62. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

22/2024 FORU DEKRETUA, martxoaren 6koa, zeinaren bidez arautzen da non igaro dezaketen gaua Nafarroako Foru Komunitatean barna turismo ibiltarian ari diren autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek.

ZIOEN AZALPENA

1

Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltariaren fenomenoak hazkunde oso nabarmena izan du azken urteotan, eta agerian gelditu da beharrezkoa dela Administrazioak jarrera aktiboa hartu eta turismo modalitate horren gaineko araudia antolatzea, bai eta gertatzen ari diren disfuntzioak zuzentzea ere.

Esparru juridiko bat ezarri zuen azaroaren 5eko 103/2014 Foru Dekretuak, autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuen antolamenduari buruzkoak, baina gainditua gelditu da nabarmen, modalitate horri lotutako turisten ohituren bilakaerarengatik eta azken urteotan turismoaren sektorean gertatzen ari den aldaketarengatik.

Turismo jarduera "turismo ibiltaria" delakoaren eskakizunetara egokitzeko, antolamendu berri bat behar da, erantzun hobea emateko bidaiari batzuek gaua igarotzeko duten modu horri; izan ere, bidaiari horiek beren ibilgailuak erabiltzen dituzte oporretarako edo turismoa egiteko, aire zabalean biziz. Horrela, araututako turismo jarduera bat ez ezik, benetako turismo baliabide bat ere izanen da.

Foru dekretu hau ematen da baliatuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboak, turismoa sustatu eta antolatzekoak.

Turismo ibiltarian gaua igarotzeko eremuak arautu dira aipatu eskumen hori baliatuta, eta Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoa aplikatuz, zeinak Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen baitio behar diren xedapenak emateko legea aplikatu eta garatu dadin.

Aipatu eremuek ostatu turistikoen modalitate bat osatzen dute, aipatu turismoari buruzko foru legearen 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ostatu turistiko motak sailkatzen baititu, eta g) letran "erregelamendu bidez ezartzen den beste edozein" aipatzen baitu; beraz, letra horrek ostatu turistikotzat hartzeko beharrezko gaikuntza ezartzen du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluak ezartzen dituen erregulazio onaren printzipioetara egokitzeari dagokionez, zioen azalpen honek justifikatzen du arauaren beharra eta eraginkortasuna, baita printzipioak betetzen direla ere: proportzionaltasunaren printzipioa, foru dekretu hau betetzeko ezinbestekoa den araudia baitauka; segurtasun juridikoarena, ordenamendu juridikoan txertatzen baita, eta arau-esparru egonkor, integratu, argi eta ziurra, ezagutu eta ulertzeko modukoa ezartzen baitu; gardentasunarena, tramitazio osoan aplikatuko dena; bakuntasun eta efizientziarena, ez baititu karga administratibo gehigarriak gaineratzen, eta azkenik, irisgarritasunarena ere bai.

Parametro horien pean, arauak 22 artikulu ditu, eta horiek bost titulutan egonen dira banatuta. Horrez gain, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat, hiru azken xedapen eta bi eranskin ditu.

2

I. tituluak ("xedapen orokorrak") arauaren aplikazio-eremu objektibo eta subjektiboa definitzen du. Gaua igarotzeko eremuak hiru kategoriatan banatu dira; horietako bi, oinarrizkoa eta plus kategoriak, eskaintzen diren zerbitzuek definitzen dituzte. Hirugarrenak, kategoria osagarriak, aurreko bi kategoriek dituzten zerbitzuak ditu, eta, horiez gain, interes turistiko handiko jarduera edo establezimendu turistiko batekin dago lotuta.

3

II. tituluak ("betekizun teknikoak") bi kapitulutan arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean gaua igarotzeko eremu bat ireki ahal izateko eska daitezkeen betekizun teknikoak.

I. kapituluan gaua igarotzeko eremuen kategoria guztiei aplikatuko zaizkien betekizun orokorrak daude jasota: itxitura perimetrala, lurzatiak, bideak, argiztapena, seinaleak, sarbidearen kontrola eta zaintza sistemak, bereizgarriak eta izan beharreko gutxieneko zerbitzu eta instalazioak.

