 7.3.4.d) oinarrian ezarritakoaren arabera jokatuko da.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin egiten dituen jardueren multzoa.

Proiektuan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Eginen diren jardueren deskribapen zehatza: atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira. II. eranskinera egokituko da.

–Proiektu osoaren aurrekontua; zehazki, aurreikusitako jarduerei esleitutako aurrekontuak.

Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

Bertan, egiaztatzeko modukoa izan behar du proiektuari aurre egiteko entitateak dituen baliabide ekonomikoen (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideen (bazkideak, boluntarioak, kontratatutako langileak) eta baliabide materialen (azpiegiturak) koherentziak. Ezinbesteko baldintza izanen da aurkeztutako aurrekontuak gastuak eta diru-sarrerak orekaturik izatea.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez; bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeraren ereduak eta aurkeztu beharreko gainerako agiriek deialdi honen eranskinen araberakoak izan behar dute. Horiek guztiak eskuragarri egonen dira "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko" deialdiaren fitxan, tramiteen katalogoan.

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari nahitaez erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da:

Dokumentazio guztia eskaneatua aurkeztuko da, ongi bereizitako eta behar bezala identifikatutako agirietan:

a) Entitatearen estatutuak.

b) 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere 30 foliotan idatzia, DIN A-4 formatuan, alde batetik, ohiko tipografia bat erabilita, gutxienez 11 puntuko neurriarekin, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Folio kopuru horretatik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten talde eta entitate artistikoek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.

5.5. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

5.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarritzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrekoak direnak eta 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 1era bitarte (bi egun horiek barne) egiten diren jarduerei dagozkienak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

Ez dira diruz lagungarritzat jotzen obra artistikoak, ikuskizunak, kontzertuak, ekintza performatiboak edo antzekoak ekoiztekoak, nahiz eta dirulaguntzarako proposatutako proiektuaren programaziora bideratuak izan.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

1. Kontratatutako artista edo hizlarien soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak direnenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan.

2. Entitate onuradunak izaera tekniko-administratiboko eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetarako kontratatutako langileen soldata kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, betiere proiektuan jasotako ekintzak egiteko beharrezkoak diren langileenak, kontratazioa lan araubidean egiten den kasuetan; edo ordainsariak edo zerbitzua ematearen kostuak, kontratazioa merkataritza araubidean egiten den kasuetan.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira izaera tekniko-administratiboko eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunetan diharduten langiletzat: administrazio eginkizunak, eginkizun teknikoak, gerentzia eta koordinazioa, zuzendaritza teknikoa, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritza exekutiboa eta prestakuntza lanak betetzen dituztenak.

–A modalitatea: gehieneko portzentaje bat ezartzen da, onartutako gastuen %15ekoa, 20.000 euroko mugarekin entitate bakoitzeko.

–B modalitatea: gehieneko portzentaje bat ezartzen da, onartutako gastuen %15ekoa, 6.000 euroko mugarekin entitate bakoitzeko.

Langile horiek entitatearekin lotura badute, baldintza hauek ere bete beharko dira kontratatu ahal izateko:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak baimena eman beharko du aldez aurretik.

Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da eskaerarekin batera aurkeztu beharreko memorian, II. eta III. eranskinetan.

Eginkizun tekniko-administratiboak eta zuzendaritza tekniko-artistikoari loturiko eginkizunak betetzeko kontratatutako langileek ezin izanen dute gasturik aurkeztu proiekturako kontratatutako langile artistiko gisa (hau da, arte eszenikoetako jaialdi, kontzertu edo ikuskizunetarako kontratatutako artista, musikari eta abar gisa).

3. Proiektua gauzatzeko kontratatutako artisten ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrirako gastuak, gehieneko hauekin:

a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen direnenak; gau bakoitzeko, 75 euro gehienez.

b) Mantenu gastuak: mantenu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) gehienez 20 euro. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

c) Joan-etorriak:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, gehienez, 0,34 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua bakarrik.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, V. eranskinean horri buruz eskatutako informazioaren arabera.

4. Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola espazioen, ekipamenduen eta bitarteko materialen alokairua, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

5. Proiektuan sartutako jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta komunikatzeko gastuak. Onartutako guztizko gastuen %15 izanen da gehienez.

6. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa).

7. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu aldakorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Langileriaren gastu finkoak ez dira zeharkako gastu gisa onartuko.