II. kapituluan kategoria bakoitzak bete beharreko betekizun espezifikoak daude jasota.

4

III. tituluak ("funtzionamenduaren araubidea") eremuetako gehieneko egonaldia eta irekiera egutegia arautzen ditu, turismo modalitate honen izaera ibiltariarekin bat eta gaua igarotzeko eremu guztiek barne-araubideko arauak bete eta ustiapeneko erantzukizun zibileko asegurua izateko eskakizunarekin bat.

5

IV. tituluak ("izena emateko prozedura"), aipatu turismoari buruzko foru legeari jarraikiz, ezartzen du jarduera hasi aurretik, gaua igarotzeko eremuek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharko dutela. Horretarako, foru dekretu honen eranskinean jasotako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adierazi aplikatzekoak diren arauetan ezarritako betekizunak betetzen dituztela.

Halaber, argi dago turismoaren sektorean, beste edozein sektore ekonomikotan baino gehiago, digitalizazioak eragin ikaragarria duela eta digitalizazio hori ezinbestekoa dela turismo arloan lehiakortasuna eta jasangarritasuna bermatzeko.

Hori dela eta, ezinbestekoa da arauan jasotako erantzukizunpeko adierazpena gauzatzeko administrazioarekiko harremanak elektronikoki egitea, ulertzen baita arautzen den turismo arloko enpresa-jardueraren izaerak berak berez zehazten duela beharrezkoak diren bitarteko elektronikoetarako sarbidea eta eskuragarritasuna.

6

Azkenik, V. tituluak ("zehapen araubidea") turismoari buruzko foru legearen VII. tituluko II. kapituluan ezarritako zehapen araubidera igortzen du.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko martxoaren seiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

1. Turismo modalitate honen garapen jasangarriagoa sustatzeko, foru dekretu honen xedea da turismo ibiltarirako Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen diren gaua igarotzeko eremuak arautzea, edozein motatako etxebizitza-ibilgailu barne hartuta (autokarabanak, karabanak, kanperrak eta antzekoak).

2. Gaua igarotzeko eremu izanen dira edozein motatako etxebizitza-ibilgailuek aldi baterako eta modu esklusiboan okupatzeko irekita dauden esparruak, zeinetan ordaintzeko eskatuko baita. Halaber, eremuek foru dekretu honetan ezarritako betekizun eta ezaugarriak bete beharko dituzte.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru dekretu honetan ezarritakoa aplikatzekoa izanen da turismo ibiltarirako Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen diren gaua igarotzeko eremuetan.

2. Honako hauek foru dekretu honen aplikazio esparrutik kanpo geratuko dira:

a) Hiriko eta hiri arteko bide publikoen eremu baimenduetan ibilgailuak gelditzeko eta aparkatzeko aparkalekuak, trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko araudiak erregulatutakoak.

b) Azoketako salerosleek edo merkatariek, beren jarduerarekin zuzeneko lotura duten herriko jai edo ekitaldietan, noizean behin okupatzeko gaitutako espazioak.

c) Ibilgailuak gorde, zaindu edo babesteko eremuak.

d) Araudi sektorialak erregulatutako turismoko kanpamentuak.

3. artikulua. Gaua igarotzeko eremuen kategoriak.

Honako kategoria hauetakoak izaten ahal dira gaua igarotzeko eremuak:

a) Oinarrizkoa. Foru dekretu honetan ezarritako betekizun tekniko orokor guztiak betetzen dituzte.

Kategoria honetako eremuetan gehienez ere aparkatzeko 20 lurzati egoten ahal dira.

b) Plusa. Betekizun tekniko orokorrak betetzeaz gain, foru dekretu honen 14. artikuluan jasotako zerbitzu eta instalazio gehigarriak ere badituzte.

Kategoria honetako eremuetan gehienez ere aparkatzeko 40 lurzati egoten ahal dira.

c) Osagarria. Interes turistiko handiko jarduera edo establezimendu turistiko bati lotutako eremuak dira; jarduera horren lurzati edo esparru berean daude edo ondoko batean.

Eremu horiek zerbitzuak eta instalazioak partekatzen ahal dituzte interes turistiko handiko jarduera edo establezimendu turistiko horrekin, baldin eta dagokion kategoria eta modalitatean aplikatuko den turismoari buruzko araudian ezarritako betekizun teknikoak betetzen badira eta foru dekretu honetan araututako betekizunak betetzen badira.

Zerbitzu eta instalazioen mailaren arabera, eremuen kategoria oinarrizkoa edo plusa izaten ahal da.

Kategoria honetako eremuetan gehienez ere aparkatzeko 5 lurzati egoten ahal dira. Gehieneko kopuru hori ez da aplikatuko turismoko kanpamentu baten eremu osagarrietan.

4. artikulua. Lekua.

Gaua igarotzeko eremuak ezartzeko, espazioak behar bezala mugatu beharko dira, baita lurralde-antolamenduko, hirigintzako, ingurumeneko araudian zein aplikatzekoa den gainerako araudi sektorial guztian ezarritako mugak eta betekizunak bete ere.

II. TITULUA.–BETEKIZUN TEKNIKOAK

I. KAPITULUA.–BETEKIZUN TEKNIKO OROKORRAK

5. artikulua. Itxitura perimetrala.

1. Gaua igarotzeko eremuen perimetro osoa itxita egon beharko da, bertan nahieran edonor sartzea ekiditeko.

2. Erabiltzen diren hesien gutxieneko altuera 1,50 metro izanen da. Gainera, horien materiala inguruan harmonikoki integratu beharko da, kokatzeko moduarengatik eta kolorearengatik, besteak beste.

6. artikulua. Lurzatiak.

1. Etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko eremuaren azaleran, lurzatiak mugatuta egonen dira eta lurzati bakoitzari dagokion zenbakia behar bezala adieraziko da. Zedarriak, markak edo landare jatorriko materialak jartzen ahalko dira horretarako.

Aparkatzeko erabiliko diren lurzatiak eta eremuaren barnean eskaintzen diren zerbitzu eta instalazioen lurzatiak bereizita egon beharko dira.

2. Gaua igarotzeko eremuaren lurzatien ehuneko 80k izanen duen gutxieneko azalera 32 metro karratu izanen da; gainerako lurzatien gutxieneko azalera 28 metro karratu izanen da.

3. Lurzatien zoruak lautua eta asfaltatua edo trinkotua egon beharko du, behar den drainatzearekin, eta lurzatiak 4 metroko gutxieneko altueraraino zabalik egonen dira.

7. artikulua. Bideak.

1. Gaua igarotzeko eremuen barnean bideak egonen dira, eta egokiak izanen dira kopuruari, luzerari eta zabalerari dagokienez, etxebizitza-ibilgailuak modu eroso eta arinean ibili ahal izateko, bai eta larrialdiren bat egonez gero, azkar atera ahal izateko.

2. Sarreraren eta bide nagusien gutxieneko azalera 5 metro izanen da, edo 3 metro, zirkulaziorako noranzko bakarra badute. Azken kasu horretan, gezi baten bidez adierazi beharko da bidearen norabidea.

3. Lurzati guztiek zuzeneko sarbidea izan beharko dute barneko kale batetik.

8. artikulua. Argiak.

Sarbideetan, bideetan eta erabilera orokorreko instalazioetan (halakorik badago), argiztapen egokia egon beharko da. 23:00etatik aurrera argiztapena murriztu beharko da eta sarbideetan, komunetan (halakorik badago) eta barneko bideetan besterik ez da mantenduko. Argiaren intentsitatea gutxienekoa izanen da, baina nahikoa izanen da pertsonek ikusi eta ibili ahal izateko.

9. artikulua. Seinaleak.

1. Eremuen sarreran eta barnealdean, zerbitzu eta erabilerak adierazten dituzten seinaleez gain, "Gehieneko abiadura 10 km/h", "Seinale akustikoak debekatuta daude" eta "Debekatuta dago ibilgailuak ibiltzea 23:00etatik 07:00ak arte" seinaleak instalatu beharko dira. Edonola ere, eremuen titularrek ibilgailuak gidatzeko ordubeteko tartea aplikatzen ahalko dute.

2. Sarbideak seinaleztatuko dira eta ibilgailuak besterik ez direla igarotzen bermatu beharko dute.

3. Plano batean adieraziko da nola dagoen banatuta eremuaren azalera, eta zerbitzuak eta instalazioak adieraziko dira. Halaber, azken horiek identifikazio-kartel baten bidez seinaleztatu beharko dira.

4. Gaua igarotzeko eremuko seinaleztapenak eta informazio-kartelak modu irakurgarri, inklusibo eta irisgarrian egin beharko dira.