Hori Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuak egon beharko dute, eta ezin dira izan proiekturako onartutako guztizko gastuen %15 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1.a) oinarriko 7. puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino gehiago badira.

e) Eginkizun administratiboak eta zuzendaritza tekniko-artistikoko eginkizunak dituzten langileen ostatu, mantenu (bazkari-afariak) eta joan-etorrien gastuak, ezta gosariak, kafeak, hamaiketakoak eta antzeko kontzeptuak ere.

f) Ordezkaritza gastuak, protokolokoak, senidetzeetakoak, aintzatespen eta omenaldietakoak, sari handietakoak, eta elikagaiak, edariak edo antzekoak erostekoak.

g) Autobide gastuak (bidesaria), aparkalekuak eta kilometraje gastuak, ibilgailua alokatzen bada.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek balioetsiko ditu eskaerak. Batzorde hori tramiteen katalogoan argitaratuko da, "Arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko" fitxan; eta honako hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta arte eta/edo ekonomia arloetako bi aditu. Aditu horietako bat Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen da.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.

2. Balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bidetatik, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko (ez da aurrez aurreko agerraldirik izanen).

3. Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz. Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

4. Irizpide hauek erabiliko dira 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

a) Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

b) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak proiektuen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.

c) Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den proiekturako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, onuradunari eskaera berregiteko eskatzen ahalko zaio, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan ematen ahal den dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita betiere. Berregindako proiektuak ebaluazio batzordearen adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

d) Baldin eta, laguntzak eman ondoren, onuradunen batek laguntzari uko egiten badio, eta, horregatik, kreditu nahikoa askatzen bada, beste eskaera batzuei erantzuteko bideratzeko ahalko da. Lehenik eta behin, erabilgarri gelditzen zen kreditua eman zitzaien eskaerentzat erabiliko da, baldin eta haren zenbatekoa deialdiaren oinarriak aplikatuz legokiekeen laguntza baino gutxiago izan bazen.

Bigarrenik, askatutako kreditua erabiltzen ahalko da eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu arren, kreditu erabilgarria agortu zelako, hasieran dirulaguntzarik eskuratu ez zuten eskaeretarako. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

7.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian beteko da (informazio ekonomikoari buruzko inprimakia).

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte osotara, eta horietatik 12 puntu, gutxienez, 8.1.a) "Proposamenaren interesa eta kalitatea" azpiatalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Proposamenaren kalitate artistikoa. 50 puntu gehienez.

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea (20 puntu gehienez).

Irizpide honen bidez, proposatzen den programazioaren interesa eta kalitate artistikoa baloratuko dira.

Irizpide honek aurkeztutako proposamena baloratuko du honako hauen arabera: bere interes eta kalitate artistikoa, deialdiaren xedearekin duen koherentzia eta zehaztasuna, originaltasuna, eta pertsona guztiei kulturarako sarbidea erraztera eta bizitza kulturalean libreki parte hartzera bideratutako proposamenak izatea.

Jardueren programazioa baloratuko da.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

20

Ongi

15

Nahikoa

12

Hala-holakoa

9

Eskasa

3

Oso eskasa

0

b) Arte eszenikoen eta musikalen zuzenekoen kopurua programazioan (5 puntu gehienez).

Taula honen arabera baloratuko da irizpide hori:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Zuzeneko emanaldiak, 10 baino gehiago

5,0

Zuzeneko emanaldiak, 8 eta 10 artean

4,5

Zuzeneko emanaldiak, 6 eta 7 artean

3,5

Zuzeneko emanaldiak, 4 eta 5 artean

2,5

Zuzeneko emanaldiak, 1 eta 3 artean

1,0

c) Proiektuaren lurralde eremua (5 puntu gehienez).

Baloratuko da nolako irismena duen programak Nafarroako maparen gainean, kultur eskaintza orekatua izan dadin lurralde osoan.

Horretarako, honako honen arabera baloratuko dira kultur programak edo jarduerak: proiekzioa, hedapen eremua eta beste udalerri batzuetan, eskualdean edo Nafarroan duten eragina.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Oso eskasa

1,0

d) Nafarroako ehun kulturalak proposamenean parte hartzea (5 puntu gehienez).