10. artikulua. Sarbidearen kontrola eta zaintza sistema.

1. Sarbidearen kontrolerako zerbitzu bat ezarri beharko da; horren bidez, eremuan sartzen diren erabiltzaileak identifikatuko dira, baita ibilgailuak ere.

Sarbidearen kontrola gauzatzeko, sarreran hesi bat edo antzeko elementu bat instalatuko da. Hesi hori automatizatua izan beharko da aparkatzeko 5 lurzati baino gehiago dituzten gaua igarotzeko eremuetan.

2. Aurrez aurreko edo urruneko zaintza sistema bat dagoela bermatu beharko da, gaua igarotzeko eremuaren edukiera eta hedadurari egokitutakoa.

11. artikulua. Bereizgarria.

1. Gaua igarotzeko eremu guztien sarrera nagusian plaka bat jarri beharko da, eta horrek I. eranskinean jasotako bereizgarria izan beharko du.

12. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

Gaua igarotzeko eremuetan, gutxienez, honako zerbitzu eta instalazio hauek egon beharko dira:

a) Kontsumitzeko egokia den ur-hargune bat. Aparkatzeko 20 lurzati baino gehiago dituzten eremuetan bi hargune egon beharko dira, gutxienez.

b) Ur beltzak eta grisak husteko bilketa-gune bat; lurzatietatik urrun jarri beharko da eta ezkutatze-sistema bat izan beharko du. Aparkatzeko 30 lurzati baino gehiago dituzten eremuetan bi hargune egonen dira, gutxienez.

Ur grisak husteko sistemak hormigoizko bide bat izanen du, ibilgailuak sartu eta atera ahal izateko. Gainera, aldapa bat izanen du, ura hustubidera eramateko. Ur beltzak husteko sistemak onil bat eta estalki bat izanen ditu, eta txorrota bat hurbil izanen da, tanga garbitzeko eta hustubidean tangako edukia isurtzeko.

c) Hondakinak gaika biltzea.

d) Informazio-panela, espazio ikusgarri batean. Panelean zerbitzuak, baldintzak eta eremua era­biltzeko arauak adieraziko dira, baita inguruko eskaintza turistiko eta komertziala, osasun-zentroei buruzko informazio praktikoa, 112 larrialdi telefonoa eta garraio publikoen sarea ere. Informazioa, gutxienez, gaztelaniaz egonen da, bai eta euskaraz ere, indarrean dagoen araudiaren arabera hizkuntza ofiziala denean, eta Europar Batasunaren beste hizkuntza ofizial batean ere egonen da.

Panela irakurgarria, inklusiboa eta irisgarria izanen da.

e) Lehen sorospenetarako botika-kutxa, arloari buruzko araudiaren araberakoa.

II. KAPITULUA.–KATEGORIA BAKOITZERAKO BETEKIZUN TEKNIKOAK

13. artikulua. Oinarrizkoa.

Gaua igarotzeko oinarrizko eremuek foru dekretu honen II. tituluko I. kapituluan ezarritako betekizun tekniko orokorrak bete beharko dituzte. Halaber, 10 leku baino gehiago dituzten eremuek honako hauek izan beharko dituzte:

a) Dutxak eta higiene-zerbitzuak; gutxienez komun bat, konketa bat eta dutxa bat izanen dute, eta etxeko ur beroa izanen da. Mugikortasun urriko pertsonendako egokituta egonen dira.

b) Harraska.

14. artikulua. Plusa.

Gaua igarotzeko plus eremuek, II. tituluko I. kapituluan ezarritako gutxieneko zerbitzu eta instalazioez gain, honako hauek izan beharko dituzte:

1. Dutxak eta higiene-zerbitzuak. 10 lurzatiko edo zatikiko, gutxienez, komun bat, konketa bat eta dutxa bat izanen dute, eta etxeko ur beroa izanen da.

Komun eta dutxa bat, gutxienez, mugikortasun urriko pertsonendako egokituta egonen dira.

2. Harraska.

3. Elektrizitatea izanen da eremuan dauden lurzatien %30ean, gutxienez.

4. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazio bat, 10 lurzati baino gehiago dituzten gaua igarotzeko eremuetan.

5. Honako zerbitzu hauetatik gutxienez hiru, hautara:

a) Arropa-garbigailu industriala.

b) Aisiarako espazioak.

c) Maskotendako aisiarako espazioak.

d) Wifia.

e) Zerbitzuetako langileak.

f) Herrira joateko garraioa.

g) Kirol-zerbitzuak erabiltzeko aukera.

h) Itzala emateko estalkia.

i) Espazio edo areto komunak.

j) Askaldegiak.

k) Birziklatze-puntuan, lurreko mailan, autogarbiketarako eta izotzaren aurkako sistema automatizatua.

15. artikulua. Osagarria.

1. Gaua igarotzeko eremu osagarriek izanen dituzte Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu duten oinarrizko kategoriak edo plus kategoriak dituzten zerbitzu eta instalazioak.

2. Eremu osagarriek ez dute bete beharko foru dekretu honen 5., 7.3, 9. eta 10.2 artikuluetan jasotakoa, baldin eta betekizun horiek interes turistiko handiko jarduera edo establezimendu turistikoak betetzen baditu.

III. TITULUA.–FUNTZIONAMENDUAREN ARAUBIDEA

16. artikulua. Egonaldiaren gehieneko denbora.

Turismo ibiltarirako gaua igarotzeko eremuetan egoteko gehieneko denbora kategoriaren arabera ezarriko da, eta zehaztapen hauen arabera:

a) Gaua igarotzeko oinarrizko eremuetan egonaldiaren gehieneko denbora 48 ordu izanen da, eta egonaldi hori luzatu ahal izanen da azken gauaren hurrengo eguneko 10:00ak arte.

b) Gaua igarotzeko plus eremuetan egonaldiaren gehieneko denbora 96 ordu izanen da, eta egonaldi hori luzatu ahal izanen da azken gauaren hurrengo eguneko 10:00ak arte.

c) Gaua igarotzeko eremu osagarrietan aurretiaz aipatu gehieneko denbora errespetatu beharko da, zer zerbitzu maila ematen duten, oinarrizkoa edo plusa.

17. artikulua. Murrizketak.

1. Turismo ibiltarirako gaua igarotzeko eremuetan erabiltzen ahal diren ibilgailuak etxebizitza-ibilgailuak dira bakarrik, eta ezin izanen da kanpadendarik, bungalowik ez eta antzekorik ere instalatu.

Halaber, gaua igarotzeko eremuetan dauden aparkatzeko lurzatietan ezin izanen da ibilgailu bat baino gehiago egon aldi berean.

2. Egonaldiak iraun bitartean, etxebizitza-ibilgailuek eguzki-oihalak zabaltzen ahalko dituzte, baia elementu eramangarriak ere (mahaiak, aulkiak...), betiere aparkatuta dauden lurzatian edo berariaz horretarako gaitutako eremuetan.

Debekatuta dago edozein elementu finko instalatzea.

3. Ezin izanen da kanpoan kozinatu, salbu eta eremuak zerbitzu hori egiteko berariaz gaitutako eremu bat badu.

18. artikulua. Irekitzeko egutegia.

Gaua igarotzeko eremuak urte osoan zehar egoten ahal dira irekirik, etenik gabe. Halere, irekitzeko egutegia ezartzen ahal dute, denboraldi jakin batzuetarako, turismo ibiltariari ematen dioten zerbitzuaren beharretara egokitu ahal izateko.

19. artikulua. Barne araubideko arauak.

1. Gaua igarotzeko eremuetan barne araubideko arauak bete beharko dira eta horiek erabiltzaileen eskura egon beharko dira.

Horrez gain, arauak modu publikoan egon beharko dira ikusgai.

20. artikulua. Ustiatzeko erantzukizun zibileko asegurua.

Gaua igarotzeko eremuaren titular edo sustatzaileek ustiatzeko erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute, jarduera gauzatzean gerta litezkeen kalte-galerak ordaintzeko. Kontratatu beharreko aseguru-polizak estaliko duen gutxieneko zenbatekoa 150.000 euro izanen da.

IV. TITULUA.–NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAN INSKRIBATZEKO, DATUAK ALDATZEKO ETA BAJA EMATEKO PROZEDURAK

21. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, datuak aldatzeko eta baja emateko prozedurak.

1. Gaua igarotzeko eremuaren jarduerari ekin baino lehen, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharko du titularrak.