Baloratuko da zenbateko parte-hartzea duten Nafarroako sortzaileek eta/edo profesionalek hala programazioan nola proposamena garatzen duen taldean.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Oso eskasa

1,0

e) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea eta esperientzia baloratuko dira, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5,0

10 urte baino gehiago eta 20 urte arte

4,5

5 urte baino gehiago eta 10 urte arte

3,5

3 urte eta 5 bitarte

2,5

3 urtetik behera

1,0

f) Gaitasuna partaidetzarako bideak irekitzeko eta mantentzeko eta lankidetza sareak osatzeko beste eragile batzuekin (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko dira beste eragile batzuekin parte hartzeari edo lankidetzan aritzeari lotuta dauden ekimenak, proposatutako jardueran jasota daudenak, proposatutako programa diseinatu, kudeatu eta egiteko orduan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Oso eskasa

1,0

g) Marketina eta komunikazioa (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

2,5

Oso eskasa

1,0

8.2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa) (25 puntu gehienez).

a) Bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera aurrera eramateko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %30era arte

15

%30 baino gehiago, %40 arte

10

%40 baino gehiago, %50 arte

8

%50 baino gehiago, %60 arte

6

%60 baino gehiago, %65 arte

4

%65 baino gehiago, %70 arte

2

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez).

Aurrekontuetan jasotako partidak zehatzak eta egokiak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatuta egotea ekonomia, efizientzia eta jasangarritasun irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea, koherenteak eta elkarren artean orekatuak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso handia

10

Handia

7

Nahikoa

5

Eskasa

2

Oso eskasa

0

8.3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak, 25 puntu gehienez).

a) Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan baloratuko da zenbatekoa izanen den euskararen erabilera proposatutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0

Ertaina

2,5

Oso eskasa

0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren arabera eta barne-ekintzak), bai aurkeztutako proiektuaren helburu eta ekintzetan (5 puntu gehienez).

-2 puntu: desberdinkeriaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero rolak eta estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak.

–2 puntu: sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa paritarioa aurreikusten duten proiektuak.

–1 puntu: desberdinkeria egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzunkidetasuna sustatzea eta antzekoak).

c) Proposamena bazterketa arriskuan daudenengana eta/edo dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko neurriak sartzea (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak. Baloratuko da dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko neurriak sartzea aurkeztutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

1,5

Oso eskasa

0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0 eta 11 urte bitarteko haurrak, 12 eta 35 urte bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez).

Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak. Baloratuko da aurkeztutako programazioa publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0

Ongi

4,5

Nahikoa

3,5

Eskasa

1,5

Oso eskasa

0

e) Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez).

Irizpide honetan, eskaerarekin batera aurkeztutako azalpen txostenaren datuak baloratuko dira: baloratuko da neurketarako eta ebaluaziorako tresnak sartu diren, nolako adierazleak erabiltzen diren eta haien inpaktua (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, ingurumen jasangarritasunean, desberdintasunean...), haztapen taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0

Ertaina

2,5

Oso eskasa

0

9.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak tramiteen katalogoan dagoen "Arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko" fitxan argitaratuko dira. Halaber, ebazpenak pertsona edo entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak gizarte interesekotzat hartuko dira legegintzako foru dekretu horretan ezarritako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako, baldin eta haren 25.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten badituzte. Horretarako, entitate eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultura proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko bukaerako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

11.2. Gardentasun adierazpenaren ereduak deskargatzen ahalko dira tramiteen katalogoan dagoen "Arte eszenikoen eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko" deialdiaren fitxaren bidez.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.4. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

11.5. Entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

11.6. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; baimen hori emanen da baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.7. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, karteletan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: "Diruz lagundua", Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Nafarroa Markaren eta Argitalpenen Atalaren jarraibideen arabera egin beharko da (helbide elektronikoa: publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

Proiektua dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

Gainera, musika arloan dirulaguntza jasotzen duten proiektuek Navarra Live Music marka erantsi beharko dute beren komunikazio guztietan (https://www.navarralivemusic.com/images/logos.zip).

11.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.11. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

11.12. Entitateak egiten dituen jarduerei buruzko informazioa emanen dio Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari, behar den aurrerapenarekin, Nafarroako Gobernuaren webgunean eta beste baliabide batzuetan aldizka zabal dadin.

11.13. Entitateak konpromisoa hartu beharko du hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeko jardueraren komunikazioa eta zabalkundea egiteko publizitate- edo informazio-euskarrietan.

Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente").

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Justifikazio hori proiektua bukatzean edo proiektuaren zati bat gauzatu ondoren egiten ahalko da (entitate bakoitzeko, ordainketa partzialeko 3 eskaera gehienez).