Inskribatzeko, pertsona fisiko edo juridiko interesdunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adierazi eremuak indarrean dagoen turismoari buruzko araudiak ezarritakoa betetzen duela, bai eta gaua igarotzeko eremuan aplikatzen ahal diren gainerako araudiak ere. Halaber, jarduera indarrean mantentzeko konpromisoa adierazi beharko dute, baita dagozkion egiaztagiriak aurkeztu ere.

Interesdunek adierazi beharko dute honako agiri hauek dituztela:

a) Adierazpena egiten duen pertsona fisiko edo juridikoaren nortasuna egiaztatuko duten legezko agiriak.

b) Gaua igarotzeko eremuaren jabea edo errentaria dela egiaztatzen duten agiriak edo eremuaren ustiatzailea izatea justifikatuko duen edozein titulu, baita lekuari, tamainari eta zerbitzuen mailari buruzko establezimenduaren datuak ere.

c) Ustiatzeko erantzukizun zibileko aseguruaren kontratuaren poliza; eskatutako gutxieneko zenbatekoa errespetatu beharko du.

d) Legez ezarritako baimen sektorialak.

e) Eremuko zerbitzu eta instalazioen zein suteen kontrako babesaren banaketa eta lekua adieraziko dituzten planoak.

2. Nafarroako Turismo Erregistroan jasotako edozein datu aldatzeko, aurreko apartatuan ezarritakoa bete beharko da.

3. Gaua igarotzeko eremuaren titularrak diren pertsona fisiko eta juridikoek, jarduera gauzatzeari uzten badiote, behin betiko baja jakinarazi beharko diote turismo arloan eskumena duen departamentuari. Behin betiko bajak ekarriko du Nafarroako Turismo Erregistroan egindako inskripzioa deuseztatzea.

4. Artikulu honetan araututako erantzukizunpeko adierazpenak telematikoki aurkeztuko dira, foru dekretu honen II. eranskinean jasotako eredu ofizialari jarraikiz.

V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

22. artikulua. Arau-hausteak, zehapenak, subjektu erantzuleak eta zehapen-prozedura.

Foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka jokatzeagatik egindako arau-hausteen ondorioz, zehapenak jartzeko dagokion zehapen-prozedura tramitatuko da, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Dekretuaren VII. tituluaren II. kapituluan ezarritakoaren arabera, edo hori ordezten duen araudiaren arabera.

Xedapen iragankor bakarra.–Tramitean dauden eskaerak eta instalazioak egokitzea.

1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko eskaerak, baldin eta foru dekretu honek indarra hartzen duenean tramitean badaude, autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuen antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 103/2014 Foru Dekretuaren arabera arautuko dira, salbu eta interesdunak foru dekretu honetan ezarritakoa aplika dadin eskatzen badu.

2. Eremuko titularrek 3 urteko epea izanen dute zerbitzu eta instalazioak foru dekretu honetan ezarritakora egokitzeko. Aipatu epea igaro eta ez bada eremua egokitu, turismo arloan eskumena duen departamentuak, interesdunari entzun ondoren, dagokion kategoria esleituko dio eremuari, indarrean dagoen araudiari jarraikiz. Edonola ere, hala badagokio, turismo arloko dagozkion neurriak hartuko ditu, turismoari buruzko foru legedian ezarritakoaren arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko dira 103/2014 Foru Dekretua, azaroaren 5ekoa, autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko eremuen antolamenduari buruzkoa, baita foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Turismo arloan eskumena duen departamentuko titularrak ahalmena izanen du foru dekretu honetan jasotako guztia aplikatu, garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Eranskinak aldatu edo eguneratzeko ahalmena.

Turismo arloan eskumena duen departamentuko titularrak ahalmena izanen du foru agindu bidez aldatu edo eguneratzeko foru dekretu honen eranskinetan jasotako edukia.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–BEREIZGARRIA

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENERAKO EREDUA, TURISMO IBILTARIAN ARI DIREN AUTOKARABANETARAKO, BIDAIAN DIREN KARABANETARAKO ETA ANTZEKOETARAKO GAUA IGAROTZEKO EREMUAK NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAN INSKRIBATZEKO, DATUAK ALDATZEKO EDO BAJA EMATEKO

1.–ESKAERAREN XEDEA

Irekiera

Jarduerari berriz ekitea aldi baterako eten ondoren

Birsailkatzea (adierazi aurreko kategoria)

Titularra aldatzea

Baja ematea

Beste batzuk

2.–EREMUAREN DATUAK (* duten datuak publikoak izanen dira)

Eremuaren izena*

Katastroko lurzatia (udalerria, poligonoa, lurzatia)

Helbidea (kalea, zenbakia)*

Posta kodea*

Herria*

Harremanetarako telefonoa

Harremanetarako helbide elektronikoa

Webgunea

Arduradunaren izen-deiturak

NANa/AIZ

Arduradunaren sexua

Emakumezkoa Gizonezkoa Beste bat

Turismo Erregistroan inskribatu beharreko lurzati kopurua.

3.–TITULARRAREN DATUAK (eremua kudeatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa)

Sozietate izena / Izen-abizenak

NAN/AIZ/IFK

Titularraren sexua

Emakumezkoa Gizonezkoa Beste bat

Helbidea

Posta kodea

Herria

Telefonoa

Helbide elektronikoa

4.–ORDEZKATZEN DUEN PERTSONAREN DATUAK (bete baldin eta eskaera titularraren ordez egiten bada. Ordezkari izateko egiaztagiria aurkeztu beharko da)

Izen-deiturak

NANa/AIZ

Ordezkariaren sexua

Emakumezkoa Gizonezkoa Beste bat

Helbidea

Posta kodea

Herria

Telefonoa

Helbide elektronikoa

5.–ADMINISTRAZIOAN ALDEZ AURRETIK IZAN BEHARREKO INFORMAZIOA (markatu soilik hala badagokio)

Araudi turistikora egokitzeari buruzko aldez aurreko kontsulta.

6.–II. TITULUKO I. KAPITULUAN ADIERAZITAKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA AURKEZTEKO BETE BEHARREKO EZINBESTEKO BETEKIZUN TEKNIKO OROKORRAK.

Itxitura perimetrala (5. art.).

Lurzatiak (6. art.).

Bideak (7. art.).

Argiztapena (8. art.).

Seinaleak (9. art).

Sarbidearen kontrola eta zaintza sistema (10. art.).

Bereizgarria (11. art.).

Zerbitzuak eta instalazioak (12. art.):

Kontsumorako egokia den ur-hargunea.

Ur beltzak eta grisak husteko bilketa-gunea.

Hondakinak gaika biltzea.

Informazio-panela.

Lehen sorospenetarako botika-kutxa.

7.–KATEGORIA BAKOITZERAKO BETEKIZUN TEKNIKOAK

Gaua igarotzeko eremurako eskatzen den kategoria adierazi, hautatu lau hauetatik bat bakarrik: Oinarrizkoa, Plusa, Osagarri oinarrizkoa eta Osagarri plusa. Hautatutako kategoriarako ezarritako betekizun tekniko guztiak bete beharko ditu eremuak.

OINARRIZKO EREMUA

PLUS EREMUA

OINARRIZKO EREMU OSAGARRIA

PLUS EREMU OSAGARRIA

7.1. OINARRIZKOA

6. apartatuan adierazitako betekizun orokor guztiak bete beharko ditu.

10 leku baino gehiago baditu, honako hauek izan beharko ditu (13. art.):

Dutxak eta higiene-zerbitzuak.

Harraska.

7.2 PLUSA

6. apartatuan adierazitako betekizun orokor guztiak bete beharko ditu, baita honako hauek ere:

Nahitaezko zerbitzuak eta instalazioak (14. art.):

Dutxak eta higiene-zerbitzuak.

Harraska.

Elektrizitatea.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazio bat, 10 lurzati baino gehiago dituzten eremuetan.

Honako zerbitzu gehigarri hauetatik hautatu 3, gutxienez:

Arropa-garbigailu industriala.

Aisiarako espazioak.

Maskotendako aisiarako espazioak.

Wifia.

Zerbitzuetako langileak.

Herrira joateko garraioa.

Kirol-zerbitzuak erabiltzeko aukera.

Itzala emateko estalkia.

Espazio edo areto komunak.

Askaldegiak.

Autogarbiketarako eta izotzaren aurkako sistema automatizatua.

7.3. OSAGARRI OINARRIZKOA

6. apartatuan adierazitako betekizun orokor guztiak bete beharko ditu.

Ezarritako gaua igarotzeko eremuan baldintza espezifiko guztiak betetzea.