Justifikaziorako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu entitateak:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota (guztizkoa edo partziala) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, txantiloi bakarrean betiere. Txantiloi hori ezin izanen da ez desblokeatu ezta aldatu ere.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

d) Egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-erakundeak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, 12.1. b) ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko dagokion fitxan zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra. Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa eskatzeko epea 2024ko urriaren 1era artekoa izanen da, egun hori barne.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Eskaera, adierazita zer ordainketa mota den (konturako ordainketa) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) Egindako gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren eguna; zerrenda V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, txantiloi bakarrean betiere. Txantiloi hori ezin izanen da ez desblokeatu ezta aldatu ere.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian proiektua egiteko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren eta/edo zerbitzuaren xedea kontzeptuan argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

6.1 oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen dela baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako informazioaren xehetasunak eman beharko ditu.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Agiri horiek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Kultura Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, ordainketa mota (aurrerakina) eta eskatutako zenbatekoa adierazita, eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko beharrezkoa dela frogatuta. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, banku-erakundeak emandako banku-ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, aurrerakina eskatu zen egunean erabilgarri zeuden funtsak egiaztatzen dituena, bai eta data horretatik aurrera jaso edo egin gabe dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda ere, hilabeteka banakatuta.

Dena den, funtsak aurrez jasotzeko beharra frogatu gabe egiten ahalko da dirulaguntza honen ordainketa aurreratua, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 15.000 eurora bitartekoa bada eta ordainketa aurreratua ez bada emandako dirulaguntzaren %50 baino gehiago.

Aurrerakina eskatzeko epea hilabetekoa da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

V. eranskina bete behar da, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.

Edozein dela aurreko ataleko aukeren artean hautatzen den ordainketa modua, dirulaguntza likidatzeko, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte jarraian adierazten diren justifikazio-agiriak.

Entitate onuradunek 2024ko azaroaren 8ra arteko epea dute (egun hori barne) justifikazioa aurkezteko; hori izanen da azken eguna honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Eskaera, honako hauek adierazita: ordainketa mota eta eskatutako zenbatekoa.

b) 12.1 b), c) eta d) oinarrietan eskatutako dokumentazioa.

c) Proiektuaren bukaerako memoria.

d) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko dagokion fitxan zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

Gastu diruz lagungarrien barruan 2024ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2024ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da.

Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2025eko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

V. eranskinean jakinarazi behar da balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen, eta hainbanatuz gero, hainbanaketaren ehunekoa adieraziko da.

Justifikazio-kontua ematea entitate onuradunak nahitaez bete beharreko egintza da, eta 13. oinarri honetan eskatutako dokumentazioa sartu behar da bertan, entitate deklaratzailearen erantzukizunpean eta deialdian ezarritako epean.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea 13. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Dirulaguntzaren espedientea kudeatzen duen unitateak argibideak eskatzeko jarduketaren bat egiten badu, jarduketa horrek ezin du ekarri dokumentu batzuk beste batzuekin ordezkatzea, ez eta, oro har, gerora sortutako dokumentuak aurkeztea ere.

Dokumentazio hori jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du. Kasua bada, gaizki kobratutako zenbatekoak itzultzeko espedientea irekiko da.

14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Dirulaguntza hauek, zeinak norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Justifikazio betebeharra 13. oinarrian zehaztutako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze irizpide hau hartuko da kontuan bereziki.

–Egiaztagiriak azaroaren 8a baino geroago baina azaroaren 18a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak azaroaren 18a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, entitate onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu badira eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

20.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Eskaeraren ereduak eta aurkeztu beharreko gainerako agiriek deialdi honen eranskinen araberakoak izan behar dute. Horiek guztiak eskuragarri egonen dira tramiteen katalogoan dagoen "Nafarroako arte eszeniko eta musikalen hirugarren sektoreko entitateentzako dirulaguntzak, jaialdiak, kontzertuak eta ikuskizunak finantzatzeko" deialdiaren fitxan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/arte-eszenikoen-eta-musikalen-hirugarren-sektoreko-entitateei-dirulaguntzak-ematearren-jaialdiak-kontzertuak-eta-ikuskizunak-finantzatzeko.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

–Eskaera aurkezteko fasea:

  • I. eranskina.–Eskaeraren eredua.
  • II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.
  • III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

–Laguntzak emateko fasea (laguntzak ematen direnetik hilabeteko epean, entitate onuradunek soilik):

  • IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.
  • Gardentasunari buruzko adierazpena:
    • Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
    • Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena.
    • Karguen ordainsariei buruzko adierazpena.
    • Urteko azken kontuen kopia.

–Justifikazio fasea (entitate onuradunek soilik):

  • V. eranskina–Justifikazioen informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2404143