Betekizunetatik salbuestea interes turistiko handiko jarduera edo establezimendu turistikoak betetzen dituelako (15.2 artikulua).

7.4. OSAGARRI PLUSA

6. apartatuan adierazitako betekizun orokor guztiak bete beharko ditu.

Ezarritako gaua igarotzeko eremuan 7.2 apartatuan adierazitako baldintza espezifiko guztiak betetzea.

Betekizunetatik salbuestea interes turistiko handiko jarduera edo establezimendu turistikoak betetzen dituelako (15.2 artikulua).

OHARRAK:

Nahitaezko betekizunetakoren batean argibideren bat eman nahi izanez gero, idatzi honako koadro honetan:

8. NIRE ERANTZUKIZUNPEAN DEKLARATZEN DUT:

1.–Adierazpen honetan jasotako datuak egiazkoak dira.

2.–Adierazitako gaua igarotzeko eremuak martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuan ezarritako betekizunak betetzen ditu, baita aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak ere. Gainera, jarduera indarrean dagoen bitartean horiek betetzeko konpromisoa dago.

3.–Honako betekizun hauek betetzen dira:

–Adierazitako pertsona fisiko edo juridikoa izatearen egiaztagiria izatea.

–Gaua igarotzeko eremuaren jabea edo errentaria dela egiaztatzen duten agiriak edo eremuaren ustiatzailea izatea justifikatuko duen edozein titulurena.

–Ustiatzeko erantzukizun zibileko aseguru baten kontratua izatea eta horrek gutxienez 150.000 euroko zenbatekoa estaltzea. Honako datu hauek izanen ditu:

  • Polizaren zenbakia: ...........................................
  • Aseguru entitatea: ...........................................................................................................................

–Legez exijitutako baimen sektorialak izatea.

4.–Funtzionamenduaren araubidean sortutako betekizunak (Nafarroako Foru Komunitatean barna turismo ibiltarian ari diren autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek non igaro dezaketen gaua arautzen duen martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuaren III. titulua) betetzeko konpromisoa hartzen du.

5.–Nahikoa botere du ordezkari izateko (ordezkari baten bidez jardunez gero).

6.–Indarrean dagoen araudian ezarritako irisgarritasunaren eta diskriminazio ezaren betekizunak betetzen direla, zehazki, honako hauetan jasotakoak: 193/2023 Errege Dekretua, martxoaren 21ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira jendearen esku jartzen diren ondasun eta zerbitzuak eskuratu eta erabil ditzaten irisgarritasunaren eta diskriminazio ezaren oinarrizko baldintzak, eta 31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa.

7.–Administrazioak eskatzen dizkion agiri guztiak entregatzeko konpromisoa hartzen du, eta adierazpenarekin batera honako agiri hauek aurkezten ditu:

Obra bukaerako planoak edo 1:100 eskalako planoak, zeinetan adieraziko baitira lekua, erabilera bakoitzerako eremuak eta lurzati bakoitzaren azalera. Halaber, suteen kontra babesteko instalazioak agertuko dira. Hori dena teknikari eskudun batek sinatuko du.

Argazkiak, euskarri informatikoan (.jpg), Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu aurreko tramiteen gidan adierazitakoaren araberako izenarekin eta zenbakituta.

Titulartasuna aldatuz gero, titularraren agiri pribatu bat aurkeztu beharko da Nafarroako Turismo Erregistroan, tramite hori egiteko baimena ematen duela adierazteko. Hori ordezten duen agiri bat aurkezten ahalko da.

Hala badagokio, eskatutako tramitea(k) egiteko ordezkaritzaren egiaztagiria.

8.–Interesdunak badaki erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, okerrak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, zein erantzukizunpeko adierazpenik aurkezten ez bada, ez dela segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa. Halaber, inguruabar horiek adierazten dituen ebazpenak xedatu ahal izango du gaua igarotzeko eremua ezin dela inskribatu gehienez ere 6 hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

9.–Jakinaraziko du establezimenduan egiten duen edozein aldaketa, jarduera bertan behera uztea, eta, oro har, jasotako datuetan gertatzen den edozein aldaketa.

Beraz, jakinarazpen honen bidez, egintzat jotzen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko tramitea.

Tokia eta data

Izena eta sinadura

Iragarkiaren kodea: F2403986